766 Zenbakia 2021-11-23 / 2021-12-15

KOSMOpolita

Bidaia Handia: jan eta biziraun

ALDALUR, Xabier

Elkano 500 Fundazioko kontseilu aholkulari kidea

Elkano Fundazioak argitaratutako eta utzitako artikulua.


Ontzitaratutako elikagaiak eta gaur egungo gure etxetako despentsatan aurki ditzakegun jan-edanak, oker handirik gabe, oso antzekoak dira. Bostehun urte pasa ondoren ez da oso aldaketa nabarmenik somatzen ordungo eta gaurko oinarrizko elikadura ohituretan.

Fernando Magallaesen agintepeko ontzidia, 1519ko irailaren hogeian abiatu zen Moluketara, Sanlúcar de Barramedatik. Ontzidia “Trinidad”, ”Concepción”, ”San Antonio”, ”Santiago” eta “Victoria” itsasontziek eta berrehun eta hirurogeita bost gizonek osatzen zuten. Espedizioaren helburua, mendebalderako norabidean abiatuz, Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barearen artetik igarobidea aurkitu eta Moluka uhartetarako itsasbide ziurra bermatuz, aparteko lurralde haietatik, bertan sortzen ziren piperbeltz, iltze, intxaur muskatua, kanela e.a. espezia preziatuak salerosketarako garraiatzea zen. Hiru urte betetzeko hamalau egun falta zirelarik 1522ko irailaren bederatzian, Joan Sebastian Elkanoren agintepean iritsi zen 18 gizonekin “VICTORIA“ naoa Sanlúcar de Barramedara.

Garai haietan espeziak zuten balioa, ez zen nolanahikoa. Garaiko datuak diote, piperbeltz pikorra txanpon diru modura erabiltzen zela Europa ezagunean edota libra bat iltzek urre puruenaren zazpi gramoren balioa zuela. Naoaren sototan ekarritako bostehunta hogeita lau kintal espezia ugarien balioa, aski izan zela espedizio guziaren kostua kitatzeko. Are gehiago, beste hirurehun mila marabediren irabazi garbia sortu omen zuela.

Irudia: Arturo Redondo.

Antonio Pigafetta italiarra dugu, Bidaia Handiaren idazlea. Bere errelatoak bidaiaren ezagupen zuzenera hurreratzen gaitu. Berak idatzitakoaren luma arrastoa da ardatz nagusia: “...Sevillako biltegietatik 500 tona elikagai untziratu dira. Hauen artean: itsas ogia (galleta), sardin zaharrak, piku, baba, arroz, dilista, gazta, eztia, irasagar gozokia, baratxuriak, oliba-olio eta ozpina, gazta, Jerezeko ardoa, zezina, txerriki gazitua, behiak ; esnea eta haragi freskoa izan dezagun...”

Deigarria benetan. Ontzitaratutako elikagaiak eta gaur egungo gure etxetako des pentsatan aurki ditzakegun jan-edanak, oker handirik gabe, oso antzekoak dira. Bostehun urte pasa ondoren ez da oso aldaketa nabarmenik somatzen ordungo eta gaurko oinarrizko elikadura ohituretan.

Zulotxo batetik, atseginez begiztatuko genuke hainbeste gizakirentzat eta hain denbora luzerako, irten aurretik ontziratu behar izan zuten zamaren tamaina. Zer gisatako, tresna, lanabes, arma, jaki, trukerako objektu eta apaingarri koloretsuak eta hamaika bestelako sotoratu zituztenak eta non eta nola metatzen zituzten.

Behin itsas zabaleratutakoan, berriz, nolakoak ote ziren egiten zituzten jatorduak; hotzak, hotzak eta beroak, beroak. Otorduak beroak baziren, non eta nola atontzen zituzten. Sua egiteko nola konpontzen ziren, sutokia nolakoa eta ontzigainean non kokatzen ote zen. Zer edaten zuten eta zenbat. Erabiltzen zuten ontziteria nolakoa ote zen. Akaso ontziratutako gizaki gehientxuenek, labana, burnizko eltze edo zartaginaren bat, egurrezko platera, edontzi eta oporra izango zuten segurki altxor.

Ofizialeen ontziteria aldiz, kobrezko lapiku eta eltze, burnizko krizpirak eta paderak, eztainuzko platerak, edontziak, katilu eta kikarak, goilare eta sardexkak. Egunean zeharreko hiru otordutatik, eguerdikoa, eguraldiaren arabera eta itsasoaren baimenarekin, beroa izaten omen zen.

Amaigabeko bidaia hartan biziraupen soila zen, arazorik premiazkoenetakoa. Bi urte luzetarako eta hainbeste lagunentzat aurreikusi beharreko elikagaien gutxieneko kopurua, egoki iraupenarazteko ahalegin arduratsuak eta ondorengo kudeaketa aproposa eta batez ere haiek amaitutakoan, ura eta jaki berriak, barazki nahiz fruitu fresko eskuratzeko larritasunaren zailtasun gordinak.

