Portada

Ekonomia feminista ulertzeko hainbat klabe

Mertxe LARRAÑAGA SARRIEGI, Ekonomia Aplikatua I. UPV/EHU

Gaur egun, ekonomia feminista deitzen duguna XX. mendeko bigarren erdialdean hasi zen indartzen, eta indartze hori batez ere mendebaldeko emakumeen eskutik etorri zen. Izenak adierazten duen bezala, ekonomia feminista ekonomiatik eta feminismotik abiatzen da. Gainera, lotura estuak ditu beste diziplina batzuekin, hala nola soziologiarekin, antropologiarekin edota politikarekin. Lotura horiek, egile batzuek kritikatu arren, aberasgarriak direla uste dugu, ikuspuntu, hizkuntza eta analisi diferenteak barneratzea ekartzen duelako.

Ekonomia feminista ez da pentsamendu monolitikoa, hau da, nahiz eta ohikoa izan ekonomia feministaz hitz egitean singularrez mintzatzea, ez da pentsamendu korronte bakarra, ez baitago feminismo bakarra, ezta ekonomiaren ikuspegi bakarra ere.

Aniztasuna esparru askotan nabaritzen da: arazoen irakurketa ez da beti berdina izaten, helburuak eta, batez ere, lehentasunak desberdinak izan daitezke, eta analisi ekonomikoak ere ez dira metodo berdinekin egiten. Hala ere, ekonomia feministako egileek ezaugarri batzuk partekatzen dituzte. Haietako bat errealitatearekiko ikuspegi kritikoa da, hau da, desberdintasun sozialak eta, batez ere, genero desberdintasunak asko kezkatzen dituzte. Bestalde, ez datoz bat ekonomia ortodoxoak emandako azalpenekin errealitatea aztertzeko orduan. Ondorioz, ekonomian emantzat jotzen diren hainbat kontzeptu zalantzan jartzen dituzte. Hirugarrena (aurrekoekin oso lotuta) errealitatea aldatzeko nahia litzateke. Beraz, gizarte eta mundu justu eta berdinaren aldeko apustu garbia egiten dute, nahiz eta bideak diseinatzeko orduan arazoak, zalantzak eta desadostasunak sortzen diren.

Ekonomia feministaren kezka nagusien artean munduan dauden eta handitzen ari diren ezberdintasunak daude, bereziki emakumeek eremu guztietan baina, batez ere, eremu sozioekonomikoan pairatzen dituztenak. Generoa lehen mailako aldagaia da eta jendarteko prozesu guztietan eragiten du. Genero desberdintasunak identifikatu eta modu sakonean aztertzea guztiz beharrezkoa da eta, hori egiteko, analisi ekonomikoak datuetan oinarritzen dira. Gaur egun, indikatzaile ekonomiko asko sexuaren arabera adierazten dira, baina hori nahiko berria da eta, neurri batean, feminismotik egindako lanari esker lortu da. Datuen esparruan aurrerapausuak handiak izan arren, badago oraindik ere zeregina. Adierazle nagusiak emakumeentzat eta gizonentzat ematen dira, baina hutsuneak hortik haratago joan nahi denean agertzen dira. Oso garrantzitsua da sexua beste aldagai batzuekin gurutzatzea (adibidez, klasea, jatorria eta adina) emakume eta gizonen datu orokorrak batezbestekoak direlako eta horien atzean desberdintasunak ugariak izaten direlako. Beste hutsune nabarmen bat ikusten da eremu geografiko handietatik txikietara heldu nahi denean. Zenbat eta txikiagoa izan eremua, orduan eta nabarmenagoa da datu falta, eta tokiko errealitatea ezagutzea inportantea da, estatu handien baitan errealitate sozioekonomikoak oso anitzak izaten direlako.

Ekonomia feministak gehien landu duen gaia lanen ingurukoa da, eta lan kontzeptuaren erabilera bera ere zalantzan jarri du. Lehenik eta behin, etxeak produktoreak direlabaieztatzen da, eta ez bakarrik kontsumitzaileak eta produkzio faktoreen jabeak. Are gehiago, etxeko kideek eta, batez ere, emakumeek ekoiztutako ondasunak eta zerbitzuak funtsezkoa dira jendearen ongizaterako, eta merkatuko produkzio askok baino eragin handiagoa dute gure bizi kalitatean. Beraz, per capita errenta bezalako adierazleak ez dira egokiak ongizatea neurtzeko, merkatuan bakarrik oinarritzen direlako. Gainera, gure bizitza mailarako garrantzitsuak izateaz gain, sistemaren funtzionamendurako ere ezinbestekoak dira. Nola moldatuko litzateke merkatua bera bakarrik? Zenbateko soldatak ordaindu beharko lituzkete enpresek? Kapitalismoak ez luke asko iraungo ordaindu gabeko lanik gabe. Baina nola lan hauek analisi ekonomikoetatik kanpo gelditu diren, ordaindutako eta ordaindugabeko lanen arteko loturak ere aztertu gabe gelditu dira

Analisi ekonomikoak beste esparru batzuetara zabaltzeko ahaleginak egin dira, eta ohiko ekonomia-analisi horiek familia gatazkarik gabeko gunetzat hartu ohi dute. Adibidez, Gary S. Becker ekonomistak, hainbat arazo metodologiko konpontzeko, “etxeko buru eskuzabalaren” irudia erabili zuen. Diktadore onbera horrek bere ongizate funtzioan etxeko gainerako lagunen funtzioak batzen zituen. Jokabide hori ez dator bat ekonomia neoklasikoaren oinarrizko printzipio batekin, indibidualismo metodologikoaren printzipioarekin, alegia. Diktadore onberak ez du betetzen “homo economicus” delakoaren funtsezko ezaugarri bat, hots, berekoikeria. Beckertar familian, batzuk berekoiak dira, baina beste batzuk eskuzabalak. Baina diktadore onbera etxean baino ez litzateke eskuzabala izango; etxetik kanpo, berriz, bere interesen alde jokatuko luke soilik.

Ekonomista feministek lan handia egin dute etxeko eta zaintza lanak ikusarazten, lan horien garrantzi ekonomiko eta soziala azpimarratzen

Ekonomista feministek lan handia egin dute etxeko eta zaintza lanak ikusarazten, lan horien garrantzi ekonomiko eta soziala azpimarratzen.

Ekonomista feministek lan handia egin dute etxeko eta zaintza lanak ikusarazten, lan horien garrantzi ekonomiko eta soziala azpimarratzen, lan horiek kontatzeko metodoak lantzen, merkatuko lanekin dituzten loturak aztertzen, lan horien banaketa justua aldarrikatzen eta horretarako neurriak proposatzen.

Ordaindu gabeko lanetan emakume eta gizonek betidanik izandako ardura eta emandako orduak oso diferenteak dira, eta asteko egunek guztiontzat ordu kopuru bera dutenez, denbora alde horiek lan merkatuan era islatuko dira. Emaitza orokorra da lan merkatuan emakumeen egoera gizonena baino nabarmen okerragoa dela. Asko laburbilduta, desberdintasun nagusiak honako hauek dira: emakumeen parte-hartzea txikiagoa da, hainbat lanbide eta lanpostu sexuaren arabera bananduta daude, emakumeek gutxiago kobratzen dute eta askotan haienprekarietatea handiagoa da.

Hartzen den herria hartzen dela, emakumeen jarduera tasa gizonena baino baxuagoa da. Euskal Herrian, hori lanaren banaketa sexual klasikoak utzitako arrastoa dela esan daiteke. Banaketa sexual klasikoa nagusi zen garaian, etxe gehienetan gizonak merkatuan aritzen ziren eta haien soldata zen familiako soldata bakarra, emakumeak etxekoandreak baitziren. Gaur egun, horrelako familiak egon badaude, baina kontuan izanda emakumeen sarrera orokorra lan merkatura XX. mendeko 80. hamarkadan finkatzen dela, ogi-irabazle bakarreko familia gehienetan dauden etxekoandreak zaharrak dira. Horrek ez du esan nahi gazteen artean horrelakorik ez dagoenik, baina kopuru aldetik ez dira ugarienak.

Bestalde, soldaten aldea nabarmena da eta soldaten arraila oso lotuta dago lan merkatuan ematen den banaketarekin. Lanpostu eta lanbide asko orekatuta dauden arren, oraindik ere badaude batzukoso maskulinoak direnak eta bete batzuk oso feminizatuta daudenak. Arazoa da, besteak beste, orokorrean maskulinoetan soldatak altuagoak izaten direla. Horretaz gain, emakumeak desagertzen hasten dira eskalako goiko postuetan, hau da, askoz gehiago kostatzen zaie zuzendaritza postuetara heltzea eta, jakina, postu horietan soldatak batezbestekoaren gainetik egoten dira. Emakumeak toki guztietan egoteak justiziarekin du zerikusia, baina, gainera, goi mailako postuetan egotea inportantea da, gazteentzako erreferentziak oso beharrezkoak direlako.

Prekarietatea gaurko lan merkatuaren ezaugarri inportantea bilakatu da, baina ematen du oraindik datuak ez direla errealitate horretara egokitu eta, beraz, ez dituzte lan baldintza kaskarrak behar bezala neurtzen. Dena dela, prekarietatearen adierazle klasikoetara jotzen bada, hau da, behin-behinekotasuna eta partzialitaea aztertzen badira, garbi ikusten da emakumeen egoera gizonena baino okerragoa dela. Eta hori bereziki nabarmena da lanaldi partziala begiratzen denean, zeren eta enplegu partziala askoz zabalduago dago emakumeetan gizonetan baino. Enplegu partzialen ondorioak ez dira momentuan bakarrik jasaten (soldata partzialak); aitzitik, luzaroan mantentzen dira langabezia-prestazioetan, eta erretiroetan ere eragina izango dute.

Sarritan, hainbat esparrutan, baita ekonomikoan ere, hartzen diren erabakien atzean generoko rolak eta estereotipoak daude. Estereotipoek direla eta, emakumeak lan batzuetarako egokiak ikusten dira eta beste batzuetarako oraindik ere erabat desegokiak: ustea da arazo pribatuez interes handiago izaten dutela, eta ez hainbeste arazo publikoez;industriako lanpostuetarako desegokiak direla; nahiago dutela lanordu gutxiago egitea merkatuan, umeak hobeto zaintzeko; etxeko ardurak direla eta, errazago uzten diotela merkatuko lanari; lidergo-estiloak diferenteak dituztela; eta abar. Estereotipoen garrantzia eta indarra ez da huskeria. Estereotipo horiek pertsonen kontroletik kanpo daude, baina eragina izaten dute haiengan. Horrek desberdintasunei iraunarazten laguntzen die. Berdintasun ekonomikorako inportantea da estereotipo horiekin amaitzea.

Desberdintasunek horrela jarraitzen duten bitartean, krisi ekonomikoek eragin diferentea izango dute batzuengan zein besteengan, eta horren adibide garbia oraingo Atzeraldi Handia da. Gainera, politika ekonomikoek (politika fiskalek, politika komertzialek, lan merkatuko politikek eta abar) errealitate horiez badute kontuan hartzen, seguruenik ez dira neutralak izango genero ikuspuntutik.

Ekonomia feministak proposatzen du aldaketarako ezinbestekoa dela ekonomiaren analisia merkatuetatik haratago eramatea, eta, horrekin batera, helburu ekonomikoak aldatzea. Jarduera ekonomikoen helburu nagusia bizitzak berak izan beharko luke, oraingoa eta etorkizunekoa, jendearena zein beste espezieena, eta planetarena ere bai. Kontua da, hain erakargarria den helburua aldi berean oso zabala dela, beharbada zabalegia eta, beraz, tokiko errealitateari egokitu beharra dago. Horretarako, inportantea da adostea zein den hemen bizi nahi dugun bizitza eta, hori adostutakoan, finkatu beharko litzateke helburu horretara iristeko zeintzuk diren beharrezko jarduerak, pentsatu beharko litzateke nola antolatu lehentasunezko jarduera horiek,eta baita botere publikoen aldetik zer espero daitekeen ere.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia