13 Zenbakia 1998-12-04 / 1998-12-11

Elkarrizketa

Bernardo Atxaga: "Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da."

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Elkarrizketa Joseba Irazu Garmendia, BERNARDO ATXAGA Idazlea "Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da." Josemari Velez de Mendizabal * 1998an hamar urte bete dira "Obabakoak" liburua merkataratu zenetik. Bere egileak, Asteasun 1951eko uztailaren 27an jaiotako Joseba Irazu Garmendia "Bernardo Atxaga" euskal literaturak inoiz lorturiko arrakastarik nabariena bereganatu du ordudanik. Hogei hizkuntzatan argitaratutako liburu hark muga guztiak apurtu ditu euskal literaturaren internazionalizazioan. Sortzezko bere lan jarraiak sari ugari ahalbidetu dizkio, besteak beste, Espainiako Literatur Saria, Kritikaren Saria eta Euskadi Saria. Hamar urte dira "Obabakoak" lehen aldiz argitaratu zenuela. Zertan aldatu da Bernardo Atxagaren bizitza ordudanik? Libururik gabe ere, asko aldatuko zatekeen horrenbeste urtetan. Baina, jakina, liburua dela eta, gehiago. Esate baterako, liburua atera arte nik ez nekien prentsaurrekoak zer ziren ere, ez nituen liburu promozioak ezagutzen, elkarrizketa "gogorrak" ere ez, argitaletxe handien presioa eta boterea leienda bat zela iruditzen zitzaidan, ez neukan tratabiderik beste hizkuntzetako idazleekin eta abar. Hitz batean esateko, nire esperientzia urria zen eta nire hainbat uste eta teoriak lotuegi zeuden esperientzia urri horrekin. Gaur egun, sakonagotik ezagutzen dut liburuaren mundua, eta zehatzago ikusten dut mundu horretan nik daukadan lekua, Horretaz gainera bizitza aldaketaz galdetzen zenidan zuk , askozaz ere lan gehiago egiten dut orain. Aspaldi esaten ari naizen kontua da: beste erremediorik ez daukadalako, horregatik naizela idazle profesionala. Hainbeste enkargu eta lan izpi etortzen zaizkizu, non mahaiaren aurrean esertzea beste irtenbiderik ez duzun. Zeren truke egingo zenioke uko Bernardo Atxaga izateari? Zenbaitetan, ametsetan edo, irakasle bezala ikusten dut nere burua, Unibertsitatean historia irakasten, XIVgarren mendearen pusketa bati buruz ikerketak egiten, eskolatarren bizimodu goxoa eramanez izan ere, gurebizitza, idazleona, basatiagoa da, arriskutsuagoa da, eta nekatu ere beste lanbide askok baino gehiago nekatzen du. Inoiz esan duzu euskal literaturan hutsune nabaria dela kritika espezializatuari dagokionez. Beti bezala jarraitzen du egoerak? Literatur erakundean idazlea eta irakurlea dira funtsezko elementuak. Hurrena berriz, kritikoak datoz, eta horiek ere beren garrantzia eduki dezakete literatur mugimendu bat aurrera ateratzeko orduan. Zoritxarrez, Euskal Herrian ez dugu suerte handirik izan. Kiroletako irudi bat erabiliz, hemengo kritikoak pelotoian ezkutatuta ibili dira beti, karrera inoiz astindu gabe. Zentzu honetan, hobe euskal idazlea jakinaren gainean egotea: dabilen tokian dabilela, bere indar soilez egin beharko du aurrera. Ez zaio kritikorik azalduko aldamenean bultzakadatxo bat emanez. Oraingoz behintzat hauxe da egia. Norbaitek zioen, idazle izateko irakurle trebe eta zintzo izatea dela lehendabiziko baldintza. Zeintzuk dira zure literatur argidorreak? Asko irakurri dut nire bizitzan, eta zerrenda luze bat egin beharko nuke. Hasiera batean, literatura "apurtzailea" maite nuen, dadaistak eta beste; geroago pop mugimenduaren ingurukoa, musikarekin lotua; hurrena, Borges izan nuen maisu: geroago, saiakera eta teoria literarioak hartu nituen gogoan...behar bada azken atal hau izan da eraginkorrena nigan. Nola edo hala, teoria bat osatu dut, eta bertatik sortu dira nire poema eta prosa lan gehienak. Euskal literatura munduan apur bat ezaguna egin bada, zure ahaleginari esker lortu du. Esfortzuak merezi izan al du? Nire belaunaldiko idazleak, zentzu batean behintzat, "organikoak" izan gara. Eskuetako batekin geure liburuak zaindu ditugu; bestearekin, berriz, auzo lana bultzatu nahi izan dugu, helburu orokorrak ondo bete zitezen ahalegindu gara. Zentzu horretan pozik nago nire liburuak atzerrian eta izan duten sarreraz. Zenbait jendek euskaldunen berri izan du beraien bitartez. Hori, ondo pentsatuta, ez da asko, hutsaren hurrengoa da, baina holaxe joatenzaigu askotan bizitza, hutsaren hurrengoa lortu ezinean. Asteasuko gaztea Bilboko bidean jartzen da, eta behin hiritartuz gero, berriz, herrixka batera. Zeren bila orain? Hiru urte eman dizkiot neure buruari liburu berri bat idazteko. Nire liburuetatik onena izatea nahi nuke, orain arteko ahalegin guztien ondorio edo. Beste gauzen artean, horregatik nago Arabako herri ttiki batean. Estatu Batuetan izandako irakaskuntzako esperientziak jarraipena edukiko al du? Izan ditut proposamenak, baina Estatu Batuetako esperientzia bukatutzat jotzen dut. Bost hilabete egin nituen Emory ko unibertsitatean, Atlantan, eta beste lezio eder bat izan zen niretzat. Baina, Biblian irakurtzen den bezala, aldi bat dago etxetik aldegiteko, eta aldi bat itzultzeko. JOSEBA IRAZU GARMENDIA Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951) Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) BIBLIOGRAFIA Ziutateaz .1976 Etiopia. 1978 Ramuntxo Detektibea. 1980 Antonio Apreta. 1982 Camillo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena. 1982 Chuck Aranberri dentista baten etxean. 1982 Jimmy Potxolo.1984 Asto bat hipodromoan. 1984 Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian. 1984 Sugeak txoriari begiratzen dioenean. 1984 Txitoen istorioa. 1984 Bi anai. 1985 Astakiloak Arabian. 1987 Astakiloak Finisterre aldean 1987 Astakiloen izkutuko taktika. 1987 Italiako zirku batean. 1987 Kitarra baten bila gabiltza zoratzen.1987 Mikelek problema bat dauka.1987 Neska dun dun bat. Nikolasaren abenturak eta kalenturak.1987 Trasatlantiko batean.1987 Obabakoak. 1988 Antzoki iluna.1990 Behi euskaldun baten memoriak.1991 Astakiloak jo eta jo.1993 Esteban Werfel.1994 Lezio berri bat ostrakari buruz.1994 Zeruak. 1994 Xolak badu lehoien berri. 1995 Zeru horiek. 1995 Gizona bere bakardadean. 1993 Groenlandiako lekzioak. 1998 Bambulo (lehen urratsak). 1998 Copyright © Eusko Ikaskuntza