135 Zenbakia 2001-09-14 / 2001-09-21

Gaiak

Animazio tekniken inguruan

VICARIO, Begoña

Animazio tekniken inguruan Animazio tekniken inguruan Begoña Vicario Animazio zine esperimentala errealitatea ezagutzeko modua izateaz gain, espresabide ederra da non egileak esperimenta dezake bai elementu objetualekin zein mugimenduak berak duen gaitasun espresiboarekin ere. Harritzekoa da zein puntutaraino aipatutako azken hau ezezaguna den artegintza munduan. Guztiok dakigunez, artegintzaren barruko atalen arteko lotura ez da, zoritxarrez oso estua, eta gertatzen da artista asko ez dutela ezagutzen mugimendua sortzeak dakarren aurkikuntza. Hain zuzen ere, honetan datza animazio tekniken erakargarritasuna, nahiz eta gehiengo batek pentsatu pertsonaiek edo eurek sortutako egoerak direla zine mota honen helburua. Ez, ez da horrela, ezagutzen dugun animazio lanen kopuru handi batek halaxe erakusten diguten arren. Kulturaren eta artegintzaren arlo guztietan bezala, ildo ofizialetik ildo alternatiboa dago, non aurrekoan sartzen ez den guztia kabitu litekeen. Tamalez, eta gure kultur hedabideen erruz, guk, euskalerriko publikoak, lehenengoa besterik ez dugu ezagutzen, eta bigarrenaren zatiren bat ezaguna bazaigu, beti ere artegintzaren esparru murritzean sartuta ikusiko dugu, arte galerien zein museoetan erakutsita. Interesgarria da oso, nola konpartitzen duen diziplina honek bai arte arloetako zenbait kontzeptu, halaber, konposizioa, koloreen estudioa, erritmo eta kadentzia (piktoriko zein musikalak), eta beste aldetik ere zinearenak diren hainbat eta hainbat, esate baterako, oinarrizkoa den teknologia eta euskarria, hain zuzen ere zeluloidea eta proiektorea, eta beste zenbait kontzeptu, hots, planu eta sekuentzia, muntaiaren erritmoa, eta abar. Animazioaren historiari erreparatuz, bi arlo hauen artean ibili dela etengabe ikasten dugu, eta batzuek eta besteek gaitzestuta, inork gutxik ikasi eta ikertu du bertan, gaur egun oraindik ere alor ia ikasgabeko dagoelarik. Geuk baina, animazio zinegileok, ez dugu arestian planteatutako gurutzean arazorik ikusten, are gehiago,gurutze izan beharrean asterisko moduan irudikatuko genuke animazioa, non pintura, eskultura, musika eta zinea ez ezik, dantza, grabatua, eta beste hainbat arlo ere elkartuko liratekeen. Baina goazen harira. Egin dezagun animazioa burutzeko erabiltzen diren teknika garrantzitsuen zerrendatxo eta deskripzioa, eta utz diezaiogun irakurleari ebaluazioa, irakurketaren azkenerako utzita zenbait galdera: hemen aipatzen diren teknika hauekin egindako zenbat pelikula ikusi dituzu? Eta hauetatik, zenbat telebista publikoaren bitartez?. Bestalde, agertzen ditugun egile zerrendatik zenbat egiten zaizu ezagun?. Eta amaitzeko: ezagutzen duzu haurrentzako marrazki bizidunen teknikaz egindako animazio komertzialaz aparte beste ezer?. Galdera guzti hauen erantzuna ezkorra bada, ez larritu, bizi zaren lurraren biztanleriaren pare zaude, guztiok bizi baikara ditugun hedabide eta zine banatzaileek pairarazten diguten egoera berean. Egile independenteek erabiltzen dituzten teknika gehienek ezaugarri amankomun bat dute; teknika zuzenak dira, hau da, animazioa zine kameraren azpian zuzenean lantzen da, eta lan egiten joan ahala, filmatzen joaten da, fotogramaz fotograma, han sortzen ari garena. Lan egiteko modu honek ez du atzera bueltarik eta ezin dira akatsak zuzendu, mugimendua sortzean egiten den desegokitasunen bat, ez da pelikula bisionatu arte ikusiko, eta konponbide bakarra planoa guztiz errepikatzea da, hau da, egun askotako lana. Ikusten denez sarerik gabe