
Gaiak
Euskal hezkuntza sistemari buruzko gogoeta orokor batzuk
Mondragon Unibertsitatea
Hezkuntzaren alorrean ere interesak, balioak, eskariak, estrategia subliminalak jokoan daude, eta bete-betean eragiten dute pertsonan eta ikaskuntzako beharrizanen interpretazioan eta lehentasunetan. Baina adostasun handi samarreko ideia orokor batzuk ere formulatu ditzakegu.
Lau ebidentzia nagusi
Gaur egunean, hezkuntzari buruzko ikerketak ugaritu egin diren heinean, harreman kognitiboa dugu eskolako errealitatearekin. Alde horretatik, nazioarteko ikerketa konparatuek lau ebidentzia nagusi egiaztatzen dizkigute.
Lehenengoaren arabera, irakaslearen hasierako formakuntza eta hautaketa oso da garrantzitsua gure nerabeen formakuntza- eta eskola-ibilbidean. Horraino badakigu. Gaztetxoen formazioaren inguruan, berriz, hiru kontutan adostasuna ere badago: alde batetik, ikaste-irakaste modu batzuek eta besteek inpaktu oso ezberdina dutela estatus sozioekonomiko ezberdineko haur eta nerabeetan; bestetik, hezkuntza-mailaren, ikasleen heldutasunaren, jakintzagaien edota ikasle-taldeen arabera irakasleen konpetentzia eta gaitasunek ezberdinak izan behar dutela; hirugarrenik, memoria eta memorizazioa edukiak ikasteko eta ulertzeko eta ikasten jarraitzeko baliabide efektibo nagusiak direla. Berriki formulatu eta egiaztatu da eskolako giroa familiakoaren antzerakoa izateak, talde bereziei eskolaz kanpoko orduekin (edo modu pertsonalizatuan eta talde txikietan) konpentsatzeak, eta adin txikikoei ikaste-ohituretan eta ikaskuntzako estrategietan trebatzeak (metakognizioa eta auto-erregulazioa) eragin positiboa dutela haur eta nerabeen eskolako errendimenduan.
Bigarrenik, badakigu zer-nolako gobernantza eta antolaera diren onak: ikastetxeen gobernantza deszentralizatua eta eskola-antolaketa zuzendaritza sendoekin, eta talde-lan iraunkorra irakasleekin, entitate lokalekin eta auzo-herriko beste ikastetxeekin. Jakina, eredu horretara igarotzea zaila da: erresistentziak daude, eraldaketa kulturala (antolakuntzakoa eta pertsonala) nekeza izaten da, eta, gainera, gobernantza-sistema efektiboa izan dadin, baliabideak behar dira, eta modu jarraituan. Agidanez, ikastetxeen artean gobernantza-sistema ezberdinak baldin badaude, horrek efektu segregatzaileak eragiten edota areagotzen ditu auzo edo herri berean.
Lehen Hezkuntzatik (LH) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (DBH) trantsizioa azpimarratzen du hirugarren ebidentziak. Haren arabera, LH garrantzitsua da, DBH ere bai, baina ikerketek erakusten digute batetik besterako trantsizioa aldagai esplikatzaile independentea dela. Trantsizioak bere-berez duela garrantzia, alegia. Trantsizioa argia, erosoa eta ordenatua izan dadin, alderdi kognitibo, emozional eta erlaziokoak hartu behar dira kontuan.
Laugarren eta azken ebidentziak balioen transmisioan egiten du azpimarra. Ikerketek zera berresten digute: gurasoek euren seme-alabei transmititzen dizkieten balioak oso garrantzitsuak dira; zehazki, autoritateari, diziplinari eta ikaste-ohiturei buruz transmititzen zaizkien balioak. Horrek, jakina, hezkuntzaren eta eskolako faktoreen mugak gogorarazten dizkigu: alde batetik, eskolatik kanpoko faktore baten garrantzia azpimarratzen du; bestetik, hezkuntzan eta ibilbide formatiboan, familia eta inguru soziala baldintzatzaile gisa azaleratzen dira.
Alde horretatik, hobekuntzaren hipotesiarekin bat egingo bagenu, geure buruari galdetu behar genioke hezkuntzari buruzko debate publikoan ari ote garen lau ebidentzia orokor horiei arreta ipintzen edota ebidentzietan oinarrituz neurriak hartzen.
Inbertsioaren eraginkortasuna gurean
Gurean badira hezkuntzaren kalitatea eta inbertsioaren eraginkortasuna auzitan ipintzen duten ebidentziak. Hiru adibide ipiniko ditugu.
Lehen adibidea Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko dualtasuna da. Dualtasuna kontzepzioan, estatusean, prestigioan eta xedean, balio ezberdineko bi ibilbide bezala, eta dualtasuna familien lehentasunetan eta azken batean matrikulazio-tasetan. Gaiak kezkatu behar gintuzke, besteak beste horren esplikazioa gurean ez dagoelako eskaintzako politiketan (formakuntza oparoa, ugaria, berritzailea eta bailaretako premietara azkar eta aldiro egokitzen den eskaintza dugu; familiek badute informazio orokor samarra ibilbide batzuei eta besteei jarraitzeak lan-merkaturako trantsizioan dituen inplikazioei buruz; Lanbide Heziketa eredugarria eta aitortua dugu, arlo metodologikoan eta pedagogikoan ez ezik antolaeran eta harremanetan ere berritzeko bokazio etengabea duelako; Berrikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentro bikaina ere badugu).
Bigarren adibidea unibertsitarioen saturazioa da. Gurean, modu azeleratuan hedatu da hezkuntza, eta, zorionez, biztanleria aktiboaren kualifikazio maila aldatu da. Baina gaur egungo datuak kezkagarriak dira. Euskadi da Europako eskualde guztien artean –alde ikaragarri handiarekin, gainera– unibertsitate-ikasketak amaitu osteko adin-taldean unibertsitario-tasa handieneko eskualdea. Gurean, gainera, konposizio sektorialagatik, egitura produktiboagatik, eta enpleguaren mutazioa dela eta, unibertsitateko ibilbide asko eta asko guretzeko modurik ez dugu. Ikusi besterik ez dago nola ahuldu diren unibertsitate-ikasketak izatearen balio posizionala, errendimendua eta lorpen okupazionala. Lan-merkatuaren konfigurazio instituzionalak, gainera, kasurik onenean, doikuntza-arazo horri buruzko esplikazio partzial bat baino ez digu eskaintzen.
Hirugarren adibidea lorpen akademikoen esangura partziala da. Gurean, hezkuntza-sistemaren efikaziari loturiko adierazleen emaitzak, oro har, onak dira. Esate baterako, eskola-uzte goiztiarreko tasa baxuak ditugu, graduatuen tasa esanguratsuak (DBH amaitu eta ikasten jarraitzen dutenen tasa handia), eta ikasketa mailaren eta adinaren arteko egokitzapen-tasa altuak, besteak beste. Baina, arrakasta horretan, hezkuntza-sistemaren eta eskola-faktorearen garrantzi erlatiboa apalak dira. Alde horretatik, lorpen akademiko positiboek hiru arazo edo ahulgune ezkutatzen dituzte.
Alde batetik, datu agregatuak dira, eta, gehixeago xehetuz gero, segregazioa –bereziki, jatorriari loturikoa, eta, neurri apalagoan, amaren hezkuntza mailari, gizarteko estratuari eta familiaren gaitasun kulturalari loturikoa– begien bistakoa da. Gurean, gainera, jatorriaren araberako ikasle mota eredu jakin batzuetan kontzentratzen da (A eta B ereduetan, sare publikoan zein itunpekoan), eta eskola-sarearen polarizazioa ere badago; horrek areago zailtzen du berdintasunerako aukera –eta hezkuntzaren eraginkortasuna–, eta bete-betean eragiten nerabe eta gazteen arteko aukera-ezberdintasunean.
Bestetik, nerabeen formakuntza- eta eskola-ibilbidean, hezkuntzak bainoago, egitura sozialak eta bereziki lan-merkatuaren konposizioak dute garrantzia. Gurean, zorionez, lan-merkatua ez da erakargarria nerabeentzat. Ikerketa konparatiboek zera berresten digute: lan-merkatuan nerabeentzako enplegua dagoenean, eskola uzteko pizgarriak handiagotzen dira, eta alderantziz. Mendebaldeko herrialdeetan 1970etan dagoeneko igarritako fenomeno soziologiko bat da («aukera-kostua» izendaturikoa: uko egiten diogun alternatibaren kostu ekonomikoa familiarentzat eta nerabearentzat faktore esplikatzaile nagusi bezala).
