Hondarribiako setioari buruzko errelazioak (1638 1639): gertakizun baten eraikuntza Austriarren Espainian Hondarribiako setioari buruzko errelazioak (1638 1639): gertakizun baten eraikuntza Austriarren Espainian * Javier Díaz Noci 1638ko irailaren 7an, eten gabe bi hilabetetan Richelieu kardenal frantziarraren armadaren erasoak pairatu ondoren, lurrez eta itsasoz, Espainiako erregea zen Felipe IV.aren tropek Hondarribia askatu zuten. Denbora hartan, gero eta gutxiago ziren gipuzkoar gizon, emakume eta mutikoek aurre egin zieten 18.000 bat frantsesi. Gertakizunari, 30 Urteko Gerrako bat (1618 1648), espainiar monarkiak publizitate itzela eman zion. 1638. 1639. urte bitartean hainbat albiste errelazio argitaratu ziren, zehatz mehatz Hondarribian gertatutakoa adierazten zutenak, eta urte haietako eta ondorengo liburu batzuen oinarri eta iturburu izan zirenak. Hondarribiak (orduan Fuenterrabía) denetariko faboreak jaso zituen Espainiako koroaren eskutik, besteak beste gaur egun ere urguiluz "hiri" titulua erakusten duena. 1639ko abuztuan jai edo festa bat sortu zuten hiriaren setioa eta askapena ospatzeko, bai Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko ospakizun erlijiosoak hondarribitarrek leialtasuna zin egin omen ziotelako , bai alarde militar bat, formako aldaera batzuekin baina funtsean berdin berdin gaur ere ospatzen dena. Ez eztabaidarik gabe: duela urte batzuez geroztik gaurko komunikabideek txit famatu egin dute emakume talde batek alarde horretan 1639. urteaz geroz gizonek baino osatzen ez duten alarde hartan parte hartzeko ahaleginak egiten dituzte. Ez da gure asmoa, zer esanik ez, eztabaida horretan esku hartzea. Gure xedea askoz xumeagoa da: aztertzea nola eratu zen gertakizun bat, zeinaren eragina eta interpretazioa gure egunetara arte ailegatzen den. Hondarribiaren askapenaren berria egun bakan batzuetan iritsi zen Madrilera. 1638ko irailaren 10ean, ostirala. Bernardino de Ayalak, Villalbako kondearen semeak, eraman zuen. Garai hartako errelazioek diotenez,herria besterik gabe kalera joan zen zaldunari oles egitera eta berarekin batera erregearengana joatera. Erregek halaxe jaso omen zuen albistea, herriarekin batera. Madrilek festa batzuk antolatuz geroxeago probintzietako beste hiri batzuek, Bartzelonak eta Sevillak adibidez, berdin egin zuten ospatu zuen berri ona. Festa horiei buruz (gertakizunaz baino lehenago) informatzen zuten lehenengo inprimakiek, eta haiexek izan ziren, hain zuzen ere, gertakizunari denbora oso luzean gure egunetara arte balore sinboliko zehatz bat eman ziotenak. Frantsesen gaineko Gipuzkoako garaipena eta Espainiako koroak eman zion balorea aipatzen zuten lehenengo kontakizun formalak ahozkoak izan ziren. Zehazki, 1638ko irailaren 11ko festetan (larunbata zen) dohaineko komedia batzuk eskaini zituen Luis López zen konpainiak, eta, ohikoa zenez, haien aurrean "loa" bat bota zen. Loa hark Hondarribiako garaipena zuen ardatz. Handik gutxira loa hori lau orrialde xumetan inprimatu zen. Laster beste horrelako konposizio herrikoi batzuk osatu ziren. 1638an bertan lau orrialdeko erromantze bat argitaratu zuen, Aquí se contienen dos famosas jácaras, y un romance muy gracioso, de lo que ha sucedido en el sitio de Fuente Rabia. Jakara eta erromantze horiek antzokian ere eskaini ziren lehenago. Beraietan vizcaynas deitzen zirenen balentriak ere kontatzen ziren. Hondarribitarren balorea laster ospetsu egin zen Espainia osoan. 1638koa dugu Madrileko errelazio hau, non "bizkaitar" emakumeentzako erromantze hau irakur zitekeen. Bertsotan egindako errelazio hauek modu "serioago" batez gertakizunaren berri eman zuten beste askoren aurrekinak izan ziren. Behin jaiaren dimentsioa mugatuta, eta herriaren bat batekotasuna propaganda ofizialaren menpe jarrita, zeregin zailago bat falta zen: behin betiko bertsio ofiziala ezartzea. Lehenengo informazio iturriak, garai hartan ohikoa zenez, eskuizkribuak ziren. Bertan ustezko lekukoek kontatzen zuten nola Hondarribiako biztanleek heroi moduan portatu ziren eta nolaVélez en markesaren armada espainolak hiria askatu zuen. Inolaz ere, iturri haiek ezin ziren izan bertsio ofiziala ezartzeko nagusiak. Hala ere, nahiz eta koroarentzat baimen edo kontrolik gabeko eskuizkribuak aske ibiltzea arriskutsua izan, iritzi publikoarenganako eragin benetakoa zeukan informazio bakarra inprimatutakoa zen. Horregatik, argitara eman ziren lehen kontakizunak lehen eskuz idatziak zebiltzanak ditugu. Sevillan, Ezijan eta Granadan, adibidez, agertu ziren errelazio batzuk; baita Burgos en eta Logroñon ere. Guztien gainetik, nabarmendu behar dugu Relación y socorro de Fuenterrabía, y sucessos del año 1638, escritos de orden y en virtud de decreto puesto todo de la Real mano del Sr. D. Felipe IV, Madrileko Catalina del Barrioren inprentan egina. Bertan suposatzen dugu bertsio ofizialena kontatzen dela, koroak behin betikotzat har zezakeena. Hala ere, esanguratsua da nola koroak ez zuen zuzenean argitara eman monarkiak bazuen inprenta ofizial bat bere konfiantzako argitaratzaile baten eskuetatik baino. Argitaratu ziren hitz lauzko errelazio gehienek lehen eskuko informazioa aise izan zuten. Errelazio batzuek gutun ofizial dozena bat ere hitzez hitz aldatu zituzten. Beren ekimenez edo enkarguz gertakizunaren berri eman zutenak informazio iturri pribilegiatuez baliatu zirela frogatuta gelditzen da. Erregek eta bere "valido" zen Olivares eko konde dukeek ederki zekiten, César Aguilerak dioenez, "iturriek gobernatzen dituztela lan mota hauek". Argitaratzaileek ez zuten errelazio motarik alde batera utzi: inprimatu zituzten bertsokoak, alderdi miresgarriak jasotzen zituztenak, informaziokoak, edo ordura arte 3º Urteko Gerran gertatutako guztiaren laburpenak Hondarribiako setioa eta askapena barne. Euskarazko errelazio bat ere, bertsotan, ezagutzen dugu, gaztelaniazko pare bat sonetorekin batera argitaratua: Canción vizcayna en metro y hecha en alabanza de los hechos heroicos de D. Domingo de Heguia, euskal adituetan Egiaren kantatzat ezagutzen dena. Domingode Eguía kapitainaren panegiriko bat da, hasiera batean tropa gipuzkoarraren buruzagi. Egilea Deustuako apaiza zen Juan Bautista Alzola Muncharaz delako bat izan zen. Hala ere, nahiz eta errelazio andana bat agertu, eta iritzi publikoan zeukaten eragina ziurtatuta bazegoen ere, kontakizunaren hierarkian zaharragoa eta dekadente samarra zen kronika historikoa nahiago zen. Haren ekoizpena mantsoagoa zen, irakurketa zailagoa eta erosketa askoz garestiagoa, baina gertakizunak instituzionalizatzeko modu onena zen, historia ofizialean behin betiko sar zitezen. Historia ofizial hori, zer esanik ez, egia bakarrek, kritikaezinek, atzera ezineko patuek, eta Europako koroekin loturiko mugarriek osatutako kontaera bat zen. Errelazioak, orduan, behin behineko baliabide bat baino ez ziren, kronika historikoaren itsaso handira zihoazen ibai txikiak. Kronikak, errelazioak ez bezala lau edo zortzi orrialde txikiko koadernotxo taxuera zuten liburu moduan eskaintzen ziren. Setioaren hurrengo urtean, 1639an alegia, erret baimenarekin Catalina del Barrioren etxean argitaratu zen Sitio y socoro sic de Fuenterabia sic y sucesos del año de mil y seiscientos y treinta y ocho. Escritos de orden de su Magestad, Juan de Palafox y Mendoza egilea zela. Ofiziala ez bada ofiziosoa behintzat bai bazen 1639an ere argitaratu zen beste liburu bat, Iruñan, baimenarekin ere, agerturiko La libra de Grivilio Vezzalmi traducida de italiano en lengua castellana. Pesanse las ganancias y las perdidas de la Monarquia de España en el felicissimo reynado de Filipe IV el Grande. Lehenago italieraz agertu zen, eta bere autorea "Grivilio Vezzalmi" (izan ere, Virgilio Malvezziren akronimoa) zen. Erabat propagandistikoa zen lan bat dugu, Espainiako erregearen loriaz egindakoa. Beranduxeago agertu zen gaur egun ere hainbat historialarik Hondarribian gertatutakoaren iturri nagusitzat duten liburu bat, Maltako Juan Donearen ordenuko maestre nagusia zen Martín de Redín y Cruzat en aginduz José Moret jesuita iruñarrakidatzitako De Obsidione Fontirabiae libri tres izenekoa (1654), gero gaztelaniaz itzuli zena. Dudarik gabe, lan honen hainbat informazioren jatorria lehen aipaturiko errelazioak ditugu. Ez zen nahikoa hondarribitarrek gertatutakoa ezagutu eta sufritu izana. Beraiek ere gertakizunen bertsio ofiziala ontzat eman behar zuten eta gertakizunaren idealizazio sinbolikoaren inguruko sentimendu komunaren parte eta abangoardia izan behar zuten. Beraiek inork baino gehiago, egia esan. Horretarako behar beharrezkoa zen Felipe IV.aren gainontzeko menpekoek zuten informazio berdina edukitzea. Horrek adierazten du zergatik argitaratu ziren hainbat errelazio ez Gipuzkoan 1672. urtera arte inprenta iraunkorrik ez baitzuen izan , inguruko lurraldetan baizik. 1638an Martín de Aspilquetako Bilbon inprimatu zuen Relación de todo los sucedido en Fuenterrabia, desde que el príncipe de Condè la puso cerco, hasta que se retiró con afrentosa huida. Urte hartan bertan Matías Marés, Logroñon, argitara eman zuen beste errelazio bat: Relación verdadera del socorro que a Fuenterrabía dieron los Excelentissimos Almirantes de Castilla, y el Marques de los Velez Virrey de Navarra, Generales de ambas coronas en esta faccion, vispera de Nuestra Señora de Setiembre, Madrileko errelazioen arrakasta aprobetxatu zuena eta "probintzietan" hainbat datu eta pasarte errepikatu zuena. Hondarribiako subditoen leialtasuna saritzeko beste modu bat erregeren eskuzabaltasuna zen. Felipe IV.ak gudariei setioan sufritutako egun bakoitzeko launa erreal eman zien, emakumeei hiruna erreal, eta mutikoei erreal eta erdi egun bakoitzeko. Herri (villa) zena hiri egin zuen erregek. Propaganda prozesu honen azken katenbegia falta zen memoria kolektiboan ederki eta betiko gordeta gelditu zedin gertakizuna, gizarte kodean errepresentazio zikliko bihur zedin: festa. Horrela pentsamolde politikoa ez ezik, kulturaren transmisioa ere ziurtatzen zen. Hondarribian jaia antolatu zen 1639. urteaz gero, hiriko kabildoak urte hartako abuztuaren15ean bildu ondoren. Hasieratik bi alderdi hartu ziren kontuan: militarra (laikoa), alardea hain zuzen ere, eta erlijiosoa (dibinitatea ere errege eta bere subdito katolikoen alde baitzegoen), prozesioa alegia. Horrela ezarri zen Hondarribiako setioaren eta askapenaren informazio mapa, gertatu eta lau mendeetara, eta orduantxe eman zitzaion esanahiarekin gainera, irailaren 7an, urtero borondatez gogoratzen dena. Javier Díaz Noci, Eusko Ikaskuntzaren Komunikabideak Saileko partaide eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea noci Euskonews & Media 149.zbk (2002 / 1 / 4 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.