Sarea, antzerki politikaren oinarrizko tresna gisa. Bere garapena, egungo egoera eta etorkizunerako erronkak Sarea, antzerki politikaren oinarrizko tresna gisa. Bere garapena, egungo egoera eta etorkizunerako erronkak * Jose Luis Ibarzabal Egibar SAREAk, Euskadiko Antzoki Sareak, zortzi urte egin berri ditu. Sortu baino urte bete lehenago, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren bitartez, Antzokien Sare Nazionala eratu zuen, eta, horren bidez, antzerki sare edo zirkuitu batzuk sortzeari ekin zioten zenbait autonomia erkidegok (Gaztela eta Leonek, Aragoiek, Gaztela Mantxak eta Valentziak, esaterako). Hain zuzen ere horien artean kokatu beharra dago SAREA. Aipaturiko sare hauek, autonomia erkidego guztiek zeuzkaten behar komun batzuei erantzuteko sortu ziren. Honela zioen Euskadiko Antzoki Sarearen urte haietako agiri batek: "erakunde publikoek, azken urteotan, ahalegin handia egin dute arte eszenikoak antzezteko azpiegitura egoki bat sortzearren, koordinazioa eta bultzada eskatzen dituen eskaintza bat kontsolidatze bidean (...). Hori dela eta, koordinazio egitura gisa Euskadiko Antzoki Sarea sortzeko beharra ikusten da". "El florido pensil", Tanttaka. "Koordinazio egitura" hau osatzen dutenak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Foru Aldundietako Kultura Departamentuak, eta azpiegitura egokia izanik hala erabakitzen duten udalak dira. "Puzzle" honen baitan, erakunde bakoitzak zeregin batzuk dauzka: udalei, giza baliabideen nahiz baliabide ekonomikoen zuzkidura dagokie, espazio eszenikoek programazio egonkor bat izan dezaten; Foru Aldundiei, sareko kide diren antzokiei zuzendutako laguntza ekonomikoak arautzea; eta Eusko Jaurlaritzari, SAREA koordinatu, hedatu eta ordezkatzea. SAREAk sortu zenetik izan duen helburu nagusietariko bat, arte eszenikoen ikusleak osatu eta trebatzeko kalitatezko programazio egonkor bat sustatzea da, eskura dauzkan giza baliabideak nahiz ekonomikoak printzipio arrazional batzuetan oinarrituzoptimizatuz. Zortzi urte bete direnez SAREA sortu zenez geroztik, une aproposa da denboraldi honetan zehar egin duen ibilbideari begiratzeko. Horretarako, alderdi zehatz batzuk aztertuko ditugu: programazioa, ikusleen kopurua, programatzaileen lanean duen eragina, eta biren hedapen eta antolaketa. Programazioari dagokionez, azpimarratzekoa da SAREAk eskainitako emanaldien kopurua hiru urtetan (1997tik 2000ra) 655 izatetik 1.057 izatera igaro dela. Bi dira hazkunde honen atzean dauden arrazoi nagusiak: espazio berriak gehitu izana (Bilboko Arriaga antzokia, Donostiako Gasteszena, Durangoko San Agustin eta Errenteria Hiria Kulturunea, handienak aipatzearren), eta sareko espazio ugari kontsolidatu eta hazi izana. Kualitateari dagokionez, berriz, programazioa zabala eta askotarikoa dela gogorarazi beharra dago; izan ere, azken urte honetan guztira 1.057 emanaldi baino gehiago izan dituzten 278 ikuskizun programatu dira, oso anizkoitzak gainera, bai izaeraren aldetik antzerkia (%85), dantza (%7), musikala (%5), lirika (%2) , bai konpainien jatorriaren aldetik EAE (%44), beste autonomia erkidego batzuk (%49), atzerritarrak (%7) , bai ikusleen aldetik haurrak (%25), gazteak eta helduak (%75) , bai eta hizkuntzaren aldetik ere euskara (%29), gaztelania (%59) . SAREAren eskaintza eszenikoak, programaturiko ikuskizunetara joan den ikusleen kopuruarekin batera egin du gora. Hala, 1997an SAREAko antzokietan barna 195.143 pertsona igaro baldin baziren, azken urte honetan kopuru hori 366.304raino igo da. SAREAren ekarpenak aztertzerakoan kontuan hartu beharreko beste alderdi bat, sareko kide diren antzokietako programatzaileen lanean izan duen eragina litzateke. Programatzaileen ordezkariek osaturiko Batzorde Artistiko bat eratu da, bere egitekoa kalitatezko ikuskizun interesgarrien katalogo bat prestatzea eta informazio hori programatzaile guztiei helarazteko bilera periodikoak egitea delarik, eta esan beharra dago Batzorde hau erabat lagungarria izan dela programazio lanakaurrera eraman ahal izateko, bereziki antzokien eskaintzaren segimendu jarrai bat egiteko aukera gutxi dauzkatenen kasuan. Katalogoa, horrela, lanerako tresna baliotsu bat bilakatu da. Bukatzeko, gure antzokietako programazioen arrazionalizazioan izan diren aurrerapen xume baina garrantzitsuak aipatu nahiko nituzke. 1997an ikuskizunen %14ak bakarrik lortzen zuten 5 emanaldi baino gehiago egitea; iaz, ostera, %23ra iritsi zen kopuru hori. Baina aipaturiko alderdi positibo horiek guztiek ez digute gure antzoki sarearen gabeziak aitortzea eragotzi behar. Biren antolaketari dagokionez, SAREAk bere operatibitatea hobetu beharko luke, arte eszenikoak hedatzeko giza baliabideak zein ekonomikoak hobeto erabili ahal izateko. Era berean, antzoki bakoitzaren gaitasun komunikatiboa indartuko duen eta gauzatzen diren proiektu eta jardueren ikuspegi bateratu bat emango duen komunikazio plan global bat beharko genuke. Labur esanda, positiboki baloratu behar da SAREAk arte eszenikoen hedapenean izan duen eragina, baina, zazpi urtetako esperientzia ikusirik, beste aurrerapauso bat emateko garaia iritsi dela esango nuke. Behar bakoitzari modu eraginkorrean erantzuteko eta finkaturiko helburuak errazago lortzeko baliabide bat bihur dadin, behar dituen instrumentuez hornitu beharko litzateke SAREA. Berregituraketa prozesu honetarako, honako proposamenak luzatuko nituzke: Koordinazioaren Bulego Teknikoa, Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzapean, sarearen eguneroko egitekoak dinamizatzeaz arduratuko litzateke (programaziorako interesen bilketa, biren antolaketa, emaitzen ebaluazioa...). SAREAko kide diren antzokientzako dirulaguntzei buruzko arauak, sarearen helburuak lortzera bideratutako irizpideetan oinarrituko lirateke (programa egonkorren kontsolidazioa, baliabideen optimizazioa...). Programatzaileen arteko koordinazioa areagotuko duen sare informatikoa ezarriko litzateke (intranet, Web orria), lanerako sistema arin eta eraginkorragoa izan dezaten. SAREAren gaitasun komunikatiboaindartuko duen komunikazio plana zehaztuko litzateke, sareko espazio desberdinetako arte eszenikoen programazioak presentzia handiagoa izan dezan komunikabideetan. Ohikoa den legez, planteamendu berriek behar berriak sortzen dituzte. Arte eszenikoak hedatzeko politikari dagokionez, SAREA Administrazio Publikoen funtsezko tresna izatea nahi badugu, nortasun juridiko propioa emateko aukera planteatu beharko litzateke, horrela askoz ere modu operatiboagoan bideratu ahal izango litzatekeelako proiektu honetan barnebilduta dauden erakunde guztien lan komuna. Amaitzeko, SAREA herrialde honetako antzoki politikaren oinarrizko tresna gisa errealitate bizi, plural eta konplexu bat dela azpimarratu nahiko nuke, eta zeresan handia daukala arte eszenikoen arloan. Sare dinamiko, arin, operatibo eta ireki baten aldeko apustua egiteak, gure herrialdeko arte eszenikoen garapenaren aldeko apustua egitea esan nahi du. Jose Luis Ibarzabal Egibar, SAREAko koordinatzailea Argazkiak: Lehenengoa ("El florido pensil") "Artezblai" aldizkarian argitaratuta dago eta gainontzekoak Manuel Vasco argazkilariarenak dira, berak egindako Victoria Eugenia Teatroaren erreportai grafikotik atereak, errestaurazio lanak hasi baino lehen (2001eko urtarrila abuztua) Manuel Vasco. Fototres, tel: 954908912 Euskonews & Media 131.zbk (2001 / 7 / 13 20) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.