Bittoriano Gandiaga, gizakiaren kantaria Bittoriano Gandiaga, gizakiaren kantaria * Iñaki Beristain Gure Bittoriano joan zaigu. Sasoi onean joan ere. Sorkuntza betean joan da, bere heriotza azken olerki eder bihurtuz. Bere olerkari begiradaz jakin izan bazuen bizitzaren eta izadiaren edertasunak ikusten edo sumatzen, ederki asmatu zuen heriotzaren alderdi edertasunezkoa sumatzen ere. Bizitzari azken irribarrea eskainiz joan da Bittoriano. Gure anaia eta gizona, Bittoriano Gandiaga, galdu dugunean, zer galdu dugun galdetu didate. Utzi digun hutsunearen talaiatik berari eta bere lanari begiratuz, hitz batean laburbilduko nuke ikusten dudana: gizabera. Bittoriano gizabera zen bere bizitzan eta bere olerkigintzan. Gizakiarekiko sentiberatasun zorrotza baitzuen bere begietan. Eta bihotzean jaio eta begietan gizatzen zitzaion sufrimenduak gidatu zuen Bittorianoren olerkigintza. Sentibera, zergatik? Bittorianok ez zekien olerki «hutsa» egiten. Inor gutxik bezala erabiltzen zituen hitzak. Bazekien behar zuena esateko hitzak asmatzen ere. Sekulako indarra ateratzen zion hitzari eta, beraz, egin zezakeen hitz hutsez osaturiko olerkia. Baina berak ez zuen olerkia horrela ulertzen, hitz hutsen jolas polit. Olerkia bihotzean sortzen zitzaion eta bihotz egiten zitzaion. Hitzen edertasuna galdu gabe; hitzei beren zuku gordeena ateraz, baina beti giza mezua adierazteko egin zuen Bittorianok olerkia. Begian zeraman bihotza eta bihotza begian. Eta barrutik ikusten zuten haren begiek. «Begian jaio zan. Nire eskuak ez eutsan ikutu sekulan. Iruntz tanto bat zan okaran baltzean. Begian jaio zan» (Elorri, 191. poema). Bittorianok Arantzazuko elorri traketsa aukeratu zuen bere lehen lanaren irudi nagusi. Ez zuen aukera hori egin, nire ustez, Arantzazun elorriondo asko dagoelako soilik; elorriak bere ikuspegia eta sufrimendua adierazten zizkiolako baizik bereziki. Elorriak gizakiaren samina zekarkion gogora. Elorriaren adar okertuetan sakon ikusten zuen sufrimenduak okerturiko gizaki gajoa.Bittoriano beti izan zen gizon «grinatua»; barrutik ibaika zerion bizi nahi eta ezinaren grina. Eta grina horretan zeramatzan, larrugorri, gizadiaren sufrimendu guztien saminak. «Zure irudia arantzan. Arantza gure bizitzan. Geure irudi bat ikusi dogu irudi samin horretan» (Elorri, 105. poema) Alderdi horretatik, nire gusturako, Bittorianok ez zuen egin olerki intimista «Elorri»n edo soziala «Hiru gizon bakarka»n. Bere olerkigintzaren koadroak edo begirada puntuak alda zitezkeen; baina Bittorianoren olerkia esango nuke gizaki modernoarekin egindako elkarrizketa dramatikoa dela. Gizon edo emakume modernoaren helmuga gabeko bideak tristetzen zuen Bittoriano. «Bideak bizi nabe, ertz ziurrik ez daukeen barruko bide luze elburu gabeak. Bideak hilko nabe» (Elorri, 133. poema) Sufritu bezala, gozatu ere asko gozatzen zuen Bittorianok. Bere begirada sakonak azkar ikusten zituen gozabide xumeak. Zenbat maite zuen izadia! Nola ulertzen zuen naturaren hizkera! Nola eta zenbat maite zuen Arantzazu! Baina, horietan guztietan beste behin, Bittorianok gaurko gizakiaren amets handiak ikusten eta maite zituen. Bittoriano ez baitzen olerkari tragikoa. Gizakia eta beraren zori handia benetan maite zituen. Ezin zuen onartu gizakiaren duintasuna moteltzerik, eta horrelakoek min ematen zioten. Gizakiaren ahuldadean ere, bazekien beraren amets eta uste handiak irakurtzen. «Usteltzen dira zure arantzak. Inoiz ez zure ustea. Zauritutako zure ondoan, Udabarriro, lorea» (Elorri, 17. poema). Gizaberatasun ikusgarri hau ez zen Gandiagarentzat irtenbide gabeko drama itoa. Beharbada, gure olerkariaren alderdi asko aipatzean, gauza bat ahaztu dugu sarriegi: Bittorianok bere barruko gizaberatasun dramazko horri kristau fedean aurkitu zion argia eta norabidea. Sinesmen borrokatu eta maitatu horretan aurkitu ohi zuen bere barruarentzako bakea. Horretan pausatzen zituen bere barruko grina gizatiarrak. «Koruko gerizpe gregoarianuan» aurkitu zuen bere begirada baretzeko behar adina barnetasun eta jainkopresentzia. Sinesmenak gizatasun handiagoa eta gizaberagoa eman zion Bittorianori. Zer galdu dugun, beraz? Pentsatu nahi dut ez dugula ezer galdu! Bittoriano joan zaigu; baina berak utzi duen gizaberatasun sakon eta eder hori ez al da berarekin galduko! Bittoriano gizakiaren aldeko borroka askatzailearen testigu zintzo ikusten dut. Eta testigantza hori hemen geratu da gurekin betiko. Biziari eta gizakiari kantuan bizi izan zen eta hala hil da. Beharbada, gure herrriak zuen olerkari gizakoiena hil da, gizazaleena. Baina Bittorianok aurkitu zituen giza bideak ez al dira giza kontran itxiko! Hori gertatuko balitz, orduan bai izango litzatekeela galera handia Bittorianoren heriotza. Bego maite zuen argi ederrean gure anaia Bittoriano Gandiaga, giza samin eta pozen kantaria, gizakiaren kantaria! Iñaki Beristain, Arantzazuko fraidea Argazkiak: Euskaldunon Egunkaria, (Arantzazu) Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 114.zbk (2001 / 3 / 9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.