787 Zenbakia 2025-01-21 / 2025-03-15

KOSMOpolita

Hizkuntza minorizatuen onomastika Eskozia eta Euskal Herrian

ZALAKAIN TRIANNI, Leire

Denok dugu izen bat, baita gure eta besteen izenei buruzko iritziak ere bai. Izenek norbaiten izaerari buruz asko esan dezakete: bere generoa, adina, edota herrialdea, adibidez. Izenek eramailearen kultura ere isla dezakete, izenaren hizkuntzaren bidez. Adibidez, norbaitek izen txinatarra badu, Txinarekin erlazioa pertsona honen izaeraren parte dela pentsatuko dugu. Era berean, norbaiten izena hizkuntza minorizatu batean badago, ziurrenik nortasun minorizatua bere izaerara lotua egongo da nolabait.

Hizkuntza minorizatuetan dauden pertsona izenak bereziak dira, izan ere, arriskuan dauden hizkuntza eta kulturen parte dira. Hortaz, baliteke izen hauek ez izatea hizkuntza nagusien izenen bilakaera bera. Azken mendean EAEko eta Eskoziako haurrei emandako izenak aztertuz, bi herrialde hauetako izenen garapena aztertuko da, baita izen minorizatuen ikerketari buruzko teoria bat proposatzen lagundu.

 

Gertaera historikoek hizkuntza minorizatuetan dauden izenen bilakaeran eragiten dute. Euskal Herrian, 20. mende hasieran, lege frankistek euskarazko izenen bilakaera baldintzatu zuten. Legegile frankistak konsziente ziren euskarazko izenek euskal izaera erakustarazteko boterea zeukatela, edo, haien hitzetan “esanahi separatista” eta “estatuaren batasunaren aurkakoa” zutela. Hortaz, debekatuak izan ziren, eta hau dela eta 1930-50 hamarkadetan euskal izen oso gutxi ematen zaizkie haurrei. 1957an legea zertxobait zabaltzean igoera-bilakaera azkarra hasten da, eta Frankismoa amaitu eta izendatze-lege frankistak aldatzean euskal izen kopurua hirukoizten da, 2000. hamarkadan EAEn emandako izenen 70%a izan arte.

Gertaera historikoek Eskozian izandako eragina hain argia ez izan arren, bere bilakaera ikuspuntu historiko batetik aztertu dezakegu. Euskal izenek ez bezala, hizkuntza Gaelikotik datozen izen asko mundu anglofonoan oso hedatuak daude; haien artean aurkitzen dira ezagunak diren Kevin edota Ryan. Hortaz, Gaelikotik datozen izenen igoera batek ez du betiere eskoziar nortasun baten igoera islatzen. Hala ere, ikus dezakegu gizarte-mailan nortasun eskoziarra igoarazten duten momentu historikoetan izen hauek igo egiten direla.

 

1979an, Eskoziako Asamblada bat sortzeko eta botere batzuk deszentralizatzeko erreferenduma galdu ondoren, Eskoziak “berpizkunde kultural” bat bizi izan zuen. Eskoziar gaiak jorratzen zituzten artista eskoziar ugari agertu ziren, baita Eskoziarekiko eta bere identitate nazionalarekiko interes akademiko berritua. Gaelikoa gero eta babestu eta sustatuagoa zegoen 1970eko hamarkadan, gaelikozko lehen eskolak, gaelikozko telebista eta Gaelikoaren Garapenerako Agentzia sortu zirenean. Eskoziar izaeraren gorakada hau 1999an iritsi zen puntu gorenerenera, deszentralizazioa lortu eta Eskoziako Legebiltzarra sortu zenean. Gertaera hauei paralelo igotzen da izen Gaelikoen erabilera, 1995-2007 denboraldian.

Bigarren igoera txiki bat sumatzen dugu 2016ean, 2014ko independentzia-erreferendumaren porrotaren ondoren. Urte hauetan Eskoziar nortasunak igoera handia sumatzen du: “Eskozes ez Britaniko” bezala identifikatzen den jende kopurua %46tik %68ra igotzen da 2010tik 2014ra. Hortaz, nahiz eta igoera txikiak izan, nortasun eskozesaren igoera eta haur gehiagori izen gaelikoak ematea aldi berean gertatzen dira.

Urteetan zehar, euskarazko mutil eta neska izenek bilakaera ia-berdina izan dute. Ziurrenik, hau ez da kointzidentzia: baliteke honek erakustea euskal izenak multzo bateratu bat bezala jokatzen dutela, eta izen erdaldunen bilakaeraz at daudela. Honez gain, euskal izenen bilakaerak euskal kulturaren genero-ikuspegiari buruz zerbait erakutsi lezake.

 

Bai Euskal Herrian bai munduan zehar, originaltasuna eta ezberdintasuna gehiago bilatzen dira nesken izenengan mutilenengan baino. Neska izen ezberdin gehiago aurkitzen dira normalean, eta haien populartasun-denbora motzagoa da mutilena baino. Honek gizarte-mailan ditugun generoari buruzko ikuspuntuak islatzen dituela argudiatzen dute ikertzaile batzuek, mutilen izenak tradizioari eta familia-izena aurrera eramateari lotuak baitaude. EAEn 20. eta 21. mendean teoria hauek baieztatzen dituzten datuak agertzen dira: neskei ematen zaizkie euskarazko izen gehienak hauek legez-kanpo daudenean, baina 90. hamarkadatik aurrera euskal izenak normalizatzean gehiago ematen zaizkie mutilei.

Eskozian ere, mutil eta neska izen gaelikoen bilakaera paraleloa eta bateratua da. Nahiz eta neskei gaelikozko izen gutxiago eman, hauen kopurua mutil izen kopurua igotzean igotzen da, eta mutil izenak jeistean, jaitsi egiten dira. Euskal izenen era berean, baliteke honek erakustea izen gaelikoak izen-talde ezberdin eta bereiztu bat direla gizartearen ikuspuntuan, eta bere bilakaera propioa dutela.

 

Honez gain, mutilei neskei baino askoz izen gaeliko gehiago ematen zaizkie. Alde batetik, honek zerikusia izan lezake izen Gaeliko batzuen hedapenarekin; ez dira ezberdin edo berezi bezala sumatzen, eta hauen aukeraketaren atzean ez dago nortasun eskozesari lotutako aukeraketarik. Hala ere, badaude izen popular ugari Eskozian bakarrik agertzen direnak, eta ez Erresuma Batuko beste zonaldeetan. Hortaz, baliteke gizarte-mailan era inplizitioan hizkuntza gaelikoa eta kultura eskoziarra gizontasunari lotuak egotea.

Bai EAEn bai Eskozian, hizkuntza minorizatuetan dauden izenen igoera bat somatzen da 70. hamarkadatik 2010 urtea arte, non jeitsiera bat dagoen. Zehazki, Eskozian 2007an hasten da joera beherakorra, 2016eko igoera xumea kenduta, eta EAEn 2000 eta 2010 hamarkaden artean 10 puntuko beherakada bat agertzen da. Baliteke honen arrazoia ez izatea izen gaeliko eta euskaldunengan interes falta, baizik eta globalizazioaren eta migrazio-prozesuen eragina izendatze ohituretan.

Haurrei ematen zaizkien izen ezberdinen kopurua handitzen ari da: Bizkaian, 1940. hamarkadan, 368 izen ezberdin eman zitzaizkien neskei, eta 2010. hamarkadan 672 ziren. Eskozian, 1975ean, 428 neska izen ezberdin eman ziren guztira, 2016ean ordea 652. Hau munduan zehar gertatzen ari den fenomeno bat da, izan ere, berezitasuna geroz eta gehiago bilatzen da haurrak izendatzeko unean. Hala ere, honez gain, izen “kanpotarren” iritsierak ere izen mota kopurua handitu duela esan genezake.

Izen hauek bi eratan iristen dira gurera. Hasteko immigrazioak ekarritako izen erdaldunak ditugu: Bi herrialdeetan, 2010eko hamarkadan beste herrialdeetatik etorritako etorkinen igoera bat dago. Honen ondorioz, izen-zerrendek hizkuntza erdaldunetan dauden izen ugari dituzte: adibidez, Bizkaian 2010. hamarkadan jaiotako mutilen %0.18 Mohamed deitzen ziren, eta Eskozian 2015 urtean jaiotako mutilen %0.05 Ibrahim. Izen erdaldunen igoera honek dauden izen guztien kopurua handitzen du, eta hizkuntza minorizatuetan dauden izenen kopuru erlatiboa jetsiarazi.

Izen erdaldunak gure etxeetara iristeko beste era globalizazioa da, bereziki hedabideetatik datorkiguna. Geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu mundu osoan zeharreko ikus-entzunak, eta gure erreferente kulturalak ez dira beti gure herrialdekoak. Gainera, haurrei familia-izenak ematearen ohituraren beherapen bat somatzen dugu eta, esan bezala, izen originalen balorizazio berri bat. Hortaz, geroz eta guraso gehiagok aukeratzen dute bere seme-alabak hizkuntza minorizatuan izendatu ordez, hedabideetan ezagututako izen “kanpotar” bat ematea. Adibidez, Bizkaian 2010ean jaiotako mutilen %0.14ak “Liam” zuen izena. Baliteke ingelesezko izen honen inspirazioa Liam Payne izatea, One Direction musika-taldeko taldekidea, talde honen ospe handiena hamarkada honetan eman baitzen. Eskozian, “Zayn” izen arabiarraren igoera esanguratsua gertatzen da 2010ean. Hau musika-talde berdinekp beste taldekide baten izena da, eta izen-zerrendetan taldearen sorkuntza ondoren agertzen da. Hortaz, esan genezake hedabideen indarrak izenen globalizazio bat eragin duela, non herrialde ezberdinek izen eta erreferente kultural berdinak dituzten. Hizkuntza minorizatuetan dauden izenek, kultura gutxitu baten parte diren einean, olatu kultural honen indarraren aurrean bereziki kaltebera dira.

Azkenik, globalizazioak hirugarren era batean eragin dezake hizkuntza minorizatuetan dauden izenengan: nortasun nazionalen aldaketari lotua egon liteke. Izan ere, munduan zeharreko mugikortasuna igotzen den ahala, geroz eta jende gehiagok ikusten du bere nortasuna “global” edo “supra-nazional” bezala. Ikertzaileek diotenez, herrialde globalizatuetan azken urteotan identifikazio-mota infra-nazional edota erregionalen jeitsiera egon da. Hortaz, baliteke jende gutxiagok bere burua euskaldun edo eskozestzat jotzea 2010 eta 2020 hamarkadetan, eta honen ondorioz guraso gutxiagok bere seme-alaben izenetan nortasun lokal bat ikustarazteko joera baxuagoa izatea.

Ikerketa honetan, Eskozia eta Euskal Herrian 1930-2019 hamarkadetan haurrei emandako hizkuntza minorizatuetako izenak aztertu ditut. Bi herrialdeek garapen konparagarri bat daukate: 20. mendearen amaieran gorakada bat gertatzen da, eta 2000 eta 2010 hamarkadetan beherakada bat. Honez gain, bi kasuetan ikusi dezakegu neskato eta mutiko izenek garapena paraleloak dituztela, eta ikusi dezakegu bi herrialdeetako izenak zaurgarri direla globalizazioak ekarritako kanpoko izenen parean. Antzekotasun hauek kontuan hartuta, pentsa dezakegu hizkuntza minorizatuetan dauden izen-multzoek munduan zehar berdini edo antzeko jokatzen dutela, hau da, hizkuntza minorizatuen onomastika bat existitzen dela, bilakaera eta arau komunekin.

Ordea, zentzu batzuetan bi herrialdeetako emaitzak ezberdinak izan dira. Hasteko, Eskoziako emaitzak askoz baxuagoak eta ezegonkorragoak dira. Euskal Herriko kontextu historikoak, batezere frankismo garaieko izenpedura-legeek, euskarazko izenak hedatu eta jendarteratu ditu; zehazki, euskarari eta euskal nortasunari duten lotura bermatu du. Eskozian, ordea, egoera ezberdina izan da, eta izen ugarik konotazio gaelikoa galdu dute eta mainstream-ean sartu dira. Bi herrialdeen arteko ezberdintasuna genero-ikuspuntutik dator. Euskal Herrian, 90. hamarkada arte, neskek dituzte gehienbat izen euskaldunak, eta hauek gehiengoa bihurtzean eta gizartean egonkor daudenean mutilak bihurtzen dira eramaile ohikoenak. Eskozian, ordea, mutilak dira betiere izen gaeliko gehien dituztenak. Izenen genero-bilakaerei begira, herrialde bakoitzak generoarekiko duen erlazioa aztertu ahal izatea baliteke - neska eta mutilei buruz dituzten ideiak (mutilek familia-izena aurrera eramatearen ohitura, adibidez), baita bere kultura “femenino” edota “maskulino” bezala ikusten duten (Eskoziako kasuan bezala).

Oro har, pertsona-izen minorizatuen azterketa kuantitatiboa erreminta eraginkor bat da ez bakarrik izenei buruz gehiago ikasteko, baita atzean dituzten kultura eta nortasun gaiak aztertzeko eta hizkuntza minorizatuen teoria onomastiko bat proposatzeko.


Eusko Jaurlaritza