Baserria Baserria * Pantxi Altube Baserriaren inguruan aurkezten dogun monografiko honetan, baserriak historian zehar izan dauen garrantzia aipatu eta batez ere dauen etorkizuna erakutsi gura da. Argazkia: nekatur.net Urteetan zehar, Euskal Herrian Baserriak paper bikoitza bete izan dau. Alde batetik, kultura gizarte papera, gure nortasunarekin lotuta dagozan hainbat tradizio eta ohitura mantenduz, eta bestetik paper ekonomikoa, lehen sektorearen testigu legez. Hau da, Baserria era bitara ikusi izan da, "Erakunde" modura eta "Esplotazio" bezala. "Erakunde" modura, Baserriaren papera oso garrantzitsua izan da gure paisaia eta gizartea mantentzerakoan. Nahiz eta jarraian aurkeztuko doguzan gaien artean Baserriak historian zehar izan dauen garrantzia adierazteko ez dogun aipamen zehatzik egingo, sarrera honetan adierazpen berezi bat egitea gustatuko litzakigu historikoki gure antolaketa giza kulturalean izan dauen eragina aipatuz. Argi dago Baserriak berak, Baserriko lanek eta Baserriaren inguruko antolaketa ereduek (familia, auzoak, auzolana, jaiak, ....) eragin zuzena izan dabela urteetan zehar gaur egungo Euskal Herriko giza eta lurralde antolaketa zehaztu eta mantentzerakoan. Beste alde batetik, "Esplotazio" bezala ere garrantzi haundia izan dau Baserriak gure artean. Gure paisaian zehar sakabanatuta agertzen diran baserriak gure lehen sektorea osotzen daben enpresak dira. Euskal Herriko gizarteak orokorrean arlo ekonomiko guztiak enpresa txikietan oinarrituta garatu dauz eta lehen sektorearen kasuan ere, Baserri bakoitza, lehen sektoreko familia enpresa txikia izan da. Belaunaldiz belaunaldi enpresa hauen jarraipena familian bertan eman da, bertako ohitura eta jakinturia guztia gurasoengandik semeengana pasatuz. Argazkia: Horticultura Alberro Baratzaintza Honek urte eta mendeetan zehar landu eta hobetutako teknika eta jakituria mantentzen lagundu dau, baina argi dago honetaz aparte, edozein Sektore ekonomiko bere osotasunean edo bertako enpresa baten garapenabultzatzerakoan, beste "laguntza" gehigarri batzuk ere izaten dirala beharrezkoak: enpresarien profesionaltasuna landu, teknologia berriak erabili, produktuak hobetu,... Hori dala eta, azkenengo urteetan zehar gure lehen sektoreari laguntza hauek errazteko asmoz, badira gure artean formakuntzan, kalitatezko produktuen garapenean, produkzio teknika berrien aplikazioan, teknología berrien garapenean, eta arlo ezberdinetan lanean dabiltzan hainbat pertsona eta erakunde. Hemen aurkezten dugun Web orrialde honetan agertzen direnak, laguntza horren adibidea baino ez dira, Baserriaren garapena eta iraupena helburutzat daben pertsona eta erakunde talde bat. Pantxi Altube, MENDIKOI Euskonews & Media 169.zbk (2002 / 5 31 / 6 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.