149 Zenbakia 2002-01-04 / 2002-01-11

Gaiak

Ipar-hegoko idazleen arteko harremanak

SUDUPE, Pako

Ipar hegoko idazleen arteko harremanak Ipar hegoko idazleen arteko harremanak * Pako Sudupe Ezer baino lehen esan beharra dago azterketa gutxi dagoela gai honetaz. Bi estatuen itzala luzea da. Beren mugen barruko herritarren harremanak sustatzen ahalegindu diren eta ahalegintzen diren bezala ahalegindu dira eta ahalegintzen ere dira bi estatuetako herritarren arteko mugak zailtzen, harreman soziologikoak bezala politikoak eta kulturalak ere, idazten dudan XXI. mendearen hasiera honetan, Europako batasun ekonomikoa gorabehera. Bi estatuetako klase boteredunek ezarritako zailtasunei, euskal herritarron gogo ahula edo gorabeheratsua behinik behin erantsirik konprenigarri gertatzen da azterketa gutxi egotea eta harremanak ere urriak izatea. XIX. mendearen azken laurdenetik hasita, XX. mendean Iparraldean Enbata sortu arteko harremanak izan ditut begipean. Lehenengo nabarmentzen dena euskararen erakarmen indarra da Ipar eta Hegoko idazleak batzeko, eta fede kristauarena ere bai bestearekin batean. Arestian esan dut azterketa gutxi dagoela, baina ez dirudi Iparraldean Frantziako Errepublikaren aldeko hautua egin zutenak, Elissanburu kapitaina eta, sobera gailendu zirenik bi aldeetako idazle harremanak sustatzen. Arrese Beitia eta Duvoisin Bigarren gerra karlista bururatzearekin Antoine Abbadiak, Duvoisin kapitainak eta, ikusi zuten zein egoera hitsean zeuden Hegoko haurride euskaltzaleak, eta Lore Jokoak Hegoaldera iragaitea erabaki zuten, Asociación Eúskara de Navarrako kideekin elkar harturik Juan Iturralde Suit sortzaile, eta Arturo Kanpion bultzatzaile handienetarik , eta Elizondon zituzten deitu 1879an. Gertakari honek eta ondokoek ugaritu zituzten Ipar Hegoko euskaltzaleen eta idazleen arteko harremanak Jose Manterola donostiarrak aipamen berezia merezi du: Euskal erria aldizkaria sortu zuen 1880an. Orduko euskal kultur langile guztiek hartu zuten parte bertan, hegokoak nahiz iparrekoak . Arrese Beitiak Elizondora bidali zuen: "Ama euskeriaren azken agurrak",eta lehen saria irabazteaz gain laudorio gaitzak heldu zitzaizkion orduko idazle ospe handikoengandik. Olerkia bera narraziozkoa da, eta ama euskararen azken ordu negarrezkoak kontatzen ditu, Gernikako arbolaren altzopean. Kontatzen duen istorioaren arabera, euskaldunek foruak galdu badituzte izan da, funtsean, erdalzale bihurtu direlako, eta honen ondorioz hizkuntzaz ez ezik arimaz ere erdaldun bilakatu direlako, eta hortik etorri da gainbehera eta hondamendi guztia. Zer izan da lehenago erdal erasoa eta ondoren euskaldunen amore ematea ala euskaldunak eurak izan dira erasoari aurreratu eta erdalzaletzen joan direnak, eta horren ondorioz etorri da erasoa? Arrese Beitiaren arabera euskaldunak berak aurreratu dira. J.M. Torrealdairen liburu beltza irakurrita, alderantziz. Hegoaldean ez ezik Iparraldean sortu zuen lilura eta goresmena izugarriak izan ziren. Arrese Beitiak bere garaiko Hegoaldeko euskaltzale gailenekin izan zuen harremana eta, halaber, Iparraldekoekin, eta gutun ugari Duvoisin kapitain euskal langile handiarekin trukatu zituen . Aipatzen ari garen olerkiaz, bere biziko goresmenak egin zizkion ainhoarrak. Honen eta Antoine Abbadiaren iritziz, Lore Jokoetan ordurainoko 25 urteetan inoiz onduriko olerkirik onena zen. Duvoisinek, Bonaparte printzearen euskal laguntzaile bipilenak, erdaldunengandik aldentzeko eta Espainiako euskaldun guztiak euskaran eta fedean bermaturik batzeko galdetzen zion: Bayonatik Parisera eta Parisetik mundu guzira joko du zure eresia bihozgoragarriak, orotan jakin dadien Eskalduna oraino bizi dela Eskalherrietan. Batasun oso bat egin bedi Eskaldun guzien artean. Erdalduna bego Erdaldun; bainan