Zinemaldiaren balioa Zinemaldiaren balioa * Manu Narváez Donostiako Zinemaldiak erabateko protagonismoa hartuko du hirian irailaren bigarren hamabostaldian. Komunikabideek, bereziki, gure ingurukoek, badute zer azpimarratu lehen orrialdeetan, zein gairekin hasi albiste emanaldiak, zerekin bete "magazin" moduko saioak. Hirian bertan ere, nabaria da Zinemaldiaren presentzia: Kursaal inguruan zabaltzen diren afitxe iragartzaileetatik hasita, Alde Zaharreko tabernetan nahiz hiriko beste lekuetako terrazetan mugitzen den kolore eta hizkera anitzeko jende multzoraino. Baina, turismoren aldetik ikusita, ba al du eraginik Zinemaldiak gure hiri eta lurraldeko jarduera turistikoan? Horrelako jarduerak izan dezakeen eragin kulturalez gain (inor gutxik zalantzan jarri ezin dezakeena) onura ekonomikorik ba al dakar ingururako? Hauexek dira, batek baino gehiagok bere buruari eta publikoki zabaldutako galderak. Eta erantzunak ematekotan, intuizioarekin baino datu zehatzekin egin behar denez, honez gero hasita dago lan eskerga eta sakona, Donostian kokatzen diren "kultura aldi" nagusienak (Jazzaldia, Zinemaldia, Hamabostaldia...) gehi Kursaalak eta Convention Bureauk horrelako emanaldiek hirian eta lurraldean duten eragina (alde guztietakoa) aztertzeko eta ondorioak atera ditzagun. Lana, beraz, bidean dago eta emaitzak eskuartean izan arte, ezin zorroztasunez hitz egin. Baina badira datu batzuk, Zinemaldiak lehen begirada batean antzeman daitekeena baino ondorio probetxagarriagoak dakartzala azpimarratzen dutenak. Izan ere, bere mugak gainditzen dituen edozein jarduerak badu neurgaitza den eragin bat: irudiarena. Neurgaitza, kasu honetan, izugarrizko lana eskatuko lukeelako idatzizko komunikabideetan (egunkari, aldizkari eta abarrekoetan) nahiz ikus entzunezkoetan eta elektronikoetan agertzen diren orrialde eta saioak zenbatzea eta dirutan, publizitate gisa aginduta eta ordainduta izan balira, guzti horiek suposatuko zuten diru kopurua zehaztea. Baina neurgaitza ere bai, gehienetan,eta azken urteotan ia beti, aldeko irudi positiboaren usaina dakartelako albiste, erreportajea eta saio guzti horiek. Eta kanpora helarazten den albiste onaren gose gauden honetan, neurtu ezina eta eskergaitza da hainbeste lekutan eta hainbeste aldiz gutaz ondo jardutea. Ez dugulako ahaztu behar Zinemaldiak izen bat daramalako beti aurretik ala atzetik eta horren aipamena egiten den guztietan, Donostia hitza eta hiria ere, azaltzen dela. Eta hain errotuta dago eta hain uztartuta bata bestearekin, zenbaitetan, gero eta maizago esango nuke, hiriak eta festibalak bat egiten dutela, zenbait egunetan zehar Donostia esatearekin batera, zinea, artistak, izarrak datozkigu burura edo guretzat onuragarriagoa dena, zinea, artistak, izarrak eta abarrak komunikabideetan lehentasuna hartzean Donostia agertzen da fondo gisa, izen propioen abizena bailitzan. Datu faltan gaudela esan dugu lehenago. Nahikoa daturik ez dagoela eta benetako eragina zein den ezartzea, irudi orokorrarena ez bada, zaila. Baina datu zehatz hauek ez baditugu ere, hausnartu genezake, han eta hemen begiratuta, bati eta besteari entzunda, Zinemaldiak hiriaren eguneroko bizitza eraldatzearekin batera etekin zuzena uzten duela bertan ekoizten dugun hiritarren artean. Izan ere, gure hiriko hotel eta ostatuen betetze maila irailean zehar, uztaila eta abuztukora iritsi gabe ez dabil oso urruti, batez ere, bigarren hamabostaldian suertatzen den betekadaren ondorioz. Eta ez bakarrik, garai batean gertatzen zen bezala, Zinemaldiak berak bere gonbidatuekin logela gehienak betetzen zituelako. Izan ere, eta hau ere bada aldeko efektuen zerrendan gaineratzeko modukoa osagarri bat, gero eta gehiago dira, industria, komunikabide nahiz bestelako profesionalak, gonbidapenik gabe beren kasa eta bere edo beren enpresetako poltsikotik ordainduta Donostiaraino hurbiltzen direnak. Zinemaldi honen erakartasun zabaltzearen eredu. Giza uholde hau, azken euriteen antzera, leku guztietara iristen da. Lehenik eta behin, hotel eta bestelakoostatuetara. Segidan, bazkari eta afari legea egin behar denez, ostalaritzak igartzen du mundu guztiko euri jasa honen onurak. Eta hemendik aurrera, irudi ezinezko eremu zabal batera hedatzen dira giza jarduera hauen ondorioak: garraio publikoa, parkingak, era guztietako dendak eta hiruzpalau mila lagunek 10 egunetako kontsumitzeko gai diren produktuak, ekoizle eta banatzaileen pozaldirako. Datu zehatza inoiz ez da jakitera eman (ezta emango ere) baina ahopeko esamesek ziotena egia baldin bada, Zinemaldiaren babesle batek gau bakar bateko festan hiriak Zinemaldirako jartzen duen diru kopuru adinako kantitatea gastatzen zuen hirian bertan. Inoiz imajinatzerik ba al dago inbertsio baten itzulera hain azkar eta garbia? Finantzen mundura eramanez gero, ez al litzateke diru mugimendu hau izango Wall Streeteko brokerik ausarta eta finenaren gauzatu ezineko amets beroena? Analisi hotzaren ondorioak dira hemen aipatzen direnak, hotzegiak, segur aski. Ez dugulako ahaztu behar Zinemaldia askoz gehiago ere badela. Besteak beste, eta guzti hauen aurretik, jarduera kulturala. Segur aski, gure inguruan ospatzen den handienetariko bat. Kulturala, zinea kultura delako, baina baita ere, honen inguruan kulturaren arlo ezberdinetako osagarriak eta egileak biltzen direlako, beren lanak eta obrak erakutsiz. Kulturala, zentzurik zabalenean, pentsamolde ezberdinen topaleku bihurtzen delako. Eta hain hausnarketa eskasa eta estua dagoen gaurko mundu honetan, beti ongietorriak dira gure txirotasun ideologikoa hausten duen edozein zirrara. Eta hau bezala, beste hamaika ekarpen azpimarratu genezake " aldi" honetaz. Baina lerro hauetan azpimarratu nahi izan dut askotan bigarren maila batean ezkutatzen den elementu bat, garrantzizkoa izan arren, ikusi nahi ez dena, hotza eta merkantilistegia denez, mesprezatzera ere eraman duena. Izan ere, orain 50 urte gaur egun omentzen diren Donostiako merkatal gizon batzuk bururatu eta gauzatu zuten asmo honen atzean zegoen helburua berriro gogora ekartzea da:udaldia, ekonomiaren aldetik ikusita, luzatzea eta "abuztu" hori beste hilabete batez mantentzea. Zinemaldia, agur egun, nazioarte mailako gertaera kultural eta mediatikoa da, zinegintza mundialerako erreferentzia, zinezaleentzako sekulako abagunea lortezineko filmak gozatzeko eta kuriosoentzat liluratzen dituzten komunikabide horiko pertsonaia ospetsu eta erakargarri gertutik ikusteko, ukitu eta autografoak lortu ahal izateko. Baina ez dezagun ahaztu gure hiri, lurralde eta komunitaterako diru iturria ere badela, ur gardeneko iturrien antzera, gure indar guztiekin zaindu behar duguna Manu Narváez, Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeko zuzendaria Argazkiak: http:// 2000/ pix/kursaal.jpg Euskonews & Media 180.zbk (2002 / 9 / 20 27) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.