138 Zenbakia 2001-10-05 / 2001-10-11

Gaiak

Lehenengo erremonte txapelketa

LEGORBURU, Mikel

Lehenengo erremonte txapelketa Lehenengo erremonte txapelketa * Mikel Legorburu Datorren 2004 urtean euskal pilota kirol jokoaren erremonte erak mendeurrena beteko du. Moyak ahalbideratu zuen zumezko guante honi berehala heldu zioten larruzkoaz zein esku huska aritzen ziren zenbait pilotarik. Juan Moya pelotariak (eskubian) bere asmakizuna erakusten dio Jesus Abregori (ezkerrean), erremonte pelotari nafarra. Erdian "El País Deportivo"ko kolaboratzaile bat. Kutsu liberal nahiz aristokrata garbiak zituen Donostia moderno eta turistikoak beregan hartu zuen joko tradizionala eta molde berriak uztartzen zituen erremonte era berri hura, eta kantxetan nabarmentzen ziren gazte onenak bildu zituen Modernoko Pilotalekuaren Enpresak. Urtetik urtera zaletasun handiagoa sortzen ari zen. Egunero irakur zitezkeen erremonte partiden kronika zehatzak. Hasierako urte haietan futbola bera baino gehiago zen. Partidak bi bitara izaten ziren, inoiz banakakoak, edo bakarra bikotearen aurka nahiz bikotea hirukotearekin lehian. Jokalarien kirol mailaren arabera orekatzen saiatzen zen enpresa bikoteak ezartzerakoan, bai eta sakea nondik egin erabakitzerakoan. Eta hala noizbait txapelketa antolatzera iritsi ziren. Egunkari zaharretan miatuz, 1915. urteraino jo beharko dugu lehenengo txapelketa aurkitzeko. Donostian izan zen. Uda hartan jokatu baitzen uneko lau pilotari handienen arteko banan banako erronka ikusgarria. Iruñean jokatzen zuen Pequeño de Elgoibar eta Donostian aritzen ziren Arzamendi, Berolegi eta Irigoien izendatu zituzten. Bi kanporaketa jokatuko ziren: Pegueño de Elgoibar Arzamendiren aurka Santiago egunean, eta Berolegi Irigoienekin hurrengo larunbatean. Irabazleen arteko final handia abuztuaren 8an erabakiko zen. Sake guztiak 9. koadrotik egingo zituzten. Titulo preziatuaz gain, txapeldunak domina eta 500 pezetako saria eskuratuko zituen. Partidak Ategorrietako Jai Alai pilotaleku irekian jokatuko ziren, arratsaldeko lau t´erditan hasita. Eguraldi txarra izanez gero AtotxakoModerno pilotaleku estaliak hartuko zituen. Sarrera txartelak Zumardiko plazako 1eko Automobilen Zentralean (Bulebarreko Hotel Central) erosi beharko ziren. Aulki, palko eta galeriak gainezka izan ziren hiru partidatan. Armailak bikoiztu balira ez litzateke nahikoa leku zaletu guztientzat, hala eta guztiz ere teilatutan ere bazen ikuslerik. Hona hemen, adibide gisa, kanporaketen sarrera prezioak: zortziko palkoak 22 pezeta balio zituen, kantxako aulki zenbakituak 3, kantxako jarlekuak 2 pezeta. Galeriako aurrealdean ikusteko 1,25 eta galeriako gainontzekoek 0,75na pezeta ordaindu behar zen. Goazen, bada, partidatara. Lehen kanporaketan katedra Pequeño de Elgoibarren alde 20 15eko desproportzioan agertu arren, erraz gailendu zitzaion Julian Arzamendi, 50era iristerakoan Pequeñok 33 besterik ez baitzituen bildu. Oso zaila izan zitzaien giro izugarriaren eragina gainditzea, eta hasieran joko handirik erakutsi ez bazuten ere, Julianek erabat menderatu zuen elgoibartarra. Finalerako bigarren txartela San Inazio egunean jokatu zen, Berolegik lortu zuen Irigoien gaztea menderatuz. La Voz de Guipúzcoa egunkari errepublikarreko kazetariak argi zioen zuela hogeitamar urteko pilotaren urrezko garaikoa baino giro hobea izan zela Ategorrietan. Berolegi zen katedraren begiko, eta ez zuen huts egin, nahiz 27 eta 18 atzetik ibili, erorikoa izan eta buruan min hartu. Enfermerira abiatzerakoan zaletuek disgustu handia hartu zuten, baina itzuliko zela adierazi ondoren jendetza lasaitu zen. Berriz kantxan, gogor ekinez bitan berdintzea lortu zuen, 28na eta 32na. Handik aurrera nabarmen nagusitu zen, 50 eta 42ko emaitzarekin finalerako aukera erabakiz. Aipatzekoa da finaleko jardunaldiaren aurretik enpresak lau izarrak kantxaratu zituela, bitan, galtzaileak irabazleen aurka bi bitara. Abuztuaren lehenengoan, Irigoien eta Pequeño de Elgoibar 4 eta 2 irabazten ari zirela euria hasi eta partida bertan behera utzi zuten. % 4ko hainbanaketa ordaindu zen. Partida hilaren 5erako atzeratu zen.Pilotarietako hiru, Vegarekin batera, Modernora abiatu ziren. Jendetza tranbia, kotxe eta automobiletan joan zen. Ezin denak sartu! Irigoien eta Vegak 50 eta 39 gainditu zituzten Arzamendi eta Pequeño de Elgoibar. Bigarrena hilaren bostean jokatu zen, atzeratutakoa: Berolegik eta Arzamendik mendean hartu zituzten Irigoien eta Pequeño de Elgoibar, izugarrizko paliza emanez: 50 eta 26. Gorriak ez ziren tanto bakar batean ere nagusitu. Eta hala, finaleko egun handia iritsi zen. Arratsaldeko lau t´erditarako Jai Alai pilotalekuak itxura ezin hobea zuen. Ikusmina izugarria zen. Finala bera izateko zen jardunaldiko lehenengo partida. Julián Arzamendi Larrea, Roberto Bustingorri "Vega", José Irigoyen Igoa eta Félix Berolegui Orbegozo. Jokalariek txalo zaparrada itzela jaso zuten kantxaratzerakoan. Katedrak 20 eta 12ko aldearekin jokatzen zuen Arzamendiren alde. Sakea Berolegiri egokitu zitzaion, eta lau tanto egin zituen erreskadan. Hala ere, diruak Arzamendiren alde jarraitzen zuen. Berehala berdindu zuen honek, bosna, eta baita aurrera segi ere. Jakintsuek tokea deitzen zioten hartan Julianek maisutasuna agertzen zuen. Berolegik, alta, ohiko abileziaz Lehoiarekin lehia zezakeela erakutsi nahi zuen. Oso tanto gogorrak eta joko bikaina azaldu zuten, etengabeko txalo artean 19na berdindu zuten arte. Berolegi aurretik jarri zen, eta dirua behetik jokatu zutenak alai ikus zitezkeen, irabazi erraza somatzen baitzuten. Honen proportzioa parekatu zen, momioa gutxi aldatuz, gora nahiz behera, hurrengo tantoetan, berdinketa asko eman zirenez: 23na, 25na, 26na, 28na, 30na eta 37na. Azken hau piloteatuenetakoa izan zen. Berolegik irabazi zuen, aurreko koadrotan oso pilota zaila jaso eta arerio indartsua errendiaraziz. Ikusleak zutitu egin ziren aurrelari ospetsua txalotzeko. 38nako berdinketa ere eman zen, eta berriz ere, azkena, 43na. Handik aurrera, Arzamendi nagusitu zen erabat, txapeldun honekin gehienetan gertatzen den bezala, indar miresgarrizko jokoa garatuz. Julian azken txartelerairitsi zen, Berolegik bi gehiago besterik lortu gabe. Berolegik ez zuen azken hamarrekoan partidan zehar egindako laurdena ere erakutsi, aurkari bikainaren oldar biziak eutsia baitzuen, inolako zalantzarik gabe. Beraz, 50 eta 45 amaitu zen lehenengo Erremonte Txapelketa hura. Batak zein besteak zaletuak ase zituen sobera, eta hauek benetako txalokada luzea eskaini zien. El Pueblo Vasco egunkariko kazetariak erremonte eran jokatzen zenetik ikusi ahal izan zen partidarik itzelenetakoa gozatu zutela zioen. Bi ordu iraun zuen. Banan banako partida izanik gainkarga ikaragarria esan nahi zuen: hainbatetan eseri behar izan zuten arnasa hartzeko. Akituta amaitu zuten. Gogora dezagun garai hartan alpargatekin jokatzen zela, eta ohiko 50 tantoetako partidan bizpahiru pare hausten zituztela. Katedrak dirua galdu zuen, Arzamendiren aldeko momio gehiegia eskaintzeagatik. Tanteoak zenbaitetan aldarazi zien, hasierako desproportzioa orekatzearren, eta behetik jokatu zutenek ederki aprobetxatu zuten. Hona hemen Erremonte Txapelketaren laburpen taula: Jai Alai Pilotalekua (Ategorrieta, DONOSTIA) Laurdenak Erdia Txapelduna 1915.07.25 1915.08.08 ARZAMENDI Pequeño de Elgoibar 33 ARZAMENDI 50 Arzamendi 50 Tituloa Domina 500 pezeta BEROLEGI 45 1915.07.31 Berolegi 50 Irigoien 42 Mikel Legorburu, historialaria Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 137.zbk (2001/9 28/10 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria