Hizkera juridikoa Hizkera juridikoa * Jon Agirre Garai Hizkuntza komunikatzeko tresna da. Helburu, egoera edo aldi bakoitzean erabiltzen dugun hizkuntza erari hizkera deritzogu. Zuzenbidea tartean dela darabilgunari zuzenbidearen hizkera edo hizkera juridikoa esango diogu. Ez dugu definiziorik emango, joera zabalduena definizioak ematen saiatzea izan arren, emaitza urrikoa gertatzen baita askotan esaldi bakarrean zerbait guztiz zehaztu eta mugatzea, eta kasu honetan ere bai, zuzenbidearen hizkera homogeneoa ez delako. Hizkuntza aldaerak Hizkuntza aldaerak hiru elementuren arabera mugatu ohi dira: Lekuaren arabera: geografia eremu ezberdinetan hizkera ezberdinak erabiltzen dira; hizkuntza bera izanda ere, tokian tokiko hizkerak daude gurean, esate baterako, euskalkiak eta azpieuskalkiak . Denboraren arabera: historian zehar garai bateko hizkera eta oraingoa ez dira berdinak; historia tarte luzea hartu barik ere, belaunaldi batetik bestera hizkuntzari buruz dagoen jauziak hizkuntza aldaera edo hizkera ezberdinak definitzen ditu. Taldearen arabera: hiztun talde batekoek eta bestekoek ere ez dute hizkera bera erabiltzen. Askotan gizarteko mailaren arabera hizkera ezberdintasunak nabaritzen dira. Gure kasuan klase sozialagatik baino gehiago ikasketa mailak markatzen du aldea. Azken elementu honen arabera, lanbide berekoek beren artean erabilzen duten hizkera ere bereizten da. Hizkera horri soziolektoa deritzo eta ez da nahastu behar hizkera teknikoarekin. Soziolektoak taldekotasuna ematen dio hiztunari. Muturrera eramanda argota izango litzateke. Argotaren helburua, talde identitateaz gain, taldekoa ez denak ez ulertzea da. Gutariko bakoitzaren hizkera toki, garai eta talde bateko hizkuntza aldaerak baldintzatzen edo zehazten du. Izan ere, hizkuntzak nortasuna ematen digula esaten denean, hiru koordenatu horiek definitutako hizkerarekin identifikatzen garela esan nahi da. Hori bakoitzaren idiolektoa da eta toki, garai eta talde bateko kide garela sentiaraztendigu. Estandarra Dialekto aldaera horien gainetik, hau da, geolekto, kronolekto eta soziolekto horien gainetik, eta bakoitzaren idiolektoaren gainetik, estandarra dago. Hau ere hizkuntza aldaera bat da, baina, haiek hizkuntza guzti guztietan ageri badira ere, estandarra hizkuntza garatuek baino ez dute sortu. Hizkuntzak bizirik eta osasuntsu irauteko behar beharrezkoa du estandarra, hots, hiztun guztiek elkarrekiko komunikazioa ziurtatzeko maila neutroan erabiliko duten hizkuntza aldaera. Euskararen kasuan ez ditugu nahastu behar euskara estandarra eta euskara batua. Batasunerako emandako arau eta gomendioek estandarra finkatzen laguntzen dute, baina litekeena da, adibidez, euskalki estandarra izatea, kasurako, bizkaiera estandarra kontuan izan, gainera, eskualde batzuetan bertako euskara taldeek azpieuskalki estandarra finkatzeko saioak egin dituztela . Dena den, argi dagoena da hizkuntza estandarra espezialitateko hizkeren oinarri dela. Horregatik da garrantzitsua estandarra finkatuta izatea: esan bezala, hizkuntza guztiek dituzte lehen aipatu ditugun aldaerak, baina aldaera horien gainetik estandarra ezarrita daukatenek bakarrik sortu ahal izango dituzte hizkera teknikoak edo espezializatuak. Teknolektoa Eginkizun berezietarako aldaera (language for special purposes = LSP ingelesez) edo espezialitateko hizkera da teknolektoa: adituen arteko komunikazio teknikoa ziurtatuko duen hizkuntza aldaera zehatza. Gurean euskara teknikoa esaten diote unibertsitateetan. Terminologia berezia eta fraseologia berezia ditu hizkera teknikoak. Denak, ordea, ez daukate abstrakzio maila bera. Gutxien daukanetik abstrakzio maila handiena daukanera dauzkagu lanbide hizkera (arrantzakoa, adibidez: hitz bereziak dituzte baina hizkuntza estandarra erabiltzen dute, abstrakziorik gabe), hizkera teknikoa, zientzia hizkera eta