Subjektu elebidunengan testu zientifikoen ikaskuntza eta ekoizpena euskaraz eta gazteleraz Subjektu elebidunengan testu zientifikoen ikaskuntza eta ekoizpena euskaraz eta gazteleraz * Arantxa Gorostiaga Manterola Ikerketa hau eragin duen kezka nagusietako bat hezkuntza munduan kokatzen da. Ikasleek testuak ikasteko duten gaitasuna eta ikasterakoan haien estrategia kognitiboak aztertzea izan da helburuetako bat. Era berean, ikasleen hizkuntza idatzia aztertzea aberasgarria kontsideratu dugu. Izan ere, berrikusitako literaturaren arabera, testu zientifikoen ikaskuntza eta ekoizpena oso gutxi ikertu baitira orain arte. Bestalde, gure ikerketa eragin duen beste interesgunea elebiduntasunaren azterketa izan da. Jakina denez, hizkuntz eta kultura arteko ukipen egoeran bizi garelarik, testuen ikaskuntza eta ekoizpenaren azterketak garrantzi berezia dauka. Izan ere, elebidunen eta elebakarren hizkuntz esperientziak desberdinak baitira, are gehiago, elebidunen artean ere hizkuntza esperientzia desberdinak izaten dira. Testuinguru honetan, gure ikerketarako subjektu elebidunak aukeratu ditugu, hizkuntza bakoitzean goi mailako prozesu kognitiboak aztertzeko. Bi ardatz nagusi horietatik sortu zen ikerketa honen ideia, hots, ikasle elebidunek bi hizkuntzetan erakusten duten testu zientifikoen ikaskuntza eta ekoizpena aztertzea, eta goi mailako prozesu kognitibo horietan zenbait aldagai psiko soziolinguistikok izan dezakeen eragina ikertzea. Bestalde, ikerketa ildoari jarraituz eta gure hizkuntza eta kulturari egokitutako neurgailuen gabeziaz jabeturik, ikerketaren ekarpen gisa har dezakegu euskararen erabilera eta euskararen lorpen historia neurtzeko tresna bana eraiki eta psikometrikoki aztertu izana. Helburuak Ikerketaren lehen helburua, ikasketak euskaraz egiten dituzten unibertsitario eta irakaskuntza ertainetako ikasleen testu zientifikoen ulermen eta oroimen maila, batetik, hizkuntza bakoitzean erabilitako estrategia kognitiboak, bestetik, eta azkenik, testuen ekoizpenerakogaitasuna aztertzea izan da, beti ere, euskaraz eta gazteleraz. Bigarren helburu bezala, ikasleak elebidunak izanik, bi hizkuntzetako testu zientifikoen ikaskuntzan eta ekoizpenean zenbait aldagairen eragina aztertu nahi izan da, hala nola, Hizkuntz nagusitasuna, Euskararen gaur egungo erabilpena eta Hizkuntzaren lorpen historiarena. Helburu osagarri bezala, aipatutako aldagai horiez gain, gure asmoa izan da ikasketa mailak eta ikasitako informazioaren garrantziak goi mailako prozesu horietan duten eragina aztertzea. Arestian esan dugunez, euskarazko neurgailuen gabezia dela eta, ikerketaren helburu eta ekarpena, Euskal Autonomi Erkidegoan erabilgarriak izan daitezkeen bi tresna eraikitzea izan da. Lehenengoa, subjektuaren gaur egungo euskararen erabilerari dagokio eta, bigarrena, berriz, euskararen lorpen historiari. Metodoa 1994 95 eta 1995 96 ikasturteetan egindako ikerketa honetan, unibertsitatean eta irakaskuntza ertainetan euskaraz ikasten zuten 104 subjektuk hartu zuen parte. Beraz, subjektu guztiak elebidunak ziren. Horien artean 81 emakumezkoak eta 23 gizonezkoak, eta bi taldeak bataz beste 17 urtekoak ziren ikerketaren hasieran. Subjektu gehienak udalerri euskaldunetakoak ziren, Urola bailaran kokatzen diren