Zinea eta Musika Zinea eta Musika *Traducción al español del original en euskera Joseba Agirretxea "Musikak ordezkatu behar du aktoreek esan ezin dezaketena, beraien sentipenak ulertzera emanaz, eta hitzen bidez adieraz ezin daitekeena gehitu behar du." (1) Bernard Herrmann Hitz hauek zinearen zerbitzura 35 urte baino gehiago eman zituen musikari ospetsu eta berritzaileenetarikoarenak dira, beraz, eta aintzakotzat hartu beharreko erreferente bakarra ez izanik ere, maisu New York tarraren hitz hauetan musikak zinean izan duen garrantziaren arrazoi nagusienetariko bat agertzen da. Hans. J. Slater ek adierazi bezela, "... ( musikak) filmeko gaizki ulertu psikologiko zenbait argitu ditzake, filmea berbideratu dezake eta, gutxi balitz, hainbat akats zinematografiko estali ditzake." (2) Zine musika, edozer baino lehenago musika da, izenlaguntzat "zinematografikoa" badarama ere, baina zoritxarrez "musika kultoa" deritzon esparrutik baino zine aldetik izan da aztertua eta kritikatua. Eta zoritxarrez diot, hemen ere beste zenbait arte eginkizunetan bezala izenlagunari sustantiboari baino garrantzi gehiago eman zaiolako. Musika establishment ak Herrman, North, Rota, Goldsmith, Rozsa, Bernstein e.a en mailako (hiruzpalau aipatzearren) konposatzaileekin izan duen aurreritzi eta distantzia ulertezina izateaz gain, justizi gutxikoa izan da. Baina sasi bazterketa honek ondorioz lanbide propio eta esklusibo baten sorrera eragin du, dudarik gabe zineari osotara onura besterik ekarri ez diona, hain zuzen ere zinerako bakarrik den musika sortzea. Ez baita gauza bera musika zinean, eta zinerako musika. Zentzu honetan Prokofiev, Shostakovitch edota Copland konposatzaileak berehala jabetu ziren zineak eskaintzen zituen aukerez; irudiaren eta musikaren artean sortzen zen ahalmen izugarriaz, Vaughan Williamsek adierazi legez "ezta Wagnerrek berak ere amestu ezin zezakeena". (3) Argi dago filme batek zehaztasun osoz horzkatua dagoen pieza baten antzekoa izan behar duela, beren kasara eta egokituaduten funtziotik at baliatzen diren elementurik gabea. Gabezia horren ondorioz zenbait kasutan ikusi ahal izan ditugu aktore haundiak gidoi txar bat interpretatuz, edota argazki zoragarria besterik ez duten zenbait filme. Musikarekin ere sarritan gertatu da desoreka hau. Irudiek erakusten zigutenarekin inolako harremanik ez zuten partitura zoragarriak. Dena den, honek ez du kontrajartzen zinerako idatzi den musika eder ugari kontzertu gisa edota diskan editatuta ager ez daitekeenik, aurrez nioen bezela, ezer baino lehenago musika baita. Baina musika orok ez du balio zinerako, bere edertasuna zalantzan jartzen ez bada ere. Musikak atal adierazgarri eta explizitoa izan behar du, edota alderantziz, musikarik onena ia nabaritzen ez dena eta inplizitoki ezkutuan gordetzen dena da? Zentzu honetan, eta C. Xalabarder kritikariarekin bat eginaz, bi teoriek dute baliagarritasun bera (4), beti ere beharraren arabera eta komunikaziorako eta iradokizunerako duen gaitasuna kontutan hartuz. Ez da gauza bera Annie Hall, edota Indiana Jones. Psicosis filmean, hain ezaguna eta topikoa den dutxako eszenan, musikak muntaiak bezain besteko garrantzia dauka. Baina musikaren adierazgarritasuna ez da bakarrik ematen beldurrezko eta suspentsezko eszenetan, adibidez J. Ford en The quiet man filmeko azken borroka bukaezinak benetako izaera koreografikoa dauka V. Young ek idatzitako partitura ederrari esker. Baina era berean, ezin albo batera utzi ia ohartezinak diren hainbat filmeetako soinu bandak, izkutuan eta xuxurlatuz baileuden azaldu arren, izugarrizko partitura dutenak, "entzun arren aditzen ez direnak" intentzio osoz atzekaldean geratuz. Adibidez, Alien, Basic Instint, edota Warner "major" ezagunaren urrezko garaiko hainbat filme, zeintzuei Max Steiner maisuak funtsezko eta hain esanguratsu den soinu berezi hori eman zien. Arrazoi ugari eta ezberdinengatik Europa zaharra utzi eta Hollywooden beraien maisutasun guztia garatzeko aukera izan zuten Waxmann, Steiner, Rozsa, Korngold eta antzeko30. hamarkadako musikari haundien uberan, erabat amerikarra zen eskola bat sortu zen Aron Coplanden itzalean. Honela sortu ziren Moross edota E. Bernsteinen lanak. Artean, Herrman edota Tiomkinek erabat pertsonal eta estilo propiodun musika egin zuten, oraindik orain ere gainditzen zail den musika. Bestalde, 50. hamarkadan, Rossenmann, North edota L.Bernsteinek erromantizismo haundi nahi hartatik urrun zegoen musika konposatu zuten, giro barnerakoi eta bangoardiagoakoagoak sortuz Elia Kazan, Nicholas Ray edota Mike Nicholsen filmeetarako. Bide batez, Italia zein Frantzian , Nino Rota eta Georges Deleure ren maisutasunak, Fellini, Visconti eta Truffaut en lanekin erabat loturik, sinbiosi perfektu eta goi mailakoa lortu zuten. Gaur egun, Williams, Barry, Jarre, Morricone edota Goldsmithen mailako konposatzaile finkatuek maila oneko musika egiten jarraitzen duten bitartean (agian aniztasunean gehiegi) zenbait konposatzaile berrik, Zimmmer, Horner, Shore edo Elffman EEBBetan eta Kilar zein Priesner Europan, zinearen eta musikaren joera berrien aurrean erantzuten jakin dute, halere sarritan penagarri suertatzen da ezer berririk ez ekartzeaz gain, ez filmeari ezta entzumenaren plazerrari ere ezer gehitzen ez dioten hainbat soinu banda entzutea. Virgil Thompsonek zioen, filmea ona bada konposatzaileak bere gaitasuna mugatu egin behar duela, baina filmea txarra denean miraria burutzeko gai izan behar dela. Edozein modutan, eta tentaldi karikaturazaleetan erortzetik urrun, zenbait soinu bandaren musika maila gehiegi azpibaloratua izan da. Edo txarrago dena, erabat ignoratua izan da. Musika hauek sarritan benetako maisu lanak izan dira, izan duten iradokizun eta komunikazio gaitasunari eta ikusi ez arren entzute hutsarekin nahikoa den horri esker. Joseba Agirretxea, Euskadi Irratiko Irudien doinuak saioaren zuzendari eta aurkezlea da (1)CD Bernard Herrmann Film Scores: from Citizen Kane to Taxi Driver. (2)Tony Thomas: Film Score: The View from the Podium (A.S. Barnes and Co.Nueva Jersey, 1979),.113. orr.. (3)Tony Thomas: Music for the Movies (Nueva Jersey, 1973), 16.orr. (4)Conrado Xalabarder: Enciclopedia de las Bandas Sonoras (Ediciones B, S.A. Barcelona, 1997), 14.orr.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.