765 Zenbakia 2021-10-20 / 2021-11-23

Gaiak

Pandemiaren eragina landa eremuko bizitza eta balio komunitarioetan

EIZAGIRRE, Andoni MUÑOA, Ion

“Auzolantzen” egitasmoa

ZerainLab Elkarteak sustatu eta Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko ikerlari-talde bat “Auzolantzen” egitasmoa lantzen ari gara. Euskal Herriko landa eremuko herri txikien etorkizuneko garapenerako, auzolanari lotutako kultura eta balio sistemetan egon daitezkeen indargune eta aukerak ezagutzeko ahaleginean gabiltza.

2021 urteko proiektuan begirada berezia egin diogu pandemiak eta beronen aurka egiteko neurriek zer-nola eragin izan duten Gipuzkoako landa-eremuan oro har, eta bereziki, herri txikietako bizitza komunitarioan.

Covid-19aren ondorioei buruzko iritzi sozialak

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak “Pandemiaren egoera eta ondorioak” izenarekin 2021eko uztailean egindako galdetegiaren emaitzen berri eman du. Iritziak herrien tamainaren arabera (tamaina txiki, ertain eta handietako udalerriak) bereizita, hau da lehen konklusioa: pandemiari eta honen ondorioei buruzko iritzi sozialetan herrien tamainak ez du pisu esplikatzaile berezia.

Esate baterako, hamar pertsonatik sei dira oso kezkatua eta nahiko kezkatuta daudenak. Osasun-sistemaren erantzunari buruz galdetuta (0 = oso txarra; 10 = oso ona) 7,9 da batezbestekoa, bai eta tamaina ezberdinetako udalerrietako batezbestekoa ere; Euskadiko osasun agintariek herritarrei ematen dieten informazioaren eta gomendioen argitasunari buruz galdetuta, berriz, zera ikus daiteke: balorazioa apalagoa da, baina patroi bera errepikatzen da herri txikietan, ertainetan eta handietan (hiruetan batezbestekoa 6,1 da). Eragile instituzionalen jarduerari buruzko balorazioa eskatuta ere, batezbestekoak ia berberak dira: Eusko Jaurlaritzari buruzko batezbesteko balorazioa 6,2 da (6,5 herri txikietan); osasun profesionalena 8,8 (batezbesteko berbera  da herrien tamainaren arabera bereizita); zientzialariei buruz galdetuta ere batezbestekoak errepikatzen dira (7,9); herritarren jokabideari buruzko balorazioa aise apalagoa da (5,9), baina patroi berbera errepikatzen da herri txikietan (5,8), herri ertainetan (5,8) eta herri handietan (5,9); komunikabideen jarduera da balorazio okerrena merezi duena (5,2), eta kasu honetan ere emaitzak paretsuak dira: 5,4, 5,1 eta 5,3, hurrenez hurren. Txertaketaren kudeaketari buruz galdetuta, berriz, zera ikusten dugu: batezbesteko balorazioa positiboa da (7,3), eta joera bera errepikatzen da herri txikietan (7,5), herri ertainetan (7,3) eta herri handietan (7,2). Azkenik, pandemiaren ondoko gizarteari buruzko galderak era honetara laburbildu ditzakegu: hamarretik sei dira pandemiak lan egiteko moduan, besteekin erlazionatzeko moduan, familia, bizitza eta lana uztartzeko moduan, bidaian, eta ingurumenarekiko errespetuan asko edo dezente eragingo duela uste duenak, hamarretik bi dira gutxi eragingo duela erantzun dutenak, eta hamarretik batek uste du ezer ere ez duela eragingo (beste horrenbeste dira erantzuna eman gabe uzten dutenak). Gutxi asko patroi berbera berretsi daiteke herri txikietan, ertainetan eta handietan.

Bigarren konklusio bat ere atera dezakegu. Kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Covid-19aren inpaktua Gipuzkoan” baliatuko dugu (2021ko apirilean eta uztailean egindako galdeketa). Emaitzek zera azaleratzen digute: pandemiari eta honen eraginei buruz galdetuta, iritzi sozialetan ikus daiteke ezberdintasunak esanguratsuak direla adinaren, sexuaren, lan-egoeraren, jatorriaren eta ikasketa-mailaren arabera. Alde horretatik, bigarren konklusio orokorra modu honetan formulatu genezake: herri txikietan ere pertsonaren soslai soziologikoaren araberakoak dira pandemiari buruzko iritziak eta balorazioak eta etorkizunari begirako espektatibak.

Gizarte bizitzaren aldaketak ondorio ezberdinak ditu herri txikietako, ertainetako eta handietako
portaera eta balio-sistemetan.

COVID 19aren bizipena Gipuzkoako herri txikietako komunitateetan

Pandemiak herri txikietan zer nolako eragina izan duen ezagutzeko, ordea, beste hainbat galdera eta kezka modu osagarrian planteatu daitezke. Gure kasuan, hauxe da galdera nagusia: ze eragin izan du izurriak herri txikietako gizarte-bizitzan?; nola eragin die pandemiak herri txikietan tradizioz garatu izan diren balioei, ikuspegiei eta antolatzeko moduei?; pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioak berberak ote dira herri handietan, ertainetan eta txikietan? Beste era honetara era galdetu genezake: ostalaritzari, tabernei eta jaiei buruz harturiko neurrien ondorioak berberak ote dira herri handietan, ertainetan eta txikietan? Iritzi publikoan ez zaio ipini arreta pandemia kudeatzeko neurriek herri txikietako gizarte ohituretan eta kultura politikoan izaniko eraginei.

2020 eta 2021 urteetan Gipuzkoako herri txikietan galdetegi bana egin dugu balio-sistemari, jarrera eta partehartze politikoari, eta pandemia herri-bizitzan izaten ari den ondorioei buruz.[i] Gure jatorriko auziei arreta ipiniz gero –balio komunitarioak, auzolanaren kultura-, badira kontuan hartu beharreko hainbat kontu. Labur bada ere, horietako batzuk azpimarratuko ditugu.

Esate baterako, 2020ko galdetegiak zera erakutsi zigun: herri txikietan auzolanari eta balio komunitarioei aparteko garrantzia ematen zaie (hamarretik zortzi-bederatzik bat egiten du auzolanaren balioari loturiko baieztapen ezberdinekin, esate baterako). Era berean, 2020 urteko galdetegian ikusi genuen herritarrek gertuko komunitatean parte hartzeko ohitura handiagoa zutela, beste eskala eta izaera bateko jokabide politikoekin alderatuta (hamarretik zazpik komunitate-bizitzako antolaeretan eta herrikideekin auzoko gaietan lan egin badu, hamarretik bi edota hirura jaisten dira politika arruntagoko elkarte zein gaietan parte hartu izan dutenen kopurua). Jakina, herri txikietan ere igarri daitezke kultura politikoari loturiko joera orokorrak (bizitzaren pribatizazioa eta familiari eta lanbideari loturiko lehentasunak; printzipio zein ideia handiekiko eszeptizismoa). Baina auzoak eta auzolanak pertsonan eta pertsonen arteko harreman errealetan oinarrituriko jokabide komunitarioak biziberritzen laguntzen du. Herri txikietan kultura politiko berezi horrek aukera ematen du auzo-bizitzari eta honen aldeko jarrerei, sentimenduei eta portaerei kosta ahala kosta jarraipena emateko. Auzolanari loturiko balorazioak ere oso sendo mantentzen dira, eta urte betean “auzolanak jada ez du zentzurik XXI. mendeko gizartean" baieztapenarekin bat zetozen pertsonen ehunekoa erdira jaitsi da (% 10,1).

Esan bezala, pandemiari eta honen ondorioei buruzko iritzi sozialetan herri txikietan, ertainetan eta handietan emaitzak antzekoak dira. Baina zer nolakoak dira pandemiaren eraginak herrietako elkarbizitzan eta komunitateko bizitzan? 2021eko inkestak zera egiaztatu digu: nabarmen jaitsi dira parte hartzeari loturiko emaitzak, bai parte hartu nahi eta behar izateari loturikoak, bai eta azken urtean zehar parte hartu izanari loturikoak ere. Adibidez, urte beteko epean portzentajezko hogeina puntu jaitsi dira “Denbora librearen zati bat parte hartzeko prozesuetan erabiltzeko prest egongo zinateke, politika publikoak definitzeko eta erabakitzeko” eta “Zure inguruan hartzen diren erabaki politikoetan gehiago parte hartzea gustatuko litzaizuke” esaldiak “Ados” erantzun dutenen kopuruak. Urte beteko epean % 43,2tik % 26,5era jaitsi da urtean zehar “Beste auzotar batzuekin batera auzo-herriaren etorkizuna planifikatzea” bezalako ekintzan parte hartu dutenak. Joera bera egiaztatu dugu erakunde eta jarduera boluntario eta altruistetan berriki izandako parte-hartzeari buruz ere. Gainera, % 80,3tik % 58ra jaitsi da "komunitaterako lan egiteko pertsona bakoitzaren denboratik ordu batzuk eskaintzea" esaldiarekin ados dagoen ehunekoa. Eta % 7,8 gutxiago daude ados "Udaletxea kudeatzeko auzo-plataformetan antolatzea eta alderdi politikorik ez dadila egon“ esaldiarekin (2021 urtean % 61,6).

Hausnarketarako galdera batzuk

Herri txikietan tradizioz auzoko bizitzan parte hartzeko kulturak eta ohiturak gaur artean iraun du. Auzokoa izatearen nortasunari lotua dago auzokideek guztion kontuetan parte hartzeko sentiera, pentsaera eta portaera. Jakina, herri txikietan ere kultura politikoan aldaketak igarri daitezke, eta pandemiak –behi-behinean bederen- guztionaz arduratzeko kultura modu esanguratsuan eta bizkorrean ahuldu egin du.

Gizarte bizitzaren aldaketak ondorio ezberdinak ditu herri txikietako, ertainetako eta handietako portaera eta balio-sistemetan, ordea. Alde batetik, bizitza komunitarioan eta elkartegintzan pandemiak ondorio nabarmenak izan ditu. Atzeraezinak ote dira? Bestetik, herri txikietan eta euren etorkizunean, bizitza komunitarioak garrantzia berezia du. Balioen ahuleziak ze neurritan kezkatu beharko gintuzke? Jar ditzagun gogoetarako gai zehatzak: Tabernak esanahi eta zentzu bera ote du gaur egunean herri txiki batean eta hiriburu batean? Tabernen kudeaketan hartu daitezkeen neurriek ba ote dute loturarik herriko gizarte bizitzarekin eta balio komunitarioekin? Jaiak bertan behera uzteak ze ondorio ditu herri batzuetan eta besteetan? Zein da jaien balio eta funtzio soziala herri txikietan?

Pandemiak bete-betean eragin du herri txikietako auzo-bizitzan sustraikoak diren ohitura sozialetan. Zeintzuk ondorio utziko ditu aurrera begira? Pandemia sasoiari loturiko elementu koiunturala da, ala lehendik zetozen joerak indartuz, komunitateko bizitza eta auzolaneko kultura higatuta geratuko dira? Datozen urteetan argitu beharreko galderak dira, zalantzarik gabe.


[i] Gipuzkoan 89 udalerritatik 49 dira herri txikiak (2500 biztanle baino txikiagoko udalerriak). 2020 eta 2021 urteetan galdetegi bana egin dugu Tolosaldeako, Goierriko, Deba Barreneko eta Urola Kostako herri txikietan 16 urtetik gorako bizilagunen artean. Telefono bidezko inkesta izan da CATI sistemarekin. 2020ko irailean 301 inkesta egin dira (e=+/- %5,63, %95eko konfiantza-mailarako) eta 2021ko uztailean, berriz, 305 inkesta (e=+/- %5,59, %95eko konfiantza-mailarako).


Eusko Jaurlaritza