Elkarrizketa Juan Garmendia Larrañaga, etnologoa "Nire ustez, Olentzero enborra Olentzero pertsonaia baino zaharragoa da." * Maria Agirre Ikerlari askok ikertu du Gabon jaien inguruan, eta guztien artetik berezko merituz gailentzen den horietako bat dugu Juan Garmendia Larrañaga. Beste gai batzuekin egin duen moduan, txokorik txoko joanez eta hainbat sukaldetan orduak pasatuz lortu du tolosarrak Eguberriko ospakizunei buruzko hainbat ohitura jasotzea. Ohitura gehienak iraganeko erreferentzia dira, baina zorionez, Juan Garmendiak bildu egin ditu eta era horretan, gutxienez oroimenean gordeko dira jasota edo batek daki!, beharbada noizbait berriro ere argia ikusiko dute. Zergatik eta noiz hasi zinen Gabon jaiak ikertzen? Etnografia eta historiari buruzko gaiak ikertu ditudanez, eguberrietako ohiturak ikertzea ere interesantea iruditu zitzaidan. Noiz hasi nintzen? Aspaldi, orain dela berrogei urte inguru. Nola egin zenuen ikerketa? Kanpo ikerketa jendeari galdetuz. Ohituren gaietan zaletasuna duen jendearengana hurbildu naiz, batez ere herri txikietara joan naiz, izan ere herri txikietan eusten diete ohiturei. Ikerketa historikoa, berriz, artxiboetan egin dut. Zer ospatzen dugu gabonetan? San Nikolas abenduaren 6an ospatzen da, Santa Luzia abenduaren 13an eta Santo Tomas 21ean, ospakizun hauek guztiek Gabon atarian jartzen gaituzte. Beraz, Euskal Herriko Gabonak neguko solstizioaren barnean ospatzen dira. Doroteo Azkuek oso olerki polita du neguaren hasierari buruz: Zelai, baso ta mendi, Ishillik dago dana, eche ta bideak Chintik ez da aditzen, Poliki agertzen ditu Ishillik zerutikan elur chur churiak elurra da erortzen Eta noiztik ditugu gabonak? Kristau aroan, 274. urtean, Aureliano erromatarren enperadoreak abenduaren 25ean jarri zuen Eguzkiaren jaiotza eguna, eta laugarren mendeaz geroztik Elizak abenduaren 25ean Jesusen jaiotza ospatzen du. Bestalde esan beharra dago, 377. urtera arte Eguberri eta Errege jaia egun berean ospatzen zirela baina geroztikbanatuta ospatzen dira. Euskal Herriko Gabon jaietan bada pertsonaia berezia: Olentzero. Bai asko idatzi da pertsonaia honen inguruan eta denak ez datoz bat. Batzuentzako garai oparoa dakarren gizona litzateke, baina beste batzuentzat arlotea. Barandiaranen ustez, berriz, berriemailea zen. Iritzi desberdin horien inguruan bada poema bat Orixek idatzia: Begigorri ba dator aiton Olentzaro urteak egun ainbat begi ta bat geigo Gurdiak ainako sabel; aurpegi dena ago; nondik nora sortu zan jakin gabe nago. Garbi dagoena zera da: gaur egun Euskal Herriko herri guztietan Olentzero ezaguna bada ere, lehenago toki guztietan ez zutela ezagutzen. Bidasoa inguruan, Gipuzkoako beterrian eta kostaldean, eta Nafarroako mendi aldeko herrietan ezagutzen zuten bakarrik. Orain dela hogeita hamarren bat urte, berriz, Euskal Herriko herri eta hiri guztietan ezagun egin zen Olentzero. Nire ustez, gainera, Olentzero enborra Olentzero pertsonaia baino zaharragoa da. Aspaldi, Olentzero trunkoa edo enborra pizten zen gauean, eta oherakoan enbor horiek hautsarekin estaltzen ziren gainean sutarako pala eta tenazak gurutzaturik utzirik, hain zuzen ere sorgiñak uxatzeko. Horregatik diot, nire iritziz Olentzero enborra irudi mitikoa baino zaharragoa dela. Gaur egun Olentzero kalean ibiltzen den pertsonaia bada ere, lehenago sukaldeko pertsonaia zen eta tximiniatik jeisten zen. Leku batzuetan, gainera, Olentzerori mahaian toki bat uzten zitzaion plater eta guzti. Gabonak ospatzeko era asko aldatu al da? Ohitura batzuk galdu egin dira; baina Olentzero egunean eskean ibiltzeko ohitura bada. Toki batzuetan Gabon egunean eta beste batzuetan Eguberri eguneko meza nagusiaren ostean egiten zen eskean. Hala ere, Zumaian oraindik egiten da Jesus Haurtxoaren eskea Gabon egunean. Oñatiko Zubillaga auzoan, berriz, neskatoak eskean ateratzen ziren Haurtxoa eurekin eramanez, eta gauerdian, auzoko mutil guztiak etxerik etxe ibiltzen ziren hemezortzi urte gorako neskak biltzen. Ondoren, guztiak etxe batean bildueta goizeko bostak arte panderoa eta filarmonika lagun zutela dantzan ibiltzen ziren. Jarraian, berakatz zopa eta txokolatea jaten zuten eta goizeko zazpietan irrintzika guztiak mezetara abiatzen ziren. Ohitura hori ez da gordetzen, 1936. urtean galdu zen. Nafarroako Belaskoain herrian, bestalde, Eguberria baino astebete lehenago bertako behartsuak inguruko herrietara joaten ziren eskean. Eske horri "Koskari" deitzen zioten. Bizkaiari dagokionez, Zornotzako Katia auzoko ohitura aipa daiteke. Bertako berriemaile batek esan zidanez, Muxikako baserritar bat eskean ateratzen zen bizkarrean zaku bat, eta eskuetan zintzarri bat zintzilik zuen makila bat eramanez. Hamabost egunez ibiltzen zen eskean inguruko herrietan. Honako kanta abesten zuen: Abendu santu honetan Kristoren jaiotza kontentuaren aldez guztiok poz gaiten. Maria, Jesus, Jesus, Maria, Jose Zornotzako auzo horretan, gainera, Gabon afaria hasi baino lehen bi paternoster errezatzen zituzten eta kilo biko ogiari puska bat kendu, ardotan busti eta armairu batean sartzen zuten. Hurrengo urteko Gabon gaua baino lehen, zakurrari ematen zioten ogi hori amorrurik izan ez zezan. Antzerako zerbait egiten zuten Muxikako Zugaztieta auzoan ere. Aipatu dituzun ohitura gehienak galdu egin dira, baina hala ere gehienok dakigu garai batean zer jaten zuten. Gabon afaria kaleko etxeetan edo baserrietan ez zen berdina izaten. Honakoa jaten zen, gutxigora behera: olio azak, bakailoa, arroz esnea, sagarrekin eta ardoarekin egindako konpota eta gaztainak. Hondarribi inguruan, karakolak eta bixigua jateko ohitura dago. Kontuan izan, garai batean elizak bijilia egitea agintzen zuela Gabon egunean. Bestalde, baserrietan lan egiten zuten morroiek edo etxeetan lan egiten zuten neskameek gau horretan euren etxean afaltzen zuten, eta beti ahalegintzen ziren opariren bat eramaten, normalean afaltzeko zerbait. Afaldu ondoren, berriz, gau erdiko mezara joateko ohitura izaten zen, eta ondoren, etxera sorgin afaria egiteko. Sorgin afaria bigarrenafaria izaten zen, eta gehienetan aurrekoa baino arinagoa. Eguberrietako afalosteetan kanpaiek ere garrantzia izaten zuten. Nafarroako Errazkinen, Larraungo bailaran, Gabon gaueko 11ak aldera, 20 minututako eskila jotzea egiten zuten hiru edo lau gaztek. Ahaztu baino lehen! Gabon egunean arrantzarik ez zen egiten, arrantzaleak ez ziren egun horretan itsasoratzen. Behin Eguberri egunean sartuta, meza nagusiaren ostean, herri batzuetan ohitura izan da umeak eta gazteak eskean ateratzea. Oraintsu aipatu dudan Errazkinen, adibidez, egiten zen puska edo diru biltzea eta honela esaten zuten: Egun, egun on, gaur Pazkoa, Jesus jaio da eta gure gozoa Bukatzeko esan, Eguberri egunean hiru meza entzuteko ohitura izaten zela. Urteari amaiera emateko ohitura bereziak ere izango ziren? Hondarribiko baserritarrak Urte Zahar egunean "Dios te salbe" kantari eskean ibiltzen dira atez ate. Kantuari koplariak ematen dio hasera, eta gainontzekoek jarraitu egiten diote. Aintzina, berriz, Nuarbeko otargileak euren langileekin afaltzera joaten ziren, eta jakina nagusiek ordaintzen zuten afaria. Beste ohitura bitxi bat Lasarten jaso nuen. Aspaldi desagertu zen Soroeta Handi baserrian, Zuaznabar anaiek adarra jotzen zuten. Batek kale aldera begira adarra hiru aldiz motzean jotzen zuen, eta berehala beste bat luzeagoa festa giroko txalaparta hasiko zela adieraziz. Txalaparta baserri atarian jotzen zuten, eta era horretan, urte zaharrari agur esan eta berriari ongi etorria ematen zioten. Nola ez, Urte Zahar egunean ere sua garrantzitsua izan ohi da. Arabako herri askotan, zahagi zaharrak erretzeko ohitura izaten zen, "erre puierre" oihukatuz behin eta berriz: Lo mismo en la humilde choza que en la morada soberbia blancas espirales de humo, hasta los cielos se elevan. (Antonio Trueba) Gainera, Urte Zahar egunean, afaldu baino lehen, tximinia garbitzen zen eta ondoren kedarra baratxuri landareari botatzen zioten. Ohitura hau nahiko ezaguna zen batez ere Nafarroa aldean. Eta Urteberri eguna nolaospatzen zen? Herri batzuetan ezkilak joaz agurtu izan da Urte Berria. Adibidez, Nafarroako Gorritin, ezkilak jotzen hasten ziren gauerdian, goizaldera arte. Kanpai hotsak isildu aurretik, Azpirozekoak, eskean joaten ziren Gorritiraino abesti hau kantatuz: Sentitzen zaitut, sentitzen ari zarela jeikitzen zure gerriko giltza soiñuak ementxen ditut aditzen. Urteberri egunean urak ere garrantzia izaten zuen. Zuatzun, herriko gazteak mutil nagusien etxera joaten ziren eskean eta txarroan herriko iturritik hartutako "ur berria" eramaten zuten. Urdiainen oraindik ere ur berriaren ohiturak bizirik jarraitzen du. Arabako Aramaio herrian, berriz, urteberri egunean, arratsaldez, eskean egiten zuten honako kanta abestuz: Urte berri, daukenak eztaukenari nik eztaukat eta niri agilando. Telle montaña zazpi intxaur eta zortzi gaztaña aren gañian launa sagar nik bai agiñek berdin xamar. Lekunberriko gazte talde bat urte zahar gauean eskean ateratzen zen, eta behin Urteberri egunean, iturriko ura hartu eta etxerik etxe banatzen zuten zera abestuz: Urteberri egun ona Egun onaren señalea Emen dakargu ur berria, Urte berri egun ona. Or goien, goien elorri Ondoan jo ta erori, Etxe ontako etxekoandriak Amabirjina dirudi. Bukatzeko Errege eguneko berezitasunak aipatzea falta zaigu. Lehen esan bezala, Errege jaia 377. urteaz geroztik ospatzen da, lehenago Eguberri egunarekin batera ospatzen zen eta. Errege bezperako ohitura, leku askotan zabalduta dagoena honako hau da: zintzarriak joaz ibiltzea. Bestalde, Errege bezperan ere eskean ibiltzeko ohitura izan da, baina aurreko egunetan baino gutxiago. Elizondoko Behartzun auzoan behin ilundu orduko, etxe bateko leiho atzetik ezkila jotzen dute, eta beste etxe, baserri edo bordetatik berdin erantzuten diote. Hondarribian gainera, ofrenda egiten zen elizan Errege egun goizean. Aldare ondoan mahai batean alkatea jartzen zen, eta emakumeak gerturatu egiten ziren mahai gainean nork bere oparia utziaz. Gero, bildutako guztia ospitalera eramaten zuten.Deiturari dagokionez, errege bezperari toki batzuetan "Gabon tximur" (Gabon txikia edo festa hondarra?) deitzen zioten, Zornotzako Katia auzoan adibidez. Zuk zeuk nola ospatzen dituzu gabonak? Abenduaren 24an Arantzazura joaten naiz lagun batekin. Kontua da, bertako fraide batzuk eta hainbat lagun kantuan ateratzen direla Aita Gandiaga olerkari dutela, eta Aita Zabalak akordeoilari. Baserriz baserri eta jatetxez jatetxe ibiltzen dira, eta nire laguna eta neu jatetxe batean egoten gara zain. Gero, gurean, egun horretan bixigua eta konpota jateko ohitura izaten da. Garai batean Urte Zahar gaua tristea iruditzen zitzaidan baina orain ez hainbeste. Argazkiak: Arantza Cuesta
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.