765 Zenbakia 2021-10-20 / 2021-11-23

Gaiak

Elebitasunaren onura zahartzaroan

ARANTZETA, Miren

Logopeda eta Hizkuntzalari Klinikoa. Doktorego osteko ikertzailea. Gogo Elebiduna ikerketa taldea (UPV/EHU)

Gero eta ohikoagoak dira memoria, arreta edota adimen pizgarriak ikustea gure herri eta hirietako denda eta botiketan. Gazteei ezagutza berriak erraz ikasi eta gogoratzen laguntzen dieten produktuak eskaintzen zaizkie, zaharrei aldiz erne egoteko edota memoria gordetzeko pilulak. Gero eta sentiberatasun handiagoa dugu gure gogoaren errendimenduaren inguruan; ‘orkesta zuzendari’ osasuntsua eduki nahi dugu, jakin baitdakigu osasun fisikoaz gain gogoaren ongizateak ziurtatzen digula  bizi kalitatea, bereziki urteak betetzen goazen heinean. Ongizate mental horri zerk eragiten dion eta nola zaindu dezakegun jakitean dago gakoa. Eta pilulek ez ezik, bizi esperientziek eragingo baliote gure osasun mentalari? Hori iradokitzen dute elebitasunak zahartzaroan dituen onurak ikertu dituzten hainbat eta hainbat ikerketek.

Zahartzaroa eta gaitasun mentalen gainbehera ez da gai xume bat gure gizartean, ezta mendebaldeko Europako beste herrialdeetan. Nazio Batuen World Population Prospect txostenaren arabera (2019) [1], Europar Batasuneko 65 urtetik gorako populazioa %59 hazi da azken 50 urteetan (1968-2018), historian zehar bizi itxaropena hirukoiztu egin delako, jaiotza tasa baxuen ondorioz populazioak urte luzez hazkunde negatiboa aurkezten duen artean. Hau dela eta, 2050.erako biztanleriaren hirutik batek 60 urte baino gehiago izango ditu. Aurreikuspen hauek nabarmentzen dute zahartzaroari loturiko osasun arazo fisiko eta mentalen inguruko ikerketa eta neurriak ezinbestean bideratu behar direla gaixotasunen prebentzioan lan egiteko.

Azken hamarkadetan gori-gorian ibili da elebitasunak dakarren onura mentalaren inguruko eztabaida zientifikoa. Hizkuntza bat erabiltzen dugunean, ezagutzen ditugun beste hizkuntzak ere aktibatu egiten dira. Adibidez, ‘atea’ hitza erabiltzen dugunean, gaztelaniazko ‘puerta’ hitza ere piztu egiten da gure gogoan momentu batetik bestera aukeratua izateko prestatuko balitz bezala [2]. Hau da, momentuan erabiltzen dugun hizkuntzak badu eragin bat erabiltzen ez dugun hizkuntzan ere. Eragin hau ez da hitzetara mugatzen, gramatikan ere aurkitu dezakegu. Hizkuntza batean erabilitako egiturak, beste hizkuntza batean egitura berbera erabiltzea errazten du [3].  Adibidez, ‘Peruk prestatu duen tortilla etxeko arrautzekin eginda dago’ entzun ostean, errazago egiten zaigu gazteleraz egitura berbera duen esaldi bat ekoiztea (‘El coche que he comprado tiene cambios automáticos’), kasu honetan erlatibozko perpausa, beste esaldi egitura bat erabiltzea baino (‘Las sábanas, las ha cambiado mi madre’). Oro har, ebidentzia zientifikoak erakusten  duenez, momentuan erabili edo ez, ezagutzen ditugun hizkuntzek elkarri eragiten diote etengabe geure buruetan.

Azken hamarkadetan gori-gorian ibili da elebitasunak dakarren onura mentalaren
inguruko eztabaida zientifikoa.

Nola gara gai hizkuntza bakar batean jarduteko hizkuntzak nahastu gabe? Elebidunen gogoa oso trebea da erabiltzen ez duen hizkuntza isilean mantentzen. ‘Atea’ hitza ekoizten dugunean, ‘puerta’ hitzaren adierazpena saihesten du gure gogoak. Horrela ez balitz, ezinezko izango genuke hizkuntza bakar batean aritzea, eta komunikazioa bideraezina edota mugatua egongo litzateke. Izan ere, hizkuntzen nahasketa gaitz neurologiko baten zeinu edo sintoma izan daiteke, adibidez iktus bat jasan duten pertsonetan. Informazioa saihesteaz edo inhibitzeaz arduratzen diren burmuin gunean kaltetzen direnean, behin eta berriro hizkuntza batetik bestera salto egiteko edota hizkuntzak nahasteko joera patologikoa azaltzen baita —‘Esan zion ba que la chica zuria esa nire albotik vaya kanpora’—. Horrelako hizkuntz eragozpenek azterketa, diagnostiko eta eskuhartze espezializatua behar dute logopeda baten eskutik. Irakurleak pentsatu dezake joera hau euskaldun askok erakusten dugula neurriren batean, elkarrizketa batean euskaratik gaztelerara eta gazteleratik euskarara salto egitea oso arrunta baita. Hau horrela izan  arren, ezin esan patologikoa denik, hiztun elebakar batekin hitz egiten dugunean ez baitugu bestelako arazorik izaten hizkuntz bakar bati eusteko.

Bi hizkuntzak erregulatzen dituen gailu mentalak aztarna positibo bat uzten du gogo elebidunean [4]. Onura hau informazio iturri desberdinak prozesatzerako orduan behar ez dugun informazioa baztertzeko gaitasun handiagoan datza. Hainbat lanek Stroop frogaren bidez erakutsi dute abantaila hau. Froga honetan hitz sorta bat aurkezten da, non koloreen izenak agertzen diren kolore desberdinetan idatzita. Kasu batzuetan idatzizko hitza idazkera kolorearekin bat dator (Adib., ‘URDIN’ hitza urdinez idatzita) eta beste batzuetan ez (Adib., ‘URDIN’ hitza gorriz idatzita) (Ikusi 1.Irudia). Hiztunei unez une  hitza irakurtzeko edota hitza idatzita agertzen den kolorea izendatzeko eskatzen zaie. Irakurtzen duten hitza eta idazkera kolorea bat ez datozenean (adib., ‘URDIN’ hitza gorriz idatzita), hiztunak nahitaez informazio iturri bat baztertu beharra dauka ariketa ongi burutu ahal izateko. Inhibizio lan horretan hiztun elebidunak elebakarrak baino iaioagoak direla erakutsi dute ikerketek; akats gutxiago egiten dituzte eta bizkorragoak dira.


 

Hala ere, ikerketa lan guztiek ez dituzte emaitza berberak erakusten, beharbada, elebitasuna oso kontzeptu zabala delako eta bere eraginean esku-hartzen duten aldagaiak asko eta askotarikoak izan daitezkeelako [5]. Elebitasunaren onura bereziki nabarmena da zahartzaroan. Uste da urte luzez trebatutako elebitasun esperientziak erreserba kognitibo bat sortzen duela, eta horren ondorioz agertzen dela elebitasunaren onura bizi zikloaren bukaeran [4][5]. Bi hizkuntza ezagutzean ez ezik, bi hizkuntza erabiltzean omen dago gakoa. Herbehereetan bizi diren hiztun elebidun edo eleanitz helduak aztertu ostean, hizkuntza batetik bestera aldatzeko joeraren maiztasunak elebitasunak dakarren onurarekin lotura estua duela erakutsi dute orain dela gutxi [6]. Honek iradokitzen du egunerokotasunean bi hizkuntza erabiltzeko aukera duten adineko hiztunek, testuinguru elebidun batean murgilduta dauden horiek, irabazi mental nabarmenenak aurkezten dituztela.

Lehen begiratuan, informazio iturri zehatz bat saihesteko gaitasun handiagoa izatea alferreko onura izan daitekeela dirudi, erabilera gutxikoa. Hala ere, abantaila txiki honek ongizate kognitiboan eragin esanguratsua duela erakusten dute zahartzaroari loturiko hainbat ikerketek. Adibidez, iktus bat jasan ostean, hiztun elebidunek elebakarrek baino urritasun kognitibo gutxiago azaltzeko joera daukate, memoria edo ikusmen/entzumenean, adibidez [7]; afasia edo hizkuntz eragozpen arinagoak izaten dituzte [8] eta berauen errekuperazioa hobea izaten da [9]. Elebitasunak neurodegenerazioari loturiko mota desberdinetako dementzietan ere eragin positiboa duela erakutsi da.  Hiztun elebidunek beren adineko hiztun elebakarrek baino bost bat urte beranduago aurkezten dituzte dementziaren lehen zeinu eta sintomek [10][11]. Gaur egun dementziek sendabiderik ez duten arren, hauen agerpena urte batzuez atzeratzea ez da kontu makala. Alzheimerraren aurkezpena eta garapena urtebetez atzeratzeko gai izango bagina, 2050. urterako 9,3 miloi kasu gutxiago izango genituzke mundu mailan [12]. Zenbateko honen neurria hobeto ulertzeko komeni da jakitea Europar Batasunean 9,9 miloi pertsonek dutela Alzheimerra (2018ko datuak) [13] eta honek urtean 138 bilioitik gorako gizarte gastua ekartzen duela  [14].

Orohar, gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak burmuinaren plastikotasun eta berrantolaketa funtzionalean laguntzen duela, eta burmuinaren neurodegenerazioan eragin babeslea duela. Hala ere, oraindik ez dakigu zehazki zein baldintzek sustatzen duten onura hau zahartzaroan. Zergatik da nabarmenagoa elebitasunaren onura pertsona batzuetan beste batzuetan baino? Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikerketa taldean burutzen ari garen hainbat neuro-/psikolinguistika ikerketen helburuetako bat gako hauek ezagutzean datza.

Egungo euskaldun gehienok elebidunak garela esan dezakegu, salbuespenak salbuespen euskara ez ezik beste hizkuntza batean edo gehiagotan komunikatzeko gai bait gara. Europako beste herrialde gehienek ez bezala, gutxienez bi hizkuntza berdin hitz egiten dituzten askotariko elebidun nagusiak daude gure gizartean.  Beraz, euskal gizartea lagin ezin hobea da zahartzaroa eta elebitasunaren inguruan ezagutza sortzeko, aplikatzeko eta mundu mailan erreferentea izateko.  Ezinbestekoa da baina, elebitasuna agenda politikoan eta ikerketa plan estrategikoetan biltzea. Erronka handia dugu aurretik gizarte zaharkituen eraldaketarekin, eta bere tamainako ikerketa planak behar ditugu zahartzaroan bizi kalitatea luzatzeko eta gizartearen beharrei era jasangarrian erantzuteko. Zer hobe altxor kultural bat erabiltzerik baino.


Oharra: Edozein dela zure adina, gure ikerketetan parte hartu nahi baduzu, jarri zaitez gurekin harremanetan telefono (+34 945014294) edo posta elektroniko bidez  miren.arantzeta@ehu.eus


Erreferentziak:

[1] Nazio Batuak. World population Prospect 2019. (lotura)

[2] Thierry, G. eta Wu, Y.J. (2007). Brain potentials reveal unconscious translation during foreign-language comprehension. Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, 104, 12530-12535.

[3] Hartsuiker, R.J., Beerts, S., Loncke, M., Desmer, T., eta Bernolet, S. (2016). Cross-linguistic structural priming in multilinguals: Further evidence for shared syntax. Journal of Memory and Language, 90, 14-30.

[4] Bialystok, E. (2017). The bilingual adaptation: how minds accommodate experience. Psychological Bulletin, 143, 233-262.

[5] Leivada, E., Westergaard, M., Duñabeitia, J.A., eta Rothman, J. (2021). On the phantom-like appearance of bilingualism effects on neurocognition: (How) should we proceed? Bilingualism: Language and Cognition, 24, 197-210.

[6] Pot, A., Keijzer, M., eta de Bot, K. (2018). Intensity of multilingual language use predicts cognitive performance in some multilingual older adults. Brain Sciences, 8, 92-119.

[7] Alladi, S., Bak, T., Mekala, S., et al. (2016). Impact of bilingualism on cognitive outcomes after stroke. Stroke, 47, 258-61.

[8] Paplikar, A., Mekala, S., Bak, T., et al. (2019). Bilingualism and the severity of poststroke aphasia. Aphasiology, 33, 58-72.

[9] Lahiri, D., Ardila, A., Dubey, S., et al. (2020). Effect of bilingualism on aphasia recovery. Aphasiology, 35, 1103-1124.

[10] Alladi, S., Bak, T., Duggirala, V., et al. (2013). Bilingualism delays age of onset of dementia, independent of education and immigration status. Neurology, 81, 1938-44.

[11] Bialystok, E., Craik, F., eta Freedman, M. (2007). Bilingualism as protection against the onset of symptoms of dementia. Neuropsychologia, 45, 459-64.

[12] Brookmeyer, R., Johnson, E., Ziegler-Graham, K., eta Arrighi, H.M. (2007). Forecasting the global burden of Alzheimer’s disease. Alzheimer's & dementia : the journal of the Alzheimer's Association, 3, 186–191. 

[13] Alzheimer Europe. Dementia in Europe Yearbook 2019. Estimating the prevalence of dementia in Europe.

[14] Alzheimer Europe. Dementia Worldwide Cost . (lotura)


Eusko Jaurlaritza