Elkarrizketa Juan José Agirre, Lazkaoko Beneditarren artxiboaren zuzendaria "Ustegabeko altxorrak bildu ditut" *Traducción al español del original en euskera Vanessa Sánchez Juan José Agirrek (Alegia, 1930) diskrezioaren barrena murgiltzen ikasi zuen 1973an Bartzelonan Bibliotekonomia ikasketak amaitu ondoren Lazkaoko Beneditarren konbentura bueltatu zenean, frankismoaren garaian euskal eskuen artean klandestinoki mugitu ziren informazioak bateratzeko asmoz. Garai hartan egunez eta gauez txingurrien artean langile eta konstanteena balitz bezala, oharkabean hasitako datu bilketa hau burutzeagatik saria hartzeko ordua heldu zaio ere. Berak egindako euskal historia garaikideko artxiboak mundu osoan izugarrizko ekarpena izan badu ere, Agirrek ez du inolaz ere bere bizimodua aldatu eta bere liburuekiko menpekotasuna mantenduz, bere txokoa den Lazkaoko artxiboko apalen artean alai jarraitzen du beti gure historia gertuaren datu berri bila eta bilduma honen informatizazioan buru belarri. Horren zalea ez bada ere, oraingoan bere artxibo eta bizipenen berri jasotzera joan gatzaizkio. Berak, ahots lasai batez, baina betetasuneko bizitza isladatzen duen begirada zabalaz hurrengo lerroetan agertzen diren galderei erantzuna eman die. Zein da Lazkaoko Beneditarren artxiboaren jatorria? Lazkaon nengoela gaztetan, liburutegi txikia geneukan Beneditarren konbentuan. Nik hartu nuen ez bokazioz, baizik eta inork ez zuelako nahi liburutegiaren ardura, nahiz eta oraindik liburu bat "zer" zen ez jakin. Arrazoi honengatik, 1970. urtean Bartzelonara Bibliotekonomia ikastera joatea aukeratu nuen eta Beneditarren Montserrat bibliotekan lanean hasi nintzen. Han jaio zitzaidan benetako liburu gosea. 1973an Lazkaoko konbentuko biblioteka berria egiten hasi nintzen eta orduan liburu, aldizkari eta ixileko argitalpen bilaketari ekin nion. Pixkanaka jendea bere artxiboak ematen hasi zitzaidan, batez ere klandestinitateko garaikoak, gure etxean hobeto gordeta zeudela pentsatzen zutelako. Beraiekzabaldu zuten geuk argitalpen hauekiko geneukan nahia eta zaintzeko gogoa. Orduan Frantzian eta Ameriketan ateratako panfletoak eta aldizkariak biltzen hasi nintzen eta Kataluniak garai honi buruz dauzkan dokumentu baino askoz gehiago ditudala esan dezaket, nahiz eta beraiek baino beranduago hasi lanean. Zein bilduma mota daude bertan eta zer nolako interesa dute euskal historia aztertzeko orduan? Frankismoko klandestinitate garaiko erakunde ezberdinetako artxiboak, paperak, bildumak eta aldizkariak dauzkat. Garai hartan oso arriskutsuak ziren dokumentuak dira eta gaur egun oso garrantzitsuak geure herriko historia aztertzeko. Izan ere, dokumentu guzti hauekin poliziak harrapatu ezkero zigorra edo espetxe ziurra zeneukan. Ni ahalegindu naiz bai hemen, bai Frantzian, bai Ameriketan ateratzen ziren bilduma guztiak biltzen eta ustegabeko altxorrak bildu ditut. Juan José Agirre Lazkaoko Beneditarren liburutegian Noizkoak dira artxiboko fondoak, eta horietako zeintzuek diraute bizirik? Frankismo garaitik eta talde klandestinoak hasi zirenetik gaur egunerarteko dokumentuak dauzkat. 