775 Zenbakia 2022-10-19 / 2022-12-14

Gaiak

Eskubide kulturalen erronkak ingurune digitaletan

MARAÑA, Maider

Baketik fundazioa

Giza eskubideen inguruan argi dago hainbat eskubidek besteek baino atentzio nabariago jasotzeko joera dutela: kultur eskubideen kasuan, zehazki, hamarkadetako ahanzturaren ondoren, azken urteotan bere mamiaren azalpenera jo duten nazioarteko prozesuak topatzen ditugu, Nazio Batuen erakundean, batez ere. 2009tik hona geroz eta nazioarteko tresna gehiago ditugu kultur eskubideak giza eskubideen eta gure herrietako arau-esparruetan hobeto kokatzeko, beraz. Baina, egia esate aldera, kultura eta bertan parte hartzeko gure eskubidea, ez dago ez arauetan, ezta politiketan ere, ondo islatuta edota defendatuta.

Errealitate horretan geundela, aukera eta -era berean- zailtasunak diren erronka berriak ezagutu genituen: interneten eta, bereziki, sare sozialen erabileraren hazkunde esponentzialak edota egun “hiperkonexioa” bezala ezagutzen dugunak, gure harremantzeko -eta pentsatzeko- moduetan aldaketa larriak ekarri ditu. Mendi puntan edota hiri erdian egonda konexioa galtzen ez dugun mundu honetan, arruntatzat jotzen dugu sareetan gure pentsamenduak -eta ikusmira artistikoak- behin eta berriro partekatzea, askatasunatzat ere jotzen duguna. Teorian denok jokatu dezakegu joku honetan, baina benetan horren unibertsala al da online mundua?

Azken gertaeren artean Covid-19ak ekarritako aldaketak ere aipa beharko genituzke: munduko hainbat lurraldetan ezagutu genuen konfinamenduak online kultur kontsumoaren areagotzea eta digitalizazio dinamikak sakontzea ekarri zuen. Baina itxiera horiek, “jasotzailearengan” sortzen zuten kontsumo nabarmen horiek, ez zuten profesionalengan eraginik izan edota, hobeto esanda, kultur arloan aritzen zirenentzako oso garai txarrak izan ziren eta, askok, ezin izan zuten beraien lana edota ogibidea, hau da, kultur arloko beraien ekintzak, mantendu. Munduan zehar sarean zabaltzen ziren filme, musika edota liburuen egileek ez zuten zertan honen ondorio positiborik jaso.

Alde batetik, garrantzitsua da gogoratzea kultur arloko profesionalaren nondik-norakoak eta egunerokoa: besteak beste, “ezinezkoa” den profezionalizazio baten aurreran gaudela aipatu behar dugu. Arlo artistikoan, beste lan batzuekin bateragarria den zerbaitetan egiten dute lan askok, eta “isilpeko” edota “lurpeko” kultur-lan hauek ez dute, krisi garaietan, inongo babespenik. Beraz, gure erabilera eskari handia eta kultur-kontsumo zabal hori eduki ahal izateko “hornitzen” gaituztenen errealitateen arteko kontrastea nabaria da, eta profesionalentzat arreta eta babes falta gure gizartean badagoela gogorarazi behar dugu.

Internet askatasunatzat jo ohi dugu, baina errealitate diskriminatzaileak barra-barra ematen dira: arrakala digitala ikustezina da lerro hauek irakurriko ditugun gehienontzat, baina munduan %46ak internetik gabe bizi da. Eta sarean egunerokoak dira ematen diren tratu eta erabilera sexistak. Hau da, pertsona batzuentzat online parte hartze horretan mugaketak eta askatasun faltak sortzen dira. Ez da gauza bera zure kultur sorkuntza sarean partekatzea emakume edota gizonezko bazara, talde kaltebera ezberdinetan zure burua kokatzen baduzu (minoria etnikoak, LGTBIQ+, elbarritasunaren bat, etab.), munduko zein herrialdetan bizi zaren edota zure kultur proposamenak hizkuntza gutxitu batean edota nagusietan egiten badituzu.

Ikusten dugunez, beraz, espazio fisiko edota “errealean” ematen diren diskriminazio mota gehienak -eta akats nabariak- gurekin batera eraman ditugu online bizimodura.

Honekin lotuta, interesgarria litzateke aipatzea, oro har, gurean ez dugula benetan kultur arloan aritzen direnak giza eskubideen defendatzaile bezala jotzen: artista eta kultura-sortzailea ez ditugu beraz askatasunaren berme-emailetzat jotzen eta, kultur arloa murrizten edota eragozten duten egoeren aurrean gure defentsa ez da, normalean, giza eskubideen defentsan martxan jartzen ditugun dinamikekin lerrokatzen. Zentzu honetan, eta Nazio Batuetako Eskubide Kulturalei buruzko Aditu Bereziak bere 2020ko txostenean esan bezala[1], ez legoke gaizki artistak, kultura arloko profesionalak edota adituak, cultural rights defenders edota kultur-eskubideen defendatzaile bezala joko eta bistaratuko bagenitu.

Sarean bere lana partekatzen duten artistek ere babes faltari eta jazarpenari aurre egiten diete.

Online aritzen diren hainbat profesionalei gertatu bezala (kazetariak, besteak beste), sarean bere lana partekatzen duten artistek ere babes faltari eta jazarpenari aurre egiten diete askotan. Jazarpen hauek ez dira online bakarrik suertatzen, eta hasieran aipatzen genuen Covid-19ko garaietara ere berriz itzuliz, pandemiari lotutako obra artistikoengatik arriskuan ere egon ziren artista batzuk, hala nola 2020n Txileko Delight Lab kolektiboak eraikin ospetsu baten gainean egindako argi-emanaldia zela eta pairatutako kritikak eta zentsura, edota Bangladesheko Ahmed Kabir Kishore komilikariak jasan zuen espetxe zigorra, Covid-19aren pandemiaren kudeaketaz bere artelanetan hitz egiteagatik, non Nazio Batuek ere azkenean parte hartu zuten bere kaleratze eskaeran.

Gure errealitate honetan, beraz, ez dugu oraindik ondo ulertu kultur-eskubideen nondik norakoak: legitimazio falta dugu nazioarteko esparruan eta hori gure gertuko araudietara ere ekartzen dugu. Oro har, kultur-eskubideez aritzean gutxiengo edota talde espezifikoekin identifikatzen ditugu -printzipioz ez dagoena oker, baina ezin duguna horretara mugatu. Askotan, kultura ere giza eskubideen beste urraketak “zuritzeko” ere erabilia da gaur egun. Azken finean, pendiente dugu kultur-bizitzan parte hartzeko eskubidearen ulermen sakona egitea.

Parte hartzea ekintza bezala hartuta, helburua denok “partaideak” izatea litzateke -parte hartzaileak-, eta ez hartzaile hutsak, askotan gure kultur arloko politiken ondorioz gertatzen de moduan. Kulturan parte hartzeko eskubidea “bizitza” bezala definitu du Nazio Batuen erakundeak, hau da, martxan dagoen zerbait, dinamikoa dena, mugimendua eta aldaketaren ondorioz garatzen dena. Kultura bakarrik gure bakardadean edota besteekin harremanetan egin dezakegun zerbait da, eta kultur-bizitzan parte hartzeko eskubidearekin batera dator, nolatan ez, parte-ez hartzeko gure eskubidea eta erabakia.

Eskubide hau osatzen duten hiru oinarrien artean, beraz, parte hartzea izango litzateke lehenengo pausua: eskubide indibiduala edota beste batzuekin batera martxan jartzen duguna, nortasuna ere bere barne hartzen duena, eta gure ikuspuntua ere aldatzeko aukera baliozten diguna. Bigarrenik, sarbidea aipatuko genuke: norberaren eta besteen kultura ezagutzea eta ulertzea, hezkuntza eta informazioaren bidez (online dugun informazioa barne). Azkenik, hirugarrenik, kultur-bizitza horretara gehitu edota eraldatzeko aukera: komunitatearen adierazpen espiritualak, materialak, intelektualak eta emozionaletan gure ikuspuntua atxikitzea ere eskubidearen barne kokatzen da.

Kultur-eskubideak babestea beraz ez da adierazpen artistikoak edota ondarea per se babestea, baizik eta pertsona guztiei, diskriminaziorik gabe, bizitza kulturaleko eremu guztietara etengabe sartzeko, parte hartzeko eta eraldatzeko aukera emango dieten baldintzak sustatzea, eta hori askatasunatzat ulertzea. Hori bermatzeko, beharrezkoa da, instituzioek bere esku-hartzea mugatzea eta, bestetik, neurri positiboak hartzea, hau da, kultura-bizitzan parte hartzeko, bizitza hori sustatzeko eta errazteko eta kultura-ondasunei sarbidea emateko eta ondasun horiek babesteko aurretiazko baldintzak daudela ziurtatzea.

Horretarako, guztientzako egokiak -sarbidea eta berdintasuna kontutan hartuta- diren espazio publikoak behar ditugu, kultur-eskubideak, espazio publikoetan askatasunez adierazteko eta elkarri eragiteko aukerak eskatzen baitituzte. Eta eremu digitalean zer esan nahi du horrek? Instituzioek ere baldintza horiek emateko ahalbideak martxan jarri behar dituztela: ziberespazioaren errealitate berriarekin bateragarriak diren legeak eta politikek herritarrak babestu beharko zituzten, sortzeko askatasuna eta sarbidea bermatzen duten bitartean.

Uste denaren aurka, internet ez da gardena. Are gehiago, enpresa digitalak, kultura-eragile boteretsuenetakoen artean kokatu behar ditugu, erabaki politikoetan ere eragina dutelarik. Enpresa horiek gobernuek baino informazio gehiago dute guri buruz, baina monitorizazio eta jarraipen beharrari uko eginez, testuinguru eta jurisdikzio batzuetan erantzukizunaren aurka babestuta daude, eta bere algoritmoei buruzko informazioa partekatzearen kontra egiten dute. Botere desoreka eta alborapenak nagusi dira online munduan, eta gure sorkuntza eta kontsumoak ez dira “askeak”, beraz. Hau da, internetek bere baitan ez du errazten ezta galarazten ere transparentzia edota kontu-ematea: edozein eremu bezala, “eraiki” behar dugu eta transformazio digitala -arlo teknikoaz haratago- giza eskubideen balioetan oinarritutako jokaerez bete behar dugu.

Internet espazio publikotzat hartuz gero, onartu behar dugu transformatzaileak izan daitezkeen herritartasun modu berriak errazten dituela, baina oraindik ere sarea espazio publiko bezala eraiki behar dugu: sarearen ohiko erabilpena kontsumoa eta ekoizpenetik haratago kokatzea da helburua, eta -teorian denok defendatzen ditugun- giza eskubideen ikuspegitik sarean aske parte hartu eta partekatu ahal izatea.

Defenda dezagun, beraz, online ematen den kultur partekatze hori denontzat izatea, eduki eta formatuan, -genero, jatorri eta beste hainbateko- diskriminazio ezarako bermeak oinarri izatea eta kultur eragileen eta, batez ere, artisten lanaren balorizazioa ere. Defenda dezagun, beraz, sarea espazio publiko amankomun bezala, eta defenda dezagun kultur-eskubideak gure oinarrizko eskubideen artean ere.


Eusko Jaurlaritza