16 Zenbakia 1999-01-08 / 1999-01-15

Gaiak

Antoine d'Abbadie-ren bizitzaz (1810-1897)

DAVANT, Jean-Louis

Antoine d'Abbadie ren bizitzaz (1810 1897) Antoine d'Abbadie ren bizitzaz (1810 1897) Jean Louis Davant Haurtzaroa Dublin en. Han sortu zen, han hazi, hangoa zuen ama, Ürrüstoitarra berriz aita. Gaztaroa Frantziako Tolosan, Parisen, Adausen, noiztenka Urrüstoin. Ikasle trebea izan zen zuzenbidean, zientzian eta hizkuntzetan. Etiopian gaindi jakintza mota guzien ondotik, Arnault bere anaia gaztearekin, dozena bat urtez. Lapurtarra nagusiki bere bizitzaz. Urruñan plantaturik, eraiki zuen orain Hendaiakoan dagoen "Abbadia" jauregia. Euskal Jaiak antolatu zituen. "Académie des Sciences" delakoan izendaturik, horko lehendakari hautatuko dute. Ezkondu zen, baina haurrik gabe hil. Hendaiako auzapez izan zen artetik. Bere jauregiko kaperan ehortzirik dago, emaztea halaber. Giltz Hitzak: Irlandarra. Katolikoa. Geografoa. Astronomoa. Poliglota. Euskalzalea. Enfance à Dublin. Il y est né, il y a été élevé, sa mère était de là bas, tandis que son père était d'Arrast. Il vécut sa jeunesse à Toulouse, Paris, Audaux, avec des passages à Arrast. Il fit de brillantes études en droit, en sciences et en langues. Il parcourut l'Ethiopie pendant près de douze ans, avec son jeune frère Arnault, en explorant tous les secteurs de la connaissance. Il fut surtout labourdin par sa vie. Installé à Urrugne, il y construisit le château d'Abbadia, qui se trouve aujourd'hui sur le territoire d'Hendaye. Elu à l'Académie des Sciences, il en sera le président. Il se maria, mais mourut sans enfant. Il fut un moment maire d'Hendaye. Il est inhumé dans la chapelle de son château, ainsi que son épouse. Mots Clés: Irlandais. Catholique. Géographe. Astronome. Polyglotte. Basquisant. Pasó su niñez en Dublín. Allí nació y creció y de allí era su madre, en tanto que su padre era natural de Urrüstoi. Pasó su juventud en Toulouse, París y Audaux y acudía de vez ez cuando a Urrüstoi. Fue un buen estudiante en derecho, ciencias y lenguas. Su estancia en Etiopía acompañado de su hermano menor Arnault en pos de todotipo de saber duró una docena de años. Fundamentalmente vivió en Lapurdi. Afincado en Urrugne, hizo construir su castillo "Abbadia" en el término de Hendaya. Fue el organizador de las Fiestas Euskaras (Euskal Jaiak). Elegido miembro de la "Académie des Sciences", fue proclamado presidente de la misma. Contrajo matrimonio aunque murió sin hijos. También fue alcalde de Hendaya. Está enterrado en la capilla del castillo al igual que su esposa. Palabras Clave: Irlandés. Católico. Geógrafo. Astrónomo. Políglota. Vasquista. Duela ehun urte, martxoaren hemeretzian, itzali zen Antoine d'Abbadie, jakintsun euskalzalea. Etorkiz eta jatorriz, euskaldun irlandesa zen, zuberotarra baitzuen aita, irlandarra berriz ama: bera Irlandako Dublin hiriburuan sortu eta jaio zen; gero haurtzaroa han pasa zuen. Haren bizitzaren aipatzeko, nire mintzaldia sei zatitan banatuko dut: I. II. III. IV. V. VI. I. D'ABBADIE ETA ÜRRÜSTOIKO HERRIA Antoine d'Abbadie ren aita, zuberotarra zen beraz, Ürrüstoi Abadia baserriko semea. 1/ Ürrüstoi, frantsesez Arrast, Pettar zolako herri ttiki bat da, Uhaitza ibaiaren eskuin aldeko azken mendixketan hupatua. 2/ D'Abbadie familia, oso zaharra da herri horretan: 1187. urtean Palestinan gudulari hil zen Guilhemus de la Sala d'Arrast delako bat; eta XIV. mendean hasten da familiaren genealogia. Har gatik xehetasun guti dakar XVII. menderaino. Abadia izeneko etxea, elizari buruz dago, errebideaz beste aldeetik. XVII. Mendean berritu zuten eta garai hartako itxura du kanpotik. Horko jabea, aitatik semera abade laiko zen, Biarnon eta Zuberoan baizik edireiten ez den kargu berezi batez hornitua: tokiko elizaren babeslea zen, erretoraren izendatzean eskubide bat bazuen, mozkin batzuk elizatik eskuratzen zituen (detxima ote?) eta horri esker, elizako gastu batzuk ordaindu behar zituen. Gainera etxalde bat bazuen. Hargatik ez dago Zuberoako etxe nobleen zerrendan Ürrüstoiko Abadia. Nondik dira beraz aitoren seme alaba gaurko d'Abbadie d'Arrastfamiliakoak? Agian Biarnotik? Egia da luzaz egon dela Zuberoa Oloroneko diosesa zelako elizabarrutian, Biarnoko zati batekin. 3/ Antoine d'Abbadie ren aitona, Jean Pierre (1731 1799), abade laiko zen beraz, eta gainera notario. Laborantzan ari zelako froga badugu, zeren Frantziako Iraultza denboran, itzainkan erauntsi behar izan zuen behin baino gehiagotan, bere baserriko mozkinen armadari eramaiteko Donibane Garaziraino, Espainiaren aurkako gerlaren karietara. Abade kargua kendu zion Iraultzak, ez hargatik notariotza. Lau haur ukan zituen Jean Pierre d'Abbadiek, Ezpeizeko Marie Lacroix emaztearekin: Maria Maitena (1771 1856) Michel Arnauld, Antoine ren aita zateana (1772 1832) André (1774 1791) Annette (1777 1799). Maria Maitena, Antoine ren "egüzama" zateana, 1793 an ezkondu zen Pierre de Carricondo rekin eta laster alargun egon, haurrik gabe. Haren hilarria Ürrüstoiko kalustrapean dago, euskarazko hilartitz batez apaindua. Iduri luke beraz Michelen (edo Michel Arnauld en) arreba gehien hori Ürrüstoi Abadian bizi izan zela. Antoine aldiz, oporretan zen hor egoiten, antza denez. Michel oporretan etortzen zela badakigu, meza bere mahasti zolatik entzuten baitzuen, bideaz beste aldeetik, familiako artxiboek diotenaz: abade laikoen alkian jarri nahi zuen, baina debekatzen zion erretorak, kargu hori ezabatua zenaz geroz... Ürrüstoi Abadia bere lurrekin, Mauleko de Souhy lehengusu bati utziko dio Antoinek hil aintzin, eta 1961 ean beste de Souhy batek salduko dio etxetiarra zuen Challa familiari. Horrela darrai. 4/ Antoine ren aita, Michel Arnauld (1772 1832), Iraultza denboran desterratu zen, beste herritar gazte batzurekin (Daguerre, Larluz...), soldado zerbitzuari omen ihes egiteko. Familiak dio 1790.ean izan zela, baina ezina da hori, 1793.ean baitzen agertu legezko soldaduzka. Beraz pentsa dezakegu urte horretan zutela muga pasa, ez dakit oraindik nondik eta nola. Malagan egon zen denbora gutiz. Hortaz ere, xehetasunik ez dut mementoko. Ohar bat soilik: Andaluziarekinkomertzioko harremanak bazituen Zuberoak. Gero Londresera joan zen eta han oso nekez omen bizitu. Han ere badago zer bila. Bizkitartean Michel en desterruaz beste argibide bat ekarri digu ORPUSTAN erakasleak Hendaiako Biltzarrean egin duen mintzaldian. Antoine ren gutun bat aipatu du, erakusten duena komertzioko lan batentzat Espainiara joana zela Michel gazterik, eta handik Ingalaterrara pasa zela, Espainiako gobernuak haizaturik. Beraz soldaduzkak ez du hor zer ikusirik. Azkeneko Irlandan kokatu zen, Dublin hiriburuan hain zuzen. Zinez gizon ederra omen zen, familiako iturriek diotenez. Argia zela, ez da dudarik. Ikasketak Lescarreko Barnabiten etxean eginik, kultura on baten jabea zen, bereziki literaturan eta filosofian. Aferen kudeatzeko dohain aberatsak zituen gainera, geroan askotan frogatuko zuenez. Plaza gizona zen ere, hizlari pollita, solaskide gozoa. II. D'ABBADIE ETA IRLANDA 1/ Irlandan aberastu zen Michel d'Abbadie. Nola? Horretaz arrazoi desberdinak irakur daitezke. a) "A Dublin (il fonde) une société pour l'exploitation d'un canal. L'entreprise devient si prospère qu'il a bientôt amassé une fortune suffisante pour armer plusieurs vaisseaux". Ekaitz batean hondatu omen ziren untziak. Hutsetik abiatu bide zen berriz eta berriz aberastu. "Et (...) dix ans plus tard, après avoir collaboré avec Lafitte, son compatriote et ami, à l'organisation de la Banque de France, il peut le préserver d'un désastre en mettant à sa disposition son immense fortune, pour parer à un coup de bourse. Après 48 heures d'angoisse, une hausse survint heureusement, qui sauva la situation du financier et du gentilhomme". Hara zer dion Bernard d'Abbadie d'Arrast ek "Epopée d'Arnauld d'Abbadie d'Arrast " Ras Mikael" en Ethiopie" delakoaren 2. orrian (1975.ean agertu lana). b) "Il s'employa dans une grande banque où il réalisa une belle fortune, et fit partie d'une société pour le percement d'un canal" dio bere aldeetik Guilhem d'Abbadie d'Arrast jaun apaizak, 1992 an agertu duen "Monographiede la famille d'Abbadie d'Arrast" liburuan, 69. orrialdean. c) Piarres Larzabal zenak eskutitz batean erran zidanez, armak erakartzen omen zituen Bilbotik irlandar abertzaleentzat, 1796 97 98 urteetan jeiki baitziren Ingalaterraren aitzi, Frantziako Errepublikaren laguntza xuhurregiarekin (ingelesak itsasoen jabe izanki). Horrela ere dirurik irabazi bide zuena Abadiak? Baina frogarik ez dut aurkitu. Beste iturri batzuen arabera, Portugalari zituen armak saltzen, "blocus continental" delakoa hautsiz Napoleonen denboran. d) Ezkontza aberatsa egin zuen (baina aberatsak ez ote dira ezkontzen aberatsekin?) eta, familiako iturrien arabera, emaztearen aitarekin erauntsi zuen armadoregoan. Iturri desberdinetan agertzen diren bi zutabeak dira kanal baten kudeantza eta armadoregoa. Bigarren ofizio hau, bere izena delata, ez ote dute batzuek nahasi armen tratulantzarekin? Uste horretan nago. 2/ "1805: Michel Arnauld d'A. d'A. se fait naturaliser irlandais". Hara zen dion Guilhem d'A. d'A. jaun apaizak aipatutako bere liburuan, 67. orrialdean. Baina zer erran nahi du horrek? Ingalaterrari hestuki lotua zagon Irlanda 1800 ko ekainaren 7 an Londreseko Parlamentuak bozkatu zuen lege nagusi baten ondorioz. 3/ 1807 an, Michel ezkontzen da Dublinen, horko Elisabeth THOMPSON OF PARK anderearekin (1779 1865). Haur bakarra zen hau. Alarguna zuen aita. Horrek eraiki zuen mutiko bat bezala, kulturaren eta iniziatibaren ateak idekiz alabari, ordu haietan ohi ez zelarik. Protestanteen komentu batean omen eskolarazi zuen, baina gero katoliko kartsu biziko eta hilen da Elisabeth. Hizkuntza multzo eder baten jabe zen: haietan ingelesa, frantsesa, latina, greko klasikoa. 4/ Sei haur ukanen dituzte: 3 alaba eta 3 seme, alternantziarik ederrenean. Antoine, bigarren haurra da, baina seme gehiena. Dublinen sortuko dira lehen lauak, Frantziako Tolosan azken biak: Elisa, 1808 1875 Antoine, 1810 1897 Celina, 1811 1894 Arnauld, 1815 1893 Julia, 1820 1900 Charles, 1821 1901. Serora sartuko daCelina 1832 an. Haurrik gabe, alargun geldituko dira Elisa eta Julia. Ondokorik ez duke Antoinek ere, bi anaiek aldiz bai. 5/ Haurrak nola zituzten altxatu. a) Lehen maileko ikasketak etxean egin zituzten; ama zuten errientsa. b) Gainerako denbora "nurse" delako haurtzain baten menpean pasatzen zuten. c) Egunero, arratsean, ordu bakar bat zuten aitamekilako. Jaun andere handi batzuei bezala mintzatu behar zieten. Gaitzeko larderia zuten amarekilako. Goxotasuna, aitaren ganik zuten: euskal kantu batzuk erakasten zizkien sutondoan, bereiziki "Aitarik ez dut" delakoa. Ironia pixka batekin erran ditaike alderantziz amarik ez zutela, bi aita zituztela, baina gisa batez aitak zuen betetzen amaren lekua. Dena dela, nortasun handiko emakume horrek orijinaltasun handia eman zien bere hiru semeei, eta partikulazki gure Antoine handiari. d) Bestalde, aitak neskame bat Euskal Herritik erakarri zien euskararen erakasteko. Euskalzale suharra zen Michel Abadia, eta ber bideetik ibiliko zaizkio hiru semeak. 6/ Irlanda utziko dute 1820 an senar emazteek, han ukan dituzten lau haurrekin. III. ANTOINE D'ABBADIE REN GAZTAROA (1820 1837) A) Frantziako Tolosan (1820 1828) Irlandatik ostera, Frantziako Tolosan plantatzen da Michel d'Abbadie familia, "dans le vaste hôtel Saint Jean situé au coeur de la ville" dixit Barnard d'A. d'A. ek aipatutako bere liburuan (4. orrian). 1/ Ikasketa onak egiten ditu Antoinek hiriko kolegio eta lizeo batean. Asko maite ditu Chateaubriant handiaren idazkiak eta bidaietarako tirria, horietan edireiten du. 2/ Grekoan Lécluse paristar sonatua du erakaslea. Antoineri esker, euskarari lotuko da jaun hori. Euskal gramatika bat idatziko du. Horretan urgatziko du Michel d'Abbadiek aholkuz eta diruz, 1826 an. "Académie Française" delakoak antolaturiko lehiaketa batean aurkeztera bultzatuko du gainera Darrigol apaiza beste gramatika lan batekin. Lehen saria irabazi zuen lan horrek eta, gertatu bezain laster Darrigol i berria eman zion Michel d'Abbadiek eskutitzez, 1828ko abuztuaren seian. 3/ Gutun horrek erraiten digu, bidenabar, aintzineko udazkenean Biarritzeko itsas mainuetan egona zela Michel d'Abbadie bere familiarekin: "L'automne dernier, me trouvant avec ma famille à Biarritz pour prendre des bains de mer, je fis l'acquisition de votre ouvrage sur la langue basque". 4/ Bitarte horretan, baxoa pasa zuen Antoinek, 1827. urtean. Gero urtebetez zuzenbide ikasketari lotu da Tolosako fakultatean. B) Parisen (1828 1837) Familiarekin Parisera doa Michel d'Abbadie 1828. urtean eta Saint Dominique karrikan ohatzen dira. 1/ Zuzenbidean jarraitzen du Antoinek 1831. eraino. Baina ez zaio aski sail hori: letretan eta zientzietan ere dihardu. Garaiko erakasle hoberenak ditu: zuzenbidean Cousin, Guizot eta Villemain; mineralogian eta geologian Brogniart eta Brochant de Villiers; zoologian Duméril; astronomian Biot eta Arago handia: horren ikasle kuttuna da gure Antoine. 2/ Augustin Chaho ren ezagutzak egiten ditu, duda gabe atarraztar gaztea Pariseratzen delarik 1830 ean, zuzenbidean ikasteko. 3/ 1832 an aita itzaltzen zaio Parisen: han lurperaturik dago, "cimetière du Père Lachaise" delakoan. 4/ 1833 an Adauseko jauregia erosten du Antoinek, Biarno bazterrean, Ürrüstoitik hurbil. Asmatzeko da aita zenaren ganiko ondare parteaz baliatu dela hor. 5/ 1835 ean txango bat egiten du Ingalaterran eta Irlandan, haurtzaroko oroitzapenen bila. 6/ 1836 a zinez aberatsa du: a) "Analyse du voyage en Navarre de M. Chaho" delako idazlana emaiten du "Bulletin de la Société de Géographie" agerkarian. Hor goraipatzen ditu Chaho ren abertzaletasuna eta suzko idazkera. Lehen Karlistadan gaude. b) Chaho rekin agertzen du gramatika lan bat, "Etudes grammaticales sur la langue euskarienne". Aintzin solas luzea, frantsesez, Abadiarena da: lehenik euskararen berezitasunak aipatzen ditu; gero bibliografia bat dakar, orduko hoberenetatik. c) Ber urtean Brasilera itzuli bat egiten du, Aragoren konduko, miaketa andana baten burutzeko magnetismoaz. Itsazuntzian, NapoleonIII.a izanen zenarekin ezagutzak egin zituen eta iduriz adiskidetu ziren luzarako. 7/ Ondoko urtean, 1837 an, Etiopiarantz abiaturen da bere anai Arnauld ekin: hor bukatzen da beraz Antoineren gaztaroa. Oso ikasle argia izan da, batean kartsua, bestean dastaka zebilana. Jakintzako sail guzietan sudurra sartu du, eta horrela segituko bizitza guzian. Halere sail bat badago denen gainetik maite duena: hori da zeruortze borobilaren ikertzea, hots astronomia. IV. D'ABBADIE ETIOPIAN, ARNAULD ANAIAREKIN (1837 1848) Etiopia kasik hamabi urtez ikerturen du Antoinek, bere anai Arnauld ekin. Horien xedea, Nil ibaiaren iturburua edireitea da. Goizik etorri zaie tirria, eta luzaz hortarako apailatu dira soinez eta espirituz, bereiziki kanpoan gogorki bizitzera ohituz, gauaz kanpoan lo eginez, igerikan jardunez, eta abar... Hizkuntzetan, etnologian, geografian halaber trebaturen dira bi anaiak. 1/ Nil ibaiaren sorburuan edan dutelako ustearekin itzuliko dira, eta Frantzian zinez ospatuko dituzte beren balentriaz, hala nola domiñak eta medailak emanez. Urte batzuk behar dituzte ohartzeko Nil urdinaren iturburua dutela ikusi. Nil zuria da ibai nagusia, bestea baino barneratago mendebalderantz, eta hartaraino ez dira sartu bi anaiak: sorburua Burundin du, Tanganika lakutik, beraz Etiopiatik urrun, hegoaldean. Baina beste lorpenik ardietsiko dute Afrika horretan bi Abadiatarrek. Beraz itzul gaitezen Etiopiara. 2/ Oso toki arriskutsua zen hura, edozein eritasun eta gaitzekin, gerla zibiletan murgildua, eta jende xuriari aspaldidanik hertsia. Beraz haren esploratzeko irrika ere bazuten bi anaiek. Feodalitatean bizi zen Afrika ekialdeeko erresuma kristau zaharra. Ahalik, autoritaterik ez larderiarik ez zuen gehiago "Negus" delako enperadorea zen "erregeen erregeak". Osoki beregain bazegokeen bezala gobernatzen zuen eskualde bakoitzeko buruzagiak, "errege" titulua bereganatuz. Auzokoari guda egiten zion edonoiz. Anarkia horren aurka jeikia zen orduko printze serios eta zuzen bakarra, GUOXOdelakoa zen. ATSKU epaile nagusiari esker, honen bitartez harremanetan sarturik, haren alde jarri zen Arnauld eta gudaburu bilakatu, "Ras" (Rais) edo printze titulua irabaziz: "Ras Mikael" deitu zuten etiopiarrek. Amak Charles bila igorririk, Etiopiako erresumatik lekutu ziren bi anaiak. Arte horretan ez zuen denbora galdu Antoine zuhur eta jakintsuak. Bere anai gudariaren babesaz ongi baliaturik, egundainoko ikerketak burutu zituen sail eta mail guzietan: geografian, geologian, geodesian, astronomian, fisikan, biologian, etnografian, hizkuntzetan...Etiopiako mintzaira nagusia den amariñan hiztegi bat idatzi zuen, 3.000 hitzez hornitua! bestalde gaitzeko manuskrito sorta ekarri zuen handik. 3/ Katoliko misionestei bidearen idekitzeko ametsa ere bazuten Abadiatarrek. Aspaldian kristaua zen Etiopiako erresuma, ortodoxo koptoen familiakoa, baina mahometanoz inguratua, beste eliza guzietatik urrun bizi eta nahiko txiroa pentsakeraz. Ez bide zuten arrakasta gehiegirik ardietsi bi anaiek. 4/ Laugarren xede bat ere bazuten: Frantziaren babesa hango buruzagiei eskaini nahi zieten "protectorat" moduan. Hor lehian gertatuko dira ingelesekin. Egiptoan gaindi ere ibili ziren, Adenetik pasa bi aldiz: portu horretan ingeles gobernadore batekin arazoak ukan zituen Antoinek, frantses barrandari espioia zelakoan; izkutuan egon behar izan zuen, gero ixilpean ihes egiteko. Ekialdea 1848 ondarrean utziko dute bi anaiek. Etiopiako handiki batzuekin harremanetan egon dira eta berantago printze gazte batekin ezagutzak eginen dituzte: hura da Menelik, Etiopiaren batasuna eginen duena berriz (1844 1913: 1889 an errege). V. ANTOINE D'ABBADIE URRUÑAN (1849 1870) 1849 an Lapurdin ohatuko dira Etiopiaren bi exploratzaileak: Arnauld Ziburun, Antoine Urruñako Aragorrian, gero Hendaiako udalerrira pasako den ontasun batean. Baina hori erosi aintzin, egonaldi labur bat egiten du Adauseko bere jauregian. 1/ Ikerketa txangoak egiten ditu munduan zehar: Jerusalemen (1850), Noruegan (1851), Espainian(1860), Aljerian (1867)... 2/ 1852 an Frantziako "Académie des Sciences" delakoan hautatzen dute urgazle (membre correspondant). 3/ Euskal Jaiak sortzen ditu Abadiak Urruñan, 1851 an pilotarekin, 1853 an lore jokoez aberastuko ditu, bereiziki olerki lehia batekin, horretan parte hartzen duela Etxahunek. Hameka urtez Urruñan jokatuko dituzte (1853 1863), gero beste hamabiez Saran (1854 1876), 1870.a hutsik utziz, eta hortik aurrera toki desberdinetan, mugaren bi aldeetan (haietan beste lau aldiz Saran). Euskal joko guziak hor sartzen ziren, Irabazleak bere diruz saristatzen zituen Antoine d'Abbadiek, parte on batean bederen: "Aita Abadia" deitzen zuten, edo "Euskaldunen Aita". 4/ Parisekiko harremanak errezten dizkio treinak: hau Baionara heltzen da 1855ean, Hendaiara 1864 eko apirilan, Irunera ber urteko abuztuan. 5/ 1856 an galdu zuen Ürrüstoiko "Egüzama", Maria Maitena, aitaren arreba gehiena, eta hilarrian ipiñi zion hilartitz eder bat Zuberoako euskaraz. 6/ Louis Lucien BONAPARTE printzearen euskal ikerketak urgatziko ditu (1856 1869), ingeles linguista harek zazpi Euskal herrietan eginen zituen bost itzulietan; eta bereiziki laguntzaileak aurkituren zizkion eskualde guzietan: Duvoisin, Inchauspe, Archu, Etxenike, Otaegi, Uriarte... Charles d'Abbadiek ere parte hartzen du, Baigorri Etxauzeko bere jauregian idazle horietatik batzuk bilduz. 7/ Bere lumaz baliatu zen Antoine euskararen alde, hala nola bere "Travaux récents sur la langue basque" delakoan (1859). Euskaraz ere idatzi ukan du, guti bada guti, adibidez "Zubernoatikako gutun bat", lapurtera ederrean. Baina horrek ez du euskal gairik aipu: egin beharra den bide batez ari zaio Urruñako udal kontseiluari. 8/ 1859 an galdu zuen Augustin Chaho adiskidea. Urte horretan ezkondu zen Antoine, Virginie de Saint Bonnet anderearekin (1828 1901). Dauphiné aldekoa zen hau. 9/ Ber urtean, Adauseko jauregia saldu zion Charles anai gaztearen emazteari, Aragorrian beste jauregi baten eraikitzeko (hura date, berantago, Hendaiako"Abbadia"). 10/ Ber urtean oraino, Magentako gudukan ari izan zen Abdullah, Etiopiatik askatuta oso gazterik ekarria zuen esklabo ohia. Soldadu sartu zen Frantziako armadan. Hartaz erraiten da semetzat hartua zuela Antoine d'Abbadiek. Ez du funts handirik ustekeria horrek. Beste bi esklabo ohi bederen ekarri zituen Etiopiatik. Bestalde Abdullah ri gutun batean idazten dio armada uzten badu, baratzezain hartuko duela. Ez da hori gizon aberats batek semeari eskaintzen diona! 11/ "Abbadia" jauregia eraiki zuen beraz Aragorrian (1864 1870), Viollet Leduc arkitekta sonatuaren planetatik. Lana kudeatu zuen Duthoit ongi deitutako beste arkitekta batek. Begia xorrotx atxiki zion d'Abbadie ren emazteak, den mendreneko xehetasunik ahantzi gabe. Kanpotik, Irlandako neo gotikoaren antza du jauregiak. Barnean, Egiptoa eta Etiopia oroitarazten dituzten itxurak ugari daude. Geletan idatzirik daude zuhurtitz batzuk d'Abbadie ren hamalau mintzairetan, bereiziki bistan dena gaelikoz eta euskaraz. 1870.ean bukatu zen lana. Azken harria ezari behar zion Napoleon III.ak. Baina urte horretan gerla galdurik, joan zen enperadorea, eta harri bat eskas du "Abbadia" jauregiak, balkoi batean. 12/ Bitartean ama galdu zuten Abadiatarrek (1865). Parisen zendurik, Irlandan lurperaturik dago bere aitamekin, Thurnesko Urtsulinen komentuan, Thompson familiak lehenago eraikia baitzuen. Amaren gorputza haradino lagundu zuten hiru anaiek. Ber urtean Arnauld anaiaren ganik urruntzen da Antoine. Honen emazteari bota zaio errua, baizik eta haurrik ez ukanez, koinatari alferretan bat eskatu ziola. Egia da bederatzi ukan beharrak zituela besteak, baina hor ezkondu berria zen (1864 an hain zuzen). Egia da ere haurrik ezak burua noiztenka nahasten ziola Virginie ri, eta horrek ez zizkiola familiako harremanak errezten Antoineri. Baina hastapenezko arrazoia besterik dela dirudi. Dena dela, ez zuten gehiago elkar ikusi Antoinek eta Arnauld ek, egoitzaz oso hurbil zaudelarik. 13/ 1867 an Frantziako "Académie desSciences" delakoan hautatzen dute "membre titulaire", hots Akademikide oso. Bere lan guziei esker, ez zuen gutiago hartze. Hori bera zioten aitortu beste jakintsuek, nahiz gehienak ez ziren haren ideologiakoak. Urgazle izaiteko arazoak ukan zituen 1852 an, katolikoa zelakoan. Baina Arago handiak bazterrak baretu zituen erranez: "Gizonaren sakonenean dagonaren ikertzerik ez dugu: Abbadie jaunaren lanak ditugu soi soilik aztertu behar. Erlisio mailean dituen aburuak ez dira gure arlokoak. Eta nik, sinesten dutenez inbidia dut". VI. ANTOINE D'ABBADIE HENDAIAN (1870 1897) 1870. urtean bukatzen du beraz "Abbadia" jauregia eta hor ohatzen da emaztearekin. Hendaiakoan ote? Geroak horrela erabakiko du zeren, hogeita hamar urtez bederen Urruñakoarekin aharran erauntsi ondoan, ontasun hori (guti eskas) aldebat beretuko du Hendaiako udalerriak 1896 an, Félix Faure Errepublikako Presidenteak izenpeturiko dekretu bati esker. 1/ 1870.ean gerla da beraz frantses eta alemanen artean. Ondorioz Euskal Jairik ez du antolatzen urte horretan Antoinek. 2/ 1871.ean Abdullah hiltzen da Pariseko gerla zibilean. "Commune" delako matxinatuen alderdian gertaturik eta gobernuko armadaz presoner eginik, fusilaturik da kaserna batean. 3/ 1871 1875: lau urtez Hendaiako auzapez izan zen Antoine. Ez zen oraiko hiria ordu hartakoa, askoz ere ttikiagoa zen. Hargatik ez zen geldirik egon d'Abbadie: zubi batzuk eraiki zituen, karrikan argia ezarri, herriko etxea berritu, hondartza ere antolatu... 4/ Urte bertsuetan gertatu zen bigarren Karlistada (1872 76). Lehen Karlistadan jada (1833 39), hego Euskal Herriko Karlisten alde agertua zen Abadia, Xahorekin. Gero hegoaldeeko ihesliar bat aterbetu zuen eta noizbait Ameriketara pasatzen lagundu: hura zen ARRONDO pilotari sonatua, 1846 an Tososaren hartzera entsaiatu zena Alzaa brigadierarekin. Bigarren Karlistadan ber alderditik agertu zen Abadia, hitzez, izkirioz eta obraz. Zer egin zuen xuxen? Asko erraiten da, hala nola armak eros eta Hendaiako jauregiangordetzen zituela, mugaz beste aldera pasatzeko. Baina nire jakinean, iñork ez dakar horren frogarik. Erran izan da ere, eta neronek idatzi dut denboran, Karlistak bere diruz laguntzen zituela. Baina horren frogarik ere ez dut aurkitu. Segur den ekintza bakarra hauxe da: Tirso de Olazabalek, karlista handia izanez eta gure Abadiaren adiskidea, Karlisten dirua Pariseko banku batetik ezin jalgiz, Antoineri eskatu zion atera ziezon: Abadiak egin zuen, "berrogoi mila" (euskaraz idatzirik ordenan) emanez arma saltzaile bati. Hara mementoko dakidan bakarra. 5/ Xuri gorrien arteko pataskek ahuldu eta ilundu zituzten gerla ondoko Euskal Jaiak. Donibaneko Guilbeau mediku euskalzale baina errepublikatiarraren kritika zorrotzak jasan zituzten Abadiaren inguruko mahaikideek, Duvoisin bezalakoek. Jorraldi horiek kontutan hartzen zituen Abadiak eta ez zuen maite politika sar zedin Jai horietan, nahiz bera erregetiarra zen. Adibidez 1876 an, Saran, olerki hoberena saririk gabe utzi zuten mahaikoek, Abadiari huts egin beldurrez, Errepublikaz gehiegi trufatzen zelako poema hori: Gratien Adema Zalduby senpertar apaizaren "Biba Errepublika". 6/ Beste nahigaberik ukan zuen Abadiak, eta preseski hain kuttuna zuen elizako buruzagitzaren ganik. Euskararen erakasteko aulki bat bere diruz eraiki nahi izan zuen Baionako seminario apaizgaitegi handian, baina baimena ukatu zion horko zuzendariak. Kontsolatu behar izan zuen ahal bezala, sari batzuk emanez lehenbiziko jaunartzean euskaraz ongi zakiten haurrei. Hortarako epai mahai batzuk antolatu zituen apaizetatik bazter. 7/ Horien guzien artetik, ofizioko lanetan erauntsi zuen beti bezainbat. a) Haitin eguzki eklipse bat miatu zuen 1882. urtean. b) Etiopiari buruzko idazlanak burutu zituen: hiztegia, mapa (berriki arte gainditu ez dena), zientzia liburuak... "Lan hauen moldaketak bidaiak bezainbeste iraun zuen" idazten du Iñigo SAGARZAZU k Elhuyar aldizkariko zenbaki bereizian. 1873 an agertu zituen Abadiak bere bi idazlan handienak: "Géodésied'Ethiopie..." eta "Observations relatives à la physique du globe faites au Brésil et en Ethiopie". c) Astronomiako miaketak hasi zituen bere jauregitik, izarren mapa bati buruz. d) "Académie des Sciences" delakoan egun bat pasatzen zuen astero. 8/ Bidaiak. Emaztearekin gaztaroko tokietara itzuli zen, bereiziki Afrikara: Egiptoa, Aden, Etiopia bisitatu zituzten 1884 an, eta gainera Konstantinopolis (Istanbul). 9/ Ospea. a) "Académie des Sciences" delakoan lehendakari hautatu zuten 1892. urtean. b) Ber urtean, Donibane Lohitzuneko Euskal Jaietan, omenaldi handi bat eskaini zioten. Bazkari ostean jeikirik, mintzaldi bat egin zuen, euskal kulturaren aldeko dei bat aldarrikatuz, eta bururatu zuen "ZAZPIAK BAT" oihu famatuaz! 10/ Azken urratsak. a) 1893 an Arnauld anaia galdu zuen. Ehortzetara joan zen emaztearen ixilik omen, eta gaineko galerian bakarrik zagola, nigar hipaka entzuten zuten beherekoek. Gainera bera hil ondoren, gela hertsi bat ideki zuten Abbadiako jauregian, eta han aurkitu largabista bat, anaiaren etxerantz finkatua eta erdoilak han blokatua. Artetik derradan 1883. urtean, Arnauld ek eta Charles ek beren deiturari erantsi ziotela ofizialki d'Abbadie familiaren jatorrizko herriaren erdal izena, Arrast: geroztik d'ABBADIE d'ARRAST abizen bikuna dakarte berek eta horien ondokoek. Baina d'Abbadie soilarekin egon zen Antoine. b) 1894 an Abbadia jauregia bere lurrekin uzten dio "Académie des Sciences" delakoari. Aldiz Ürrüstoiko Abadia emanen dio kusia duen Mauleko de Souhy ri. Horren ondokoek etxetiarrei salduko dute 1961 ean. c) Hil aurretik, kontsolio bat ukanen du Antoinek: 1896 an Etiopiaz jabetu nahi ziren Italianoak Aduan garaitzen ditu Menelik II. errege berriak. Azkeneko bete da bi Abadiatarren ametsa: bat eta beregain dago berriz Afrikako erresuma kristau zaharra! d) Bururaino lan eginen du Antoinek. Akademiako biltzarrean zagon oraino martxoaren hamabostean. Hemeretzian lana utzi behar ukan zuen, ahuldurak harturik. Ilunzeinuetan sartu zen agonianeta laster eman zuen azken hatsa, emaztearen alboan, Pariseko 120 rue du Bac karrikako gela batean, Chateaubriant mende erdi bat lehen (1848) zendua zen ber tokian. e) Gorputza Hendaiako Abbadiara ekarri zuten eta horko kaperan hamazortzi egunez beilatu zuten etxetiar, maizter, bordariek. Ehortzetan parte hartu zuten Atarratzeko dantzariek eta Andoaingoek, nafar gaiteroekin. Abbadiako kaperan dago lurperaturik Antoine d'ABBADIE, aldare azpian, Donibane Lohitzuneko gorazarrean emana zioten makilagaz. f) Lau urte berantago, 1901.ean, Antoine ren ondoan lurperatuko dute Virginie. Senarra beti kartsuki lagundua zuen bere lan mota guzietan. Zorion hori ukan zuten d'Abbadie hiru anaiek, bereiziki euskararen alde, aitak aintzinetik eduki zuen bezala. BIBLIOGRAFIA 1) Antoine d'Abbadie, par M. Charles PETIT, in La tradition au Pays Basque, 1899 Elkar, 1982. 2) Notice historique sur Antoine d'Abbadie, par M. Gaston DARBOUX Institut, 1907 20. 3) Yon BILBAO: Gran enciclopedia ilustrada del Pais Vasco Auñamendi Literatura, I, PP. 58 59,328 336, 358 368, 408 558. 4) Haize Garbia agerkaria, Hendaia. 5) Jean Louis DAVANT: Euskaltzaindiaren sartzeko mintzaldia Mauleko udaletxean, 1976/VII/22: Euskera aldizkarian agertua, XXII (2. aldia), 1977. Abadia Ürrüstoi pastorala, Durango, Euskal Jaiak, 1986 (texto guzia, euskaraz). Abadia Ürrüstoi pastorala, Xiberoko ikastolek emanik, 1990 (texto laburtua, hiru hizkuntzetan). 6) Association des amis d'Abbadia, Hendaia. 7) Epopée d'Arnauld d'Abbadie d'Arrast "Ras Mikael" en Ethiopie, monographie de Bernard d'Abbadie d'Arrast, publiée en 1975. 8) ABBADIE (Antoine D'), 1810 1897. Contemporains (Les). Paris, sans date. 9) "Abbadia" jauregiko liburutegian: haren gutun asko. 10) Pariseko "Bibliothèque Nationale" delakoan: beste gutun asko. 11) Baionako "Bibliothèque Municipale" delakoan, liburu batzuk. 12) Baionako euskal erakustetxean: halaber. 13) Monographie de la famille d'Abbadie d'Arrast Abbé Guilhem d'ABBADIE d'ARRAST ImprimerieFanlac, Périgueux, 1982. 14) ELHUYAR aldizkaria, 73 74, 1993, Uztaila Abuztua, Dossierra. Antoine Abbadia, XIX. mendeko zientzilari eta euskalzalea. 15) Les Cahiers de l'Histoire, N° 76, Mai 1968: L'Histoire de l'Irlande des origines à nos jours. 16) Iñigo SAGARZAZU, Hondarribia. Jean Louis Davant, euskaltzaina