Ontzietan jangaiak behar bezela kontserbatzeak, arazo larriak sortzen zituen. Jakiak, ohol tartetako jariotako ur gazitatik salbu mantentzen lanak ziren. Ezinezkoa zen. Beraz, arrain salazoiak, zezinak eta txerriki gazituak alferrik, errez, galtzen ziren eta barazkiak berriz, usteltzen. Itsas ogia, bixkotxa edo galleta, oso oinarrizko jatekoa zuten. Itsas-ogi, xafla mehe haiek, bitan, hirutan eta lautan ere erregosten ziren orearen umeltasuna erabat desagerarazteko. Gogorrak ziren, hagitz gogorrak. Ondo busti eta bera-bera egin ondoren jan beharrekoak. Zekale eta galirinez egindako galletak ziren. Ore amarik gabekoak. Bestalde, gaizki edo gutxi xamar erregosten  baziren oso apurkorrak eta errazki lizuntzen, birrintzen zirenak. Errematatzeko gainera, harrak sortzen zitzaizkien berehalaxe.

Ura kondizio edangarrietan iraunaraztea ezinbestekoa zen bainan aldi berean ezinezkoa. Eskifai-kide bakoitzaren eguneroko beharraren isurkai kopurua; ura, ardo, eta ozpina barne, bizpahiru litrotakoa izaten zen. Ura egurrezko barrikatan jasotzen zen eta usteldu gabe denbora luzez irauten ez zuenez, 417 zahagi eta 253 kupel, Jerezeko ardoz beteak estibatu zituzten.

Pigafettak, 1520ko azaroaren 28a, asteazkena: ”… hiru hilabete luzez egon ginen jaki freskorik ahoratu gabe. Bixkotxa jaten genuen: tira, hura ere ez. Hautsa, tartean sortutako harrekin batera esku beteka eta arratoi pixaren kirats jasanezin nardagarriarekin. Ur horixka edaten genuen, aspaldiko egunetan usteldua. Gure jatekoa borobiltzeko,berriz, masta nagusiari sokateriek eragindako kaltetatik sahiesteko, idi larruz egindako defentsak, nahiz haize, euri eta eguzki berotan erabat egoskortuta egon, lau edo bost egunetan ur gazitan beratzen eduki ondoren txingar goritan pixkat goxatu eta ez ziren, ez, hain gaizki jaten. Zerrautsa baino errezago behintzat, naiz honi ere ez genion muzin askorik egiten, noski. Atzemandako arratoi bakoitzeko dukat erdi bat ordaintzen zen eta haietatik ere nahikorik ez. Zoritxar guzien gainetik ordea, hauxe zen gordinena; hortzoiak, goi eta behe, hortz eta aginen gainetik handitzen zitzaizkiela, deusik ere jan ezinik, hil arte”.

Aldiz, itsasertzera hurbildutakoan, bazen bestelakorik. Arpoikadaz ehizatutako marrazo eta marrazo kumeak, mortsak eta itsas lehoiak, amuetan trabatutako arrain freskoak. Lehorreratutakoan atzemandako hegazti, zerri, basurde, azeri, ostruka, untxi eta zenbait bestelako. Barazki eta fruitu fresko, gozo eta urtsuak. Jan-edanak berriztatzeko aukera sortzen zitzaienean, sutarako egur lehorra biltzen zutenaren aipua ere egiten du, behin baino gehiagotan Pigafettak.

Horrela dio Pigafettak bidaia liburuko beste pasarte batean: “...Patagoniako Itsasartea”, deitzen diogu itsasarte horri. Legoa erdiro babesleku seguruak, ura hobeezinak, sutarako egurra nahiz zedroarena soilik izan, arrainak, sardinak, muskuiluak, apioa eta jateko belar ugariak; gozoak batzuek mingotsak besteak. Ozeano Itsaso honek, arrantzarik oparoena eskeintzen du”.

Bidaiaren hastapenetan, olio, ozpin eta baratxuria ontziratua zuten. Tarteka ere, jangai freskoak, arrain, haragi eta hegazti nola egurra eskuratzen zuten. Badakigu sua ez zela egunero pizten. Sutearen arriskua benetan handia zela, haize-oihalak, soka aparailuak, olioa, polbora, eta batez ere egurra zirela ontzietan nagusi. Ontzira sua zabaltzeko adiskiderik apartakoenak. Sutokiak ba zuen bere kokapena, nahiz eta beti zein untzi guztietan eta epoka bakoitzekoa berdina ez izan. Sutokiak eta suak zaintza berezia eskatzen zuen.

Ontzidian biltegiratutako janariak eta bostehun urte igaro ondoren gure etxe arruntetako despentsatan aurkitzen ditugunak oso antzekoak dira, elikagai berdintsuak gordetzen ditugu. Garai haietan eta gaur egungoak, jaki berdintsuak. Orduan eta gaur haiek eta hauek prestatzerakoan, alde handirik ez ote dagoenaren errezelotan nago…


Eusko Jaurlaritza