102 Zenbakia 2000-12-01 / 2000-12-15

Gaiak

Mugaz gaindiko ospitaleak

ARISTEGUI, Philippe

Mugaz gaindiko ospitaleak Mugaz gaindiko ospitaleak * Philippe Aristegi 2000ko irailaren 8an, Baionako ospitalean, hitzarmen bat sinatu zuten Jacques Lafforek eta Jean Fagoagak, Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroko bitarteko zuzendariak eta egoitza Baiona Anglet Biarritzeko diziplina anitzeko Fakultatean duen Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako presidenteak, hurrenez hurren. Bi erakundeek gizarte osasun alorrean mugaz gaindiko ekintzak garatzean interesa azaldu dutenez, elkarlanean aritzea planifikatu dute hurrengo arloetan: ikaskuntza, ikerketa, animazioa, mahainguruak, e.a. Elkarlanean egindako lehenengo lanari ekin zaio dagoeneko, ospitale egoitza publikoek mugaz gaindiko harremanen garapenean dituzten arazoei irtenbidea emateko asmoz, Kostaldeko Ospitale zentroaren, Donostiako Ospitale gunearen eta Iruñeko Nafarroako Ospitalearen artean zenbait urtetan egindako lankidetzak eman duen eskarmentua aintzat harturik. Lan horren bidez, mugaz gaindiko lankidetzako aldeko alderdiak zein arazoak juridikoak, administratiboak edota gizartekoak agerian jartzeko ahaleginak egingo dira. Izan ere, duela urte batzuk benetako dinamika garatu da ospitaleen alorrean mugaz gaindi, bereziki Baiona Donostia Eurohiriaren barnean, mugaz gaindiko lankidetzan leku eredua baita egindako jarduera lokal eta nazionalak direla eta. 1994. urteaz geroztik hainbat hurbilketa ekintza sinboliko eta boluntarista burutu dira, nagusiki Baionako eta Donostiako ospitaleak hurbiltzeko, Baiona Donostia Eurohiriaren barne unibertsitate eta osasun egiturak garrantzitsuak baitira. Era berean, hainbat partaideren laguntza tekniko zein finantzarioari esker lankidetzari ekin zaio medikuntzako laguntza, prestakuntza eta gizarte osasunaren politika arloetan. Sei urte igaro ondoren, lana oso positiboa izan dela egiazta daiteke. Lankidetzako proiektu batzuek izandako arrakastak argi utzi duenez, mugaz gaindiko ospitaleak gizarte eta kultur alorrean, eta baita teknikan eta medikuntzan ere, hurbiltzea oso interesgarriaizan da. Ospitaleek elkarlanean egindako lan horiek agerian uzten dute gizakien borondatea norainokoa den elkar ezagutu nahi dutenean, elkarri zer eskain diezaioketen aztertu nahi dutenean, eta halaber, lankidetza eraginkortasunez gauzatzen duen elkartasun eta osagarritasunaren izpirituari jarraiki, elkarrekin aritzeko beharraz jabetzen direnean. Mugaz gaindiko ospitaleen arteko harremanen garapenerako, arlo juridiko eta finantzarioan pizgarri tekniko ugari daudela aipatu behar da. Harremanak ofizial bilakatzea, lankidetzak indarrez sustatzea eta elkarren proiektuak gauzatzea ahalbidetzen duten tresna juridikoez, eta, halaber, ekintza horiek finantzatzeko aukera ematen duten tresnez osaturik daude pizgarri horiek, eta lankidetzaren zabalkuntzan laguntza benetan handia ematen dute. Batzuetan, halere, badirudi blokeo juridikoek oraindik ere ospitaleen arteko mugaz gaindiko lankidetza garatzeko ekimenak geldiaraz ditzaketela. Era berean azpimarratu behar da, mugaz gaindiko lankidetzan ager daitezkeen oztopoak saihesteko hizkuntzaren edo psikologiaren ikuspuntutik esaterako , mugaz gaindiko ospitale proiektuen arrakastan bolondrestasunak ere eraginkorra dela askotan. Philippe Aristegi, legelaria Euskonews & Media 102.zbk (2000 / 12 / 1 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria