141 Zenbakia 2001-10-26 / 2001-11-02

Gaiak

Manuel Irujo eta Nafar arazoa

CHUECA INTXUSTA, Josu

Manuel Irujo eta Nafar arazoa Manuel Irujo eta Nafar arazoa * Josu Chueca Intxusta Baten bat Manuel Irujok idatziriko lanetara hurbiltzen bada, sarritan, Nafarroaren eta gainontzeko euskal lurraldeen arteko loturaren arazoarekin topo egiten du. Oso gogokoa zuen on Manuelek "Vasconiatik Naparrura, Naparrutik Euzkadira" hitz jokuaren bitartez, ikuspegi historiko batetik, auzi horri heltzea. Kontzeptu horiek isladatzen duten haria dela medio, Euskal Herriaren bilakaera historikoa, bere lurraldetakoa eta, azken batean, euskal nazionalismoak aldarrikatzen zuen eta duen helburu politikoa, euskal guztion batasunarena, alegia, azaltzen zuen politikari lizarratarrak. Manuel de Irujo. "Manuel de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25 Iruñea/Pamplona 1981/1/1 Erakusketan egindako argazkia Berak, eztabaida horretan, ez zuen inongo zalantzaren izpirik. Bere idazlanetan, nonahi aurkitzen ditugu honako adierazpen hauek edo antzekoak: "Nafar peto petoa naizelako euskal nazionalista naiz. Eta, bide batez, abertzalea naizelako, Euskadiko ezinbesteko osagaitzat jotzen dut Nafarroa". Dena den, gaur egun arte, eman den bilakaera politikoak ez du bat egin Irujok eta bere alderdikideek, alde horretatik, aldarrikatzen zuten politikarekin. Izan ere amaitu berria dugun XX. Gizaldian Hego Euskal Herriko lurraldeek, beraien arteko egituratze politiko amankomuna gauzatzeko aukera izan dutenean Nafarroa esparru horretatik kanpo gelditu da. Jakina denez, II. Errepublikan eta Francoren ondorengo trantsizioko garaietan, Autonomi Estatutuen eztabaida kaleratu zenean, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat egin zuten dute proiektu horren gerizpean, Nafar arazoa azaleraziz. Aipaturiko abagunetan, Manuel Irujo, buru belarri aritu zen nafarrek bat egin zezaten beste lurralde euskaldunekin. Errepublikako urteetan, 1931 1932 biurtekoan, bereziki, Lizarratik, bere anaiekin batera, deialdiak, aldarrikapenak, propaganda eta ekimenak aurrera eraman zituen Euskal Autonomi proiektua Nafarroan ere errotu zedin.Nafarroak 1932ko ekainaz geroztik lehia horretatik at gelditu zelarik, politikari nafarrak bere arrenkura azaldu zien alderdikide askori, nahiz eta hurrengo urtetan ohikoa zuen leialtasunez, EAJren ekimen politikoetan, su eta gar aritu. Konpromezu politiko hau, 1936ko altxamendu faxista eta ondorengo gerra bezalako egoera latzenetan ere, sakondu zuen Manuel Irujok. Bere erbestaldi luzean beti oso gertu izan zituen bere sorlekua eta honen inguruko arazoak. Lehen urteotan, Frankismoa garaitzeko, itxaropenek iraun zuten bitartean, estrategia eta programa politiko eta erakundetze mailako bitartekoak martxan jartzeko. 1950az geroztik, propaganda mailan, soil soilik bazen ere, bultzatzaile zein idazle emankorra eta nekegabea izan zen, mundu osoan zehar, kaleratzen ziren aldizkari abertzale gehienetan parte hartuz. Diktadura frankista luzea amaitu zelarik, Irujok ordurako zuen adinari bizkarra emanez, Iruñeratu zen abiatzen ari zen Trantsizioak eskeintzen zituen baliabidetaz borrokatzeko. Nafarroatik senatore hautatua izan zelako jardun zuen Konstituzioaren eztabaidetan, baita euskal parlamentarien asanbladan ere. Nafarroan, zegoen indar erlazioa, UCDren aldekoa, alegia, eta sozialistek, auzi horretan, eman zuten aldaketa politikoa zirela medio, Nafarroa, bigarren aldiz, gelditu zen bide bazterrean, Euskal Estatutu amankomuna gauzatzeko tenorean. Eusko Alderdi Jeltzaleak, esparru abertzalean, II Errepublikan izan zuen nagusigoa galdurik zuen arren Manuel Irujo, ia ia bere azken arnasa eman arte, lehiatu zen, sarreran aipatu dugun leloa "Nafarroatik Euskadira" hitzekin bere ideal politikoa laburbiltzen zuena, erdiesteko asmoz. Bistan dago, Nafar arazoa sentitzen duen orok Manuel Irujorengan ezinbesteko erreferentzia duela. Josu Chueca Intxusta, UPV EHU Euskonews & Media 141.zbk (2001/10 26/11 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria