Belaunaldi ordezkapena Belaunaldi ordezkapena * Xabier Muruamendiaraz Euskal Herriko nekazaritza ustiategi tradizionalak egitura aldaketa sakonak jasan ditu azken hamarkadetan. Teknologian oinarritutako eredu berriak eta Europan sartzeak egokitze prozesu gogorra ekarri du. Euskal Herriko nekazaritza ustiategietan betidanik nagusitu den eredua, ustiategiaren familia izaera dela esan dezakegu. Eredu horrek lurraldearen kolonizatzea eta landa lurzoruaren mantenua bermatu arren, nolabait hutsunez betetako egitura bat mantentzea ekarria du. Ustiategi askoren lur eza, ustiategietako titularren zahartzea, lur merkatuaren zorroztasuna eta titular batzuen formazio eskasa dira aurrera begira, etorkizuna baldintzatzen duten arazoetako batzuk. Azterketa hau egin, eta konpetibitatea eta efikazia helburu direlarik, derrigorrezkoa ikusten da egitura akastun horri konponbideak jartzea eta nekazaritza ustiategiak modernizatzea. Modernizazioa ez da soilik ekoizpen ahalmena gehitzea, ekoizpenaren kalitatea eta baldintzak hobetzea, kostuak murriztea, estrukturak berriak egitea eta ekoizpen desberdinei heltzea, baizik eta, azken finean nekazaritzan dabiltzanen lan eta bizi kalitatea hobeagotzea, batetik eta gizarte arloko eskakizunei erantzutea, bestetik. Lehen aipatutako arazoen artean, ustiategi askotako titularren zahartzeari eta hauen ordezkoei, hau da, belaunaldi berriei buruz hitz egingo dugu. Euskal Herrian, Europako beste hainbat herrialdetan gertatzen den bezala, errealitate horri aurre egin behar diogu. Nekazaritza ustiategietako profesionalen adina oso altua da, nekazaritzan dabiltzan gazteek arazo anitz dituzte eta are eta arazo haundiagoak dituzte oraindik sartzear dauden gazteak. Europako Nekazaritza Politikak, datozen urteetarako, lehenengo helburuetako bat, nekazaritza sektorearen zaharberritzea jarri du. Ildo berean doa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saila. Sektorearen zaharberritzeak arazo asko eta mota desberdinekoak darkarzki: gure lurraldearen beraren orografiamenditsua, hasierako instalazioaren kostua, lurraren prezioa, e.a. Belaunaldi berri bat nekazaritzan ezartzeko, ondo aztertu beharko liratekeen gaien azterketa samur bat egingo dugu: Sektorearen irudia: Nekazaritza sektoreak, orokorrean, eta bereziki bere eragile sozial batzuek, sektorearen eta bere etorkizunaren irudi beltz bat azaltzen dute, eta hori aldatu egin behar da. Garbi dago nekazaritza ustiategien beherakada larria dela, baina ez dugu ahaztu behar, mementu enpresen bilkura erabateko errealitatea dela. Baina beste errealitate bat ere argi dago: gazteek kudeatutako ustiategiek oso portaera ona dute. Kasu askotan, gainera, hazkuntzarako joerarekin. Hezkuntza: Hezkuntza profesionala derrigorrezkoa da. Gure ustiategietako arduradunek kudeaketan, kontabilitatean, elikaduran, osasunean, erabileran, ongarriketan, genetikan, informatikan eta beste hainbat alorretan ezaguera zabalak izatea, ezinbestekoa da. Nekazaritza Eskoletan ikasleei nolabaiteko enpresa izpiritua sorrarazi behar zaio, beti ere, ahal den neurrian. Monitorizazioa: Hezkuntza orokor hau bukatu ondoren, gazteek bere ibilbide berria sendotzeko eta indartzeko, monitorizazio zerbitzu bat eduki beharko lukete. Zerbitzu horrek, ibilbide berri horretan izan ditzakeen arazoei aurre egiteko laguntza eta babesa eskainiko du. Teknikari batek edo teknikari talde batek osatutako zerbitzua izango da. Hasierako kostuak: Martxan jartzeko, inbertsio gisa, diru kopuru handia behar da, batik bat, baserriko semea ez bada. Indarrean dauden laguntzak albo batera utzita gazteak sektorean sartzea nahi badugu, "beste" laguntza mota batzuk jartzea komeni da. Adibide gisa, enpresari diru laguntza bat eskaini, lehen urteetan, enpresa horrek bere kabuz funtzionatu arte, edo banketxeekin hitzarmen bereziak. Argazkia: Horticultura Alberro Baratzaintza Lurraren prezioa: Lurraren prezioa da, zalantza izpirik gabe, nekazari gazte batek aurkituko duen arazorik larriena. Atal honetan lan asko egin beharko da. Beste batzuk alborautzi gabe, ERABILGARRIAK DIREN NEKAZARITZA LURREN ZERRENDA bat egin beharko litzateke. Elkartzea: Bakarrik aritu beharrean, beste bat edo batzuekin elkartzeak, badu garrantzia, batik bat bi ikuspegitatik: * Enpresaren garatzeko aukera handiagoak. * Bizi kalitatea hobetzeko bideak jorratzen ditu. Beste hainbat gai ere jorra genitzake, baina azpimarragarrienak, ustez, azaldu ditugu. Dena den nekazaritza ustiategietan belaunaldi berriak sartzeko ezin dugu albo batera utzi Nekazaritza Garapena, eta arlo horren barruan, EMAKUME nekazariak izan duen, duen eta izango duen zeresana. Horrekin lotuta beste hainbat eragile izango dira kontuan izan beharrekoak, hots, nekazaritzako zonaldeetako garraio publikoa, osasuna, eskola, e.a. Beraz, arazo larri hau ez da batzuena bakarrik, denoi dagokigu sektorearen erronka berri hauei, indarrak pilatuz, aurre egitea. Xabier Muruamendiaraz, MENDIKOI FRAISOROko irakaslea Euskonews & Media 169.zbk (2002 / 5 31 / 6 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.