AXULARREN HITZEZ ETA ETXAUZEN KARGUEZ Axularren hitzez eta Etxauzen karguez * Patxi Salaberri Zinez esan daiteke Axularren Gero liburuak (Bordele, 1643) egungo irakurleari eskaintzen dizkion arazo handienetakoak izenburuan bertan hasten direla agertzen. Horra hor, esaterako, liburuaren bi parteen kontuari dagozkionak, egituraketari buruzkoak, etab., etab. Halaber, bada beste bat lexikoa eta historiografia lotzen dituena eta "Gomendiozko karta" ren hasiera hasieran azaltzen dena. Hain zuzen ere, Bertrand Etxauzi egiten zaion eskaintza horretako lehen lerroetan honela agertzen dira baigorriarrak izandako kargu nagusiak deskribaturik: "Ene Iaun Bertrand de Echaus, Tursco arzipizpicu, Franciaco lehenbicico erremusinari: Ordenaco aitonen seme, eta erregueren Conseillari famatuari" (Gero, 3 or.). Lehen zazpi lerroska horietan, ikusten denez, Axularren adiskidea izandako Etxauzen argazki politiko erlijioso interesgarria burutzen da. Izan ere, argi adierazten da Eliza katolikoan lortu zuen maila gorena (artzipizpikua) eta, era berean, Henrike IV.aren konfidantzako gizona izan zela (hortik haren Kontseilari izatearena). Baina horrezaz gainera badira tartean agian ongiegi esplikatu izan ez diren beste bi kontzeptu interesgarri, hots, "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari" eta "Ordenako aitonen seme". Horiez biez arituko gara ondoko lerroetan argitasunen bat eman dezaketenentz aztertzen. 1. "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari" dagokionez, ezaguna da "erremusinari" hitzak sortu izan dituen zalantzak ez direla bukatu. Aski bedi Orotariko Hiztegia ri begirada bat ematea nolako tradizioa izan duen ikusteko. Egia esan, Villasantek emandako esanahian oinarritzen da aipatu hiztegian eskaintzen den informazioa, eta Villasantek zalantza ikur nabarmenak jarri zizkion gaztelerazko ordainari. Edonola ere, balirudike ondo asmatu zuela Villasantek esanahiari zegokiona, erabili zuen logika honako hau izan baitzen: "aumône" = erremusina beraz, "aumônier" > erremusinari Ohar bedi aumône/ erremusina hitzen zentzua aldatu egiten dela zeharo bigarren mailara iragatean, "erremusinari" hitzak ("aumônier" delakoaren ildotik) "kaperau" bezalako kontzeptu bat adierazteko sortua bailitzateke. Jakina, hizkuntz logikaren aldetik ez bide du objekziorik sortarazten frantsesezko hitzaren esanahiaren gainean eraikitako kalko honek. Lexikografiaren ikuspun tutik, printzipioz, Axularri legokioke hitz honen aitatasuna. Bestalde, lotura historiografikoei ekinez gero, Bertrand Etxauzekin egingo genuke topo, berau izendatu baitzuen Henrike IV.ak 1606an kargu horretarako. Tituluaz den bezainbatean, arrazoi du Villasantek honako hau dioenean, hots, "titulu hutsa baino gehiago zena" Axular,..., 55 or. , izan ere administrazio erlijiosoan erregearen esaneko huts izatea egokitu ohi zitzaion ohore garai hori zeukanari. Horrexegatik hain zuzen, Etxauzen "inozentzia" eta "patu txarra" aldarrikatu dituztenek diotenaren aurka, argitu beharrekoa litzateke ea norainokoa izan zen haren erantzukizuna Lapurdiko "sorginen" aurkako jazarpen bortitzean. Gauza jakina da erregeak komisionaturiko Pierres Rostegi Lancrekoa Lapurdira baino hiru urte lehenago izendatua izan zela Etxauz "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari" eta, kronologikoki eta politikoki behinik behin, berari dagokiola errepresio politiko erlijioso horren diseinuaren ardura nagusietako bat. 2. "Ordenako aitonen seme" delakoari gagozkiolarik, eta sinkronia/diakronia arazorik gerta ez dadin, gogora dezagun lehenik eta behin Axularrek berak eskaintzen duela bigarren zati horren adiera "Irakurtzaileari" egindako gutunean: "Batac erraiten du aitonen semea, bertzeak zalduna" (Gero, 17 or.). Ordurako, gainera, idatzia zuen Etxabek harako " ... más principales hijos dalgo a quienes llamaban Aitonen semeak que quiere decir hijos de buenos padres" (Discursos..., 70 or.). Arazorik ez, beraz, esanahiaren esparruan. Dena den, zalantzak "Ordena" delakoarekin sortu ohi dira, izan ere ez baitirudi Villasantek dioen bezala itzuli behardenik. Berak honela ematen du gaztelerazko ordaina: "Gentilhombre del Orden" (Axular en hiztegia, 460 or.; gurea da letrakera etzana). Axularren hitzen testuinguru horretan, ordea, "Ordena" beste zerbait da, "Ordena" antonomasiaz adierazia dirudi, garai hartako Zaldun Ordenarik garrantzitsuena hain zuzen. Jo dezagun, bada, historiaren alorrera. Zein zen Ordena hori galdetzean, erantzun bakarra datorrela esan liteke: "Ordre du Saint Esprit", berau izan baitzen sortu zenetik eta luzaroan Frantziako erresumako lehena eta, zeukan izaeragatik, euskal lurraldeetako belarri xumeetara ospea ongien heda zezakeena. Ordura arteko Ordenak, eta zeukaten izpiritu politiko militar garbia inolaz ere gutxietsi gabe, izakera klasikoagokoak edo ziren Frantzian barrena. Horien artean XVI. mendean zehar garrantzi gehien erdietsi zuena "Ordre de Saint Michel" izenekoa gertatu zen, Luis XI.ak Amboisen 1469an sortua eta lotura ezin estuagoak izango zituena Axularrek aipatzen uste duenarekin. "Espiritu Sainduaren" Ordena, aldiz, Frantziako Henrike III.ak eratu zuen 1578ko abenduan, erlijio gerrak gori gori zeudenean, eta izatez noblezia bere inguruan biltzea zuen helburu nagusi. Gogoratu beharrik ez dago: partaideen eginkizunak fede katolikoari eta "Maisu" nagusiari (erregeari, alegia) erabateko fideltasun aldaezina izatera mugatzen ziren. Ondorioz, eta behin indar politiko erlijioso faktikoak katolizismoaren inguruan bildurik, protestantismoari aurre egiteko "alderdi" tipiko baten funtzio na mendua izango zuen. Gero Henrike IV.ak (Etxauzen ahaide eta lagunak) hainbat berrikuntza egin bazuen ere, Estatutuen arabera, ehun kide frantses behar zituen Ordenak, horietatik 87 zaldun edo aitonen seme, hiru belaunaldietan gutxienez noble izandakoak eta 35 urtetik gorakoak (printzeak 25etik gorako izan zitezkeen) eta ordurako "Saint Michelen Ordena" ko kide zirenak. Ordenako administratzaileak lau ziren: erresumako diruzain orokorra, zeremonia maisu nagusia, kantzelaria eta idazkaria. Horiezaz guztiezgainera, azpimarragarria da elizgizonen presentzia (bederatzi, guztira), teorian fedeari zegozkion arazoetan kontseilu eman eta erabakiak argitzeko hautatuak. Elizgizon haietako bat "le grand aumônier de France" zen, Axularrek "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari" deitzen duena. Besteak beste, beraz, eta gorago aipatutako puntuari helduz gero, Frantziako Lehenbiziko "Aumônier" edo Erremusinari izateagatik egokitu zitzaion Etxauzi Ordenako kide izatea. Baina ez horregatik bakarrik ziurrenik, nonbait ongi betetzen baitzituen "Ordenako Aitonen Seme" izateko baldintzak Henrike IV.ak Ordena moldatu zuenerako: Aldudeko bizkondearen ondorengo, hiru belaunalditan zaldun eta adinez 35 urtetik gorako (1556an jaioa). BIBLIOGRAFIA Axular, Gero, Bordele, 1643 (orain, faksimilean: Bilbo, 1988). Chaffanjon, A. eta Flavigny, B. G., Ordres eta contre ordres de Chevalerie, Paris, 1982. Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada, México, 1607. Haristoy, M., Recherches historiques sur le Pays Basque, 2 lib., 1883 1884. Villasante, L., Axular. Mendea. Gizona. Liburua, Arantzazu Oinati, 1972. Villasante, L., Axular en Hiztegia, Euskara Español Français, Arantzazu Oinati, 1979. Patxi Salaberri Muñoa, UPV/EHUko irakaslea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.