Euskal antzerki ekoizpenaren hogei urteri buruzko gogoetak Euskal antzerki ekoizpenaren hogei urteri buruzko gogoetak * Juan Ortega Lekuko naizen aldetik, ez sektorearen partaide naizelako, ez horixe, antzerkiaren ekoizpenak Euskal Herrian azken hogei urteotan izan duen bilakaera azter dezadala eskatu didate. Ez dira ez gutxi hogei urte, eta Euskal Herriko antzerkiaren ekoizpena ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Traspasos, "Pepe el romano". Hirurogeita hamargarren hamarkadaren bukaeran eta laurogeigarrenaren hasieran, demokrazia estreinatu berria zela eta antzerki munduko jendeak eta baita borroka horrekin bat egiteko antzerkiaren mundura jo zutenek hainbeste aldiz aldarrikatutako askatasunen perspektiba zegoela, gaitasunaz baino gehiago asmoz beteta zeuden antzerki talde ugari sortu ziren han hemenka. Prestakuntza eta baliabideen gabezia lanarekin eta sakrifizioarekin estaltzen zuten. Neurri horiek, ostera, ez ziren beren prekarietate egoera gainditzeko nahikoa, eta gutxi batzuk bakarrik lortu zuten aurrera egitea. Nolanahi ere, gutxi horiek bederen lortu egin zuten, eta Euskal Herriko antzerkiaren historian sartu ziren horrela, beren atzetik etorri zirenentzat erreferente bihurtuz. Garai hartako zailtasun nagusia, zaletuen antzerkitik profesionaletara igarotzea zen, espezializazioa edo antzerki ekoizpen batean parte hartzen duten sektoreen konkurrentzia arrazionala geroago etorri baitzen. Urte haietan, denetarik egin behar izaten zuten taldekideek. Batzuetan, euren arteko batek gidaritza lanak beregain hartu (zuzendariak normalean), eta aktoreak izaten ziren protagonista... kontuan izanik eurak izaten zirela, halaber, argiaren eta soinuaren teknikariak, eszenografoak, karga eta deskargarako langileak, ikuskizunaren saltzaileak, txoferrak (baldin eta taldeak furgonetarik bazeukan)... Garajea bai izaten zutela, horixe izaten baitzen beren egoitza, ekoizpen zentroa, bulegoa... Ikus daitekeenez, beste leku guztietan bezalatsu geunden. Baina egoera nagusiahori bazen ere, salbuespen positiborik ere izan zela aitortu beharra dago. Garai hartako salbuespenen artean, Denok Antzerki Ekoizpen Kooperatiba dago. Vitoria Gasteizen 1977an sortua, gogotik aritu zen lanean hainbat montaje antolatzen. Besteak beste, Vitoria Gasteizko Antzerki Jaialdia sortu zuen, eta euskal antzerkiaren panorama dezente animatu zuen hainbat urtez. Laurogeigarren hamarkadak aurrera egin ahala, antzerki talde gutxi batzuk kontsolidatzen joan ziren. Egitura trinkoei eta lanaren kalitateari esker, eta zailtasunak zailtasun, Euskal Herritik kanpo irteten hasi eta prestigiozko Jaialdietan beren burua ezagutzera ematen hasi ziren. Orduantxe hasi ziren lehenengo birak egiten ere; ez ziren oso errentagarriak, baina itxaropentsuak behintzat bai. Eta 1983an, Euskal Herriko antzerki ekoizpenean erreferente izango zen beste gertakizun bat jazo zen, urte batzuk lehenago Denoken sorrera izan zen bezala: Camilo José Celaren "Oficio de Tinieblas" montajea, alegia. Ramón Barearen zuzendaritzapean, Cobaya, Karraka, Kukubiltxo, Orain eta Teatro Estudio taldeek ekoizpena egiteko bitartekoak ezarri zituzten. Bere estreinaldiak izugarrizko jakinmina piztu zuen, eta arrakasta itzela lortu zuen. Horrek "Oficio de Tinieblas" Madrileko Festival de Otoño n aurkezteko bidea eman zion, eta han ere harrera ona egin ziotenez, ate berriak zabaldu zitzaizkion euskal antzerkiari. Ordurako sortua zen Antzerti, Euskal Herriko Arte Dramatikoaren Zerbitzua. Alde batetik Arte Dramatikoko Eskola zen, eta bestetik Antzerkien Ekoizpen Etxea, eta nahiko konpainia ofizial egonkorra zeukan. Erakunde honek itxaropen handiak eman zizkion antzerkiaren munduan zebilen jendeari, antzezle zein teknikariak trebatzeko eta eremu lokaletik haratago joateko aukera ematen zuelako, talde pribatuen ekimena zabalduz eta hobeto prestatutako profesionalez hornituz. Hainbat urtetan lanean aritu ondoren, eta tartean ezustekoak, norabide aldaketak, arrakastak eta porrotak izan zirela, Antzerti desagertu egin zen.Bere baitan trebatu ziren profesionalak, ostera, beste talde batzuetan sartu, eta talde horien maila hobetzen lagundu zuten. Besterik da Antzertiren sorkuntza, funtzionamendua eta desagerketaren inguruan azterketa xehe bat egin behar izatea izatez, dagoeneko aztertuta dago gai hau , eta dagokien estamentuek, antzerkiaren arloko etorkizuneko politikak zehazteko orduan, kontuan izatea bertatik ateratako ondorioak. Bien bitartean, euskal taldeen eboluzio inboluzioak aurrera egin zuen, nahiko modu ezegonkorrean oro har. Ekoizpena, aldiz, gero eta oparoago eta arrakastatsuagoa zen. Antzerti sortu zenetik urte batzuk igaroko ziren antzerkiaren ekoizpenean eragina izango zuen beste ekimen "ofizial" bat sortu arte. Hala, 1992an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesean, Arteszena osatu zen, Gipuzkoako Antzerki Publikoa, antzerkia ekoiztu eta erakusteko unitate gisa. Orain taldeko Maribel Belastegui eta Ttanttaka taldeko Fernando Benués izan ziren zuzendari. Gipuzkoa, Bizkaia eta, oker ez banago, Arabako ehun antzezle eta teknikari baino gehiagok hartu zuten parte proiektu berezi honetan ez dut beste Antzerki Publiko Probintzialik ezagutzen . Bere hiru urteetan zehar lehen urtean laurogeita hamar milioiko aurrekontua izan zuela uste dut , Arteszenak Arthur Schnitzler en "Kakatua berdea" ikuskizuna prestatu zuen, Mario Gasen zuzendaritzapean, batik bat gazteei zuzenduta. Berrogeita hamar emankizun baino gehiago eskaini zituzten, eta orotara hemezortzi mila ikusle baino gehiago bertaratu zituen. Bigarren ekoizpena, "Amets erotikoak" izeneko dantza ikuskizun bat izan zen, koreografiaren egileak Marc Gómez, Toni Mira eta Josu Mujika izan zirela. Berrogeita bost emankizun inguru eskaini zituzten, hamabi mila ikusle baino gehiagorentzat. Ondoren, "Mephisto" etorriko zen, hiru proiektuen artean anbiziosoena. Pere Planella izan zen zuzendaria, eta berrogei emanalditik gora eskaini zituzten... Arrakasta artistikoak alde batera utzita hor ere denetarik izan zen , Arteszenaoso proposamen interesgarria zen. Inolako zalantzarik gabe, oso lagungarria izan zen Euskal Herriko antzerki ekoizpenen maila igotzeko, teknikari eta antzezleen lanari duintasun handiagoa emateko, antzerkia eta dantza hedatzeko... desagertu egin zen arte. Baina euskal taldeak talde edo ekoiztetxe izena hartzen hasi zirenean, beren egiturak malgutzen hasi ziren, profesionalak ere gero eta maizago joaten ziren talde batetik bestera, eta ekoizpenerako metodologia profesionalizatzen joan zen. Horrela, ekimena oraindik ere talde bakoitzeko arduradun titularren esku bazegoen ere, antzezleak, teknikariak eta zuzendariak kontratatzeari ekin zitzaion, proiektu bakoitzaren beharren arabera. Joera hau, hala ere, ez zen orokorra izan. Talde asko eta asko zeuden, eta gehienak estutasun larriekin zebiltzan. Adibide modura, ikus ditzagun 1995eko datu batzuk: ordurako hirurogei talde zeuden Euskadin, eta horietatik bostek baino ez zituzten hogeita sei emanaldi baino gehiago eskaini; gainerakoek, urtean batetik bostera bitartean eman zituzten. 1995ean, ekoizpenaren mundua eragin zuen beste gertakizun bat jazo zen, hain zuzen ere orduantxe sortu baitzen Eskena, Euskadiko Arte Eszenikoen Enpresa Ekoizleen Elkartea. Helburu anitz zeuzkan: antzerkia promozionatzea, bere garapena bultzatzea, irizpideak eta baliabideak bat egitea, banaka aurrera eramateko zailak ziren proiektuak elkarrekin prestatzea, eta erakundeekiko harremanak hobetzea (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, udalak, programatzaileak, titulartasun publikoko antzezlekuen erabilera, euskal taldeak beste autonomia erkidego batzuekin trukatzea, etab.). Markeliñe, "Entre Tejas". Gaur egun, honako talde hauek daude Eskenaren barruan: Porpol, Traspasos, Teatro Paraíso, Emilio Fdez. de Pinedo, Markeliñe, Kukubiltxo Antzerki Taldea, Ttanttaka, Hika Antzerki Taldea, Maskarada, Taun Taun, Julio Perugorria Producciones, Txalo, Ados Teatroa, La Tentación Producciones, Hortzmuga eta Txamuskina. Zerrenda horretan ez dira dauden talde guztiakagertzen, baina aipaturiko guztiak behintzat Eskenaren barruan daude. Hein handi batean horien guztien esku dago euskal antzerki ekoizpenaren etorkizuna. "Efemerideekin" aurrera jarraituz, 2001. urtera iritsi gara, zalantza izpirik gabe laurogeigarren urteetan zegoena baino itxaropentsuagoa den egoera batera. Arrazoi batengatik edo besteagatik, bidean gelditu dira Aquelarre, Bekereke, Denok, Gazteiz, Geroa, Karraka eta Orain bezalako taldeak, batzuk bakarrik aipatzearren. Gehiegitxo da desagertu egin zirela esatea; egokiagoa da beren jarduera eten egin zutela esatea. Euskal Herriko antzerkiaren historiaren zati dira, eta asko lagundu diote bere izen onari. Lagundu diote, eta laguntzen jarraitzen dute, bertako kide izan zirenek Euskadiko antzerkiaren alde lanean dihardute eta... Era berean, Ur, Ttanttaka, Tentación, Txalo, Markeliñe, Paraiso, Ados eta beste euskal talde batzuek etorkizun oparoago batean pentsatzeko bide ematen digute. Aipatu bezala, 2001. urtea Jaialdi eta Zirkuitu ospetsuetan presente dauden montajez eta prestatze bidean dauden ekoizpenez beteta dator Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aurtengo deialdian berrogeita bi proiektuk eskatu dute dirulaguntza . Hori guztia, oso antzezle, teknikari, zuzendari, eszenografo, banatzaile eta gainerako profesional onak dauzkaten ekoiztetxeek hartu duten indarrari esker. Zer esan nahi du honek, Euskal Herriko antzerki ekoizpenen egoera paregabea dela? Ez horixe. Baina mundu horretan ahaleginak eta bi egiten ari direnek aintzatespen bat merezi dute, itxaropenez betetako begirada bat, lortzeke dagoena besterik ikusten ez duten kritiken aldean, lortu beharreko hori asko bada ere... Juan Ortega, Eibarko Nazioarteko Antzerki Jardunaldien zuzendaria Euskonews & Media 131.zbk (2001 / 7 / 13 20) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.