Zuzenbidea euskaraz: gaur eta biharko kontua Zuzenbidea euskaraz: gaur eta biharko kontua Javier Aldamiz Echebarría Orain dela zortzi bat urte neure bizitzan, etorkizunean, zer egingo nuen erabaki behar izan nuen, edo zer egin nahi nuen behintzat, eta Unibertsitatean sartu nintzen. Neu, egia esan, bizitzan zeharo zer izan nahi duten ez dakiten horietako bat izan nintzen hamazazpi urte nituela, baina "Los Angeles eko Legea" bezalako telesailak gustatzen zitzaizkidanez, Zuzenbidea aukera ona izan litekeela uste izan nuen. Deustuko Unibertsitatean matrikula egitean beste erabaki bat hartu behar izan nuen: euskaraz eskainitakoa hartu edo dena gaztelanieraz ikastea, eta ondo pentsatu ondoren euskaraz ikastea erabaki nuen ematen ari zen euskalduntze prozesuan parte hartuz, euskaldun berria izan eta orduan orain baino txartoago euskaraz egiten nuen arren (ikastetxean A ereduan ikasi nuene eta). Seguraski hori, Zuzenbidea Euskaraz ikasi izana, izan da orain euskaraz gaztelanieraz bezala berba egiteko arrazoia. Ordura arte ez nuen sekula ezer euskaraz buruz ikasi, eta azterketa bat prestatzeko egunero euskaraz egiten egotea edota giro euskaldun batean murgiltzeak neure euskara maila oso epe laburrean azkartzeko balio zidan. Gainera, klaseko giro ona ere azpimarratu nahiko nuke, bai beste ikasleekin, bai euskarazko irakasleekin. Horregatik, atzera begira, aitortu behar dut asmatu nuela bete betean euskaraz ikasteaz, baina hori ez da arrazoi bakarra irabazi nuela esateko. Orain, bizi dugun une honetan euskara teknikoa eratzen ari da, bizitzako arlo orotan hizkuntz guztietan erabiltzen diren hitzak eta kontzeptuak sortuz eta hor arlo bakoitzeko tekniko edo adituok erantzukizun handia daukagu, geuk, erabiltzaile modura, moldatu behar dugulako zer nolako euskara izango dugun. Beraz, hizkera juridikoaren zailtasunez ari naiz. Tradizio faltaz gain, bi ildotik joan da euskara juridikoaren hiztegia: berezkotasuna gorde edo maileguak hartu. Hau da, seguraski eskoletan, eta gero bizitzaprofesionalean somatu dudan arazorik larriena, inork ez dakiela zihur zelan esan behar den: ordenamendu edo araubide, administrazio edo arduralaritza... eta nahiz eta biak erabiltzen diren, argi dago batak eta besteak adierazten dutela lehen aipatu dudan gatazka hori: batzuek hitzak zuzenean gaztelanieratik islatzen dutela, eta beste batzuek hiztegia sortzen saiatzen direla. Arazo honetan Unibertsitateak erantzukizun handia dauka, berak argi ditzakeelako horrelako kontuak eta poliki poliki hiztegia finka dezakeelako liburu eta itzulpenen bitartez. Bestalde, badira gai honetan zeresan duten bestelako erakunderik: herri administrazioak, elkargoak, etab. Nire ustez Unibertsitateek berebiziko ahaleginak egin beharko lituzkete adostasunaren bila, horrela hiztegi teknikoa finkoa izango genuke. Zuzenbidea ikasi nuenean eta orain ere, abokatutzaren ariketan, ikusten dudan beste arazo bat da euskaraz idatziriko liburu faltarena. Ikasle batek edo abokatu batek zerbait euskaraz egin behar duenean, nahiz eta azterketa edo prozesua euskaraz izan, gaztelanierazko libururik baino ez dauka, eta Zuzenbide Konparatuko kasu bat balitz bezala, bere itzulpenak egin behar ditu, askotan oso zaila dela itzultzea gaztelaniatik euskarara oso egitura ezberdinak dituztelako; euskarari esaldi laburrak dagozkio, hain zuzen ere, eta Gaztelaniaz sekulako esaldi luzeak egin daitezke perpausak eta perpausak lotuz. Horrelako itzulpenak ondo egiten ez da erreza eta, kasu honetan ere, unibertsitateak garrantzi handia eman beharko lioke itzulpengitzari. Dena den, azken urteotan, orohar, asko aurreratu da euskalduntze prozesuan euskal unibertsitateetan. Hala ere, nire aburuz, unibertsitateak ez dira konforme geratu behar euskaraz ikasgai gehiago irakastearekin: saiatu behar dira euskalduntze prozesu hori gizarteko beste arlotara zabaltzen, esaterako, abokatutzaren jardunari, eta horretarako tresnak eman diezazkiguke abokatuoi euskaraz aritu ahal izateko eta Justizia Administrazioa euskaraz izateko. JavierAldamiz Echebarría, Zuzenbidean lizentziatua Deustuko Unibertsitatean Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4 27 / 5 4) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.