egiten den arrisku lana da, hunkigarriagoa dena jakinda egileek orokorrean aurrekontu zein dirulaguntzarik gabe lan egiten dutena. Hondarrez, olio pintura zein klarionen teknikak, guztiak ere, eta beren konbinazioak, oso era antzekoan lantzen dira: Kameraren azpian mahai bat jartzen da, kristalezkoa dena edo kristalezko xafla batzu, bata bestearen gainean eta haien artean 20 zentimetroko distantzia minimoa utzita. Mahai multiple hau argiztatu liteke bai gainetik eta baita azpitik ere, kontraste gehiago edota koloreztapen gehiagolortu nahi denentz, eta gainean jarriko dugu mugitu nahi dugun materiala, direla makarroiak, indaba gorriak ala hondarra. Izan ere, azken hau ezagutzen ditudan materiale malguen eta ederrenetakoa da, eta pitxi ederrak sortzaileak, "Antzarrarekin ezkondu zen ontza" Caroline Leaf egile estatubatuarra kasu, non kondaira inuit batean oinarrituta, zentzugabeko maitasunaz hitz egiten digun teknika eder eta depuratuaz. Kristalezko mahaiaren gainean olioz pintatuko bagenu eskena bat eta pitinka mugituz eta filmatuz joango bagina, berriz, koadro bat mugimenduan lortuko genuke, eta teknika honek eskaintzen dituen nabardurak eta istorio kostunbristekiko hurbiltasun sensiblea aprobetxatu du bere "Behia" izenekoan Alexander Petrov errusiar Oskarduna, eta ondoren sortu duen trilogia ederrean. Klarionekin, berriz, zein beste motako kolore barratxoekin ere kristalezko mahaia arbelaz ordezkatu beharko genuke edo paper zuriaz, eta bertan marraztuz eta borratuz lortzen da mugimendua errepresentatzea. Kasu guztietan, hala ere, berdin tratatu behar da irudia, fotograma filmatzen den bakoitzean diseinua apur bat aldatzen joan behar da. Zentzu honetan ulertuko da Norman McLaren ek esaten zuen hura, garrantzitsua dela fotogramen artean gertatzen dela fotogrametan bertan ikusten dena baino. Iluminazioaren zein materialen argiarekiko portaeraren arabera, pelikularen estetika dramatikoagoa zein lirikoagoa izango da eta gure ideia eta gidoiaren mesede zein kalterako izango da. Kasu guztietan ere animadoreak oso argi eduki behar du filmatu behar duen planoaren nondik norakoak, abiada, azelerazio zein ralentizazioak, hau da, pelikularen tenpoa. Batzuetan, pelikularen oinarria musika bada, egileak partitura zatikatzen joan behako du eta horren arabera mugimendua sortu. Bestelakoetan soinua izango da irudia behin eginda, atsekitu eta egokitu beharko dena. Badira beste bi animazio teknika oso erabiliak eta aipatu beharrekoak. Lehenik, paper zatien teknika. Aurrekoak bezala teknika zuzena da, eta baitaargiztapen zenital zein azpikoa duelarik. Mahaiaren gainean, berriz, paper zatiak ditugu figurak eratzen, eta batzuetan euren artean ardatz moduan harizko zein metalezko lotura txikiak dituzte. Argia azpitik badute, irudiak guztiz zuri beltzezkoak izango dira, Lotte Reiniger izeneko egile alemaniarraren lanak esate baterako, eta bat aipatu arren "Ahmed printzearen abenturak" esango dugu. Aitzitik, goitik zuzentzen bada argia, paperaren testura eta kolore guztia geldituko dira agerian, eta egileek hau aprobetxatuz, adibidez Michel Ocelot ek "Hiru asmatzaile" bere filmean. Bigarrenik askoz ezagunagoa den teknika aipatuko dugu, plastilinarena, haurrentzako lanekin lotuta gehienetan baina baita nagusientzako lan ederrak eskaini dituena bere bi aldakietan, hots, hiru dimentsioetako formak eratzen dituenean, Aardman ekoiztetxe ezagunak erabiltzen duena, zein erliebe moduan, azal baten gainean jarrita, oso koloretsu eta bizia gertatzen delarik. Baliteke gehien erabiltzen den animazio teknika marrazketa izatea, eta honen barruan industriak erabiltzen duen marrazki bizidunena, orain gutxirarte paperetatik azetato gardenetara pasatzen zena, bertan koloreztatzeko. Egun, bigarren parte hau ordenagailuz egiten bada ere, oraindik ere jatorrizko marrazkiak paper eta arkatzaren bidez egiten dira, eta aurrekontuaren arabera kontu gehiago edo gutxiagoz. Dena den, marrazketa teknika hau, industriatik aparte ere, artista askok erabiltzen du, gehienetan paperean marraztu eta koloreztatzen dutelarik, koadernoak betez pelikularen hasieratik amaieraino burutzen dute. Honetaz hitz egiten dudanean beti etortzen zait burura Johanna Quinn en lanak, eta zehazki "Girl´s night out" pelikula, non marrazketaren estilo libreaz ematen dion erritmo izugarria irudiari. Galeseko egile honek konbinatu du Channel 4 ek ekoiztutako bere lan horretan oso gidoi sendo eta erakargarria teknika ezin hobearekin. "Nesken parranda"z itzul genezakeen titulupean zera kontatzen digu eta aldi berean deskribatu: fabrikabatean lan egiten duten berrogeien inguruan dabiltzan emakumeen gau pasa gizonen strip tease erakustaldi batera doazenean. Marrazkien erritmoa, aukeratutako pertsonaien aurpegien arrunkeria eta xamurtasunaren konbinazioa, beren janzkera, portaera eta nahien hurbiltasunak kutsatu egiten gaitu. Animazioaren panoramaren aurkako muturrean, berriz, zeluloidean bertan pintatutako pelikulen kasua dugu. Teknika zaharra da, zinea bezain zaharra edo agian zaharragoa, esaten baita zinearen aitzindarietakoa dela, garai haietan zeluloidea ez zela eta, kristaletan pintatzen bazen ere. Lan hauetarako nahikoa da zeluloidea izatea eta pintatzeko materiala, norberaren gustura. Badira egileak olio zein tenperak erabiltzen dituztenak eta etxeko produktu kimikoez, (lixiba, salfuman...) nahasten dituztenak. Badira ere tinta txinarra erabiltzen dutenak, koloreko zein beltza, eta beste batzuk, tinta komertzial iraunkorra erabiltzen dute. Egia esan, arazo bakarra izaten da kolorea nola atsekitu plastiko mota bat den zeluloide euskarrira, eta aurkitzen bada modua, talentua izan behar dela. Teknika hau XX mendearen 20etan ere asko erabili zen, era abstraktu zein figuratiboan, Egile ezagunenak Len Lye eta Norman McLaren direlarik ere, ehundaka daude zine formatu haundi zein txikietan probatu dutenak, eta bereziki teknika erakargarria izan da pintoreentzat, bertan topatu baitute beren pinturari mugimendua emateko modu ezin hobea. Honela ba, gure bi pintore garrantzitsuk probatutakoak dira, hots, Rafa Ruiz Balerdi bere "Homenaje a Tarzan: Cap. 1, la cazadora inconsciente" film figuratiboarekin eta Sistiaga, zeinek 4 filma amaituta ditu eta beste bat burutze prozesuan, izan ere "Ere erera baleibu subu aruaren..." munduan dagoen filma luze abstraktu bakarra da. Hala ere, bere "Impresiones en la alta atmósfera" nire pelikula gogoenetakoa da, non ileak harrotzeko moduko giro hipnotikoa sortzen duen . Bi teknika hauek guztiz kontrakoak iruditu arren, ez da hala, alde batetik gurutzatzen direlako zenbaitegileen lanetan non film abstraktuak egiten diren paperaren gainean eta baita zeluloidearen gainean marrazki zehatzez egin diren ere; baina batez ere bai teknika hauek eta gainontzeko guztiak bat datoz mugimenduaz baliatzen direlako beste espresabide eta materialen gainetik, eta mugimendua bizitzaren adierazle nagusiena denez, bizitza bera da film hauen adierazle, ezerezari anima, arima ematen diote: Ez genioke euskaraz arimazioa deitu beharko? Begoña Vicario, zinegile eta irakaslea Euskonews & Media 135.zbk (2001 / 9 / 14 21) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria