769 Zenbakia 2022-02-16 / 2022-03-16

Gaiak

Inbertsio sozialaren paradigma ikuspegi orokorretik landuta

INZA BARTOLOMÉ, Amaia

Azken hamarkadetan, teorialari garrantzitsu ugarik eta Europar Batasuneko politika ugarien gidalerroek, inbertsio sozialaren alde jotzen dute. Hain zuzen ere, zenbait autorerentzat, paradigma hau keynesiarra edo neoliberala ordezkatzeko jaio zen. Hori dela eta, ikuspuntu honek ongizatearen bilakaeran zer suposatzen duen eta zer adierazten digun aztertzea garrantzitsua da. Paradigma bat gorpuzten duten zenbait osagai kontuan harturik, inbertsio sozialaren oinarriak eta efektuak azpimarratu ditzakegu. Osagai horiek, arazoen diagnosia, paradigmak bilatzen dituen balore eta printzipioak, ekintza publikorako arauak eta erabilitako tresnak lirateke (Morel et al, 2012).

Lehenengoa, arazoen diagnosia litzateke, hau da, zein den paradigmak egiten duen arazoen definizioa, irakurketa orokorra. Inbertsio sozialaren kasuan, arazo hauek, batez ere, gizarte postindustrialera igarotzeagatik sortzen direnak dira, Gizarte Arrisku Berriak deituak. Definizioetako bat hauxe litzateke: “lan merkatu eta gizarte postindustrialak sortzen dituen diru sarrera eta zerbitzuen gabeziak” (Jenson eta Saint-Martin, 2006). Konkretuki, arrisku berri hauek, ezaugarri hauek ditu: ezagutza-ekonomiak, lan indar malgua eta trebea behar izatea; laneko segurtasunik eza eta prekarietatea dela eta, enplegutik eratorritako diru sarrera nahikorik ez izatea; biztanleriaren zahartzea, jaiotzen beherakada eta aldaketak genero-roletan (Bonoli, 2006; Hemerijck, 2011).

Paradigma bat gorpuzten dituen osagaien artean bigarren eta hirugarrena, ekintza publikorako arauak eta tresnak lirateke. Aurrean azaldutako Gizarte Arrisku Berriak konpontze aldera, inbertsio sozialean oinarritutako politikek herritarren ekoizpen potentziala mobilizatu nahi dute batez ere (Hemerijck, 2011). Ongizate-estatu eredu zaharrak diru transferentzia bitartez funtzionatzen zuen, adinagatik, langabeziagatik, gaixotasunagatik edo baliaezintasunagatik diru-sarrerak galtzeagatik sortzen ziren arriskuak estaltzera bideratuta. Ongizate-estatu berria zerbitzu sendoetan oinarritzen da, herritarren sarrera-gaitasunak areagotzera bideratua dago, hezkuntzarako, prestakuntzarako eta etengabeko eguneratzea ahalbidetzeko laguntzen bidez (Huber y Stephens, 2006; Jenson, 2009). Elkar loturiko hiru dimentsiotan dakartza politika-aldaketak: gizarte arrisku zaharrak alde batera utzi eta arrisku berriak egongo dira muinean,  gizarte-zerbitzuak indartuko dira eskudiruzko prestazioak garrantzia galduz eta arazoak eztanda egin ondorengo erremedioak baino, prebentzioa azpimarratzen du.

Europar Batasuneko agintariek, inbertsio sozialaren ideiaren arautzean lan eskerga egin dute. Lisboako Tratatuak, 2000. urtean, gizarte-politikek ekoizpenerako duten garrantzia eta hezkuntzaren eta prestakuntzaren kalitatea azpimarratzen zuen. Bestalde, Europa 2020 Estrategiaren barruan, “inbertsio sozialaren paketeak”, gizarte-babeseko sistemak modernizatu nahi izan zituen, gizarte-inbertsioa bizitza osoan zehar gauzatzeko. Baina, esan bezala, teorialari asko ere egon dira honen oinarriak definitzeko esfortzuan murgilduta[1]. Laburbilduz, hauek izango lirateke inbertsio sozialaren ardatz nagusiak:

  • Gastua inbertsio bihurtzea defendatzen da.
  • Arazoei aurrea hartzea, pertsonak bizitzan zehar izan ditzaketen gorabeheretarako prest egoteko. Lan merkatutik eratorritako diru sarrerak lortu ahal izatea, eta ez gastu sozialen bitartez laguntza jasotzea.
  • Aktibazioa, pertsonek beren ongizatearen erantzule izateko lan merkatuan lortutako diru-sarreren bidez.
  • Giza kapitalaren garapenean inbertitzen duten politiketan oinarritzen da.
  • Haurtzaroan inbertsioa (belaunaldien arteko pobreziaren transmisioa hausteko modua), aukera-berdintasuna eta gizarte-mugikortasuna ahalbidetuko dituzten baldintzak sortzea.

Paradigmak definitzeko laugarren irizpidea, oinarri dituen baloreak da. Ereduaren nahi garrantzitsuenetariko bat, pertsonak ezagutzaren ekonomian moldatu ahal izateko giza kapitala areagotzea da, baina gizabanakoetan zentraturiko aktibazio eredu baten bitartez. Ardura indibiduala, ongizate estatu berriaren printzipio boteretsua da eta aukera berdintasuna du ipar-orratza.

Gizarte Arrisku Berriak konpontze aldera, inbertsio sozialean oinarritutako politikek
herritarren ekoizpen potentziala mobilizatu nahi dute batez ere.

Baina inbertsio sozialaren ikuspuntuak ez da hutsetik jaio. Tarteko pausu bat egon dela esan dezakegu. Nazio-osteko workfare schumpeteriar erako antolaketarekin bat datorrela esan genezake, batzuren ustetan, hau bera izan zen Estatu keynesiarra ordezkatu zuena (Jessop, 2008). Workfare schumpeteriar erako Estatuak, metaketa-erregimenerako beharrezko baldintza ekonomikoak eta ez-ekonomikoak sustatzen ditu, eta azken hori, arlo soziala, arlo ekonomikoaren menpe egotea nahi du.  Edo, beste batzuren ustetan, estatu mota berriaren ezaugarri nagusia, prestaketan egiten duen indarra da, Estatu trebatzaileak (Gilbert, 2002), hain zuzen ere,  inbertsio sozialaren politika aktibo antzekoak defendatzen ditu.

Inbertsio sozialaren politiken ezarpenari dagokiola, edozein herrialde europarrean aktibazio neurriak eta gizarte-prestazioak jasotzeko baldintzen gogortzea ikusi badezakegu ere, egia esan, orokorrean, politika tresna sorta anitzak jarri dira martxan, funtzio ezberdinekin, momentu eta gradu ezberdinetan eta kolektibo ezberdinei zuzenduak. Bestalde, zenbait ongizate estatu liberal inbertsioetan zentratu dira, politika konpentsatzaileak alde batera utzita, eta Europa hegoaldeko herriek, zenbait erreforma jarri dituzte martxan, eta proportzionalki inbertsio gastuen igoera izan dute, baina hauek ez dira oso adierazgarriak. Gainera, kontuan izan behar dugu krisi garaian edo gaur eguneko etengabeko austeritate testuinguruan, etorkizunerako aldaketa instituzionalak baino gehiago, krisiari aurre egiteko politikak abian jartzen direla.

Eraginei dagokiela, inbertsio sozialean oinarrituriko politikek pobrezia tasak gutxitu ez dituztela azpimarratzea garrantzitsua da (Cantillon, 2011) eta, iparraldeko estatuetan salbu, klase ertain-altua dela neurrietatik etekina ateratzen dutenak batez ere, “Mateo efektua” ematen delako (Vandenbroucke eta Vleminckx, 2011). Are gehiago, estatuaren hertsadura eta kontrola areagotzen da eta politiken esku-hartzearen helburua jada ez da lan-merkatuaren egitura, pertsonak baizik; arrakasta eta porrota pertsonarena da, ez sistemaren berezko funtzionamendu traketsetik eratorria.

Beraz, nahiz eta politika hauen inpaktua nabarmenak izan, ez du paradigma neoliberalaren lekua hartzeko indarrik. Agian, azken honen jarraipen bat baizik ez da. Orduan, paradigma baino, inbertsio soziala estrategia dela esan dezakegu.

Aurrean aipatutako ezaugarriak baliogarri zaizkigu gaur eguneko metatze sistema eta horren norabidea ulertzeko. Hasteko, arazoak ikusteko era aipatu daiteke. “Arrisku” izena ematen diote, berez sistemak sortzen dituen desberdintasunak direnean. Horrek kanporatze prozesuen izaera irudikatzen digu: sistemaren gaitzak alde batera uzten dira eta inklusioa lan merkatuarekin estuki erlazionatzen da. Horretan ondo moldatzeko ahalmena duenak arazorik ez luke edukiko; aldiz, lan merkatuan gaizki moldatzen direnen, edo jadanik honen parte ez direnen arazoak nabarmen biderkatzen dira.

Gainera, inbertsio  sozialaren estrategia, despolitizaziorantz pausu erabakigarria da. Inbertsio sozialak, efikazia irizpideak mahai gaineratzean, politiken helburuen konplexutasuna murrizten du, emaitzetan oinarrituriko desiragarriak diren politiken “menu” zehatza eskaintzen baitu. Horrela, despolitizazioaren tresna diskurtsibo bezala funtzionatzen du, bere funtzioa aukeren aniztasuna murriztea delako. Bereziki, ardura indibidualean egiten den indarra, interes kolektiboen desagertzea dakar, aktore kolektiboak eta politika, ongizatearekiko ardurez libratzen ditu. Bestalde, merkatuko eta gizarte zibileko aktoreak inplikatzen dituzten sareak eta elkarteak sortzen ditu, eta azken batean, gizarte zibilaren gatazka-maila eta potentzial antagonikoa murriztu (Busso, 2017).

Are gehiago, zerbitzuen kudeaketan garrantzi handia dutenez, irabazi-asmorik gabeko erakundeek nekez onar ditzakete gatazka erradikalak, ondorengo azpikontratazio-prozeduretatik kanpo geratzeko arriskua sor baitezakete.

Bibliografia:

Bonoli, G. (2006). “New social risks and the politics of post-industrial social policies”, K. Armingeon eta G. Bonoli (ed.). The politics of post-industrial welfare states: adapting post-war social policies to new social risks. London: Routledge.

Busso, S. (2017). “The de-politicization of social policy at the time of social investment. Mechanism and distinctive features”, PArtecipazione e COnflitto, 10 (2): 421-447.

Cantillon B. (2011). “The paradox of the social investment state: growth, employment and poverty in the Lisbon era”, Journal of European Social Policy, 21 (5):432-449.

Gilbert, N. (2002). Transformation of the Welfare State. The Silent Surrender of Public Responsibility. Oxford: Oxford University Press.

Hemerijck, A. (2011). “Social investment is in jeopardy”, ZZ. AA. Social Progress in the 21st Century. London: Policy Network, 24-29 orr.

Huber, E. eta Stephens, J.D. (2006). “Combating old and new social risks”, K. Armingeon eta G. Bonoli (ed.). The politics of post-industrial welfare states: adapting post-war social policies to new social risks. London: Routledge.

Jenson, J. eta Saint-Martin, D. (2006). “Building blocks for a new social architectures: The legotm paradigm of an active society”, Policy & Politics, 34 (3): 429-451.

Jenson, J. (2009). “Redesigning citizenship regimes after neoliberalism. Moving towards social investment”, N. Morel, B. Palier eta J. Palme (ed.).  What Future for Social Investment?, Estocolmo: Institute for Futures Studies.

Jessop, R. (2008). El futuro del Estado capitalista. Madril: Catarata.

Morel, N., Palier, B. eta Palme, J. (ed.)(2012). Towards a social investment welfare state?. Bristol: The Polity Press.

Vandenbroucke F eta Vleminckx K. (2011). “Disappointing poverty trends: is the social investment state to blame?”, Journal of European Social Policy,  21 (5): 450-471.


[1] Hauen artean, adierazgarrienetakoen lan batzuk: Morel, N., Palier, B. eta Palme, J. (ed.)(2012). Towards a social investment welfare state?. Bristol: The Polity Press; Hemerijck, A. (ed.)(2017). The uses of social investment. Oxford: Oxford University Press.


Eusko Jaurlaritza