Elkano Fundazioak argitaratutako eta utzitako artikulua.
“Ipar-mendebaldeko pasabidea” bilatzen ari zirenean iritsi ziren Europako nabigatzaileak Ternua uhartera eta Labradorko hegoaldeko kostaldera. Atlantikoaren eta Ozeano Barearen arteko lotura zen Espezien uharteetara iristeko, Amerikako kontinentea inguratuz gunerik iparraldekoenetik. Eta Gipuzkoako eta Bizkaiko merkatariek eta itsasgizonek bi nabigazioetan aktiboki parte hartu zutenez, erraza da bidaia horien eta euskaldunen itsas munduaren arteko lotura ugari ezartzea.
Portugalgo eta Gaztelako nabigatzaileak Espezien uharteetara iritsi zirenean, batzuk Indiako Ozeanoan barrena eta besteak Magallaes itsasartea zeharkatuz, europar marinel batzuk, errege ezberdinen menpekoak zirenak, pasabide baten bila hasi ziren, helmuga berera iristeko Amerikako kontinentearen iparraldetik. Egitasmo horrek, azkenean, huts egin zuen, eta ez zuten aurkitu hainbeste irrikatutako lotura. Alabaina, iparraldeko latitude haietara egindako bidaien ondorioz, Europako nabigatzaileak Ternuako uretara iritsi ziren, eta amesten ez zuten aberastasun-iturri bat aurkitu zuten.
Balea arpoitzea XVI. mendean. Guillermo González de Aledoren akuarela, 1992. Euskal Itsas Museoa bilduma.
Bakailaoa arrantzatzeko eta baleak ehizatzeko arrantza- eta merkataritza-bidaiekin sortutako aberastasuna zen. Jarduera horietan, batik bat frantsesak, ingelesak eta Gipuzkoako Probintzian eta Bizkaiko Jaurerrian jaiotako gaztelauak aritu ziren, XVI. mendeko lehen hamarkadetatik 1713. urtera arte. Urte horretan, Utrechteko Itunen sinaduraren ondorioz, Ingalaterrak Ternuaren kontrola bereganatu zuen. Frantziak gune horretan arrantzatzeko eskubideari eutsi zion, baina Ternuan zituen agindupeko lurrak Ingalaterrako monarkiari eman behar izan zizkion. Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, berriz, arrantza-eskubideak galdu zituzten eremu horretan, Ingalaterrako eta Espainiako koroen artean adostutako itunaren 15. artikuluari buruz Ingalaterrak egin zuen interpretazioaren ondorioz. Arrantza-eskubide horiek soilik kendu zizkieten euskal nabigatzaileei; izan ere, Frantziako eta Ingalaterrako monarkiek ez bezala, Hispaniakoak ez zuen inoiz koloniarik ezarri Kanadako kostaldean.
Ternuaren aurkikuntza 1497an izan zen; hain zuzen, Joan Cabotok aurkitu zuen. Genovan jaiotako nabigatzaile hura Henrike VII.a Ingalaterrakoaren zerbitzura zegoen, eta Bristolgo portutik abiatu zen, iparraldeko itsasoetatik Espezien uharteetarako ibilbide bat irekitzeko asmoarekin. Berehala, italiarraren arrastoari jarraituz, beste europar batzuk ere sartu ziren abentura berean, eta batzuek beren monarkien babesa ere bazuten. Alabaina, laster, Moluketarako bide hori bilatzeko hasierako interesa Ternuako aberastasuna ustiatzeko nahiarekin gurutzatu zen, eta, azkenean, alde batera utzi zuten ekialderako pasabidea aurkitzeko asmoa, eta balearen eta bakailaoaren ustiapenari lotutako baliabide ekonomikoak kontrolatzeko eta edukitzeko interesa baino ez zen geratu. Jarduera hori euskal nabigatzaileek kontrolatu zuten 1530etik 1580ra bitartean, gutxi gorabehera.
