17 Zenbakia 1999-01-15 / 1999-01-22

Gaiak

Europako erregionalismo eta integrazioari buruzko jardunaldiak

GARMENDIA IARTZA, Koro

EUROPAKO ERREGIONALISMO ETA INTEGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK Europako erregionalismo eta integrazioari buruzko jardunaldiak * Koro Garmendia Sortu berria den Europa Euskal Herria taldeak antolaturik eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, "Europako erregionalismo eta integrazioari buruzko jardunaldiak" izan ziren Donostiako Miramar jauregian abenduaren 14 eta 15ean. Eusko Ikaskuntzaren baitan Joxerramon Bengoetxea koordinatzailearen eskutik sorturiko talde honek aditu multzo interesgarri bat bildu zuen gai honen ikuspegi desberdinei buruz mintzatzeko. Europaren erronkarena pil pilean dagoen gaia izanik, etorkizun horren baitan erregio edo eskualdeek zer nolako papera izango duten zen jardunaldi hauen ardatz nagusia, ikuspegi horren inguruan sortu baita aipatu Europa Euskal Herria taldea. Eusko Ikaskuntzaren baitako fruitua da, Zuzenbide Sailekoa zehazkiago esateko, zeinaren xedea aurrean daukagun Europaren erronkaren inguruko jendea barnebiltzea den, guztien artean forum bat osatzeko. Gonbitea, interesa daukan orori luzatzen zaie, hortaz. Hizlariak bikain aritu ziren bakoitzari esleitutako izenburupean euren ikuspuntua azalduz, beti ere erregionalismoa eta integrazioa zutelarik mintzagai, benetan jakitun zirela adieraziz eta bertaratuengan interesa piztuz. Horrela, Juan Cruz Alli, Pablo Pérez Tremps, Jaume Renyer, Maite Zelaia, José Luis de Castro, Jasone Astola, José María Muñoa, José Antonio Corriente, Iñigo Bullain, José Martín y Pérez de Nanclares, Xabier Arzoz, Henri Labayle, Juan Luis Diego, Carlos Fdez. de Casadevante, Francisco Rodríguez eta Xabier Iriondoren hitzaldiak izan genituen bi egunetan zehar, amaierakoak Eusko Ikaskuntzako lehendakari den Juan José Goiriena de Gandarias eta Andoni Ortuzarrenak izanik. Gai komunitarioak dauzkan alderdi anitzen artetik, erregio edo eskualdeetan ipini da arreta oraingo jardunaldi hauetan, Europa erraldoiaren baitan zer nolako papera daukaten eta eduki beharko luketen aztertzeko. Zailtasunak hasieratik bertatik agertuziren, ez baita batere erraza ente lurraldetar hauen definizio bateragarri bat ematea; benetan polisemikoa dirudi eskualde hitzak. Izan ere, Estatu bakoitzaren esku dago bere barne egituraketa nolakoa izango den erabakitzea, eta Europan barna kasu desberdin anitzen aurki ditzakegu. Dena den, eskualde izateko, gutxieneko elementu subjektibo nahiz objektibo komun batzuk eduki behar dituztela ziurra da; hala nola Estatua bera baino unitate lurraldetar txikiagoa izatea, populazioak kultura nahiz hizkuntza bera izatea, organu legegile eta exekutiboa izatea, etab. Behin eta berriro azpimarratu zen erregioen partehartzea oraingoz behintzat oso urria dela, eta apenas daukatela Europako organuen baitan beren interesak mahaigaineratu eta defendatzerik. Hala eta guztiz ere, jada eman dira zenbait aurrerapauso, eta gehiago ere emango dira. Europako benetako protagonistak Estatuak izan dira hasiera batetik, arreta guztia horietan ezarri da, eta ez eskualdeetan (are gutxiago ente lokaletan). Uneotako egoera metafora ulerterraz baten bidez azaltzearren, esan hasierako Itun Eratzaileetan zegoen "itsutasun erregionala" "miopia" bilakatzen ari dela pixkanaka. Bada bai "Eskualdeen Komitea" delakoa, aztergai izan ziren ente azpiestatalekin oro har gehien lotzen den organua, baina erakunde honen funtzioa kontsultiboa da; hau da, bere erabakiek ez dute indar loteslerik. Ahalezko irtenbideetako bat aipatu organua erabakitzailea bihurtzea litzateke, hori baita eskualdeei benetan interesatzen zaiena: erabakiak hartzeko orduan hitza izatea. Europar Batasunaren eskuduntzak areagotu ahala, aldi berean, bertako kide diren Estatuenak murriztu egiten dira, titulartasun hori batetik bestera igarotzen da eta, baina baita ere Estatuko barne legeei jarraiki eskualdeei dagozkienak ere. Egoera honen aurrean, batasun ekonomikoa, soziala eta politikoaren aldeko apustua egina dagoela, zaila da eskualdeen eskuduntzak azpimarratzen aritzea, batzuren iritziz alderantzizko joera bat suposatzen duelako nolabait.Bestalde, jardunaldiotan gehien azpimarratu den ideietariko bat, Europa berriaren eraikuntzan erregioen partehartzea indartu beharrarena izan da. Esan beharra dago pauso benetan garrantzitsua izan zela 1996an Basilean sinatutako "Europako Eskualdetasunaren Adierazpena" delakoa, jada 22 hizkuntzatara itzulia, bertan eskuduntzak, autofinantziazioa, nazioarteko harremanak eta abar luze bat finkatu baitziren. Egoera honen aurrean, eta zehazki Euskal Herriari dagokionean, espainiar Konstituzioak Basilean sinatutako Adierazpenak jasotakora egokitzeko moduko biderik ematen ote duen galdetuta, baiezko erantzuna jaso zen. Aurrerantzean jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, lehenik eta behin erregioek benetan zer lortu nahi duten zehaztu beharko litzateke, eta, ondoren, hori ahalbideratzeko bitartekoak ezarri. Eskualdetasunaren gaiarekin hertsiki lotuta dagoen puntuetako bat subsidiaritate printzipioarena da, bi ideia nagusiren batura dena: ordezkotza eta interbentzioa; alegia, organu eskuduna ez bada bere eskuduntzak modu egoki batean betetzeko gai, orduan beste bat izango da eginbehar hori aurrekoaren ordez egikarituko duena. Funtsean, hiritarrei zerbitzu egokia ematearen helburu nagusiari erantzuten dion mekanismo bat da, inor kaltetua suerta ez dadin, eta berebiziko garrantzia daukan Europar Batasunaren eraikuntzaren baitan. Adituetako baten hitzetan, biharko egunean ez da jada Estatuen eskuduntza esklusiborik izango, horiek guztiak Europar Batasunaren esku geratuko baitira. Hori horrela izanik, zer gertatuko da erregioen ahalmenekin? Oraingoz erantzun ziurrik ez daukan galdera da hori. Itunek ez dute zehaztu zein eskuduntza dagozkion Batasunari eta zeintzuk Estatuei, ondorioz hutsune horrek buruhauste ugari sortzen dituelarik ahalmenak bati nahiz besteari esleitzeko orduan. Estatuek oro har eskualdeen partehartze borondateari behar adinako arretarik ez dietela eskaini adierazi zen, horretarako borondate politikorik ez daukatela eta. Baina eskualdeak ez dabiltza Estatuenaurka jo nahiean, barne eraentzek esleitu dizkieten interes eta eskuduntzak defendatzeko ahotsa Europaren aurrean entzun dadila saiatzen baizik. Koro Garmendia, Eleria aldizkariko idazkari teknikoa.