Marrazki bizidunen ametsa (Panoramika bat edo) Marrazki bizidunen ametsa (Panoramika bat edo) Joxean Muñoz Fabrikaren ametsa Zinea ametsarekin alderatzea ez da oraingoa, ez da nik asmatua. "Ametsen fabrika" aspaldi esaten zaio Hollywoodi. California, ordea, Camerun bezain urrun dago Euskal Herritik. Gurea "fabrikaren ametsa" da gehiago, industria bat behar eta lortu ezina. Lan talde oso baten ametsetatik sortzen dira filmak. Guztiak jarri behar izaten dira amets berberaren mesedetan, filma benetan biziko bada. Ametsa ozen aurrenekoz kontatzen duena gidoigilea da. Haren ametsean albainduko dira, amets horretatik bazkatuko dira, gupidarik gabe, besteen ametsak. Diru iturriak aurkitu behar dira, ametsaren zerbitzuan jarri eta aldi berean errealitatearen hesiak ezarri. Irudietara ekarri behar da gero, hilabeteetako lan lotuan. Eta osatu, eta zarataz eta musikaz berriro kontatu. Eta saldu. Talde sortzaile horren ametsek bat egin beharko dute hiruzpalau urte lehenago abian jarritako amets (zoroak) irudi bizi izatera hel dadin. Fabrikaz eskas gabiltza baina ametsez ez hain urri. Animaziozko zinean eta argazkietakoan berdin, film bakoitza da abentura bat, amets bat, zoroa askotan, amesgaiztoa bihurtzen dena maiz. Animazioak Animazioan jardun duten eta diharduten guztiek ez dute fabrikarekin amets egin. Irudiaren eta denbora pasaren industriatik aparte dabiltza, halabeharrez nola hala nahita, formatu komertzialetatik, itxura estandarretatik eta arrunkeria narratiboetatik aparte. Irudi biziek ez dute marrazkiez eginak zertan izan beharrik. Plastilinaz, paperez, hondarrez, edozein gai erabiliz egin daiteke animazioa, edozer bizi arazi daiteke. Materia bera, gaia, soberan dago jada. Irudi erreala ere "marraztu" eta "bizkortu" egiten da. Garai batean animazioa eta "irudi errealeko" filmak garbi bereizten ziren. Irudiak eta argazkiak, etzaneko mahaiak eta zutikako kamerak, banan banan hartutako irudiak ala jarraian, etenik gabe. Guztiak bildu ditu ordenagailuak eta bateratu.Errealitatearen eta irudi manipulatuen artean tarterik geratzen ez den garai honetan "animazioez" hitz egin beharko genuke. Euskal Herrian ere industriaren arauetatik landa bada marrazki bizidunik, edo hobe esan, animaziorik. Hasi ere, laborategian hasi zen animazioa, fabrikatik urrun, margolarien langelan, artistaren amets libreen esparruan. Ruiz Balerdi eta Sistiagarekin hasi zen Bego Vicariorengana ekarri gaituen bidea. Nik berriz, sare komertzialetan zabaltzeko sortuak izan diren animazioez hitz egin nahi nuke artikulu honetan. Film luzeez. Animazio komertzialaz, hau da: lanaz, hau da: lantegiez. Eta oso bestelakoa da ametsa enkarguz, begiaren azokan, egin behar izaten dugunon genealogia. Gu, kalabaza batetik gatoz. Kalabaza Kalabaza Tripontzia (1985) da euskal animazioan lehen film komertzial luzea, euskaraz sortua, haurrentzat. Marrazkilari baten ametsa izan zen, Juanba Berasategirena. Dena zuen ordea egiteko: ofizioa ikasi, tramankuluak inguratu, lankideak trebatu, lantegia bera sortu. Eta ordaindu, jakina. Marrazkilariak ekoizlearen ametsak egin behar izan zituen. "Kalabazak" garbi erakutsi zuen film laburretatik luzeetarako jauziak industria bat eskatzen zuela. Dirua biltzeko, lantaldeak antolatzeko, osagarri guztiez hornitu ahal izateko, salmentak egiteko, artista edo marrazkilaria, bere mahaian, bere ordenagailuan, bakarrik, ez da ezer. Lantegiak behar dira. Eta industriek industrialdeak eskatzen dituzte. Bidea luzea egin du euskal animazioak, dudarik gabe. Ez du ordukoaren antzik baina, hala ere, hogei urteren buruan, gure lantegitxoak oraindik ez dira fabrikak, ez dira eraikin sendoak. Edozein otsoren pufadak bota litzake airean. Kalabaza Tripontzia. Fabrika Bigarren film luzea hurrengo hamarkadarekin iritsi zen (1991). Zinemaren aldetik lortutakoa hobetu eta gainditu nahia zegoen, batetik, eta industriari egonkortasuna emateko ahalegina, bestetik. Jendea trebatu eta jendeari lanbide bat eskaini, iraunkorra. Indarrak metatze aldera, bi ekoizlekbat egin zuten amets berean. Fabrika sendoagoaren beharra ikusten zen, lantegi handiagoa behar eta arnas luzeagokoa. Kanpoan ere erakargarria gertatzeko modukoa behar zuen gure ametsak. Euskal Herritik kanpora jauzi egin ahal izateak egingo zuen euskal animazioaren ametsa bideragarri. "Balearenak" deitzen zen hasieran gero "Ipar Haizearen Erronka" bihurtuko zena. Itzuli ere egin zen Ipar aldeko Haize hori, bigarren film bat eman zuen eta telesail bat. Saga hura probaleku garrantzitsua izan zen. Egun bizkortzaile edo storygile edo margoemaile edo gidoigile edo argazkilari diren asko eta asko film haietako kreditoetan agertu ziren, estreina. Enpresen bateraketak porrot egingo zuen, liskar bizian, filmaren zabalpena larriki oztopatuz eta ofizioaren barruan tira bira latzak eraginaz. Norteak gogor jo zuen. Orduko saminak denborak leundu dituenon, ez dago dudan jartzerik Ipar haizearen inguruko film horiek euskal animazioari egin zioten ekarria. Profesionalak sortu zituen. Berrindustrializatzea Industrializatzeak berriz, ezusteko bidea hartu zuen. Indarrak bildu ordez, atomizatzea ekarri zuen. Bildu nahi izan zuten bi enpresek nork bere bidetik jo zuen, ordutik aurrera elkarren lehian. Eta marrazkilariak, taldetan joan ziren antolatzen, bakarka lan egiten ikasi behar izan zuten, enpresa berriak sortu zituzten, nagusi eta bezero berriak bilatu izan behar zituzten. Fabrika handiaren ordez, lantegi txikiak azaldu ziren. Indarrak metatu ordez, fabrika handitu ordez, enpresaren zamak arintzea ekarri zuen errekonbertsio moduko hark. Lantalde txiki horiek Euskadi barrurako nahiz kanporako zerbitzuak egitetik bizi izan dira, besteen ametsetarako lanean. Fabriketatik kanpo ere, norbanakoak, idazle nahi marrazkilari, euskal profesionalak merkatua zabaltzen joan dira, poliki poliki beren amets propioei ekiteko indarrak eta ahalbideak bildu dituzte. Nolabait esateko, kanporako telebistetarako aritzen dira lanean, bizitzeko eta bertan filmak egin ahal izateko. Megasonikoak. Ekoizleeidagokienean ere panorama aberastu egiten da. Telebistarako diharduten enpresek gero eta garbiago egiten dute animazioarekiko apustua. Ekoizle ametsak ekarri ditu animaziora, telebisten eskaria gora zihoala ikusita. Eskaintza zabalagoa egin beharrak bultzatuta, animaziora joan dira hurbiltzen. Gure animazioaren aukerak ugariagoak dira orain. Hamarkadaren erdian edo Megasonikoak filmarekin, marrazkiarekin zer ikusirik ez duen amets bat ezagutu genuen, eta 3Dan egina oso osorik, ekoizle berri batzuren bultzadari eta, batez ere, ordenagailuaren kamikaze talde baten kemenari esker. Fenomeno berriak, Kalabazaren tripontzitik ez zetozenak. Azken urteotako filmetatik erdiak edo marrazkilariz betetako fabriketan ekoitziak izan dira, sortzaileen tailerretan eraikitako ametsak. Beste erdia edo, bulegoetan ekoitziak izan dira, marrazkilaririk gabeko enpresetan, inguruko industria erabiltzen eta baliatzen dakiten enpresetan. Biharamunerako ate bat baino gehiago dugu orain. Bistan da urte askotako lanak eman duela 2000 urteko Goya sarien uzta. Uzta mediatikoa, euskal animazioa existitzen dela aldarrikatzeko aukera eman diguna. Ez Goya eramateagatik, hori gertatua da lehenago ere lehen aldiz lehian irabazi izanagatik baizik. Eta lau filmeren arteko lehian, hiru euskal Herrikoak zirelako, batez ere. (Laugarrena, katalana, hori ere ez dago ahazteko). Harrigarria gertatu zaio askori: egun, euskal zinearen alderdirik biziena marrazki bizidunak dira. Euskal gidoigileek badakite horretaz zerbait. Enkargua etxetik nola kanpotik etorri, telebistako serieak edo marrazki bizidunak dira gure inguruko gidoigile gehienentzat lan iturri iraunkor bakarrak. Euskal zinema eta luzemetraiak Munduan ez bezala, laburmetrai baino film luze gehiago egin da gurean. Gure animazioan zinearen formatua izan da erabakigarria, telebistarena baino gehiago. Nabarmena da Euskadi eta Katalunia izan direla Espainiako animazioan emankorrenak, hizkuntza sustatzeko, kultura berezi bat babesteko eta bultzatzeko, norkbere fikzio tradizioa landu eta ezagutzera emateko grina indarrean egon delako bertan. Bete beharreko hutsunea antzemateak eman zien zinegilegai haiei benetako guduetan sartzeko kemena. Euskal zinegintza posible ikusten zen eta beharrezkotzat jotzen zen. Guk zinea bezala, marrazki bizidunak behar zituzten gure haur edo niniek. Euskal Zinema esan zitzaiona, Telebista eta Autonomia eta erakundetzea baino lehenagokoa da, izan. Geroztikako bidean, erakundeak (EITB barne) behar beharrezko sozioak izan dira, baina ez beti kide. Kontrario ere gertatu dira askotan. Amets gutxi egin dute elkarrekin euskal telebistak eta euskal zineak. Gutxiegi, askoren irudiko. Ez dago ukatzerik, hala ere, sortzaileentzat eragile izan zen aldi berean, erakundeen aurrean gure haurrei gure ipuinak kontatzearen eskubidea aldarrikatzea aitzakia emankorra gertatu zela animazioaren ametsa aurrera atera ahal izateko. Egun, Andaluzia, Extremadura, Galizia, Valentzia hasi dira bide hori jorratzen nens, nene eta nena, meniño, meniña, eta niniak . Ez da gure industriarako batere albiste txarra. Aspaldi ari gara Espainiako ligan jolasten. Europakoetara agertzen hasiak gara, tarteka oraindik. Horiek dira gure jokoaren arauak eta gure lehiarako esparruak, nahi eta ez. Europako liga Europako klimatologia ez da askoz leunagoa animazioari dagokionean. Estatu Batuek, eta gero, neurri apalagoan, japoniarrek dute konkistapean hartua. Ez gara konkista horren historia eta arrazoiak argitzen saiatuko. "Garrantzitsuena", esaten zuen orain ia hamar urte Frantziako zinegile batek, "ez da zergatik konkistatu gaituzten jakitea, konkistatzen hain errazak zergatik garen aztertzea baizik". Europako animazioak, hasiera hasieran ez ezik, mende guztian zehar jasan behar izan du itsas arandiko marrazki bizidunen oldea. Industria ahulez eta sortzaile kamikazeez betea da Europako irudi bizien abentura. Ez du ikusgarritasunean Disneyren ahaideekin alderatzerik izango, ez du hango azpiproduktuekin lehia merkean egiterik. Amerikarrekglobalizatua dute produkzioa, langile merkeenen bila beti. Saldu, multzo handietan saltzen dituzte beren marrazkiak munduko telebista guztietara, EE.BB.ko merkatuak ordurako errentagarria egin duen produktua. Preziorik merkeenean saldu dezakete beraz, stock izugarrien baitan, telebisten etengabeko gosearentzat bazka. Egoera horri aurre egiteko, sare itxi horretan bide zidorrak aurkitzeko, Europako animazioak berezitasuna bilatu du bere une gogoangarrienetan. Azken urteotan ere, berezitasunak hautsi ditu markak, kalitatearenak nahiz salmentarenak. Europako luzemetraiek arrakasta komertzial nabaria izan dute. Bata Estatu Batuekiko koprodukzioa da (Chicken Run), beste biak sortzailearen esku langintzatik daude gertuago, (Kirikou, Antxeta eta Katua), baina hirurek bilatzen dute berezitasuna, bestelako historia bat, berezia, modu berezian kontatzekoa, merkatuan ohikoak ez diren moduak eta mezuak landuaz. Ustekabeko arrakasta izan dute hirurek. Hirien etorkizunari buruzko eztabaida batetik ekarriko ditut animaziorako ere balio lezaketen hitz hauek: "lehiakortasuna ez da besteek bezalako produktuak merkeago ekoiztean bilatu behar, Europak Tailandiarekin lehian sartu behar balu bezala, bestelako produktuak ekoiztetik baizik". Hirugarren bideak Berezitasuna aurkitu, garatu, landu egin behar da, erakargarria egin. Distira atera. Non eta merkatu zorrotz, merke zale, atsedenik gabean. Telebistaren eta ikus entzunezkoen merkatua prototipoen salerosketa dela esaten du Grassot jaunak, Frantziako gobernuarentzat iaz txosten sonatu bat egin zuenaki. Gidoigileen lanari arreta handiagoa zor zaiola esaten du txosten horrek, hainbat ekoizleri batere atsegina gertatu ez zaiona. Esan egin beharko da Grassot jauna ere ekoizlea dela. "Prototipoak etengabe sortu eta eskaini behar dira" dio Grassot jaunak. "Hori hala izanik, funtsezkoa da idaztea, behin eta berriz, ideia etengabe berriak. Ez dago beraz ulertzerik gidoigileei ematen zaien tratu eskasa". Egileak zaintzetik abiatu beharra dagoelaesan du Grassot txostenak. Eta egileak guztiok gara, taldean. Amets bereziak eskaini beharko ditugu, zerbaitetan bereziak izan beharko dute begien azokan txoko bat lortu nahi badute. Irudimenak orekatu beharko du indarren ahulezia. Ametsak, amets gero eta hobeak, bereziagoak eta erakargarriagoak egiteko gai izan beharko dugu. Eta gainera, Tailandian ez baina malkarreko lurretan hezi gaituzte ETBk eta. Ez zaigu gaizki etorriko, aurrerantzean ere, izerdia zer den ikasi izanak. Taldearen ametsa Baina ez kate lanaz, talde lanaz nahi nuke mintzo. Esan, alegia, euskal animazioaren etorkizuna lantzeko, ekoizleen jarduna babestu, sustatu eta bultzatzeaz gain, sortzaileen, egileen, langileen jardunari jarri behar zaiola arreta. Hogei urte pasatxo hauetan sortutako profesionalak, ofizioko jendea, dira gure animazioaren altxorrik handiena. Ekoizleek dezaketenaz gain, egileek, teknikoek, sortzaileek egin, asma eta ikas lezaketena ere kontutan hartu beharko lukete euskal animazioa bultzatzeko egitasmoek. Azken Goya sariek euskal animazioaren bizitasunaren froga eman dute. Aurrera egin behar orain, gogor eta latz. Kalitatean hobetu beharko dugu, historien erakargarritasuna eta sendotasuna landu, lankidetzan zaildu. Gidoigileak story a marraztea gidoi lanaren barnean dagoela ulertu beharko du eta marrazkilariarengana hurbildu, beraz. Eta marrazkilariak gidoilariarekin ikasi beharko du narrazioaren osotasunari begiratzen. Zuzendariaren begiarentzat ari dira lanean. Ekoizleek gidoigileekin lanean ikasi beharko dute (eta ez kontra), gidoigileek ekoizleekin batera (ez kontra). Orain arte helmugara iritsi izana nahikoa zen, ukatu ezineko balentria, txaloak merezi zituena. Argi dago iristen badakigula, lasterketa (zoroa) burutzeko ahalmena badugula eta ez dugula zertan lotsagarri geraturik helmugan. Orain ikusleak liluratu egin beharko ditugu, nork bere aldetik, banaka, bereiz. Taldetasunaren etiketa nazionalak edo autonomikoak ez du ikuslearen ametsetan txertatzeko balio. Ikuslearenada gure ametsaren osagarria eta burutzapena. Ikusleak behar ditugu beraz, eta kritikak. Kritika ere beharko da eta. Zorrotza eta ahal bada, please, arren , zentzuzkoa. Itxaropenez begiratu behar lioke euskal animazioak etorkizunari. Ametsak egiteko gai gara. Amets zoroagoak egitea dagokigun honetan, ameslari gero eta zuhurragoak izan beharko dugu. Taldean nabigatzen dakien jendea, alegia. Joxean Muñoz, gidoigile eta zuzendaria Euskonews & Media 135.zbk (2001 / 9 / 14 21) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.