Moluketako mapa, Willem Blaeuk egina. 1630.
Ternuarako eta Espezien uharteetarako nabigazioek Gipuzkoako eta Bizkaiko itsas munduarekin duten beste lotura batek Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpoko nabigatzaileekin du zerikusia; izan ere, Jaurerriko eta Probintziako merkatariekin eta itsasgizonekin harremana izan zuten, bidaia horietan parte hartuz, dela nabigatuz, dela antolaketan esku hartuz.
Hori izan zen, esate baterako, Esteban Gómezen kasua. Jatorriz Portugalekoa zen nabigatzaile eta esploratzaile horren izena Ternuara eta Moluketara egindako nabigazioei lotuta agertzen da. Bidaia horiek euskaldunen itsas munduarekin erlazionatzeko aukera eman zioten.
1519an, Magallaes-Elkanoren espedizioan parte hartu zuen, lehenik ontzidiko pilotu nagusia zela, eta, ondoren, San Antonio ontziko pilotu izanik; dena den, zeharkaldi horretan izan zuen parte-hartzeak alde ilun batzuk izan zituen, Magallaes itsasartearen inguruan ihes egin baitzuen, eta 1521eko maiatzaren hasieran Iberiar penintsulara itzuli zen, non atxilotu eta espetxeratu baitzuten. Alabaina, behin barkatuta, Karlos I.ak berriro onartu zuen enpresa berrietarako. Diego de Covarrubiasekin eta Nicolas Artieta kapitain lekeitiarrarekin batera, Espezien uharteetara gaztelauek egin behar zuten espedizio berria antolatzeko enkargua jaso zuen. Magallaes itsasartea gurutzatu behar zuten beste behin ere. Arduradunetako bik, García Jofre de Loaisak eta Juan Sebastian Elkanok berak, bizia galdu zuten espedizio horretan. Bidaia hori prestatzen ari ziren bitartean, beste bat zuzentzeko eskatu zitzaion Esteban Gómezi, ipar-mendebaldeko pasabidea aurkitzeko eta “Ekialdeko Catayo-raino” joateko.
Esteban Gómez aipatzen duen idazpena, ipar-mendebaldeko pasabidea
aurkitzera joateko. Valladolid, 1523ko martxoaren 27a. Indietako Agiritegi Nagusia.
Indiferente saila, 415, 1. lib., 34aurre.-36atze., irudia 34aurre. orriari dagokio.
Amerika iparraldeko kostaldetik egin beharreko nabigazio horretarako, Esteban Gómez izendatu zuten Nuestra Señora de la Anunciada karabelako kapitain. Bilbon fabrikatutako ontziak 1523ko martxoaren 27an sinatutako kapitulazioan aurreikusitako 50 tonako tonajea eta 1.500 dukateko kostua gainditu zituen, eta, prestaketarako, Bizkaiko Jaurerriaren laguntza izan zuen Esteban Gómezek, baita Tres Villas de la Costa korrejidoretzarena ere (Castro Urdiales, Laredo eta Santander), monarkak bi zedula zabaldu ondoren 1523ko apirilaren 14an. Gehienbat euskal marinelek osatzen zuten eskifaia, eta Coruñan hasi zuten bidaia. Alabaina, ez zen arrakastaz amaitu. Esteban Gómezek eta haren tripulazioak, Eskozia Berriko kostaldera iritsi ondoren, pasabidea Florida eta Ternuaren arteko lekuren batean egongo zela pentsatuta, Chesapeake, Delaware, Long Island eta Newporteko badiak zeharkatu zituzten, eta Cod lurmuturra gainditu. Ondoren, iparralderantz jarraitu beharrean, biratu eta hegoalderantz egin zuten. 1525ean itzuli ziren Coruñara.
Horrela, XVI. mendean euskaldunek Ternuara eta Moluketara egindako bidaietan parte hartu izanak erakusten du itsasoarekin lotura zutela eta itsas ofizio asko ezagutzen eta menderatzen zituztela.