1936an argitalpen pila bat moztu egin behar izan ziren eta Euskalerriko kultur jende askok alde egin zuen. Haiei esker 40 urtetako historia egin dezakegu orain beren kultur lan hori erbestean jarraitu zutelako. Arrazoi horregatik nik bilduta dauzkadan hainbeste aldizkari altxor bihurtu dira. Hauen atzetik dabiltza bai unibertsitateak, bai artxiboak, bai bibliotekak: Tierra Vasca, Acción Nacionalista Vasca, Euzko Deya Argentinakoa, Mexikokoa, Txilekoa, Aberri izenekoak, Askatasuna izenekoak... Frantzian agertutako beste hainbeste dauzkat. Talde borrokalari guztien argitalpenak hasi eta bukatu egin ziren eta historia berritzen joan den heinean, aldizkari hauen berriztapenak edo adarrak ikusi ditugu, beti beste izen batekin agertutako argitalpenak, alegia. Orain ere jarraitzen dut dokumentuak batzen. Zure artxiboan dauden materialetako asko eta asko klandestinitate garaikoak dira. Nola pasa zitekeenoharkabean halako materiala? Garai hartako ihesiek ixileko paperak eta aldizkari txikiak ez gordetzeko agindua zuten eta eskuz esku pasatzera behartuak zeuden. Ni Bartzelonatik bueltatu nintzenean eta gai honetan buru belarri sartu nintzenean banekien nora jo aldizkari hauek lortzeko; bati eta beste bati galdezka ibili nintzen. Gainera, erakunde ezberdinen barruan sartuta zeuden batzuk gure konbentutik ateratako lagunak ziren. Hoien bidez hasi nintzen, egia esan, datuak lortzen. Gero, klandestinitate denboran Estatu barruan eta gehiago Frantzian eta Ameriketan Mexikon, Txilen eta Argentinan batez ere bazeuden informazio ugari zeukatenak. Gerra zibila zela eta, hemen euskal kultura guztiz moztuta geratu zen baina nirekin ikasitako beneditar bat Caracasen bizi zen eta euskal etxeekin harremanak zituenez gero, hemendik joandako familiekin harremanetan jartzeko esan nion, nik hango argitalpenen berri eduki ahal izateko. Bando bat egin genuen bion artean bai irratiz, bai idatziz aldizkarietan, artxibo bat prestazen ari ginen monje batzuk ginela esanez eta honi esker argitalpen asko bidali zizkidaten. Kontatuko al zeniguke garai hartako anekdota bereziren bat? Ameriketan eta Frantzian bildutako materiala zuzenean ez zetorren niregana. Baiona inguruko etxe batean gordetzen genuen atzerritik zetorren guztia eta momentu egokienean honera pasatzen genuen. Behin, han zeuden kajak bilatzera joan aurretik, Irungo aduanan lanean zebilen enplegatu bati lau edo bost kaja pasatzeko asmoa geneukala igorri genion, nahiz eta azkenean 12 izan. Berak arazorik ez zela egongo esan zigun eta pozaren pozez kotxe osoa betetzera etxe hartara joan ginen. Lanari ekin baino lehen, eta berri on hau ospatzeko asmoz, Donibane Lohitzuneko jatetxe batera joan ginen, uste baino denbora gehiago pasa genuelarik. Mugara kajekin heltzerakoan polizi txanda berria hasia zegoen jadanik eta dena altxatzera behartu gintuzten. Zuzendaria ere deitu zuten orduan eta kotxe dena hustu eta gero goardia bat etorri zitzaionkonprometitutako argitalpen asko ikusi zituela esanez. Zuzendariaren aurrean kaja bat zabaldu zuten eta bere hizkerarekin "¡Jefe, aquí pone Euskadi!"esan zuen. Eta buruak "Pero si ya no es delito..." erantzun zion. 1979. urtea zen eta handik zortzi egunetara baimena eman ziguten dena biltzeko eta gurekin ekartzeko. Garai honetan anekdota asko izan ditugu eta beldur asko pasa dugu. Frankismo garaian apaiz euskaldunek gizartearekiko zeukaten konpromezua oso garrantzitsua izan zen. Argitalpen isilen bat ba al zeneukaten zuen artean? Apaizek konpromezu sozial haundia hartu zuten frankismoaren garaian Euskal Herrian, kultur maila altuena zutelako eta garai hartako euskal kulturaren itoerak suposatzen zuen suntsiketaz, hizkuntzaren zapalkuntzaz eta arazo sozial larriez arduratuak zeudelako. 50. hamarkadan agertu ziren lehenengo aldizkariak. Egiz (Publicación de sacerdotes vascos) zabaltzeko bildurrez zebiltzaten beren artean eta 16. zenbakia atera ostean, Gasteiza etorri berria zen gotzaiak aldizkari honen berri eduki eta irakurri eta gero, apaizentzat egokia ez zela igorri zuen eta guztiz debekatu zuen. "Al que la leyere, contribuyere, colaborare y guardare, será castigado según el canon de derecho canónico" esan zuen behin baina apaizek jarraitu zuten zeregin honekin. Bi zenbaki beranduago "quedarán suspensos a divinis" mehatxua eman zien apaizei hau da apaiz bati jar diezaiokeen zigorrik gogorrena eta orduan Egiz amaitu eta izenik gabeko bat atera zuten, Sine Nomine deitzen zuten bat. Agirre bere artxiboko dokumentuez inguratua Zeintzuk dira ikertzaileek gehien balioesten eta kontsultatzen dituzten fondoak, eta zein fondo dira derrigorrez kontsultatu beharrekoak? Frankismo garaiko artxiboa eta aldizkariak. Nik zehatz mehatz guzti hauek dakizkit eta panfleto, artxibo eta aldizkari bezala kontsidera daitezke. Izan ere, 1961eko Zutik bezalako aldizkari bat adibidez, artxibo bezala kontsideratzen dugu, izan ere historia egiteko dokumentu honetaz baliatu behar garelako. Aldiz,garai hontako liburu gutxi ditugu, liburuak monografikoak bait dira eta aldizkarietan artikulu eta gai ezberdin asko agertzen dira. Zuk bildutako materialei esker gauzatu den inolako ikerketa lan, doktore tesi, edo halakorik azpimarratuko al zenuke? Artxiboa oso zabalduta dago mundu osoan eta doktoratu lan bat egitera jende asko datorkit. Nik laguntzen diet ahal dudan guztian, hemen zer dagoen dakidalako. Batzuetan etorri izan dira doktoratu bat egin behar dutenaren aitzakiaz, barruan dauden dokumentu guztiak ikusi nahiaz bakarrik. Nik alperrik datozela esan ohi diet, beti gai finko batekin etorri behar direlako, ikerketa lana jarraitu behar duen zuzendari bat edukita. Gure biblioteka oso berezia da eta maila batetik goragoko jendearentzat. Gainera, hemengo historia oso berria da eta ezin da materiala edozeinen eskutan jarri, izen asko agertzen direlako. Artxiboa irekitzea erabaki dugu garrantzi handiko bildumak dauzkagulako, baina nik bakarrik ematen dut hauek ikusteko baimena. Ia hogei bat doktoratu egin dira hemendik ateratako informazioarekin. Batzuek gure dokumentuak oinarri bezala hartu dituzte eta beste batzuk osagarri bezela. Bereziki historiagileak etorri dira beren ikerketa lana egitera, baina filologiako ikertzaile asko ere izan ditugu. Izan ere, mende hasierako prentsa dugu, hala nola Euzkadi egunkaria, Correo Vasco astekaria... Atzerritik jende pila bat etorri zaigu: Kanadako neska batek bere tesia presentatu behar du orain Londresko Unibertsitatean. Bera, Espainia demokratikoa zen edo ez zelakoan zegoen; hainbeste manifestaldik, atentatuk, bere atentzioa piztu zuten eta hiru urte pasa ditu nirekin Euskal Emakume Politikoa Transizioan izenburututako ikerlana prestatzen. Udara hontan Dublineko beste neska bat Euskal Herri eta Kataluniaren arteko antzekotasunari buruzko doktoratua prestatzen egon da. Berlineko mutil bat urtarrilean hasi zen Euskal Herrian izan diren hilketa biolentoei buruzko ikerketa egiten. Hau, antropologia sozialaren aldetik egin denlan oso interesgarria da. Bilboko Arte Ederretako Fakultateko irakasle batek bi urtez geuk dauzkagun dokumentu grafikoetan oinarritutako doktoratua egin du. Zer nolako garrantzia dauka informatizazioak artxiboaren antolaketan? Nahiz eta astirik ez izan, artxiboan dauzkadan ia 3000 aldizkariak kontutan izanda aldizkari batek bi orri izan ditzakela ere, baldin eta zenbakiduna izan ordenagailuz sartuak dauzkat eta beste materiala guztia gaika banatu dut. Oraindik dokumentalista lan osoa egin gabe daukat baina materiala guztia informatizatzen hasteko gaude. Eusko Jaurlaritzak orain dela gutxi baimena eman du artxiboa informatizatzen hasteko hilabete hontan. Gai askotarako bibliografia oraindik egin gabe dago. Nire ustez, informatizatze prozesua beharrezkoa da artxibategi batentzako. Ikertzaileak niregana etorri direnean datu baten bila, batzuetan oso zaila izan da hau aurkitzea. Nahiz eta kajaren baten gordeta dagoela nik jakin izan, oso zaila da zehatz mehatz gauzak zein orritan dauden jakitea Jasotzen al duzu erakunde publiko edota kultur erakundeen aldetik zure lana gauzatzeko laguntzarik? Pertsonal laguntza daukagu eta Eusko Jaurlaritzarena ere. Askok esan digute zergatik ez dugun dirulaguntzarik eskatzen baina kultur sailakoek badakite ondo zeintzuk diren gure beharrak eta egin duena, ez niretzat, baizik eta hona etortzen diren ikertzaileen lana erreztu ahal izateko egin du. Eusko Jaurlaritzak orain dela bi urte informatizatu zuen gure euskal biblioteka osoa ere, hau da, XVI. mendetik aurrera XIX. menderarteko liburuak. Zer nolako harremanak dituzu zure materialen antzekoak gordetzen dituzten beste entitateekin (lankidetza, elkartrukaketak, etab.)? Harrremanak badauzkat Euskadin dauden gai hau jorratzen duten beste entitateekin: Derioko Instituto Labayru eta Gasteizko Sancho el Sabiokoak ere buru belarri dabiltza honetan. Ni, beste bi hauek baino lehenago zeregin honetan hasi nintzen ere eta lehen aldiko klandestinitateko material hori oso zaila da lortzea orain.Dokumentuak mikrofilmatu ditzakete baina, egia esan, ez da gauza bera. Hala ere, elkarri laguntzen ari gara eta oso aberasgarria da gure kolaborazioa. Zein da artxibozainak informazioaren gizartean duen betebeharra? Hori nik ez, baizik eta besteek erantzun beharko luketen galdera da. Nik dakidan gauza bakarra autodidakta naizela da. Nahiz eta Bartzelonara ikastera joan, nere barruan droga bezela sartu zaizkit liburuak. Jose Miguel de Barandiaranekin harremanak izan nituen eta nire biblioteka ikustera etorri zen batean esan zidan: "Ez dakizu zelako lana egiten ari zaren. Norbaitek eskertuko zaitu honegatik egunen baten eta jakin ezazu beste batekin aritu izan bazina ez zenuke orain horrelako bildumarik edukiko". Nik egunez zein gauez egin dudan lan isil hau ikusteak benetan pozten nau, beste inon aurkitzen ez den materiala daukadalako. Baina batez ere jendeak eskatzen dizkidan dokumentuak hemen gordeta dauzkadala dakidanean asko pozten naiz. Horrelako momentuetan lan honek benetako balioa duela konturatzen naiz. Gainera, eginbehar honetan jarraitzeko asmoa daukat. scxeiweb@sc.ehu.es http://ikaskuntza.org/masters
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.