Estatu Batuak: euskal idazle berrien paratopia hautatua, ethos literario modernoenaren berme Estatu Batuak: euskal idazle berrien paratopia hautatua, ethos literario modernoenaren berme Ur Apalategi Idirin Testua sakralizatu duten teoria literarioen kaltetan izanik ere, onartu behar da idazleaz irakurleak duen errepresentazioak obraren beraren irakurketa baldintzatu egiten duela. Kontalariaren nortasunaren arabera, hau da, kontalariaz dugun ideiaren arabera epaitu eta ulertuko dugu testua. Aristotelesek, iada, zera zioskun bere Erretorikan : « Erretorikaz aritu diren batzuek diotenaren aurka, ez da egia hizlariaren zintzotasunak ez duela eraginik bere hitzen komentzimendu indarraren gainean ; aitzitik, aiurri moralean kausitzen du ia diskurtsoak, esan nezake, bere komentzimendu indarrik gehiena. » Hizlariaren edo idazlearen aiurri edo jitearen arazoa ethosarena, beraz, terminologia erretorikoan berriro modan jarri zaigu, bereziki literatura komunikazio gertaera gisa aztertzen hasi denez gero . Alabaina, zein da hemen ikertu nahi den idazlearen irudi edo errepresentazioa ? « Oso eskematikoki hitzegiteko, esan dezakegu aipatu nahi dugun autorea ez dela literaturaren historiarena nahiz filologiarena, bere segeretu zein intentzioekikoa. Ezta Freud eta psikoanalisiarena, bere inkonszientearekikoa ... . Ez da bere obraren subjektua, edo ez hori bakarrik bederen. Aipatu nahi den autorea biografiko izenpean bil ditzakegun hainbat ekintza diskurtsibo nahiz ez diskurtsiboren objektua ere bada. » (Lavialle & Puech, 2000 : 10). Esan dezakegu, beraz, dela, lehenik, idazle izateko modu bat. « Idazle pertsonaia bat onartzeak suposatzen du gizakia eta bere obrari hirugarren termino bat gehitzen diegula, bien arteko harreman tradizionala eta azken honi zegozkion galdera eskolarrak aldatu egiten dituena ... Hortik aurrera, presentzia biografikoa deritzonak (sasi presentzia, nahi bada, baina xarma egiazkoz kargatua) Liburuaren efektuan eta abstrakzioan esku har dezake. » (Ibid.: 12) Baina arazoa da autore guziek ez dutela idazle izateko manera bera. Idazle bakoitzaren irudia berau osatzen duten biografema ezberdinak aztertuz marraz dezakegu. Zein dira, bada, idazlearen biografemak ? Honela zerrendatu genitzake, nahas mahasean bada ere : obratik kanpoko autorearen hitzarekin zerikusia duten biografemak (elkarrizketak, entrebistak, korrespondentzia, lagunen bitartez dakizkigun erranaldi gogoangarriak, etb.) ; janzkera edo irudi fisikoa osatzen duten biografemak (bere txapela, bere bizarra edo bigotea, ibilera distraitua, gabardina luze eta zikina, etb.) bere izena (edo ez izen literarioa), bere famili kondaira (kokapen soziologikoa, psikoanalitikoa, genealogikoa), bere bizilekua edo dekoratua (baserria, etxebizitza burgesa, idazgela mahain gainean lotan datzan katuarekin, bizi izandako azken egoitza, sortextea, bere liburuetan aipatzen diren hiri edo naturgune enblematikoak, etb.), gertaera biografiko famatuak (presondegiratzea, presondegitiko ihesaldia, Nobel Sariari uko egin zionekoa, frankistek fusilatu zutenekoa, rock talde underground bateko kantari izan zenekoa, HIES eritasunaren aitortza publikoa egin zuenekoa, etb.), etabar luze bat. Finean, idazlearen biografia benetako drama literario bat litzateke, hain zuzen aipatu berri ditugun biografema guzti horien sintesiaren emaitza, zeinaren zuzendari artistikoa bailitzateke autorea bera. « Izan ere, bada zer esan "idazle imaginario" bihurtzeko behar horretaz. Hots, bere buruarentzat fantasmatika pertsonal batean oinarritutako nortasun propio bat sortzeko beharraz ; nortasun bat zeinak aldi berean imaginario sozialean kokatzeko erraztasunak