Jorge Oteiza: "Bizitzen jakin izan dut" Jorge Oteiza "Bizitzen jakin izan dut" *Traducción al español del original en euskera Josemari Vélez de Mendizabal Jorge Oteiza Enbil Orion jaio zen 1908an. Arkitekturak tiratu zuen txikitatik, eta arte plastikoaren bideak jorratu zituen gazte zenetik. 1933an bere lehen saria lortu zuen Gipuzkoan eta erakusketak eratzeari lotu zitzaion, Euskal Herrian eta Hegoameriketan ere. 1950ean Arantzazuko Saindutegiaren estatuak egiteko lehiaketa irabazi zuen. 1957an Sao Pauloko Biurteko Nazioarteko Saria lortu zuen, eskulturan. Euskal Eskolaren bultzatzailerik adierazgarriena dugu. GAUR, EMEN eta ORAIN artista taldeen sortzaileetakoa da. 1963an "Quosque Tandem...! Euskal gogoaren interpretaziorako saioa" liburua argitaratu zuen eta 1983an "Ejercicios espirituales en un túnel". 1985ean Espainiako Kultura Ministeritzaren Artederretako Domina eskuratu zuen eta 1988an Artederretako "Principe de Asturias" Saria egokitu zitzaion. Jorge Oteiza, euskal arte plastikoak eman dituen artistarik ezagunenetakoa da, mundu osoan. Manuel Lekuona Saria eskaini zitzaion 1996an, eta bi urte beranduago, haren emate ekitaldiaren gaineko erreportaia grafikoa bere eskuetara iristarazteko, Jorge Oteizarengana hurbildu ginen, aurtengo uztailaren amaieran, Zarautzko bere etxera, Euskal Herriko Unibertsitatearen Honoris Causa titulua jaso berri zuelarik. Eusko Ikaskuntzarekiko beti azaldu duen abegitasun zintzo berberarekin errezibitu gintuen, eguerdi eguzkitsu batean. Ondoren doazen zertzeladak, elkarrizketa informal hartatik ateratakoak dira, batez ere bizitzaren alderdi ludiko eta epikureoa izan genituelarik hizpide. "Kote" Ormazabalek, 1996ko maiatzean Oñatiko Unibertsitatean ospaturiko ekitaldi hari buruz prestatutako argazki bildumaren aurrean Jorgeren lehen erreakzioa, On Manuel Lekuona zenaren gaineko gogoeta bat izan zen: Manuel Lekuona Saria, jaso ditudan ohoren artekorik minenetakoa da, On Manuel biziki estimatzen nuen eta aitortu zigun Oteizak Nahikoasakona izan zen gure harremana... Larrosantzeko koloreko bere azalak bakea adierazten zuen, komunikaziorako gogoa... Inoiz probokatzaile samarra ere gertatu zitzaigun! Argazki bildumarekin jarraituz, emate ekitaldiko lehendakaritzaren mahaian, hizlarien izenekin ipinitako karteltxoak aldatuta daudela ohartu zen, Sainz de Oiza ren ondoan Gregorio Monreal i zegokiona zegoelarik eta alderantziz. Ederto dago, noizean behin gauzen ordena aldatu beharrean aurkitzen baikara, osterantzean bizitzak zentzu monotono irenstezina hartuko bailuke. Begira erretrato honetan ere bera agertzen den bati buruz ari zen Nire aurpegiak bakea eta anaitasuna isladatzen ditu..., justu ohikoaren kontrakoa, amorruzko betartearekin ateratzen bainaute beti. Argazki honetan, beraz, Oteizaren aurpegi izkutua ikus daiteke. Eguerdia gainditua , hangoen gorputz eta gogoek bazkaltzeko ordua iristen ari zela igerri balute bezala, elkarrizketa tonu epikureoa hartzen zihoan. Hori gutxi bailitzan, "Zubi Ondo" jatetxeko Joseba adiskidea, dozena bat ostrarekin agertu zitzaigun, artistarentzat. Oteizari begiak biziagotu egin zitzaizkion. Josebaren jatetxean liburutegi txiki bat da, Jorgeri buruzko zenbait liburu eta bere eskultura estilizatu batzuekin. Atornillatuta daude! Bestela... Ostrak, eta orohar itsaskia, betidanik gustatu zaizkit... Badakizu, Orion jaioa nauzue! Holandatik ekartzen dizkidate ostrak, berma osokoak, izan ere nire adinean estu zaindu behar dut elikadura. Ostrak jaten txapeldun izan nintzen Txilen eta Rio Janeiron! Eta ostrei laguntzeko, ezer ez hobeagorik Getariko txakolina baino... Getariko txanpaña! Getari, ezkutari!! Une horretan Juan Garmendia Larrañagak, Jorgeren aspaldiko adiskidea, jatun on eta kirolzale aparta betidanik izan dela oroitu zion artistari. Alzuzatik zehar, Jorgeren 2CV zahar batean eginiko txangoen erreferentziak berpiztu ziren bien baitan. Juan Garmendia eta Jorge Oteiza, azken honen etxean Juan bota zion bapatean Oteizak Zu bai ogi puxka zarela! Eta osoondo kontserbatzen zara, gainera! Nola egiten duzu? Ni berriz, hemen nago, haginik gabe, burutik zilborreraino neukan artifizialkeria guztia zakarrontzira bota baitut! Zilborretik beherakoa, berriz, berez eroriko da... Baina ez noa presaz ibiltzera! Osasunez makaltxo nabilen arren, nola demontre osatuko naiz laurogeitamar urterekin, egunero hiru zigarro puru erretzen baditut? Benetan, bizitzen jakin izan dut. Eta Jorgek langelako ahapaletan miatu zuen jarraian, erdi izkuturik utzitako kaxa baten bila. Erretzeko pipak erakutsi nahi zizkigun, berak asmatutako eta Londres eta Buenos Airesen patentatutako modeloak. Edozein pipazale txundituta utz dezaketenak, tabakoa erretzeko duten sistema guztiz atzekoz aurrerakoa baita. Lehen Juanek esan duenez, kirolzale ere izan zara... gogoratu nion. Uzkudun boxealaria miretsi nuen, batez ere. Horra hor, adibidez, errezildarraren burua, harriz landu nuena. Behin apustu bat egin nuen, munduko edozein boxealariren kontra jokatzeko prest nengoela, baldin eta ring a biribila bazen. Guretzat, euskaldunentzat biribiltasuna sakratua da. Begira, bestela, cromlech a. Baina, horrezaz aparte, traineruek ere tiratzen naute, eta diseinu berezi batzuk burutu ditut, gai horren inguruan. Argazkiak errepasatzen amaitu zuenean, Manuel Lekuona Saria emate ekitaldiko prentsa mozkinei iritsi zitzaien txanda. Egun hartako kazeta batek, "Eusko Ikaskuntzak Oteizaren esfortzu humanistikoa sariztatu du" zioen. Ez dirudi Jorge oso ados zegoenik izenburu horrekin. Nik ez dakit zer den esfortzua... den dena esfortzua izan baitut bizitza osoan. Esfortzuak garaitu ninduen hasiera hasieratik eta, beraz, esfortzatuaren kontzientzia ez zen nigan inoiz sortu. Juan Garmendiak, bientzat ezagun diren zenbait pertsonen aipamenak egiten jarraitu zuen. Oteizak, katilu bat kafe eskuan eta zigarro purua ezpainetan, gustora egiten zuen barre Juanen ateraldiekin. Jose Miguel Barandiaran, Julio Caro Baroja eta beste adiskide batzuen gaineko anekdotak azaldu ziren, denakumore onean. Inpaktatua geratu nintzen Pio Baroja ezagutu nuenean esan zigun Oteizak Oso gaixorik zegoen, Madrilen, eta bere etxeak "bisiten arkipielagoa" zirudien, egun guztian jendez beterik baitzegoen. Nik ez nuen inolako asmorik bisitatzera joateko, baina behin txilear lagun bat etorri zitzaidan eta, arren eta arren, Don Pío ikustera laguntzeko eskatu zidan. Hara joan ginen eta gaixoarengana hurbildu ginenean, han zegoen batek "Zer iruditzen zaizkizu Arantzazuko apostoluak?" galdetu zion Barojari. Hark bota zuen ostikada! Eta, noski, jota utzi ninduen. Baina, handik aterata gero, "Zergatik jakin behar du Barojak eskulturaz?" galdetu nion neure buruari eta lasai geratu nintzen. Ordu t'erdiz iraun zuen gure elkarrizketa biziak, hain zuzen ere Alberto Gisasola doktoreak, Jorgeri eguneko masaien dosia ematera etorri zitzaion unerarte. Elkarrekin azken erretratoak atera eta Oteiza handiak lanean lasai jarrai dezakeen, topa egin genuen.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.