132 Zenbakia 2001-07-20 / 2001-07-27

Gaiak

Euskara XXI. mendeari begira

KINTANA URTIAGA, Xabier

Euskara XXI. mendeari begira Euskara XXI. mendeari begira * Xabier Kintana Soziolinguistek diotenez, gure planetan mintzatzen omen diren hiru mila inguru hizkuntzetatik, gehienek ez dute mende berria amaitzen ikusiko, globalizazioarekin betiko galduko baitira, populazio handieneko mintzairen fabore. Hemen ere arrain handiak txikiak jaten ditu, eta, bistan denez, gurea txipa edo ezkailu nimiñoa besterik ez da inguruko marrazo beldurgarrien artean. Gogoan izan dezagun, gainera, beste kultur hizkuntzek beren batasuna eta literatur eredua aspaldidanik ongi finkatua duten bitartean, euskarak, aldiz, batasuna egin berrixea duela, euskaldun heldu gehienak eskola erdaraz jaso zutelako , beren hizkuntzaz analfabetoak direla, eta, hori berez gutxi balitz bezala, gure herritar heldu askok ez dakitela euskaraz. Horri, jakina, gure nazioaren zatiketa administratibo eta politikoa erantsi beharko diogu, hortik datozen hizkuntz politika ezberdinekin: aldekoa baina seguraski ez nahikoa Euskal Autonomia Errkidegoan, zabarra eta aurkakoa Nafarroan, eta ordaindik erabat zapaltzailea Iparraldean, Egoera soziologiko aski zail eta korapilatsu honekin batera badugu beste datu bat, euskaldunon jaiotze tasaren beherakada ikaragarria, gure herriak administrazio bateratua neurri batez bederen bere esku daukan une historiko bakarrean gertatua, demografia euskaldunari inolako mesederik ez dakarkiona. Izan ere, ez da inorentzat sekretu bat, hizkuntzen biziraupenean badela masa kritikoaren kontzeptua ere, eta horren arabera, argitalpenen, hedabideen eta irakaskuntza berezituaren kostuak gogoan izanda, nekez atera daitezke aurrera halako gutxieneko hiztun kopurura heltzen ez diren mintzairak. Eztabaida egin daiteke gutxieneko horren zenbatekoaz, baina oso baikorra izan arren, ez zait iruditzen, Euskal Herriko gaurko populazio osoa euskalduna balitz ere, gure hiztunak bi milioi eta erdi lagun izatera helduta lasai egon gintezkeenik, are gutxiago, helburuzko zifra desiratu hori barik, orainohorren herena izatera ere ez garela heltzen kontuan izanda. Kontsiderazio hauen argitan, beraz, kezkatzekoa da, zalantzarik gabe, euskarak mende berri honetan duen erronka. Egiazko egoera latza ezkutatzeko xurikeria goxotan ibili nahi ez badut ere, irakakurle euskaldunaren kontzientzian ardura eta erantzukizun sentimenduak erein arren, ez nuke horregatik hil kanpai alarmistekin bera alferrik ikaratu nahi. Gogoan izan dezagun duela berrehun urte, Wilhelm von Humboldtek ere antzeko etorkizun beltza iragarri ziola euskarari, Unamuno gureak ehun urte geroago bezala, eta halere, agerian da bai bata eta bai bestea, jakintsu handiak izanik ere, zeharo okertu zirela, gure hizkuntzak atzerakada larria izan duen arren. Izan ere, badira munduan ehundaka hizkuntza, gureak baino mintzatuagoak eta hedatuagoak, hiltzeko kenka txarragoan,baina horrek seguru asko ez digu kontsolagarri handirik ekarriko. Halere, hortik ondorio bat atera dezakegu, hizkuntza txiki batzuek dirauten bitartean beste handiago batzuk zergatik hiltzen ari diren hobeto ulertzeko. Hizkuntzek bizirik irauteko lehenbiziko baldintza, oinarrizkoena nik uste, hiztunek beren mintzairari dioten atxikimenduan datza, hots, beren eguneroko harremanetan bera erabili nahi trinko eta setatian. Hori falta denean, gainerako guztiak alferrik daude. Bigarren baldintza mintzairaren beraren egokitasunean datza, hau da, hizkuntza horrek gizarte eta zientzi premia guztiak asetzeko gertu, prestatu eta ongi moldatua izatean, eta horretarako oinarria, hizkuntzaren batasun idatzia da, tokian tokiko hizketa berezien gainetik dagokeen modalitate literario jasoagoa ukaitea. Azkenean, ene ustez, hizkuntz politika ongi programatu eta koherentea letorke, maila politikoetatik bultzatua, hizkuntzak galduriko eremuak berreskura eta oraindik ahul xamar dagoenetan susper dadin. Baldintza hauetatik, itxuraz badirudi hizkuntzarekiko atxikimendua, oro har, aski ondo erroturik dagoela euskaldunon artean, baina, hala eta guztiz ere, konfiantza horretanezin egon gaitezke lo lasai: sentimendu hori ez da denbora eta toki guzietan berdina izan. Sasoi batzuetan, frankismo garaian adibidez, ahulagoa izan da eta orain ere badira hor han hemenka euskararen premia hain garbi oraindik ikusten ez duten sektore zabalak (Hegoaldeko baserri herrixketako jende apalen artean edo Iparraldean gure mintzairak oraindik duen atzerakada bortitza gogoratzea besterik ez dago) eta, beraz, atxikimendu faktore hori indartu eta hizkuntzarekiko harrotasun sentimendua sustatzen ere ahalegindu beharko genuke. Literatur ereduaren batasunean ere bide luzetxoa egina du euskarak, azken hogeita hamar urteotan, baina hor ere, bada kezkagarririk. Alde batetik, irakaskuntza, administrazio eta, batez ere, komunikabideetan inolako kontrolik eta zuzentzaile sistema egokirik jarri ez delako, behialako euskara batu eredu hura, esatari eta kazetari zabarren eraginez, gero eta gehiago identifikatzen da gipuzkera hutsarekin, erabat dialektalak diren formak (hemezapi, laister, behatz....) inolako lotsarik gabe euskaldun guztiontzat eredugarri balira bezala aurkeztuz. Horrek, jakina, beste euskaldun askorengan, despitaz, nork bere euskalkiari hertsiki eusteko sentimendu amorratu eta aski anarkikoa sorrarazi du, Bizkaian batez ere. Hemen, kasu batzuetan gauzak muturreraino eraman dira, eta bizkaiera guztion euskararen aldaki bat barik, harekin zerikusirik ez lukeen aparteko beste hizkuntza bat balitz bezala aurkezten digute, morfologia eta grafia propioak batuaren kontra finkatu nahian, euskara batuak erdara batuekiko borrokan darabilen sokatira zailean barrutik ere kalte egitera datorkion beste lehiakide bat ontra erantsiz. Eta euskalkiei beren tokia emanik ere, galbidera garamatzaten gehiegikeriak lalde batera utzi beharra dago lehenbailehen. Gure orain arteko hizkuntz politika, bestalde, behialako liberalismo politikoaren bidetik ibili zaigu, behatze eta aztertze lan hutsetan, gizartean "berez" gertatzen diren joera eta fenomenoak bere begiraleku aseptikotikikertuz, baina joaera horiek bideratzen, gisatzen eta zuzentzen ahalegin berezirik egin gabe. Garaia dugu, beraz, hemen ere, gure mundua inkesta bidez behin eta berriz arakatzen gehiago ibili gabe, bera aldatzen has gaitezen, hiztunei mezu, kontsidero eta jokabide garbi eta ongi programatuak eskainiz. Hau nahitaezkoa dateke, noski, euskara lan munduan, lagunarteko hizketan, kaleko merkataritza harremanetan etabar sar dakigun. Garrantzi handia du, halaber, informatikak eta beste teknologia berriek hedabide eta komunikabideen arloan eskaintzen dizkiguten baliabideekin gure euskara hasieratik ongi uztartzen jakitea, aurrerapenaren abiada handiko tren hori oraingoan behintzat gal ez dezagun, etengabeko egokitzean. Dakusagunez, fronte ugari agertzen zaizkigu hizkuntzaren aldeko borroka honetan, eta guztiek arreta berezia eta erne egotea eskatzen digute. Xabier Kintana Urtiaga, idazlea eta euskaltzaina Argazkiak: Bai & By eta Ermuako Anaitasuna Ikastolako webguneetatik Euskonews & Media 132.zbk (2001 / 7 / 20 27) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria