Zuzenbide irakaskuntzaren subjektu pasiboa Zuzenbide irakaskuntzaren subjektu pasiboa * Iñaki Orbegozo 1. Ikaslearen ikuspuntua Atal honen helburua ikaslearen ikuspegia plazaratzea denez, lehenik eta behin, ikasle hori juridikoki zer den definitu beharko genuke, gure azterketa metodologia zuzenaz ardaztu nahi baldin badugu. Horregatik, titulu honek ene hausnarketaren ildoaren nondik norakoa adierazi nahi du: zein den E.H.U.ko zuzenbide fakultateko ikasle honek jaso izan dituen eskaintza eta betebehar aipagarrienak, ikasketa juridikoen bost urteko ibilbidean. Esan beharra dago, eremua gehiago zehazteko, ikaslea elebiduna dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak menperatzen dituela; baita preziatu eta erabili ere, biak, bere ondare kulturalaren muin bezala. Hala ere, jakin badaki euskara haur jaioberria dela mundu juridikoan eta, aurreiritzi horrekin, eskakizun zorrotzik gabe eta begirunez hurbiltzen zaio. Ikaslea, aldi berean, ogibidez historiako irakaslea da eta, modernitateak derrigortua, Irakaskuntza Ertainetako erreforma dela medio, batetik; eta jakin minak bultzatuta, bestetik; goizetik arratsaldera, birziklagai diren beste lagunekin batera, halako eskizofrenia arraro bezain interesgarrian bizi da, ikasgela bi ikuspegi zeharo desberdinetatik ikusiaz. Arratsaldean, bere alter egoa ren eraginak baztertu ezinik, irakaslearen jarduna arretaz aztertzen du, baina, aldi berean, bere buruaren kritika egiten du, ezinbestean. Hau da, beraz, artikulu honen idazleari buruzko nahitaezko azalpena, ondoren plazaratzen diren iritzi eta hausnarketak zein ikuspuntu eta nolako egoerak baldintzaturik egin diren irakurleak jakin dezan. 2. Ez dago aukerarik Fakultatera joan eta harri eta zur utzi ninduen lehen gauza ikasgaien artean inongo aukerarik ez egotearena izan zen. Irakaskuntzaren beste arloetan ohikoak diren gai komunik, enborrekorik eta hautazkorik aurkitu ez izanak, zeharo, harritu ninduen. Gaur egun, hamalau urteko ikasle batek xakea, joko matematikoakedo ordenagailuz lagunduriko diseinuaren arteko aukera egin dezakeen bitartean, zuzenbideko ikasleak ez du inongo erabakitzeko ahalmenik zuzenbide administratibo, finantzario edota laboralean sakontzeko. Zuzenbidea bezain zabala den esparru profesional batean espezializazioa beharrezkoa dela uste dut, bestela, fakultateak kultura juridiko orokorra eskaintzen du eta, gero, ikaslea master baten bidez sakontze lan hori egitera derrigortuta dago. Masterren negozioa bultzatu nahi dela pentsa lezake gogo maltzur batek. 3. "Euskal adarrak" deiturikoak Euskaraz ikasteko posibilitateari buruz galdetu nuenean euskal adar batean matrikulatu behar nuela erantzun zidaten, hots, gai guztiak, edo gehienak. euskaraz ematen diren talde batean eta, txandaka, ikasmaila batean goizez, hurrengoan arratsaldez, antolatzen zirela talde horiek. Zoritxarreko titulu honen lehen inpresioa gaindituta, kontuak atera eta ikasketak euskaraz bi mailetan, soilik, egin ahal izango nituela erreparatu nuen. Gainera, bi hizkuntzak ikaslearen interesaren arabera erabiltzeko aukerarik ez zegoen, gai batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz (ingelesez edo frantsesez) lantzeko posibilitatea ukatu egiten zen, Unibertsitatearen izaera unibertsalari uko eginez. Euskaldunok, iparralde zein hegoaldean, gure harremanak gizarte elebidun batean jorratzen ditugu, hor datza gure ahalegina eta gure aberastasuna ere. Erdaldunek, ordea, gaur egun, medio elebakar batean jarduteko luxuaz eta pobreziaz gozatzen dute. Horregatik, ene aburuz, euskaldunok bi hizkuntzatan trebatzeko eskubidea dugu, hirugarren bat lantzeko aukera baztertu gabe. Ikasturte bakoitzean ikasleak, bere gogoa eta beharraren arabera, biak orekatzeko askatasun osoa izan beharko luke. Unibertsitateak ikasleari bere irteera profesionalaren igurikapena edo jakinmina asetzeko helburuarekin, gai bat, bi, hiru edo denak bai euskaraz bai erdaraz egiteko eskubidea eta aukera bermatu behar dio. Unibertsitatea ezin da Lehen Hezkuntzako Eskola bihurtu (Bigarren Hezkuntzanhautazko gaiak daude eta), non, ikaslea talde bati esleitua izaten den bere tutorearen zaintzapean. Euskaraz ikasteko eskubidea ikasleek dute eta ez euskal adarrek. Printzipioz, eskubide indibidual