eskaini behar dituen. » (José Luis Diaz, 2000 : 61) Guzti honen gibelean idazlearen benetako "estrategia identitario" baten garapena soma daiteke. Haatik, hemen biografema bakar bat hartu nahi genuke aintzat, sakondu asmoz : idazlearen kokapen geografikoa idazten ari den unean. Nundik idazten ari zaigu ? Ba al du garrantzirik Apokalipsia Patmos ko uharteanidatzia izanak obraren irakurketarako ? Ba al du eraginik gure interpretazioan Sarrionaindiaren obra gehienak erbeste kokagaitz batetik datozkigula jakiteak ? Baiki. Izan ere, eta hontara gentozen, idazle baten kokapen geografikoak, bere tokiz aldatzeak edo ez aldatzeak, bere obrak izanen duen harreran (rezepzioan) badu eraginik. Bere irudia moldatzeko modu bat da toki jakin batean bizitzea, toki hautatu edo inposatu batetik idaztea. Autore batek tradizio literario jakin bati lotu nahi izaten dio bere obra eta tradizio hori toki edo zentru literario batean sortua izanki toki horretara bizitzera joatea da irakurlegoaren baitan lotura hori segurtatzeko estrategiarik erabiliena. Joycek, adibidez, ez zuen hautatu Londresa joatea Dublin gibelean utzi zuelarik, nahiz eta ingelesa izan bere literatur hizkuntza. Joycek Parise hautatu zuen (hastapen batean, bederen). Nola uler daiteke hautu bitxi hau ? Gauza segurtzat jo dezakeguna da orohar Joycen proiektu literarioa ulertzeko, eta partikularzki Ulises obra ongi ulertzeko, baitezpadakoa dela datu geografiko hori aintzat hartzea. Nondik idatzi, hala irakurri aforismoaren bitartez laburbil dezakegu gogoeta honen funtsa. Bide batez, ohartzen gara nola diharduen idazleak, obraren sorkuntzan aritzeaz gain, bere sortzaile figuraren sorkuntzan murgildurik. Amerikar kontinentean edo kontinentetik idatzitako literatur lanak ez dira berriak euskal literaturan, kongresu. Gerraurretik, iada, Amerikar toposa, edo hobeto esatearren, euskaldun amerikartu edo indianoaren toposa esistitzen zen gure eleberrigintzan (ikus, adibidez, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek egiten duen erabilpena Kresalan). Baina topos honek zerikusi handiagoa du testuen edukiarekin testuen ekoizgunearekin baino. Han edo handik idatzitako obrak aintzat har ditzagun beraz, guk aukeratutako biografemari dagozkionak, eta ohartuko gara egon, badaudela, aspalditik gainera. Eta, sinplifikazioa bada ere, esan dezakegu gerraurrea eta gerraondoa bereiztuko lituzkeen erbesteratzeekonomikoa hartu ala politikoa, hango euskal literaturan nagusituko den toposa herri galduarekiko nostalgia idealizatzailea izango dela, herrimina alegia. Azken urteotan, haatik, Amerikak esanahi berri bat hartu du gure literaturan, oraindik gutxi aztertu dena. Guk, azterketa mamituago baten ataria baizik izan daitekeen honetan, Harkaitz Cano eta Joseba Gabilondok egiten duten kokapen estatu batuarraren erabilpena izango dugu aztergai. Zergatik joan dira Kaliforniara edo New Yorkera beraien obrak idaztera ? Gure gogoetaren euskarri eta ardatza Gabilondo eta Canoren liburu bana dira : hurrenez hurren Kaliforniatik bihotzez (Elkar, 1992) eta Piano gainean gosaltzen, New Yorkeko kronikak (Erein 2000). Zerk batzen ditu lehen behakoan hain ezberdinak diruditen bi liburu hauek ? Gabilondoren Kaliforniatik bihotzez gizarte posmoderno amerikarraren inguruko gogoeta bilduma bezala aurkeztua zaigu eta anbizio literario xumeko idazkera darabil autoreak. Estiloa edo tonu orokorra giza zientziena dela esango genuke, hori bai giza zientzia posmodernoena, alegia humorez zipriztindua. Eta eredu bat egoztekotan Umberto Ecoren Apocalittici e integrati gogoeta bilduma famatua litzateke aproposena, azken hau ere EEBBtan idatzia. Canorena, berriz, hainbat