
Gaiak
Politika publiko feministak eta aurrekontuak genero ikuspegitik
Feminismoak aldarrikatzen duenez, gizon eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak gainditzeko borondatea izatea eta urratsak ematea premiazkoa da.
Halaber, ekonomia feministak, egiten ditugun lan guztiak kontuan hartu behar direla aldarrikatzen du, bai ordaintzen direnak baita ordaindu gabekoak ere, zaintza lanak erdigunean jarriz. Halaber, sistema honekiko kritiko diren zenbait ikuspegirekin aliantzak eraikitzea funtsezkotzat jotzen du. Adibidez, ekologismoarekin, sistema ekonomiko kapitalistaren mugak eta dinamika suntsitzaileak gainditzeko trantsizio-urratsak proposatzen dituenean; edota ekonomia sozial eta eraldatzailearekin, antolaketa sozio-ekonomikoaren erdigunean dagoen irabazi asmoa gainditzeko urratsak planteatzen dituenean. Helburua, gure bizitzaren esparru guztiak kontuan hartzen dituen eredu sozioekonomiko demokratiko eta bidezko batera joatea baita.
Eta ezin dugu ahaztu, gurea, sistema sozioekonomiko koloniala ere badela. Mediterraneoan, Atlantikoan edo Saharako basamortuan egunero hiltzen direnen aurrean zer nolako politika publikoak bultzatzen ari diren begiratzea besterik ez dago. Hau da, bizitza guztiek ez dute berdin balio, eta hori guztiori eraldatzeko feminismo dekolonialetik lantzen ari diren premiazko proposamenak (atzerritartasun legea erabat aldatu, edo bertan behera utzi, adibidez) kontuan hartu beharko ditugu.
Hortaz, politika publiko feministak aurrera eramateko lehendabiziko urratsa, mugimendu feministak egindako proposamenak entzutea da eta modu parte-hartzaile eta iraunkor batean tokian tokiko irtenbideak elkarrekin bilatzea. Badakigu prozesu konplexua dela, baina ezinbestekoa bestelako politikak bultzatu nahi baditugu.
Bestela, aholkuak bakarrik ekonomia ortodoxoaren aldekoak emango dizkigute. Eta hemen, Nazioarteko Diru funtsak 2012an zabaldu zuen aholkua gogoratu nahi nuke: "Jendea, espero baino urte gehiago bizitzeko arriskua dago eta hau finantza publikoen iraunkortasunerako mehatxua da”. Hori dela eta, besteak beste, pentsio murrizketak eta erretiro adina atzeratzea eskatu zuen. Baina, zer da garrantzitsuagoa? finantza publikoak (finantza pribatuen porrota finantzatzeko erabiliak izan direnak) ala jendearen bizi-itxaropena eta bizi-kalitatea? Zer da erdigunean jarriko duguna? Nork agindu behar du harreman horretan?
Politika publiko feministak eta genero aurrekontuak
Azken hamarkadetan, politika publikoak feministak ote diren ala ez aztertzerakoan, arreta aurrekontu publikoetan jarri da.
Aurrekontu publikoa urtero administrazio publiko batek dituen lehentasunen agiri nagusia delako, eta bertan gastu eta sarrera publikoak jasotzen dira. Aurrekontuan genero ikuspegia txertatu nahi dugunean, emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunaren helburuak politika publikoetan zenbateraino txertatuta dauden ebaluatu nahi da. Eta hori egitean argi geratzen da politika publikoak ez direla generoarekiko neutralak eta ezin direla neutroak izan emakume eta gizonen arteko desberdintasun sozioekonomikoak nabarmenak direlako.
Horrez gain, ekimen honen bidez, kontu publikoak talde sozialen askotariko errealitate eta premietara egokitzen diren ala ez aztertu nahi da, datuak sexuen artean bereiziz, eta sexua gure identitatea osatzen duten gainerako aldagaiekin gurutzatuz (klasea, jatorria, aniztasun funtzionala, orientazio sexuala..). Hau da, intersekzionalitatetik abiatuta. Gai hau, iaz Eusko Ikaskuntzak antzeko topaketa batean sakon aztertu zuen.
Horrelako prozesua martxan jartzean, egin beharreko lehenengo gauza aurrekontu prozesu osoa kontuan hartzea da. Beraz, politikak diseinatzen hasten garenetik, kontuan izan beharko dugu bertan dauden neurriak egikaritu eta ebaluatu beharko direla. Eta generoen arteko ezberdintasunak antzematen badira horiek gainditzeko urratsak eta neurriak martxan jartzeko estrategiak zehaztu beharko dira. Laburbilduz, prozesu honek bi osagai nagusi izaten ditu: bata analitikoa eta bestea proposatzailea.
Lehenengo urratsak
Azken hamarkadetan aurrekontu publikoak genero ikuspegitik aztertzerakoan, ohikoa izan da gastuetatik abiatzea. Batzuetan, ariketa pilotuak egin dira, sail batzuk hautatuz eta horren baitan programa konkretu batzuk aztertu dira. Beste kasuetan, programa guztiak genero harremanekiko duten balizko eragina neurtzen saiatu da: honek programak ordenatzea eskatzen du eta azterketa genero eragin handiena dutenekin hasiko da.
Honelako prozesuak arrakasta izateko epe ertaineko antolakuntza eskatzen dute. Hau da, urte batzuk beharko dira azterketaren oinarriak finkatzeko eta garatzeko, eta, beraz, epe horiek hasieratik finkatu beharko genituzke.
Horrekin batera, baldintza batzuk bermatu behar dira: Horrela, administrazioaren arduradunak aldaketarako prest egon beharko dira, hau da, aurrera egiteko, borondate politikoa funtsezkoa da. Ondoren, prozesuaren gidariak ondo identifikatuta egon beharko dira. Horrez gain, oso komenigarria da prozesua administrazio bakoitzari egokitzea, hau da, bere aurrekontu-prozedura, egitura administratiboa eta eskumenak kontuan hartzea.
Halaber, maila anitzeko gobernantza sistema batean bizi gara, eta horrek konplexuagoak egiten ditu honelako azterketak. Honek eskatzen baitu genero ikuspegia maila instituzional guztietan txertatzea, era koordinatu batean eta metodologia komun batzuk definituz eta landuz.
Eta hau oraindik ez da gauzatu. Bakoitzak ahal duena egiten du eta inguruan topatzen duen metodologia egokitzen saiatzen da, baina ez da politikaren erdigunean jartzen. Nahiz eta Berdintasun legean argi adierazi politika publiko guztiek genero ikuspegia txertatu behar dutela.

Politika publiko feministak aurrera eramateko lehendabiziko urratsa, mugimendu feministak egindako
proposamenak entzutea da eta modu parte-hartzaile eta iraunkor batean tokian tokiko irtenbideak
elkarrekin bilatzea.
Azterketa hauen zenbait irakaspen
Azterketa hauetan argi ikusten da gure gizartean dauden ezberdintasun sozialak handiak direla, eta azken urteetan harturiko zenbait politika publikok bizitzaren prekarizazioa areagotu egin dutela (langileen eskubideak murriztu dituen lan erreforma, praktikan emakumeei mugaturiko kontziliazio neurriak, etxebizitza politikaren gabeziak, zerbitzu publiko batzuen pribatizazioa, etabar.)
Ezberdintasun horien bilakaera hobeto ezagutzeko, aurrekontu publikoen azterketa tresna baliotsua izan daiteke. Horren bidez, jakin daitekeelako gure sistema publikoak zenbateraino laguntzen duen gizaki guztien beharrizanak asetzen eta baita zer nolako sistema sozio-ekonomiko bultzatzen duen, nor lehenesten duen eta nor ez.
Ariketa hauen bidez ikusezinak diren pertsonak eta hauen jarduerak mahai gainean jartzen dira. Eta sarritan emakume asko egoera horretan aurkitzen dira, haien lanei ez baitiegu balio sozialik ematen nahiz eta funtsezkoak izan, eta hemen, besteak beste, garbitzaileak, etxeko langileak eta zaintzaileak, azpimarratu nahi ditugu.
Praktikan honelako estrategiak ertz asko ditu eta baita asmo handiko helburuak ere: ezagutu nahi dugu ekonomiak pertsona guztien ekarpenak kontuan hartzen dituen ala ez (adibidez soldatarik gabeko jarduerak); ezagutu nahi da baita ea jarduera horiek gizartearen beharrak asetzeko tresna diren ala ez; azken finean jakin nahi da politika publikoek nolako ekarpena egiten duen emakume zein gizonen parte-hartze sozio-ekonomiko zein politiko bultzatzeko eta emakumeek pairatzen duten gainzama kentzeko eta sozializatzeko.
Prozesu hauetan topatu diren erronka nagusiak
Erronka asko daude oraindik konpontzeke prozesu hauetan, baina gehien hedaturik daudenak baino ez ditugu aipatuko.
Lehenengoa, sarritan aurrekontu publikoak ez daude diseinatuta emakume eta gizonen bizi kalitatean duten eragina neurtzeko, baizik eta zenbait helburu orokor lortzeko, hazkunde ekonomikoa erdigunean jarriz. Beraz, hazkundearen aldeko apustua egiten bada subjektu ekonomiko nagusia eta ekonomiaren motorra irabaziak lortzeko asmoa duten enpresa handiak izango dira. Beraz, politika publikoen lehentasunak haiei begira jartzen dira eta ez zaintzaren ekonomian edota ekonomia sozial eta eraldatzaileari begira.
Sarritan politikak naturak jartzen dizkigun mugak kontuan hartu gabe planifikatzen dira, nahiz eta proiektuek naturaren gain dituzten eragin txostenak aurkeztu behar dituzten. Ildo beretik, azken urteotan lege-proiektuek eta jarduera berriek generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazio-txostena ere atxikituta izan behar dute. Hala ere, ohikoa da administrazio askotako teknikariei entzutea ez dutela ez tresnarik eta ezta ezagutzarik ere genero eragina neurtzeko ezta aztertzeko ere. Horrek islatzen du ohitura falta izugarria dagoela.
Oso zabalduta dago baita politika publikoa neutroa den ustea, eta helburuen artean emakume eta gizonen arteko berdintasuna egon badagoela, nahiz eta modu esplizituan ez adierazi. Horrez gain, oso hedatuta dago berdintasuna lortuta dagoenaren ideia, eta hutsuneak egotekotan, hauek gainditzea denbora kontua dela. Horrela ez dira kontuan hartzen aldaketaren kontrako erresistentziak, ezta egon daitezken atzerapausoak. Hauxe bera da, pandemia tarteko, Europar Batasuneko Berdintasunaren aldeko Institutuak, adierazi berri duena.
Prozesu hauetan, beste ezinbesteko gaia adierazleena da. Genero adierazleak behar ditugu, haien jarraipena egin behar da, ez soilik genero-arraiak neurtzeko, baizik eta ongizate helburuak ezartzeko eta bai emakume zein gizonen arteko ezberdintasunak antzemateko. Gaia konplexua da, baina funtsezkoa, eta adierazle kuantitatibo zein kualitatiboak behar ditugu, intersekzionalitatea barneratuz.
Beste erronka handi bat politiken arteko loturak egitea da, bai helburu duten kolektiboetatik ikusita bai politika ezberdinen arteko lotura landuz. Hau funtsezkoa da azterketa feminista bat egiteko, feminismoak “diziplinen arteko loturak” zein “politiken arteko loturak eta elkarreragina” aztertzen baitu. Adibide bat jartzearren, iazko azaroan[i] Berria egunkarian Ana Maria Garcia, Osasun Publikoko Katedradunari egindako elkarrizketa batean adierazi zuena oso esanguratsua iruditu zait: osasunaz hitz egiten dugunean bere iritziz ez dugu bakarrik osasun zentroaz hitz egin behar, baizik eta gizarteaz, eta aldagai asko hartu behar dira kontuan: enplegua, lana, auzi ekonomikoak, heziketa, auzoen egituraketa, komunitateena, (hau da, etxebizitzak, garraio publikoa,..). Osasuna hori dena da, eta politika asko aintzat hartu behar dira osasuna sustatzeko. Eta horrela aztertu beharko genuke politika publikoak haien arteko loturak nabarmenduz.
Eta bukatzeko ezin dugu aipatu gabe utzi, aurrekontuen bigarren bloke nagusia diru sarreren atala dela, eta beraz, zerga politika aztertu behar dela. Eta ziurtatu behar da zerga politika horrek ez duela pizgarri negatiborik sortzen emakumeek lan merkatuan duten parte-hartzeari dagokionez.
Aldi berean, azken hamarkadetako norabide liberalak eragin handia izan du kontu publikoetan, joera nagusia enpresa handiei zergak jaistea izan da (gure lurraldetik alde egingo dutela mehatxua erabiliz). Azterketa batzuk ohartarazi digute, halaber, enpresa handiek, eta batzuk IBEX 35ean daude, oso zerga gutxi ordaintzen dutela, eta horrek gastu publikoan eragin zuzena du.
Horrekin batera, iruzur fiskalak administrazio-sistema batek duen legitimitatea kolokan jartzen du, eta zerga-iruzurrak zer-nolako kaltea eragiten duen gogora ekartzen du iruzur fiskalaren aurkako planaren paragrafo honek:
“Iruzurraren berehalako ondorioetako bat politika publikoak finantzatzeko gaitasuna murriztea da, baina horrez gain, gizartearen aurkako eta elkartasunik ezeko delitu-fenomenoa ere bada, eta zama fiskalak bidegabeki banatzen du zerga-arauak betetzen dituztenen eta betetzen ez dituztenen artean”.
Eta baliabide horiekin kontatuko bagenu, plangintza ekonomikoaren erdigunean zaintza ekonomia kokatzeko aukera gehiago izango genituzke. Erronka handia da baina ezinbestekoa. Aldaketa garaiak datoz eta ikasten joan beharko genuke.