baten aurrean aurkitzen gara, nahiz eta antolaketa kolektiboa eskatzen duen, baina antolaketaren beharrak ezin du eskubidea ukatu. Bestalde, euskara ez da beste edozein hizkuntza, gure hizkuntza ofizial bat da eta askoz ahulagoa da bestea baino. Norberaren ideologia eta atxikipen afektiboz gain botere publikoak euskararen aldeko diskriminazio positiboa egitera obligaturik daude, hau da, hemengo hiritarrei, bere ezagutza mailaren arabera, unibertsitatean euskaraz ikasteko aukera erraztu behar zaie. Euskal erdaldunek ere euskal adarretan noizbehinka, ordu edo minutu pare batez, besterik ez bada, pausatzeko eskubidea dute, noski; eta hori ahalbidetu behar zaie. 4. Euskal irakaskuntza eta kalitatea "Euskara hizkuntza bat da" esaten omen zuen Mitxelenak eta, denbora pasa ahala, bere esaerari zerbait erantsi zaio gure unibertsitate publikoan: "euskara kalitate gutxiko hizkuntza bat da" edo euskaldunok gara kalitate txarrekoak. Zin degizuet, lerro euskaldunei buruz zentzugabekeria franko entzun dudala: kalitatea ez omen da berdina, akademia bat bihurtzeko arriskuaz kezkati daude batzuk (erdarazkoa ez omen da kezkagarri), doktore ez diren irakasleak kontratatzen direla (erdaldunak denak doktore sartu izan baliran) eta abar. Kontua garbia da: euskara susmopean dago unibertsitatean eta zuzenbide fakultatean. Eta ez du errugabetasun presuntzioaz gozatzen, iuris tantum presuntzio baten aurrean gaude eta kontrakoa frogatzen ez da erraza. Donostiako zuzenbide fakultatean, euskaraz eta erdaraz ikasi dugun hainbat ikasle edadetuk, maiz, adierazi izan dugu euskal irakaskuntzaren kalitateak ez ziola ezer zor erdaraz jasotakoari; aldiz, nabarmentzekoa zela irakasleen seriotasuna eta lanarekiko ardura, bai klasetan, bai tutoretzan. Baina, gure lekukotza ere susmopean jarri izan du batek bainogehiagok inongo ezagutzarik gabe. Alde batean zein bestean. interes ideologiko eta laboralak daudela dudarik ez daukat, baina euskarak ez duela inor tontoago egiten ziur nago. Ez diezaiogun, beraz, euskara gizajoari ez dituen ahalmen eta errurik lepora. Nire bost urteko ibilbidean, era guztietariko irakaslerik ezagutu dut: jakintsuak eta ergelak, langileak eta nagiak, didaktikoak eta autistak, baina kalitate hauek ez dute inongo lotura logikorik euskalduntasunarekin. Hariari helduz, lerro euskaldunetan aurkitu dudana zera izan da: jende gaztea, bere prestakuntzan buru belarri sartutakoa, hizkuntzaren oztopoei irtenbidea emateko saio itzela egiten zuena eta, susmopean jarduten zutenez, egunero zerbait frogatzeko beharrean dagoenaren sindromea ere bazuena. 5. Terminologiaren arazoa Hizkuntza normalduetan, zuzenbidearen irakaskuntzak terminologia finkatu baten laguntza izaten du. Lexikoa legean datorrena da, honek baitu eragin juridikoa auzitegietan. Euskaraz, ordea, ez da horrela gertatzen, euskaraz sortutako legerik apenas dagoen. Kontuz, ez naiz itzulpenaz ari. Nahitaezko itzuli behar honek oztopo eta bertuterik handienak dakarzkio zuzenbidearen euskal irakaskuntzari. Oztopoa da, zeren eta zuzenbideak hitz zehatza behar baitu bere eremu semantikoa mugatzeko eta itzulpen desberdinak egiteak, kontzeptu berbera adierazteko, erruz zailtzen du lana. Bestalde, itzulpen lan honek kontzeptualizaziora behartzen du, termino egokiena bilatu behar baita esanahi juridiko horretarako. Euskaraz jarduten duen irakasleak ezin du bere lana burutu legea edo honen komentarioaren irakurtze hutsarekin (horrelakoak badaude gaztelaniaz). Kategoria juridiko guztien eremua osatu behar du eta modu ulergarrian azaldu ikasleei. Beste era batera esanda, irakasle euskaldunak "legearen hitzetatik arauaren izpiritura" nahitaezko igarobide teleologikoa egin behar du. Etorkizunean, zuzenbidearen irakaskuntza ondorengo bi ildoetatik garatu behar dela uste dut: lehena, bertan diharduten profesionalen zereginada, hots, terminologia finkatzea; bigarrena, aldiz, bere eskuetatik at dagoen aldagai baten araberakoa da, alegia, auzitegietan euskara erabiltzearena.. Zuzenbidearen irakaskuntzak euskaraz ez du zentzurik justizia euskaraz ez baldin badago. Iñaki Orbegozo, Historian eta Zuzenbidean lizentziatua Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4 27 / 5 4) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.