
Gaiak
Gizateriaren lau iraultza handienak
Zein da gizakiak inoiz egin duen asmakizunik garrantzikoena? Galdera xume horri askotariko erantzunak eman zaizkio historian zehar, garaian garaiko aurrerapausoak eta interesak kontuan izanik: sua, gurpila, goldea, telegrafoa, hegazkina, antibiotikoak… beti ere “asmakizuna” objektu materialtzat hartuz. Halere, zientziaren historiaren irakasle ospetsua izandako Michel Serres (1930-2019) frantziarraren proposamenari jarraituz, neuk ere uste dut zerbait inmaterial izan dela gizateriaren asmakizunik handiena: ahozko hizkuntza. Artikulu honetan, asmakizun intelektual kolektibo hori abiapuntu harturik, hizkuntzaren lanketarekin loturiko lau iraultza handienak aztertuko ditugu: ahozko hizkuntzaren sorrera, hizkuntza idatziaren asmakuntza, inprenta eta, gure egunotan gertatzen ari den PC ordenagailuen eta Internet sistemaren bidez gertaturikoa.
1. Lau iraultza handienak
1.1. Ahozko hizkuntza. Gizakiaren eta gizartearen sorrera
Ene ustez, ahozko hizkuntza asmatzea izan da inoiz gertatu den iraultzarik handiena, gero etorriko ziren guztiak posible egingo zituena. Noiz eta nola gertatu zen ez dakigun arren, Homo espezieren batek ahozko hizkuntzarako gaitasuna izateaz gainera ahozko komunikazioa asmatzean, gaur egun “gizakia” deritzogun izakia sortu zen. Ene hipotesia da, beraz, orduan gertatu zela gizakiaren kreazioa, edo, alderantziz esanda, ahozko hizkuntzaren asmakuntzak bihurtu gintuela gizaki, alegia, pertsona.
Ahozko hizkuntzaren berezitasuna da taldeko kide guztiek partekaturik izatea, hots, guztiek “tresna” modura erabilia izatea, taldeko guztiek ezagun duten “kode” berberaz komunikatzeko. Asmakari horrek aldi berean zekarren gizakien arteko elkarte berezia sortzea, hau da, “gizarte” bat. Bestela esanda, ahozko hizkuntzak sortu zuen gizartea bera ere. Horregatik esaten dut, analogiaz, ahozko hizkuntza dela gizakiaren eta gizartearen kreazioaren Big Banga, “eztanda handia”, alegia.
Gaur egungo beste tresna batekiko analogia eginez esan dezakegu, buruaren barnean dagoela ahozko hizkuntza sortzeko “hardwarea”, zerebroa, zeinak gaitasun harrigarriak dituen. Esate baterako, informazioa sortu, bidali eta hartzen du; informazioa memorian bildu eta gorde egiten du; sorturiko emaitza hitzen katea da, esaldia, soinu bidez distantziara bidalia dena, ezmateriala eta etereoa dena, baina mota guztietako informazioak transmititzeko balio duena, errealak zein imajinarioak izan, egiazkoak zein faltsuak izan. Edozein kasutan, ahozko hizkuntza aldi berean zen -eta da- tresna eta komunikabidea, asmakizun kolektibo eta unibertsala, hots, gizaki guztion artekoa eta guztiona, eta baita pertsona-taldearena ere, ondare publikoa, jakintza kolektiboaren transmisio abstraktuaren muina. Gainera, ahozko transmisioan, gizakia igorlea eta hartzailea da aldi berean, baita transmisorea ere. Uste dut nahikoa eta gehiago direla ezaugarri horiek, ahoako hizkuntza inoizko asmakizunik handiena izendatzeko, Homo sapiens espeziearen bizimodua eraldatu zuena orain dela 40.000 urte[1] baino lehenagotik hasita. Inoiz egin den asmakizun funtsezkoena da, beste guztiak ahalbidetu dituena.
Alabaina, bada bestelako ezaugarri harrigarririk ere: denbora aurreran joan ahala, transmisioa aldakorra denez, belaunaldiz belaunaldi ahozko hizkuntza sortuz, haziz eta aldatuz joan zen. Zelanbait esateko, ahozko hizkuntza “izaki bizidun”en ezaugarriak ere baditu. Are gehiago, ahozko hizkuntza guztiak desagertu egiten dira nozbait, eta izaki bizidunak legez, hil eta desagertu egiten dira betiko, nahiz eta batzuetan ondorengo zuzenak utzi.

1.2. Hizkuntza idatzia. Ahozko hizkuntzaren soinua fosil bihurtzea
Kristo aurreko bigarren milurtekoan-edo gertatu zen bigarren asmakizun handia, denborarekin iraultza izugarria ekarriko zuena. Lehenik irudiak, margoak eta hieroglifikoak asmatu ziren, beti ere irudiekin ahozko soinua gogoratzekoak, sinboloen bidez soinuak imajinatzeko, modu sistematikoan. Baina, prozesu luze baten buruan, azkenean, ahozko hitzen soinua silabaka eta kode sinboliko zehatz batez irudi bihurtu zen: soinua “ikustea” lortu zen.
Ziurrenik, lehenik harrian-edo zizelkatuz idatziko zen (Hammurabi). Denboraz, hizkuntza ezmateriala harri, buztinezko edo egurrezko taula bihurtu zen, eta horrela fosil bilakatu zen: jadanik ez zen aldakorra, finkoa baizik, eta horrela soinu etereo eta iheskorra finkatu eta betikotu egin zen. Testu idatzia gordetzeko materiala gogor eta pisutsua zen hasieran, baina geroago papiroa eta papera erabiltzean, asko arindu zen hizkuntza idatziaren euskarria. Bidea prestaturik zegoen jakintza finkotu eta gizarteari eskaintzeko.
1.2.1. Grafia desberdinak, baina baliokideak
Grafia desberdinak erabiltzen dira munduan zehar, baina guztiek betetzen zuten/dute hizkuntza idatziaren funtzioa. Kasurako, honelaxe idazten da Wikipedia hitza zenbait grafiatan:
Euskaraz, Wikipedia
Grezieraz, Βικιπαίδεια
Errusieraz, Википедию
Arabieraz, ويكيبيديا
Txineraz, 西班牙語維基百科
Ikus daitekeenez, sinboloak erabat desberdinak dira, eta baita idazteko norabideak (horizontalean zein bertikalean) eta noranzkoak (eskuinerantz zein eskerrerantz) ere. Nolanahi dela, zientziaren unibertsaltasunaren erakusle, mundu guztiko zientzialariek adostu dute idazkera bakarra, gaur egungo hizkuntza idatzi guztietan identikoa dena, matematikatik hasi, fisikatik segitu bestelako zientzietan ere erabiltzen dena, Nazioarteko idazkera zientifikoa (ISO arauak), ondoko adibidean ikus daitkeenez:

1.2.2. Hizkuntza idatziaren ondorioak gizartean
Testu finkoarekin batera, iraultza izan zen gizartean, bizimoduaren antolakuntzari dagokionez bereziki. Esate baterako:
- Lehena eta funtsezkoen, gizartearen memoria kolektibo eraiki, finkatu eta gordetzeko modua ekarri zuen.
- Legea idatzi zen, forma finkoan, horren arabera botere-egiturak eta erakunde administratiboak sortzeko, eta gizarteko ohiturak arautzeko.
- Erlijio monoteistak sortu ziren, jainko bakarrak eta ahalguztidunak inspiraturiko testu sakratuetan (Biblia, Torah, Korana) oinarriturik, eta horien interpretazioa zuzena egingo zuen kasta sazerdotala antolatu zen.
- Legea irakurri eta interpretatuko zuen kasta funtzionariala antolatu zen, epaileak, besteak beste.
- Hiriak eta ekonomia antolatu ziren, hala nola urbanismoa eta dirua, eta, horiekin batera, botereguneen kontzentrazioa.
- Geometria landu zen, teorikoki eta praktikoki, eta biblioteka kontzeptua sortu zen, jakintzaren bilgune modura.
- Osagarri horiekin guztiekin, hiri, erresuma eta inperioak sortzea ahalbidetu zen.
Laburbilduz, gaur egun zibilizazioa deritzogun kontzeptua eta antolamendua hizkuntza idatziaren umeak direla esan dezakegu.

1.3. Inprenta, jakintzaren zabalkundea
Dirudienez, Bi Sheng (990-1051) txinatarra izan zen inprenta asmatu zuen lehena, nahiz eta haren aurkikuntzaren berri ez zen Europako lurraldeetara iritsi. Gure zibilizazioan, Johannes Gutenberg (1398-1468) alemaniarrari esleitu ohi zaio ohore hori, berak landu baitzuen inprimaketaren teknologia eta horretarako beharrezkoa zen tinta prestatu. Haren lanik ezagunena lehendabiziko Biblia inprimatzea izan zen, 1445ean hain zuzen. Sortu eta berehala, asmakizun hark sekulako zabalkundea ezagutu zuen, eta horrekin batera ideien iraultza kulturala ekarri zuen mundura.
Inprentari esker, testu idatzien kopia identiko ugari egin zitezkeen, ordura arteko ale bakarraren indar selektiboa gaindituz; ondorioz, bibliotekak nonahi osatu ziren. Gauzak horrela,
- Gizateriaren memoria kolektiboa asko zabaldu zen eta biblioteketan gordeta geratu zen, mundu osoan zehar kontsultagai.
- Merkataritzak izugarrizko garapena izan zuen. Kontabilitatearen laguntzaz eta itsasoko nabigazioaren bidezko mundu osorako komertzioaren eraginez, egoera horrek banku-sistema modernoaren asmakizuna ahalbidetu zuen.
- Bibliaren itzulpenak hizkuntza guztietara egin ziren eta horrek bidea ireki zuen, edonork bere hizkuntzan irakurtzeko eta testuak interpretatzeko aukera izateko.
- Aukera horrek erlijioaren krisia sortuz, bidea ireki zion protentantismoari.
- Erlijiotik aldenduz, Errenazimentu kulturala areagotu zen, halaber Zientzia esperimental modernoaren abiapuntua jarriz. Irekiera horrekin bat, zientzialarien nazioarteko komunitatea osatu zen, zientziaren unibertsaltasuna zabalduz.
- Elementu horiek tartean zirela, jakintzaren zabalkundea mundu osoan zehar hedatu zen. Geroago, jadanik XIX. mendean sarturik, irakaskuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatu zen, eta baita planifikatu ere.

1.4. PCa eta Internet, memoria mugagabea
Hogeigarren mendearen erdialdetik aurrera, ordenagailu pertsonalak eta Internetek hainbeste muga eta kontzeptu eraldatu dituzte denbora laburrean, mundu desberdin bat eraikitzeko adinakoak. Esate baterako,
- Memoria mugagabearen jabe bihurtu dute gizateria, eta memoria hori gure buruetatik kanpo dago atera dute.
- Distantziarik eza sortu dute urrun dauden tokien artean helbide elektronikoa ezarriz, eta asmakizun horrek modu ia-sinkronikoan komunikatzea ahalbidetzen digu.
- Helbide-sarearen bidezko espazio birtuala sortu dute, non informazio guztia gorde eta berrekuratzeko modua dugun.
- Amaraunean mundu berri bat eraiki dugu, esate baterako: sare sozialak, Biblioteka unibertsala etxean, denetariko entziklopedia unibertsal bat (Wikipedia) aldi berean hizkuntza askotan emana, eta abar
Nola nahi ere, PCa eta Internet ditugunetik, geure memoria pertsonala gorputzetik kanpo daukagu, haietan gordeta. Michel Serres pentsalari handiak zioenez, burua galdu dugu ordenagailuaren disko gogorrean edo hodeian. Zer geratzen zaigu, orduan, gizakioi? Erantzuna sinplea bezain boteretsua da: pentsatzeko eta erabakitzeko ahalmena dugu oraindik, eta behartuta gaude inteligente izatera. Horrelaxe egin ahalko dugu geure iraultza propioa.
2. LAU IRAULTZA HANDIENAK ETA EUSKARA
Artikuluaren bigarren atal honetan, zelan edo halango lotura historiko bat gehitu nahi nuke euskarak iraultza horien eragina noraino jaso duen aztertzeko, eta laster konturatuko gara, euskal gizartearen egoera bazterreko eta ahantziaren ondorioz, atzerapenez iritsi zaizkigula beti iraultza haien onurak.
2.1. Ahozko hizkuntzaren Big Banga
Euskararen jatorri mitikoaz sarri aipatutakoak gorabehera, zalantzarik gabe esan dezakegu ezen, ahozko hizkuntzaren eztanda handia gertatu zenean, euskara ez zegoela bertan. Halere, badakigu beraren hizkuntza arbasoa nonbaitetik sortuko zela, ziur dakigun bezala beraren jatorria ez zela indoeuroparra izan.
Litekeena da, bestalde, euskara oso zaharra ez izatea, “oraintsukoa” baizik. Alabaina, horrek ez luke informazio gehiegirik emango etorkizunean luze iraungo ote duen jakiteko. Etortzeko dagoena euskal gizartearen eskuetan dago neurri handi batean… baina ez soilik gure eskuetan, garrantzizkoa baita, halaber, euskararen kontrako erasoan aspalditik ari diren indar kolonizatzaileek egin dezaketena ere.
Jende asko saiatu da euskararen jatorri ezezagun hori aurkitu edo deszifratu nahian, jakitate horrek gure etorkizunik baldintzatuko balu legez. Egia esanda, jatorri horrek inoiz ez nau gehiegi kezkatu, datorren lekutik datorrela agerikoa delako oraindik bizirik dagoela; bizirik irautea da kontua. Izaki biziduntzat daukadanez, betidanik kezkatu nauena da ahozko euskararen bizitasuna, daottn mendean bizirik iraungo ote duen, zeren hil egin baitaiteke, betiko. Beraz, bego kezka hori bere horretan, eta saia gaitezen ekinean, ez baitugu inolako daturik garai urrun hartaz.
2.2. Berandu iritsi ginen hizkuntza idatziaren mundura
Erdi Aroaren bukaerara arte ez dugu aztarna sendorik euskara existentziari buruz, ezta testu idatzi luzerik ere aztertzeko, Akitaniako zenbait erreferentzia eta hilarri erromatako izenak salbu.
Aipamen berezia merezi dute Donemiliagako glosek (X. edo XI. mendekoak), euren urritasunean izanik ere, nahiz eta informazio handirik eman ez. Beraz, ez dirudi hizkuntza idatziaren iraultzak asko ukitu gintuenik euskal hiztunok.
2.3. Inprentaren mundura egokitzeko ere atzerapen handiz
Ez ziren garai onegiak iritsi ezta inprentaren iraultzarekin ere. Gutenberg-ek 1448an Biblia inprimatuz lorturiko balentria baino askoz beranduago agertu dira inprimaturik euskarazko lehenengo zenbait hitz, hiztegi moduko batean zerrendaturik berriki ezagutu dugun De Rebus Hispaniae Memorabilibus (1533) liburuan. Ezer gutxi, nahiz eta argi erakusten duen garai hartan ahozko euskara bizirik zegoela.
Liburu gisa inprimaturiko euskarazko lehenengo lana Etxepare-k artgitaratu zuen 1545ean, Gutenberg-en balentriatik ia ehun urtera. Haren kalitatea kontuan hartuz harribitxiaren balioa duen arren, berandu, oso berandu, iritsi zen inprenta gure hizkuntzaren zerbitzura. Hurrengo mendeetan lan gutxi baina ederrak etorri ziren, hala nola Leizarraga (1571) Axular (1673) eta beste zenbaitenak. Baina euskara normalizatu gabe egonik eta erakunde ofizialen babesik gabe, ezin zitekeen inprentaren iraultzaren bultzadaz baliatu.
2.4. Gure garaiko erronka dira PCa eta Internet
Badirudi gauzak zerbait aldatu direla laugarren iraultzaren garaian. Hemeretzigarren mendearen bukaera aldean sorturiko euskararen sentimenduen aldeko birsorkuntza kulturaletako ekimenez -Lore Jokoak, adibidez-, eta hogeigarren mendearen lehenengo hamarkadetako euskararen aldeko zenbait erakunderen indarrez -Euskaltzaindia, bereziki-, informatikaren teknologian sartzeko behar zen azpiegitura linguistikoa prestatzeko ahalegin bizian aritu zen euskalgintzaren arloa. Euskara Batuaren oinarriak finkatzen hasiak ziren, egunetik egunera garatuago, eta mendearen bukaerarako digitalizazio-garaian PCa eta Internet iristean, asmakizun biak erabiltzeko aukera izan dugu, gure xumean.
Euskaraz diharduen komunitate unibertsitario eta zientifiko bat ere existitzen da, goren mailako testugintzan diharduena. Mundu digitalean euskara presente dago ia-ia lehenego unetik, eta horren adibide dira, besteak beste, Wikipedia, non euskara presentzia bizia duen, edo Inguma euskarazko datu-base digital erraldoia, non bildurik baitaude azken urteotan euskaraz argitaraturiko jakintza-arlo guztietako testuak, edo Artizarra izeneko zientzialari euskaldunen sare soziala, mila kide baino gehiago dituena. Horiek guztiek argi erakusten dute ahozko euskara bizirik dagoela, bere neurrian noski, eta euskara idatzia egunez egun agertzen dela mundu digitalean, bizirik.
3. Epilogoa
Zientzia eraikuntza intelektual kolektibo bat da, mendeetan zehar eraikitzen dena. Komunitate zientifiko unibertsal bat dago, eta euskal komunitate zientifikoa horren parte da. Zientzia bezala, hizkuntza ere eraikuntza intelektual kolektiboa da, “izaki biziduna”, bizitza propioa bizi duena. Eta euskara, beste edozein hinkuntza bezala, horrelakoa da.
Halere, guztiok konturaturik gaude: euskara hiltzeko arriskuan dago. Hori ez da nobedade. Euskararen berri dugunetik, beti egon da arriskuan, inguruko hizkuntzek itolarrian jarria; baina bizirik gaude, eta bizirik iraungo dugu ahozko euskara bizirik dagoen bitartean. Neuk azken hirurogeita hamar urteotako egoera ezagutu dut. Badakit nondik gatozen eta zer lortu dugun: adin nagusikoa naizenetik ezagutu dudan prozesuak erakutsi dit, posible dela bizirik irautea... eta merezi duela.
Ez daukat soluziorik, baina ene ustez, edozein arlotan… beti euskaraz ari diren komunitate trinkoak behar ditugu: lagun-taldeak, koadrilak… erakundeetan, lantegietan, kalean… Inolako bermerik ez dugu bizirik jarraitzeko, baina ekimena gure esku dago.
[1] Ez daukat ez datu ez data zehatzik aipatzeko, ezta Homo sapiens baino lehenagoko beste Homo espezie hizkuntzadunik izan zenik esateko, baina hurbilketa modura aipatu dut geure espeziea, gutxienez noiztik gatozen ulertzeko.