Hirugarren arazoa zera da: nerabeen lorpen akademiko onak erlatiboak direla. Nazioarteko ikerketa konparatuek erakutsi digute gure nerabeen lorpen akademiko onak -ikasketa mailaz ari garela, beti ere-, ez datozela bat gero konpetentziak eta bestelako gaitasunak neurtzen dituzten azterketetako emaitzekin. Emaitza horiek bi hamarkada luzetan berretsi dituzte serie historikoek, hainbat ikerketatan, eta askotariko gaien inguruan (ulermen-gaitasuna, matematika, zientziak). Gurean, gainera, emaitza onak eta bikainak dituztenen tasa oso baxua izan ohi da; emaitza apala dutenen kopurua, berriz, esanguratsua, eta gehiengoaren emaitzak ere batezbestekoaren azpitik daude (hiruren konbinazioak berresten du gaiari buruz gehixeago kezkatzearen premia).

Hezkuntzan, segregazioa azaleratzen da, askotan estrategia familiarrek eta interes korporatiboek eraginda.
Polarizazioaren ajeak
Mundua erabat aldatu zaigu, baita gure herriaren egitura eta morfologia soziala ere. Gizarteko ezberdintasunak trinkotzeak ondorio asko ditu hezkuntzan, aukerak, hautemateak eta espektatibak zeharo ezberdinak baitira gizarteko segmentuen artean. Izan ere, mugikortasun sozialeko aukerak estutzen eta estatusa hobetzeko probabilitateak txikitzen ari dira, bereziki estatus sozioekonomiko baxuen kasuan. Erdiko klasea horren jakitun da, baina toleratzen du; eta, gainera, hezkuntzari loturiko espektatiba oso baxuak ditu: seme-alabek ziurtagiri akademikoak eskuratzea da (kontzepzio utilitarioa eta harreman estrintsekoa hezkuntzarekin, beraz) klase horretako familia askoren kezka nagusia. Jakina, erdiko klaseak eskolaz aparteko baliabide ugari ditu (bitarteko ekonomikoak, espektatiba baikorrak, harreman-sareak, errefortzu eskolarrean gastua, informazioa, estimuluak), eta erabiltzen ditu, bere estatusean berregiteko. Hori oso berri txarra da, besteak beste agenda publikoan hezkuntzako zer beharrizan eta debate lehenets daitezkeen aurreratzen digulako. Bien bitartean, estatus sozioekonomiko baxuko pertsonek eta pertsona-taldeek ere familiatik jasotzen dute herentzian beren bizi-horizontea. Guztiarekin, goi mailako hezkuntzako ikasle egresatuen laneratzean eta kalitatean ere igar daiteke jatorri sozialaren garrantzia, ez soilik ikasketa mailaren lorpenean edota ibilbide formatiboetan.
Bi dira goiko diagnostikotik eratortzen diren berehalako arazoak. Alde batetik, hezkuntzan, segregazioa azaleratzen da, askotan estrategia familiarrek eta interes korporatiboek eraginda. Neurri berean, erdiko klasearen gaitasun eta interesen arabera zurruntasunez diseinatu ohi da eskolako esperientzia. Hezkuntzaz ari garenean, eskola-segregazioaz hitz egin behar dugu. Epe oso motzean, dinamika demografikoek eta gizarteko dualtasunek ere egoera larrituko dute. Egin kontu: pertsonen bizi aukeretan eta posizio sozialean hezkuntza-mailak eta ibilbide formatiboak aparteko garrantzia dute. Bestetik, ordea, eskola-segregazioa icebergaren punta da. Izan ere, gizarte-politika klasikoen eraginez, ezberdintasun sozialak enkistatzen ari dira, baina politika publikoak aldatzea zaila da, eta babes sozial eta elektorala txikia da konparazioz. Azken batean, ongizateko politika klasikoak saturatuta daude, eta, horren ondorioz, hezkuntzaren bidez aberastasuna birbanatzeko aukerak lausotzen dira. Esperientzia komunak galdu ditugu; pertsonen espektatibak hezkuntzatik deslotu dira, eta polarizazio afektiboa handi samarra da gurean hezkuntzari buruzko debateetan.