sinbolo hizkera (matematikako sinbologia, adibidez, erabateko abstrakzioarekin). Zuzenbidearen kasuan, lege eta arauetan abstrakzio maila txikia ageri da, normalean;generalizazioak dira dauden abstrakzio ia bakarrak. Aitzitik, dokumentu juridikoetan (kontratu, testamentu eta horrelakoetan) ez dago ia abstrakziorik, eta, beste muturrean, dogmatikan edo zuzenbidearen zientzian abstrakzio mailarik handiena daukagu. Zuzenbideko kontzeptu asko eta asko ez dira legeetan ageri; aitzitik, arauen interpretazio koherenteak bilatzerakoan sortutako kontzeptualizazioaren ondorio dira. Legedia herritarrari interesatzen zaio eta hark ulertzeko moduan idatzi behar da, zientzia juridikoa, ordea, filosofiatik eta adituen interesetik hurbilago dago. Hortaz, ezin dezakegu esan zuzenbidearen hizkera homogeneoa denik, ezta beti berdin idatzi behar denik ere. Agiri juridikoetan eta legedian hizkera estandarra erabiliko da batik bat eta teknolektoari dagozkion terminoak erabiltzen direnean argitu egingo dira; gutxienez lege arauetan, legediak denoi eragiten baitigu edo gutxienez talde zabalei eragiten baitiete. Ez da nahastu behar teknolektoa (hizkera teknikoa) eta soziolektoa (arloko adituek beren jardunean sortu duten talde hizkera). Geroago argituko dugu puntu hau. Zuzenbidearen hizkera Gizakion bizimodua eta interesak arautzen eta, beraz, baldintzatzen dituenez, argitasuna eta zehaztasuna eskatu behar zaio zuzenbideak komunikatzeko erabiltzen duen hizkerari, gizartearen kide gehienok arazorik gabe uler dezagun guri dagokigun guztia. Hala ere, errealitatea bestelakoa izaten da sarritan. Badirudi segurtasun juridikoaren eskakizunetariko bat izan beharko litzatekeela zuzenbidearen hizkera eta zuzenbide hori aplikatuko den gizartearen hizkera bat etortzea, baina ez da hala izaten. Izan ere, zuzenbideak gizarte harremanetan betetzen duen eginkizun arautzaileak behartu egiten du hizkera arrunteko berba askoren zehaztasunik eza baztertu eta, berba arruntak termino bihurtuz, esanahia era artifizialean zehaztera, mugatzera eta baita itxuraldatzera ere. Terminoen edo teknika hitzen zehaztasun bilaketa hori amaigabea da, eta lorpena baino gehiago helburuada: lortzera jo behar dugun helburua. Esandakoaren adibidetzat, hots, hizkera arrunta eta hizkera tekniko juridikoa bat ez datozela ikusteko, nahikoa da anekdotaren bat kontatzea, esate baterako, abokatuak bezeroari esaten badio ez daukala jarduteko gaitasunik zuzenbidean hau edo bestea egiteko, bezeroa haserretu eta erantzungo dio jarduteko gaitasun handiko pertsona dela bera, halako eta bestelako ikasketak, eskarmentua eta prestakuntza dituelako. Baina komunikazioak huts egin die: abokatuak legeak Kode Zibilean definitzen duen ahalmenaz dihardu, hizkera juridikoan, eta bezeroak bere balio eta trebetasunaz ari dela ulertu du, hizkera arruntean. Zuzenbidearen terminologia Berdintsu gertatzen da terminologiarekin. Hizkera arruntean, adibidez, pertsona hitzak `gizakia' esan nahi du, baina zuzenbidean betebeharrak eta eskubideak izan ditzakeen edozein subjektu da pertsona, baita korporazioak, sozietateak, elkarteak edo fundazioak ere. Edota, mantenu, hizkera arruntean `jatekoa' dena, zuzenbide zibilean, jatekoaz gain, bizilekua, jantzia, heziketa eta, oro har, bizitzeko beharrezkoa den guztia da. Esanahi "berri" horiek legeak finkatzen ditu. Adibidez, interesdun, hizkera arruntean hizkuntzaren hiztegiek difinitzen dutenez, zerbaitek axola diona edo zerbaiten jakinmina daukana da, baina administrazio zuzenbidean zer den 4/1999 legeak ezartzen du (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, 31. artikuluan). Berdin dio asko nahiz gutxi axola dizun eta jakinmin handia duzun ala ez. Beste kasu batzuetan, zuzenbideko hizkerak hitz zaharkituak berreskuratzen ditu egin behar dituen bereizketak egiteko. Esate baterako, hizkera arruntean laguntzaile esango genukeena, zigor zuzenbidean bereiztu beharra dago, parte hartze motaren arabera, eta sopikun hitz galdua berreskuratzeko saioak egiten ari dira delitugilearen erantzukizun berbera daukan parte hartzailea izendatzeko. Azkenik, zenbaitetan, hizkera arruntean erabiltzen ez diren hitzakere baliatzen ditu zuzenbideko hizkera teknikoak, adibidez: alkar poderoso, ebikzio edo eroskeria. Hizkera juridiko argia Hortaz, hizkera arrunteko esanahitik aldentzen diren termino eta esamoldeen esanahia arauan bertan definitzea eskatzen du segurtasun juridikoak, askotan, baina ez beti, egiten den moduan. Aldi berean, kontuan izan behar da arloko adituen soziolektoak kalte handia egiten diola arloko hizkera teknikoari, hots, teknolektoari. Hain zuzen ere, zuzenbidearen literaturan erabiltzen den hizkera mordoiloak ez dauka zerikusirik hizkera teknikoarekin. Zuzenbideko eragileek beren txosten, errekurtso, epai eta idazkietan erabiltzen duten fraseologia eta, sarritan, hiztegia ez da nahastu behar terminologiarekin. Adibidez, abokatuak epaileari aurkezten dion idazkian eskari bakoitzari aurretik orobat ezartzea ez da legez behartutako zerbait antzinako erretorikaren aztarna antzua baino. Aski litzateke izenburutxo bat jartzea: Eskariak, eta, ondoren, gaur egungo estiloan, eskariok zenbakiz ematea. Baina terminologia juridikoa bailitzan erabiltzen ditugu horrelakoak. Berdintsu, Gertakariak eta Zuzenbidezko oinarriak izenburuez baliatu beharrean kontuan harturik behin eta berriro errepikatzea. Azkenik, ez dugu ahaztu behar zuzenbidearen hizkera adituen arteko komunikaziorako den arren, ez dela beraien artean erabiltzeko bakarrik. Herritarra tartean da, bere interesak defendatu behar ditu, eta abokatuak interprete lana eginez segurtasun juridikoa bermatuta dagoela esateak ez du balio; izan ere, bezeroak jakin behar du eta ulertu behar du berari dagozkion idazkietan esaten dena, baita abokatuak lana ondo egin dion jakiteko ere. Beraz, arreta berezia jarri behar da, gehiegitan ibiltzen baita abokatua epaileari begira idazten bezeroa inondik ere kontuan hartu gabe, bezeroari ez balegokio bezala, maila jasoa bilatu nahian*. Testu juridikoek behar duten formaltasun maila galdu gabe, estandarrarekiko hurbiltasuna gorde behar dute, eta ez da ahaztu behar hizkera juridikoa hizkuntzaestandarraren gainean eraikitzen dela. Horrela lortuko dugu hizkera juridikoa komunikazio tresna eraginkorra izatea, argot mordoilo izan beharrean. Esan bezala, hizkuntza komunikatzeko tresna denez, helburu, egoera eta aldi bakoitzean era bateko edo besteko hizkera juridikoa erabiliko dugu, komunikazioa den helburua lortzeko, testuaren hartzaileak eta tartean diren guztiak kontuan harturik. * Oso interesgarriak dira Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 1990eko martxoaren 15eko eta urriaren 4ko epaiak: "La exigencia del art. 9.3. C.E. relativa al principio de seguridad jurídica implica que el legislador debe perseguir la claridad y no la confusión normativa, debe procurar que, acerca de la materia sobre la que legisle, sepan los operadores jurídicos y los ciudadanos a qué atenerse, y debe huir de provocar situaciones objetivamente confusas". "Resulta inexcusable en este contexto el esfuerzo del legislador, tanto estatal como autonómico, por alumbrar una normativa tributaria abarcable y comprensible para la mayoría de los ciudadanos a los que va dirigida, puesto que una legislación confusa, oscura e incompleta, dificulta su aplicación y, además de socavar la certeza del Derecho y la confianza de los ciudadanos en el mismo, puede terminar por empañar el valor de la justicia". Jon Agirre Garai, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko burua HAEE Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4 27 / 5 4) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.