188 Zenbakia 2002-11-15 / 2002-11-22

Gaiak

Euskomedia Fundazioa

GARCÍA RAMOS, José Ignacio

Euskomedia Fundazioa Euskomedia Fundazioa * José Ignacio García Ramos Lehenengo pausoak Eusko Ikaskuntzaren EUSKOMEDIA Fundazioa otsailean hasi zen bere lehenengo pausoak ematen, erakunde honetako Batzorde Akademikoak 2000ko irailaren 22an eginiko bileran bere sorrerari onarpena eman ostean. Eusko Ikaskuntzako Mediatekak 1997az geroztik egin duen lana biltzen eta etorkizunera bideratzen ari da EUSKOMEDIA. Bere helburu nagusia, Eusko Ikaskuntzak zein hirugarrenek zientzia edo kulturari buruz prestaturiko azterlanak bitarteko telematikoen bidez zabaltzea da, euskal kultura eta gizartearekiko interesa duen orok eskura izan ditzan eduki hauek. EUSKOMEDIAko zuzendaritza, Juan José Goiriena de Gandariasek, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, zuzenduriko Patronatu baten esku dago, eta bertako idazkaria Eusko Ikaskuntzako berbera da. Gainerako kideak Eusko Ikaskuntzak berak izendatu ditu. Fundazio honen bidez, Eusko Ikaskuntzak bere zenbait egitasmoren hedadura eta konplexutasunari egokitzen zaion plataforma teknologiko bat sortu du. Egitasmo horien artean, Auñamendi Entziklopedia eguneratu eta sarean sartzeko lanak aipa ditzakegu, Eusko Jaurlaritza, BBK, Kutxa eta Vital kutxen laguntza jaso duena. Zer kontsulta daiteke gaur egun Interneten EUSKOMEDIA Fundazioaren espezializazioa, edukiak katalogatzea, digitalizatzea eta Internet bidez hedatzea da. Arantza Cuestaren zuzendaritzapean diharduen profesional talde honek urteak daramatza esparru hauetan lan egiten, eta EUSKOMEDIA On Line Informazio Zerbitzuari euskal kulturari buruz egindako kontsulta orori erantzuna emateko gai den Web azpiegitura sendo bat prestatu izanak lan talde hau erabat kontsolidatu dela ematen du aditzera. Sistema Informatikoak bilaketak egiteko erabiltzen duen programa berriak fondoen edukia aztertzeko aukera ugari eskaintzen dizkio erabiltzaileari: fondo jakin bat aztertzea, fondo batzuk batera aztertzea edota fondo guztiak batera aztertzea (testua, irudia eta doinua). On line multimedia zerbitzu guztizosatua da beraz Eusko Ikaskuntzak bere kultur ekoizpenean interesatuta daudenen esku ipintzen duen hau. Hori horrela, gaur egun Interneten euskal kulturari buruz dagoen datu baserik zabalena da gurea, eta doakoa gainera. Hona bere edukia: Bernardo Estornés Lasa Fondoa (Auñamendi Entziklopedia). Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco ren lehen berrogeita hamar liburukiei dagozkien bertsio digitala (30.000 orri jasotzen ditu) sarean da dagoeneko. Bere testu eta irudiak eguneratzen ari gara. Eusko Ikaskuntzaren argitalpen fondoa. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (RIEV) 1907an lehenengoz argitaratu zenetik gaur arte Eusko Ikaskuntzak kaleratu dituen bildumetan jasotako 4.000 artikulu baino gehiagoren analitikak biltzen dira hemen. Arte Plastiko eta Monumentalen Saileko Ondare Koadernoaren bilduma osatzen duten 259 artikuluak oso osorik irakur daitezke. Bibliografiak. Informazio sistemak datu base bibliografiko zabal bat eskaintzen du, Eusko Ikaskuntzaren bostehun argitalpen seriatutik gora biltzen dituena. Guztira 7.054 erreferentzia ditu 1569 eta 2001 urteak bitarteko 3.000 autore ingururi buruz, eta gaika dauka sailkatuta (antropologia, etnografia eta etnologia, artea, historia eta abar). Dokumentu fondoak. Manuel de Irujo Ollo (6.880 dokumentu), Ángel de Apraiz (2.240) eta Manuel Lekuona (5.650), euskal kulturaren munduko hiru gizon entzutetsu hauei buruzko Fondoak guztiz erabilgarriak dira, beren esperientzia eta kezken bidez gure herriaren historia ezagutu ahal izateko. Multimedia galeria. Guztira ia 60.000 dira Eusko Ikaskuntzako Argazkien Artxiboko Antzinako Fondoko eta Bernardo Estornés Lasaren Fondoko argazki eta grafikoak. Multimedia galeriak, gainera, hainbat gairi buruzko audio, irratsaio (190 bat ordu), bideo eta animazio ere jasotzen ditu. Euskonews & Media. Eusko Ikaskuntzak 1998az geroztik euskal zientzia eta kulturari buruz argitaratzen duen astekari elektronikoa dugu Euskonews & Media. Bertako artikulu, elkarrizketa, irratsaio, Art Aretoa(artearen areto birtuala), Euskal Artisautza eta gainerako atal guztiak ikus daitezke. Euskal kultura prentsan 1900 75. Atal honetan, 1900 eta 1975 urteen artean Euskal Herriko, Nafarroako eta Akitaniako 19 aldizkaritan sorkuntza eta jarduera kulturalari buruz jasotako 52.927 erreferentzia biltzen dira. Euskal Kantutegia. Euskal Kantutegiko 5.000 partitura daude digitalizatuta, eta erabiltzaileak datu basean abesti hauetako bakoitzari buruz jasota dauden argibideak ikusteko, partitura irakurtzeko nahiz melodia entzuteko aukera dauka. Jaien egutegia. Euskal Herriko herri eta hirietako jaien egutegia da, urte guztian zehar dauden ospakizun, azoka, errito eta abarren berri ematen duena. EUSKOMEDIA Fundazioak epe ertainera Interneten bere Bildumetako testu guztiak ipintzeko asmoa dauka. Ondare aldizkariarekin ekin diogu lan honi. Beren garrantzia dela eta, honakoak azpimarratuko genituzke: Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak (I XIV) Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (RIEV) (1907 1998) Euskal Herriko Erdi Aroko Iturri Dokumentalak (1 92) Eusko Ikaskuntzaren Lan Sailetako Koadernoak. Azkenik, aipatu beharra dago EUSKOMEDIA Fundazioa, orain arte azalduriko ekimenez gain gain, Eusko Ikaskuntzaren Web Instituzionala mantendu eta eguneratzeaz ere arduratzen dela. SARETEKeko kide Eusko Ikaskuntzaren EUSKOMEDIA Fundazioa, SARETEK teknologia eta berrikuntzen euskal sareko kidea da, Erdi Mailako Berrikuntza Erakunde moduan. Horri esker, Informazioaren Gizartean Euskadi Planeko hainbat egitasmotan parte hartzeko aukera izango du, eta baita beste hainbat instantzia batzuetan ere, Europar Batasunekoetan adibidez. Amaitzeko, Eusko Ikaskuntzak ekimen garrantzitsu honen bidez mundu osoari ateak zabaldu izanagatik zorionak ematea baino ez zaigu gelditzen, formato digitalaren bidez bere edukietan barneratzeko aukera luzatzeagatik. Kontuan izan behar dugu erakunde hau izan zela Interneten presente egoten Euskal Herriko lehen kultur erakundea. 1995ean mundu birtualean sartzerakoanurratu zuen bide berri hartan aurrera eginez, kontsolidatzera iritsi dela erakusten digu egindako guztiak. José Ignacio Garcia Ramos, EUSKOMEDIA Fundazioaren Patronatuko kidea Euskonews & Media 188.zbk (2002 / 11 / 15 22) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria