Besta Berrietaz: interpretazionearen harat hunatak Besta Berrietaz:interpretazionearen harat hunatak * Xabier Itcaina 1. Heterodoxiari idekia den eliza besta bat Corpus Christi besta XIIgen mendean agertzen da mundu katolikoan, nahiz ez duen Elizak ofizialki agintzen 1264 aintzin. Sinbolo katolikoen erdi erdian dagoen Besta horrek Eukaristiaren udaberria du ospatzen, untsalaz Mendekoste otabaren ortzegunarekin. Ogia Kristoren gorputza bilakatu dela du orroitarazten egun hartako liturgiak, denak jaun hartzera deituz. Aquinoko San Tomas ek agindurik egiten da egun hartan prosesione bat herriko karriketan Sakramendu Sainduaren inguruan. Erramuz egiten zen erritoa zaukan omen eredutzat S. Tomas ek. A. Molinié k untsa azpimarratzen du besta horren seinalea heterodoxia dela: ez iduri eta, Elizaren doktrinak gauza guti manatzen ditu ospakizun horrentzat, eta hastapen hastapenetik sorkuntzari leku haundia utzi dako. Ez da Bazkoz bururatu den Kristoren biziaren zikloari lotua : bestaren oinarri normatiboa aski orokorra eta abstraktoa da, eta agindu eskas horrek dako libertate haundia utzi herriaren kultura eta jakitateari. Askatasun teoriko horri esker dira mundu katoliko guzian hain errito aberatsak ikusi eta ikusten Besta Berrietan. Perun, Qoyllurit'i eko mendi partean ospatzen dute beila haundia Besta Berriz. Indio komunitate bakotxak «nazione» berezi bat osatzen du beila horren karietarat, eta bere nortasun kolektiboa berriz indartzen erritoaren bidez. Besta hortan nahasten dira errito katoliko eta indio ainitz: mendian bildu horma, bereziki, hostia saindua bilakarazten dute Qoyllurit i ko beilari eta dantzariek, beren mito zaharrak kanpotik jinikako normari egokituz. Gutarik hurbilago, Españan, Julio Caro Baroja historiazale antropologoak untsa erakutsi du Besta Berrietan nola baliatzen ziren sinesmen zaharreri lotutako errito batzu, batez ere maskaren inguruan, eta nola botere politiko eta sozialak untsa agertzen ziren besta hortan. La Mancha ko Camuñas herrian,adibidez, Besta Berriko beztituak bi taldetan berexten dira : danzantes eta pecados, eta, gehiago dena, talde bakotxak badu bestaren interpretazione berezi bat, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena. Herri berean beraz, aspaldi huntan badira gertaera berarentzat bi ulermen arras desberdinak, bat ofiziala eta bertzea, pecado ena, sasi interpretazione bezala hartua dena . 2. Interpretazionearen aniztasuna Michelenak zion euskeraren mixterioa ez zela bere sortzetik heldu, bainan bere iraupenetik . Gisa berean, Euskal Herriko Besta Berrien berezitasuna ez da beren mamitik heldu, bainan beren iraupenetik. Hemen emaiten diren jestu, soinu, soineko eta urratsek iraultza aintzineko Europa orroitarazten dute neurri haundi batean. Frangotan entzuten den galdera ahatik sinboloen erran nahiarena da, eta erran nahiaren interpretazionea bera ainiztasunez josia da. Hemen berexi behar dira sinboloen ustezko funtsezko erran nahia eta erritoaren aktoreek berek sinboloari emaiten dakoten sentsua. Biak bat bertzea bezain garrantzitsuak dira, eta biek dute «errealitatea» osatzen. Adibidez, ikerle ainitzek berehala baztertu dute gaur egun oraino Baxe Nafarro eta Lapurdiko herrietan komuzki entzuten den interpretazionea: Besta Berrietako beztimendu eta soinuak Napoléon I inperadorearen soldadoek utzi orroitzapenak direla, horietan bazirela eskualdunak, eta abar. Arazoa ez da jakitea hea Napoleonen soldadoak Iholdin gelditu ziren ala ez, arazoa da jakitea zertako iholdiarrek esplikazione hori eraiki eta atxiki duten. Besta Berri bere hermeneutikaren beha dago oraino. Aktoreen azalpenean gordetzen dira errepresentazione sozial ainitz: herriak esplikazione hori atxiki baldin badu, bertze ainitzen artean, erran nahi du, nunbeit, gustukoa zaukala. Gauzak diren bezala erraiteko, errepresentazione horiek orroitarazten daukute Euskal Herrian luzaz uniformeak ospe zerbeit ukan zuela, musika militarra ohorezko eta ofizial doinutzat ginaukala, eta, Frantses patriotismo batek beti segitzailesuharrak ukan zituela Euskal Herriko toki eskualdunenetan. Atxikimendu hori ez da baitezpada (luzaz antiklerikala izana den) errepublikari zuzendua, baizik eta nazioneari, ez beita arras gauza bera. Badakigu elizak ze lana bete zuen sail hortan, bereziki 1914 eko sakrifizioari sakralitate kutsua emanez. Gerlari ohiaren mentalidade hori azkarra izana da barnekaldean, eta oraino zonbeit herritan Besta Berriko prosesionetan ateratzen dira hiru gerletako banderariak (1914, 1940, Ipar Afrika). Giro hortan, alabainan, interpretazione militarista batek bazuen bere oxka. Bainan hein hortan egoitea arazoaren axalean gelditzea da. Beti aktoreen interpretazionean geldituz, laister ohartzen gira, bereziki guhaurek besta hortan parte hartzen badugu, interpretazione militarra ez dela garrantzitsuena. Besta Berri, bixtan da, lehenik besta da: dantza, makilariaren grazia, loreak, karrika ihiztatuak, mihise xuriak dilindan, iruzki sainduaren argia. Dantzaren garrantzia untsa azpimarratu dute Jean Michel Guilcher etnologo bretoina eta Aita Etxehandi Belokeko beneditanoaren lan baliosek. Herriak bere burua apaindurik agertzen du urtean bi egunez bederen. Ikuspegi hortarik, zer da gehienik konda: gazteak harma har dezan, edo gazteak aitak bezala egin dezan? Harmaren orde, makila edo lilia bada, ze inporta du? Gertatzen da Besta Berrien kasuan, harma bat dela. Interpretazione militarrera berriz jiteko, azken urte hauetan ari da hedatzen Euskal lurretan interpretazione berri bat, bertzeak bezala bere arrazoinak badituena: Besta berrietan agertzen diren gizon harmatuak ez dira Napoleonen denborakoak bainan bai Errejimen zaharreko milizia probintzialetako orroitzapenak. Historia, kasu huntan, laguntzaile ona da, eta ezin ukatuzko frogak badira herrietako artxiboetan, bereziki Baionako Sacre delakoaren erdi aroko prosesioneri buruz. Interpretazione hortan, soldadoak ez dira gehiago frantses armadaren erresto folklorizatu batzu, baizik eta 1789 eko iraultza aintzineko lapurtar edo baxenabartar «gizon libroen» nortasun juridikoaren lekuko. Harmak, orduan, ez du batere erran nahi bera. Harma edo ezpata urtean behin ateratzea herria eta presunen dretxoaren seinale bihurtzen da. Erran nahi hori, azken bi mendeek doi bat baztertu zutena, berriz jin zauku hegoaldetik, bereziki Irun eta Hondarrabian alardeari emaiten dakoten sentsu foralistaren bidez. Gipuzkoan karlistadek bete dute hemen Napoléonek sortu zuen uniformearen prestijioa. Alardeak aipatzearekin, alabainan, besta zibiko erlijioso militar horien bertze alderdi bat aipatu behar da: «Besta Berri mutiko besta bat da. Hori uzten deegu» erraiten zautan lapurtar neska batek, irriño ironiko bat ezpainetan. Dantza erritualizatua mutiko eta, zehatzago, ezkontzekoen esku zela orroitarazten dauku besta horrek. Eta egia da bertze ekintza dantzatu batzuetan beino gutiago sartu direla neskak (pentsa xiberotar dantzari, edo tobera mustra eta ihauterieri). Bainan egoera horrek ez du arazorik sortu hemen, eta ez, gisa guziz, bertze garai batzuetako errabiarik . Besta Berriz, herriak bere burua antzezten du. E. Durkheim frantses soziologiaren sortzaileak erakutsi izan du erlijiozko erritoen bidez gizarteak bere burua errepresentatzen zuela . Gure herrietan, adin klaseak agertzen dira prosesionean, bakotxa bere lekuan. Herriko espazioak ere: Luzaiden, sei pabillunketariak aldizka kartier bakotxean hartuak dira; Santa Grazin, kurutzea aldizka eremaiten zuten proosionearen bazterrean ziren pentze eta alorren jabeek; Itsasun, dantza kordaren buru eta buztanean kartierrak aldizkatzen ziren Besta Berriz eta Otabaz; herri berean, gazten kapitaina luzaz mendia eta beherekoen arteko etxe batean hautatua zen, nehore ez zadin samurtu; herri ainitzetan, prosesionen ibilaldiak ez ziren berak Besta Berriz eta Otabaz, espazioaren dimentsio guziak sinbolikoki markatu behar balire bezala. Hierarkia zaharrak ere gogorat ekarriak dira: Itsasun, Erdi Aroko lau etxe infançon edo nobleak dira pabillunketari. Sandra Ott Oxfordeko antropologoak Santa Grazin oinarrizko prinzipio sinboliko bezala ikusi zituen ingurua eta aldizkatzia prinzipioak neurri haundi batean aurkitzen dira Besta Berrietako urrats desberdinen antolakuntzan . Sinboloak, hitz batez, kurutzatzen dira heterodoxiaz josia den ospakizun hortan. 3. Besta Berri ez da oraino «kultura» Interpretazione batek, ahatik, ez du oraino arrakestarik ukan, eta beharrere bestaren geroarentzat. Besta Berri ez da kultura, hitz horri berrikitan eman zakon sentsu hertsian: kultura eremu autonomo bezala, erran nahi «ekonomikoa», «erlijiosoa» edo «soziala» ez den eremu bezala. Politikarekilako mugak, ahatik, ez dira hain argiak. Kultura, oroz gainetik, erakunde publiko edo pribatu batzuek kudeatzen duten eremu bat bilakatzen da definizione berri hortan. Erakutsi izan dut bertze lan batzutan euskal dantzak ze egituratze prozesua ezagutu zuen, eta nola pasatu zen herri kulturatik euskal kultura deitu eremu berri batera . Michel de Certeau k untsa aztertu du prozesu hori frantses mailan, eta Denis Laborde antropologoak erakutsi du Ipar Euskal herrian ze nekezia ezagutu zuen kulturaren hertsitze edo erakundetze prozesu horrek. Ihauteriak bereziki kutsatu dituen fenomeno horrek ez du oraino Besta Berri hunkitu: Besta Berriak ez dira oraino 1901 eko lege elkarte batzuek antolatuak. Ez dira elgarren artean koordinatuak, ez dute diru laguntzarik. Dena uniformizatzen eta lehuntzen ari den mundu huntan, garai batean ordre sozialaren sinbolo ziren Besta Berriak sasi ospakizun batzu bihurtzen ari dira, hor izan behar ez lukeen zerbeiten seinale. Alabainan, besta horren sinbolo esplizitoak ez dira politically correct gaurko euskal kultura ofizialaren definizionean : lehenik, nahitaez, eliza besta da, eta badakigu ze nekeziarekin euskalzale munduak kudeatzen duen instituzione horrekin iraganean izan duen lotura indartsua. Bigarrenik, bandera horiek hor dira, aginte militar horiek hor dira, pas ordinaire, pas redoublé, Aux champs eta abar hor dira.Kanpotik ikusita, ainitzek ez dute ulertzen kontradikzione organizatu haundi bat bezala ikusten duten ekintza bat. Barnetik ikusita, ahatik, eta interpretazionen aniztasunak hori erakusten du, ez da baitezpada kontradikzionerik eta, baldin bada ere, badakigu norberaren identidadea edo nortasuna egun oroz berriz negoziatzen den zerbeit dela, parez pareko situazionen arabera. H. Eidhem ek, F. Barth antropologoaren etnizitatearen ikuspegi situazionistaren haritik erakutsi zuen 1969ean Norvegia iparreko Saami ek beren «Saami tasuna» nola erakusten zuten edo gordetzen egoera konkretuen arabera . W. Douglass eta S. Lyman ek erakutsi dute Ipar Ameriketan eskualdunek nola definitzen zuten beren burua egoera desberdinen arabera : norbeit bizkaitarra izanen zen gipuzkoar bateri mintzatzen zelarik, hegoaldeko eskualduna baxe nabartar batekin, xoilik eskualduna español batekin . Besta Berriz beztitzen denak untsa biltzen du identidadearen plaztikotasun hori, eta nortasun indibidual eta kolektiboek elgarrekin dauzkaten harreman bihurriak. Agian ainitz urtez iraunen du aspalditik desagertua izan behar lukeen adinik gabeko ospakizun horrek. (1) Antoinette MOLINIE, "Herméneutique sauvage de deux rites réputés chrétiens (Les Andes, La Mancha)", L'Homme, 142, 1997, p.8. (2) Julio CARO BAROJA, El estío festivo. Fiestas populares de verano, Madrid, Taurus, 1984. (3) Antoinette MOLINIE, op. cit. Ikuspegi konparatista zabal batentzat, beha Antoinette MOLINIE (dir.), Le Corps de Dieu en fêtes, Paris, Cerf, 1996. (4) Luis MICHELENA, "El largo y difícil camino del Euskera", El Libro blanco del Euskera, Bilbao, Euskaltzaindia, 1977. (5) Jean Michel GUILCHER, La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français, Paris, Maison des sciences de l'homme, 1984. (6) A. Marcel ETCHEHANDY, Jantza Eskual Herriko elizetan, Bayonne, Fedea eta kultura, 1989. (7) Irun eta Hondarrabiko Alardeetako eztabaidetaz, ikuspegi antropologiko batentzat, beha Margaret BULLEN, "Gender and identityin the Alardes of two Basque towns" in William A. Douglass, Carmelo URZA, Linda WHITE, Joseba ZULAIKA (ed.), Basque cultural studies, Reno, University of Nevada, 1999, p. 149 177. (8) Emile DURKHEIN, Les formes élémentaires de la vie religieuse, Paris, Le livre de Poche, 1991. (9) Sandra OTT, Le cercle des montagnes: une communauté pastorale basque, Paris, Comité des Travaux Historiques et Scientifiques, 1993 The circle of mountains, a Basque shepherding community, Oxford, Oxford University Press, 1981 . (10) Xabier ITCAINA, "Danse, rituels et identité en Pays Basque français", Ethnologie française, 26, 3, 1996, p. 490 503, eta "Dantza Ipar Euskal Herrian: herri kulturatik euskal kulturarat", XV Jornadas de folclore y cultura tradicional, Ortzadar, Iruña Pamplona. (Argitaratzekotan: Sukil, 2000ko urria). (11) Michel de CERTEAU, La culture au pluriel, Paris, Christian Bourgeois, 1980. (12) Denis LABORDE, "Politique culturelle et lengue basque. Le Centre culturel du Pays Basque (1984 1988)", Lapurdum, 2, 1997, p. 339 354. (13) Harald EIDHEM, "When identity is a social stigma" in Fredrik BARTH (ed.), Ethnic groups and boundaries, the social organization of culture difference, Bergen, Oslo, Tromso, Universitetsforlaget, 1969, p. 39 57. (14) William A. DOUGLASS, Stanford M. LYMAN, "Ethnicity: strategies of collective and individual impression management", Social Research, 15, 1973, p. 344 365. Xabier Itcaina, Zientzia Politikoetako irakaslea Pau ko Unibertsitatean Euskonews & Media 102.zbk (2000 / 12 / 1 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.