Zarautz, Zumaia eta Azpeitikoak eta Goierrin kokatzen den Ordiziakoak, hain zuzen ere. Herri hauetan guztietan euskaldunen proportzioa % 75tik gorakoa da. Salbuespena Donostiako Psikologia fakultateko ikasleak izan dira, gure Unibertsitatean Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikasleak biltzen baitira. Ikasketa mailari dagokionez, 60 Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteko (U.B.I.) ikasleak ziren, 26 Irakaskuntza Ertainen Erreformakoak (I.E.E.) eta 18 unibertsitarioak (Psikologiako 1. mailako ikasleak). Ikerketa honetako aldagai askeak ondokoak izan dira: Testuaren hizkuntza (euskara eta gaztelera), Hizkuntz nagusitasuna (euskararen aldeko nagusitasuna eta gazteleraren aldeko nagusitasuna), Euskararen erabilpena (erabilpen hedatua eta erabilpen urria),Euskararen lorpen historia (lorpen aktiboa eta lorpen pasiboa), Ikasketa maila (U.B.I., I.E.E. eta unibertsitarioak) eta Oroimen frogan ebaluatutako informazio mota (informazio garrantzitsua eta bigarren mailako informazioa). Menpeko aldagaiak, berriz, bi izan dira: Testuaren ikaskuntza (oroimena eta ulermena) eta Testuaren ekoizpena edo adierazpen idatzia (hiztegi aberastasuna, koherentzia maila eta ortografi akats kopurua). Emaitzak eta ondorioak Gure laginak, ez du euskararen aldeko abantailarik agertzen testuaren ikaskuntza eta ekoizpen prozesu kognitiboetan. Emaitza hau interpretatzerakoan, gaztelerak duen eragin handiaren ondorio izan daitekeela uste dugu. Hizkuntz nagusitasunak ez du eragin esanguratsurik gure ikerketako menpeko aldagaietan. Honen arrazoiak ondorengoak izan daitezke: a) konstruktuaren indikatzaile bakar bat erabiltzean konstruktu hori ez dela egoki adierazia izan eta b) gure lagina aldagai horrekiko homogenoa izatea. Testuaren ulermen frogan, euskararen erabilpenaren eta testuaren hizkuntzaren arteko interakzioa dagoela ikusi dugu. Honela, froga horretako gaztelerazko bertsioan euskararen erabilpen urria erakusten duten subjektuek erabilpen hedatukoek baino errendimendu hobea lortzen dute. Bestalde, ulermen frogaren euskarazko bertsioan, euskararen erabilpen urriko subjektuek erabilpen hedatukoek baino emaitza eskasagoak lortu dituzte ( ). Azalpen gisa esango genuke, sormena eskatzen duten zereginetan, hau da, ulermena ebaluatzeko erabilitako galdera aplikatuetan euskara barne hizkuntza darabilten subjektuek edo erabilpen hedatukoek, hizkuntza horretan emaitza hobeak lortzen dituztela. Ulermen frogan euskararen lorpen historiaren eta testuaren hizkuntzaren arteko interakzioa atzeman dugu. Efektu honen arabera, euskararen lorpen historia pasiboko subjektuek (adin ezberdinetan euskara egoera eta aktibitate gutxitan erabili dutenek) gazteleraz euskaraz baino hobeto erantzuten diote froga horri. Bestalde, ulermen frogaren euskarazko bertsioan,euskararen lorpen historia pasiboko subjektuek lorpen historia aktibokoek (adin ezberdinetan euskara egoera eta aktibitate ugaritan erabili dutenek) baino emaitza eskasagoak lortzen dituzte ( ). Euskararen erabilpenari dagokionez eskainitako azalpena baliagarria izan daiteke hemen ere, subjektu aktiboei egokiturik. Ikasketa mailari dagokionez, euskaraz talde guztiek emaitza berdinak lortzen dituzten bitartean, gazteleraz maila akademiko altuagoko ikasleek emaitza hobeak lortu dituzte. Bestalde, ulermen frogan unibertsitarioek gazteleraz euskaraz baino errendimendu hobea erakutsi dute ( ). Emaitza hauen azalpen gisa, pentsa daiteke, euskarazko testu zientifikoetan maila guztietako ikasleek esperientzia berdintsua duten bitartean, gazteleraz, goi mailako ikasleek esperientzia gehiago dutela. Ikasitako informazio motaren araberako desberdintasunak aurkitu dira, hots, bigarren mailako informazioa (adibide eta datuak) informazio garrantzitsua (definizioak) baino hobeto oroitzen da. Honen arrazoi nagusia izan daiteke ikasleek testu zientifikoak ikasteko entrenamendu berezirik ez dutela izan eta, ondorioz, informazio garrantzitsua adibideak eta datuak baino abstraktuagoa gertatzen zaiela eta ez dutela hain ondo gogoratzen. Testua ikasteko estrategiei buruz aipagarriena da, oro har, subjektuek oso erabilpen eskasa adierazten dutela. Pentsatzen dugu gure subjektuek ez dutela erabiltzen ikasteko estrategia ugari, eta halaber erabiltzen duten zenbait estrategia modu egokian adierazteko ere arazoak dituztela. Izan ere, zenbait kasutan adierazitako estrategia kopuruak eta testuaren ikaskuntza frogetan lortutako emaitzak ez baitatoz bat. Menpeko aldagaien arloan eta testuaren ikaskuntzari dagokionez, ulermenean subjektuen arteko desberdintasunak gertatu badira ere, oroimen frogetan ez da aldagai askeen arabera inolako desberdintasunik agertu. Testu ekoizpenari dagokionez, berriz, bi efektu agertu dira: 1) subjektuek , neurri apalean, gaztelerazko testuan euskarazkoanbaino hiztegi aberatsagoa erakusten dute eta 2) gazteleraz euskaraz baino ortografi akats gehiago egiten dituzte. Testuen ikaskuntzan agertu diren zenbait efektu garrantzitsu, ez dira testu ekoizpenean agertu eta honek pentsarazten du agian testu ekoizpenaren beste neurri osagarriak erabiltzea aberasgarria izan zitekeela. Bukatzeko, ikerketa honetarako sortutako bi neurgailuak, Euskararen Erabilera Sozialari buruzko Galdesorta eta Euskararen Lorpen Historiari buruzko Galdesorta tresna erabilgarriak izan direla aipatu behar dugu eta ezaugarri psikometriko egokiak dituztela. Bukatzeko, gure ikerketako emaitzetan oinarriturik euskararen normalkuntza lortzeko lagungarriak izan daitezkeen hainbat proposamen luzatzen ditugu: 1) Euskarazko testu zientifiko gehiago jarri beharko lirateke ikasleen esku (batez ere, unibertsitate mailan); 2) Hezkuntza Sailak arlo guztietan euskaren erabilpena indartuko duten plangintza bereziak antolatu beharko lituzke adin ezberdinetatako haur eta gazteentzat; 3) Maila ertainetako eta unibertsitateko lehen mailatako ikasleek testu zientifikoen ikaskuntzan (ikasteko behar diren estrategiak barne) entrenamendua jaso beharko lukete. 1. irudia. Ulermen frogako erantzun egokien batezbestekoa Testuaren hizkuntza eta Euskararen erabilpenaren arabera. 2. irudia. Ulermen frogako erantzun egokien batezbestekoa Testuaren hizkuntza eta Euskararen lorpen historiaren arabera. 3. irudia. Ulermen frogako erantzun egokien batezbestekoa Testuaren hizkuntza eta Ikasketa mailaren arabera. Arantxa Gorostiaga Manterola, Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila Euskonews & Media 114.zbk (2001 / 3 / 9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.