eredu ospetsu izan ditzakeen kronika literarioa da, eta esan daiteke estilo ariketa bat bailitzan ekiten diola autore gazteak erronkari. Canorentzat New York ezer baino lehen paisaia literario bat da (erreala baino gehiago) eta iadanik literarioa den paisaia horrekin hiriaren erretratu berri bat egiten du, egiazko palimpsestu artxi literarioa den liburua sortuz. Ezberdintasun horiek baztertzen baditugu, ordea, bi idazleon proiektuek antz handia dute. Ikusi bestela : batak zein besteak Euskal Herriko egunkari batentzat idatzitako artikuluak konpilatzen ditu (Canok Euskaldunon Egunkariarentzat idazten du, Gabilondok El Diario Vasco ko Zabalik gehigarriarentzat), batak zein besteak denboraldi luze bat han eman ondoren (edo bitartean) idaztendiete herrian geratutako euskaldunei munduko toki modernoenetakoak eta bertako bizimoduak aurkezteko asmoz. Batarentzat zein bestearentzat liburu hauek beren ohizko eginkizun literario zein zientifiko nagusiei egindako gehigarri batzuk dira. Canoren kasuan benetako proiektu literario bat, eleberri bat, idazten ari zen bitartean hartutako oharren emaitza da ; Gabilondorenean hango bizitza unibertsitarioari eta anbizio literario aitortuei arnasaldia edo prestakuntza eskaintzera datorren divertimentoa. Azken datu hau txit interesgarria da ezen erakusten baitigu obra hauen helburua zeharkakoa dela, beste zerbaiti balorea ematera datozela testu hauek. Aitortuki obra nagusietatik kanpo ekoizten diren testuak obra nagusiaren atari edo gehigarri gisa irakurtzeko ohitura zabaldua da kritika literarioan eta paratestu, peritestu zein epitestu hitzak erabili ohi dira testu hauen berezitasuna azpimarratzeko. José Luis Diazen esanetan testu nagusiak laguntzera datozen testu hauek «oso egokiak dira idazlearen sorrera kirikatzeko, bere burua nola sortzen duen ikusteko.» (J.L.Diaz, 2000 : 65) « Testu, peritestu nahiz epitestu berezien bitartez saiatzen da idazlea postura bat definitzen, izaera bat » (Ibid. : 61). Ikus ditzagun jarraian zer nolakoak diren Gabilondo eta Canok liburu hauen bitartez landu nahi dituzten idazlearen irudi edo figurak. Zein eragin du, baina, berauen kokapen estatubatuarrak gure irakurketan ? Horiek dira gogoan ditugun galderak eta badirudi aktualitate kutsu bat badutela. Izan ere, Jon Kortazarrek, bere azken liburuan, eta erantzunik ematen saiatzen ez bada ere, galdera hauexek egiten baititu bere modura : « Euskal Herrian kokatu behar dira gaiak, edo New Yorkeko giroa ekarri behar da gure nobelara ? Hemen idatzi ala New Yorkera joan behar da eleberriak idaztera ? Bietatik ditugula esango nuke, Harkaitz Canok egin duen esperientziaren ondoren. Hain zuzen ere New Yorken lan egin, ea zer gertatzen den ikusteko. Ez da bakarra. » (Kortazar, 2000 : 305) Fenomenoa,fenomeno hitza erabiltzea zilegi bazaigu, ez da mugatzen, noski, aipatu bi idazleetara. Cano eta Gabilondoren izenez gain, besteak beste Gotzon Garate, Joseba Zulaika, Andolin Eguzkitza, Gorka Aulestia, Iñaki Zabaleta eta Atxaga beraren izenak ere lot baikeniezaizkioke Amerikari. Edo, zehatzago izan nahi badugu, Estatu Batuei. Ezen hau baita, azken urteotako moda honen ezaugarri nabarmenetako bat : Amerikatik idatzi duten edo idazten diharduten euskal idazle belaunaldi berri honetako kide gehienek Estatu Batuak izan dituzte helburu eta ez gainontzeko herri pobreak, aurreko belaunaldiekiko haustura garbian. Hego Amerika aipatzen duten gaurko euskarazko liburu bakarrak bidai liburuak dira, eta salbuespenak salbuespen (aurreko belaunaldi literario « zahar » bateko kide den Koldo Izagirre datorkit gogora), ez dute loturarik stricto sensu ulerturiko euskal literaturarekin. Nola ulertu orduan Estatu Batuekiko lotura hain hedatua gure literatur egileen artean ? Hara idaztera joaten diren idazle berri hauek ez dira, itxura batez behintzat, erbesteratu ekonomiko edo politikoak . Uste dut mintza gaitezkeela erbesteratze literario edo zientifiko batez, esaldiak potoloegia badirudi ere. Hots, ematen du idazle hauen helburua edo motibazio sakona idazketari berari lotuta dagoela, ez dela zirkunstantzia hutsa. Beste hitzetan esteko : idaztera joan dira hara, hobeto idazteko asmoz jarri dira Estatu Batuetan bizitzen, zerbait gehiago, plus bat, erakarriko dielakoan. Hain zuzen, Harkaitz Canoren eta Joseba Gabilondoren esperientziak alboratuz eta erkatuz saiatu gara frogatzen ez dela exageratua gure hipotesia. Bibliografia : ARISTOTE, Rhétorique, Paris, Livre de Poche, 1991. CANO, Harkaitz, Piano gainean gosaltzen (New Yorkeko kronikak), Donostia, Erein, 2000, 187 or. CANO, Harkaitz, Pasaia blues, Zarautz, Susa, 1999, 217 or. CANO, Harkaitz, Beluna Jazz, Zarautz, Susa, 1996. DIAZ, José Luis, « Le poète comme roman », in Lavialle & Puech, L'auteur comme uvre, L'auteur, ses masques,son personnage, sa légende, Orléans, Presses Universitaires d'Orléans, 2000, 55 68. or. ECO, Umberto, Lector in fabula, Paris, Livre de Poche, 1985. ECO, Umberto, Apocalittici e integrati, Milan, Bompiani, 1964. GABILONDO, Joseba, Kaliforniatik bihotzez, Donostia, Elkar, 1992, 171 or. JAUSS , Hans Robert, Pour une esthétique de la réception, Paris, Gallimard, 1978, 305 or. KORTAZAR, Jon, Euskal literatura XX. mendean, Zaragoza, Prames Las tres sorores, 2000, 334 or. LAVIALLE, Nathalie & PUECH, Jean Benoît, L'auteur comme uvre, L'auteur, ses masques, son personnage, sa légende, Orléans, Presses Universitaires d'Orléans, 2000, 123 or. MAINGUENEAU, Dominique, Le contexte de l'uvre littéraire. Énonciation, écrivain, société , Paris, Dunod, 1993, 196 or. MORETTI, Franco, Atlas du roman européen 1800 1900, Paris, 2000, 235 or. ROJO, Javier, « New Yorken zehar », El Correo, 2001 02 07. SIMONET TENANT, Françoise, « Paul Valéry secret », in Lavialle & Puech, L'auteur comme uvre, L'auteur, ses masques, son personnage, sa légende, Orléans, Presses Universitaires d'Orléans, 2000, 89 98. or. URKIZA, Ana, « Osoko newyorkerra », Euskaldunon Egunkaria, 2001 1 13. 1. Cf. Jauss en harreraren estetika edo Eco ren irakurlearen tokiari buruzko gogoetak eta gogoeta hauei jarraiki zaizkien korronte teoriko anitzak, zeintzuen artean aurkituko bait litzateke « autorearen teoria » deritzona. 2. Liburuaren aurkezpen ekitaldian Canok azaltzen du bere bidaiaren lehen helburua Pasaia Blues eleberria bihurtuko zena idazteko giro egoki bat aurkitzea izan zela eta kronika liburuarena premeditatu gabeko zerbait izan zela : « Izan ere, New Yorkera joan aurretik Martxelo Otamendik Egunkariarako hango kronikak egiteko eskatu baitzion. Eta horrela hasi zen Harkaitz Cano, astero astero kronikak bidaltzen New Yorketik. Kronika literarioak idatzi zituen baina. Hiriak hori eta gehiago egiteko ematen zuela, eta folio bakarreko kronika haiek labur samarrak iruditzen zitzaizkiola adierazi zuen Canok. Beraz,hutsune hori betetzeko jarraitzen zuen idazten. » in Egunkaria, 2000 11 24. 3. Egia esan, erbeste politikoarenak azterketa geldoagoa eta sakonagoa merezi luke. Ez dira, ez, noski, espainiar errepresioari ihes egindako idazleak, baina zein neurritan ez dute alde egin euskal gizartearen barne giro usteldu edo nahasi bati ihes egitearren? Ur Apalategi Idirin, UPPA Argazkiak: webgune hauetatik: The James Joyce Centre, BBK eta Durango 2000 Euskonews & Media 138.zbk (2001/10/5 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.