guk behar ditugu bihotz bat eta arima bat; hori egitera, foruak ere izanen zituztela eta Europan aurki izatekoak ziren aldaketa handiek Bismarck aipatzen zuen , egitura politiko anitz aldaraziko zituztela, eta Jainko errukitsuak ez zuela bazter utziko Euskal Herria bezalako herri leiala. Arrese Beitiaren kantua negartia zen; ez zuen Kanpionekhura iruzkintzen ari zioen bezala, matxinadara deitzen, bidegabeki armen bitartez egindako foru ezeztatzearen aurka; hala ere, Hego Euskal Herria setio egoeran zelako Elizondoko Lore Jokoen antolatzaileak ez ziren ausartu Arreseri saria ematera; berriz idatziko dut: ez ziren ausartu olerkiari saria jendaurrean ematera, eta ezta, jakina, olerki saritua argitaratzera ere. Ezkutuan jakinarazi zioten Arreseri epaia Duvoisin eta Antoine Abbadiak, eta Baionan argitara zen lehenbizi euskaraz eta frantsesez. Aitzol euskal kultur eragile handiak ez zuen ahaztua otxandiarra 1936ko gerra hasi zenean. Hala idatzi zuen: "Si Euzkadi en vez de tener un poeta jeremíaco y llorón, hubiese tenido un poeta que hubiese enardecido a las masas para que fuesen a la lucha armada en defensa de sus derechos, hoy Euzkadi no se vería en esta encrucijada: si ir con el Gobierno legítimo o apoyar a los insurrectos" . Arrese Beitiak isurarazitako malkoen ondotik proiektu praktikoagoak sortzen hasten dira: kulturalak batetik, Ipar Hegoko euskaltzaleak era batera edo bestera elkartuko dituztenak, eta azkenean, sortu eta desegin ibili ondotik, Eskualzaleen Biltzarra eta Euskal Esnaleaz gain, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorrera ekarriko dituztenak; eta bestetik, ezin ahaztu Elizondoko Lore Jokoetarik laster ezagutu zuela aberria Sabino Aranak (1882), eta 1894an sortu zuela organizazio politiko berria. Zenbateraino eragin ote zioten Arrese Beitiaren olerkiek? Diotenez, aberria galzorian sumatzeak sorrarazi zion sorterri mina eta sentimendu horrek eraginda ekin oinarri politikoak ezartzeari, aberria desager ez zedin. Sabino Aranak berak, eta berak fundatu alderdiko kideek zerikusi handia izango dute gorago aipatu kultur erakundeetan. Azkue eta Broussain 1897an Donibane Lohizunen ospatu ziren Lore Jokoetan egin zuten elkarren ezagutza R.M. Azkuek eta P. Broussainek, hain zuzen urte hartan bertan hila zen Antoine Abbadia jaien sortzailearen omenez antolaturikoetan. Hurrenez hurren 33 eta 38urte zituzten elkar ezagutzean, eta ordurako biak ala biak maitemindurik euskararen aldera. Azkue apaizaren handitasuna, bere lan eskergek erakusten dute ongien. Handienak soilik aipatzearren: Diccionario Vasco Español Francés, Morfología Vasca, Euskalerriaren Yakintza, eta Cancionero popular vasco.Idazle bezala maila apalagoan geratu da. Eta goian aipatu erakundeak bultzatzen hartu zuen lana ere askoz apalagoa izan zen, Euskaltzaindia abiatu arte. Hartu zituen lan eskergek arduraldi ia osoa eskatzen zioten, eta Broussaini egiten dizkion gutunak irakurrita, garbi ikusten da askoz garrantzi gehiago ematen ziola hiztegia prestatzeko lanari Hendaiako eta Hondarribiako biltzarrak prestatzeari baino. Azken hauetan Broussainek rol askoz garrantzitsuagoa jokatu zuen: momentu batean, 1901eko azaroan, Sabino Arana bere lehendakariordetza hazpandarraren eskuetan uztekotan egon zen. Broussainek Azkueri egiten dion lehen gutunean (1897 8 30) jadanik aipatzen dio berek ez zutela ikusiko baina ondorengoek egin ahalko zutela literatur euskalkien batasuna. Bigarren gutunean (1897 9 27) berriz, Akademiaren gaia aipatzen zion: euskaltzale guztiak batzeko erakunde horrek ez zuela politikaz, filosofiaz edo erlijioaz arduratu behar baizik eta soil soilik euskara garbitu, aberastu eta kontserbatzeaz. Jadanik 1900eko urtean, oso argi zuen hazpandarrak euskara batuaren premia: Je ne sais pas si vous êtes de mon avis, mais quant à moi, je suis un partisan énergique de l´unfication de notre belle langue. Il est absurde qu´un petit peuple de 600.000 âmes continue à s´exprimer en huit dialectes, sans compter les sous dialectes et les variétés. Il est impossible que dans ces conditions, une littérature vivace et florissante se forme, condition indispensable pour lutter contre nos langues ennemies: l´espagnol et le français. Si nous voulons que la langue basque et la nation basque continuent à vivre, il faut absolument que tous les Euskariens parlent le même idiome. Horretarako, bi bide ikustenzituen: bata, euskalki bat aukeratzearena, eta bestea uztarketarena, euskalki bakoitzetik onenak hartuz egindako euskara batua sortzea. Handik hogei bat urtera, hil aurreko urtean (1919), jadanik Oñatin Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia sortzeko estatutuak onartuak zituela, baina artean lehen bilkura egin gabea zela, eta sustatzaileen artean desadostasunak eta tirabirak zeudelarik, bere ustez axiomak zirenak zerrendatzen dizkio Azkueri gutunez: 1) L´euskara ne peut survivre que si de l´état de patois dans lequel il végète actuellment, il devient une langue de civilisation, une langue cultivée, une langue appuyée sur une littérature. 2) L´euskara ne peut devenir une langue civilisatrice , à l´usage de tous les Basques depuis Bilbao jusqu´à Mauleón, que s´il est unifié. 3) Cet euskara unifié ne peut être constitué que par un groupe de Basques connaissant bien leur langue, et dans lequel entreraient les représentants des principaux dialectes... 4) Cet euskara unifié et enrichi, ne pourra devenir, avec le temps la langue nationale, la langue usuelle de tous les Basques que si elle est enseignée dans les écoles et principalement dans les établissements secondaires, afin de devenir, au bout d´une ou deux générations, l´idiome unique de la bourgeoisie et du clergé, les classes laborieusses adoptant tôt ou tard la langue des classes dirigeantes. Goikoak ez betetzera desagertu egingo zela euskara 100, 150, 200 urteren buruan Baxenabarreko herrixkaren batean. Zailago zeritzon ez zen ergela euskal burgesiak euskara bere hizkuntzatzat hartzeari, euskarak behar zuen aberaste lantegiari baino. Broussainen handitasuna hementxe ikusten dut nik: bera burgesa zen, euskal burgesa, eta oso garbi zeukan hizkuntza nazionala zein zuen, eta zer komeni zitzaion honi biziberritzeko eta benetan euskaldunen hizkuntza nazional bihurtzeko, eta horren alde egin zuen lan: Hendaia eta Hondarribiako biltzarretan; Eskualzaleen Biltzarrean, Cercle d´Etudes Euskariennes en eta Euskaltzaindian. Lafitteeta Aitzol XX. mende hasieran ezinezkoa izan bazen, bi hamarraldiren buruan eratu zen Euskaltzaindia. Azkuek 1928an euskaltzain urgazle izendatu zuen Lafitte. Berori dago esaten ordurako hasia zela euskalgintzan, eta handik harat 30, 40 eta 50eko hamarkadetan idazle, kazetari nagusietakoa izanen da ipar hegoko idazleen harremanen ikuspegitik. Aitzolen garrantzia berriz ez dago aipatu beharrik, nahiz erail zutelako eta frankismoa nagusitu zelako sei bat urtera mugatu zen bere lana. Haatik, utzi duen itzala iraunkorragoa izan da. Azkueren eta Broussainen arteko harremanak kulturara mugatu ziren; Lafitte eta Aitzolen artekoak ez, konnotazio politiko nabarmena ere izan zuten. Hala zioen Aitzolek Donostiako El Día astekarian : En verdad es cosa bien chocante que nuestros hermanos de las regiones de Laburdi, Benabarra y Zuberoa no se hayan adherido aún ni siquiera a la Federación regionalista. No es nuestro propósito estudiar las causas de esta postración política. Solamente nos contentamos con poner de relieve unos síntomas significativos que nos anuncian que, aunque lentamente, empieza a despertar la conciencia racial de nuestros hermanos de las regiones norteñas de Euskalerria (1932 1 3). Hil berean idatzitako artikuluan oso ongi adierazten du Ipar eta Hegoko euskaltzaleek elkarrengana biltzean sumatutako zirrara bitxia, gogoeta gazi gozoak, samin eta pozezkoak: Hénos en Ustaritz. Apenas hemos invertido hora y media en el recorrido, desde nuestra salida de Donostia. Nos aguardan a los euskaltzales gipuzkoanos los euskaltzales laburtinos.Blazzy, Oxobi, Dassance, etcétera, los depositarios del espíritu renacentista de los vascos norteños, nos reciben con el más legítimo cariño de hermanos. Siempre que en Laburdi, Suberoa o Benabarra estrechamos la mano de este denodado grupo de patriotas, sentimos una emoción extraña. Una lacerante impresión que despierta en nosotros un torrente de reflexiones. Reflexiones de dolor y de alegría que, generalmente acaban por sobrecogernosdándonos aire de encogimiento y timidez. (1932 1 20). Urte hartan bertan sortu zuen Lafittek "Euskalherrizaleak" elkartea, eta hamabost puntuko manifestua argitara eman . Manifestuaren buruan honako aldarrikapena egiten zuen: "Jainkoa eta Lege zaharra!" Hitz hoitan bildurik daude Eskualerrizaleen chedeak. Euskararen ofizialtasuna galdetzen zuen: Eskuara frantsesa bezain ederra zaiku eta onhartarazi nahi ginuke bai eskoletan bai auzitegietan. Halaber, zentralismoa zuen gaitzesten, eta erregionalismoa, departamendu artifizialen aurka eskualde naturalen aldeko mezua hedatzen zuen: Eskualdunek ez dute onesten ahal Frantziako eskualdeen artean koropilatu duten lokharri hertsi eta galgarria; herri aldeak berechago utziz elgarretarik, on gehiago dukete denek. Ildo berean, Frantziako beste herrizaleekin batean aritzeko nahia agertzen zuten: Eskualerrizaleak ez dira bakharrik lotuko beren lanari. Flandre, Bretania, Auvergne, Provence eta Alsaziako herrizale lagun batzuekin batean ariko dira eskuz esku. Aitzolen iritzia Eskualerrizaleen manifestuaz: El partido que pretenden organizar no es regionalista, aunque en su base 13 declaran que guardarán estrecha relación con las Asociaciones federativas de Flandes, Alsacia, Bretaña, Aubernia y Provenza. Ni, por lo visto, nuestros buenos amigos han creído conveniente como táctica inicial hacer una declaración franca de nacionalismo, aunque en todo el escrito reluce el sentimiento puro y exclusivo del patriotismo vasco. Nosotros, que los conocemos a fondo, respetamos su iniciación táctica, convencidos de que ella será, por el momento, la más beneficiosa para Euskadi continental (1933 1 13). Ez dugu luzazkiago aritzeko tarterik. Lafitteren eta Aitzolen arteko gorabehera zalantzazko horiexekin trenkatuko dugu artikulua. Lafittek Euskalherrizaleen programa atera baino lehen Pariseko Institutu Katolikoko irakasleen oniritzia jaso zuen, batez ere Yves de la Briére rena. Ez Aitzolena. Aitzolek, Lafittek erakutsi zuen jarrera politikoa onartuzbezala nazionalismo garbiagora bultzatu nahi zuela dirudi. Ibarnegarai eskuindar famatuaren aldeko botoa galdetuko zuen Lafittek 1936ko bozetan. Espainiako gerra zibilean jarrera neutrala hartu zuen. Politikak baldintzaturiko kultur harremanak Ipar eta Hegoaren artean. Harreman politikoen ezina. Hementxe eteten dugu. (1) Ikus: RIEV, XIX (58or., 280 or., 425 or., 449 or.); RIEV, XX (152 or.), RIEV, XXI (70 or, 334 or.); RIEV, XXII (44 or., 310 or.). (2) Prest.: Zubiri, Sabin: Felipe Arrese ta Beitia, Bilbo. 1999. (3) Ikus: Aitzol. Idazlan guztiak, 5. eta 6. liburukiak. Erein. Donostia. 1987. (4) Eskual herriaren alde, La Presse, Baiona, 1933. Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia eta Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak Bildumatik Euskonews & Media 149.zbk (2002 / 1 / 4 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria