759 Zenbakia 2021-03-17 / 2021-04-21

Gaiak

Adostasun sozialak: Zergatik orain?

BILBAO SARRIA, Paul

Eusko Ikaskuntzak eskatutako kolaborazioa idatzi aurretik, ariketatxo bat eginarazi diot neure buruari. Izan ere, Kontseiluak adostasun sozialak eraikitzeko proiektua duela aste batzuk aurkeztu bagenuen ere, azken urteetako jardunaren ondorio zuzena izan dela erakutsi nahi nuke, eta ondorioz, izenburuari ahalik eta zorrotzen erantzun.

Izan ere, eskuartean dugun honako erronka honetan testua bezain garrantzitsua da testuingurua. Hau da, adostasun sozialen edukia azaltzeaz gain, adostasun sozial horiek egungo testuinguruan kokatzearen beharra ere partekatzeak garrantzi handia du behin eta berriz errepikatzen ari garen jauziaren esanahia hobeki ulertzeko.

2016an leporaino beteta zegoen Kursaal jauregian, hogeita hamar hizkuntza gutxituren aldeko ehundik gora eragilek urrats erraldoia egin genuen. Behar, abiapuntu eta egoera desberdinetatik abiatu arren, egun hartan irudikatu genuen zein zen geure lurraldeetan geure hizkuntza-eskubideak bermatzeko 185 neurriz osatutako bide-orria: Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Hizkuntza gutxituen garapenaren aldeko eragileok erakutsi genuen adostasuna zela geure komunitateak ahalduntzeko bidea, eta hizkuntza-politikek adostasuna behar zutela atzean, hizkuntza-eskubideen bermea oinari zuen adostasuna.

Handik eta urte batera, Kontseiluak urteko irakurketa izeneko jardunari ekin zion. Urtearen hondarrean, hizkuntza-normalizazioaren inguruan izandako gertakari nagusien bilana egin eta etorkizuneko erronkak zehazten saiatu izan da urtero eragile sozialen, politikoen, sindikalen eta, noski, euskalgintzaren aurrean.

Lehena 2017ko abenduan izan zen eta kezka sakona partekatu nahi izan genuen aipatu eragile horiekin guztiekin. Izan ere, urte hartan argitaratu ziren Inkesta Soziolinguistikoaren zein Euskararen Kale Erabileraren Neurketaren emaitzak, eta etorkizunari begira kezka sortzen ziguten elementuak jasotzen ziren. Halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero argitaratzen duen txostenak erakusten jarraitzen zuen hizkuntza-eskubideen urraketa batzuk betikotzen ari zirela, eta nahitaezkoa zela politiketan aldaketak ematea baldin eta urraketa horiek errepikatuko ez baziren.

Horrela, hizkuntza-politiken sakoneko berrikuspena egin beharra ikusten genuen. Hizkuntza-politikak birpentsatu behar direla genioen. Instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza-politika abian jartzeko tenorea zela adierazi genuen.

Ideia hori urterik urte errepikatu izan da eta 2019an Kontseiluak adostasun soziopolitikoak eraikitzeko konpromisoa hartu zuen hamarnaka eragileren aurrean. Are gehiago adostasun horren lehen irudikapena Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren karira, Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen proiektuan egindako ekarpenean txertatu genuen: Euskal Herriko hizkuntza-politik(et)an akordioa(k).

Eta, ekin genion bideari, bai eta gogoz ekin ere, harik eta gure etorkizuna erabat baldintzatu(ko) duen COVID-19a sartu arte. Luze jo genezake pandemiak euskararen berreskurapenean izan(go) edo utzi(ko) dituen ondorio zein arrastoekin hasiz gero. Akaso, bi ideia nabarmentzea nahikoa litzateke. Batetik, krisiak zaurgarrienak kolpatu ditu larrien, eta sistema ez da gai izan erantzun egoki bat emateko: bere gabeziak eta ahuldadeak biluzik utzi ditu krisiak. Baita hizkuntza-eskubideei dagokienez ere. Bestetik, herri ekimenak ez du etenik izan, zailtasunak zailtasun: zaintza sareak, euskal sortzaileen emanak, haurren euskara gaitasuna bultzatzeko taldeak, euskaraz informatzeko hedabide batzuen ahalegina... Halako ekimenek erakutsi digute elkar zaintzeko balioa eta gaitasuna izan baditugula. Badugula nondik abiatu.

Euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen
edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

Horrela, Kontseiluak Geroa Euskaratik adierazpenean jaso bezala, ziurgabetasunez betetako etorkizunaren aurrean, berdinzaleagoa, demokratikoagoa, kohesionatuagoa eta eskubideen bermean oinarritutako etorkizun berri baten aldeko apustua egiteko unea da. Jakin badakigulako oinarrizko eskubide bat bazterrean uzten den aldiro, beste guztiak ere ahultzen direla.

Horrexegatik, hain zuzen, hizkuntza-politiketan adostasun sozialak eraikitzeak berebiziko garrantzia zuela berretsi zuen Kontseiluak, eta berandu baino lehen ekin zion bideari.

Adostasun sozialak eraikitzeari begira, lehenik eta behin nahitaezkoa izan da adostasun horiei helburua jartzea. Erraz ulertzeko moduko helburua, baina edukiz beterikoa. Horrela, adostasun horiek euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzeari begirakoak izatea egokitzat jo dugu. Izan ere, uste dugu egun han eta hemen eztabaidagai jartzen den ezagutza/erabilera dikotomia hori gainditzeko garaia dela. Gehiegitan katramilatzen gara euskara erabiltzen ez dela esaten, benetako erronkari erreparatu gabe, alegia, euskara erabiltzeko zein baldintza dagoen aztertzeari. Horrexegatik, hain zuzen, hizkuntza-eskubideak bermatzeko politiketan eragin nahi badugu, zein helburutara iritsi nahi dugun zehaztu behar dugu eta horri ederki uztartzen zaio euskararen erabilera erosoak bermatzea.

Gainera, helburua paradigma horretan kokatuz gero, errazagoa izango zaigu identifikatzea etorkizuneko urratsak zein diren. Izan ere, erabilera erosorako baldintzak sortu behar badira, kontuan hartu beharko ditugu, esaterako zein diren euskararen erabilera erosoa ahalbidetzen duten baldintza indibidualak edota kolektiboak.

Horrela, eta norbanakoen erabilera erosoan zuzenean eragiten duten aldagaiei lotzen bagatzaizkie, hizkuntza erabiltzeko konpetentziari lotutakoak izan beharko ditugu kontuan. Hau da, testuinguruari egokitutako ezagutza, gaitasun eta jarreren konbinazioari lotutako konpetentziak dira (erabiltzen jakitea, erabili nahi izatea eta erabili ahal izatea). Eta, horien artean garrantzia berezia du euskara erabiltzeko gaitasun egokia izateak, alegia, euskara eroso erabili ahal izateko behar besteko gaitasuna izateak. Izan ere, euskal elebidun edo elebidun orekatua ez direnek, euskara erabiltzeko aparteko ahalegina egin beharko dute, eta horrek dakartzan nekeez gain, ez dituzte erabilera erosorako baldintzak beteko. Hori bakarrik ez, euskara erabiltzeko nahia ere izan behar du hiztunak. Horrek motibazioen esparrura garamatza. Hortaz, motibazio afektiboan zein pragmatikoan eragiteko zer egin definitu beharko da.

Bestalde, eta maila kolektiboko edo egiturazko baldintzei dagokienez, askotarikoagoak direla esan behar dugu: elebidunen dentsitatea eta kontzentrazioa, erabilera babesteko/sustatzeko arau eta politikak, hizkuntzaren prestigioa… Hizkuntza-eskubideak bermatzeko arau eta politika betearazleek eragiten dute herritarren hautuan, edota, hizkuntzak berak lehentasunezko izaera izatea edozein ekintza sozialetan, etab.

Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea jomuga izaki, bi ardatz nagusitan koka dezakegu helburu hori lortzeko norabidea. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Eta, bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

Hizkuntzaren normalizazio-prozesua konplexua da. Konplexua ez ezik, zehar lerro izaera ere badu. Eguneroko bizitzan hartzen dira, hartzen ditugu, hizkuntza-politikari buruzko erabakiak eta hautuak. Horrexegatik, garrantzitsua da hizkuntza-politiketan modu integralean eragiteko asmoa badugu, askotariko eragile sozialak adostasun batzuen bueltan jartzea.

Batetik, eragile horiek akuilu izan daitezke beste batzuek urratsak egin ditzaten; baina, bestetik, eragile horiek subjektu ere badira eta haiei ere badagokie hizkuntza-politika egitea. Horrexegatik, adostasun sozialen bidez noranzko biko bidea egin nahi dugu eragileekin, bai kanpoko hizkuntza-politiketan eragitea, bai eta haien barnekoetan ere.

Zinez ariketa handia egiteko asmoa dugu, eta abagunea dela uste du Kontseiluak.  Sinetsita gaude horretan, orain da une egokia askotariko eragileak oinarrizko proposamen baten inguruan etorkizunari begira jartzeko.

Eta orain egin behar dugu. Izan ere, azken hamarkadetan aurrera egin badugu ere, gainean kristalezko sabaia dugula ohartuak gara. Sabai hori urratu behar da erabileran jauzia egin ahal izateko, ezagutza unibertsalizatzeko, hizkuntza-eskubideen bermea egiazkoa izateko. Orain egin behar dugu, pandemiak erakutsi duelako beharrezkoa dela euskara erdigunera ekartzea, baldin eta etorkizuna parametro berdinzaleetan eraikiko badugu. Eta, noski, orain egin behar dugu, geroz eta zabalduago dagoelako askotarikoen arteko adostasunak eraikitzeko ideia, eta horrek ahalbidetuko duelako jauzi egitea.

Bideari ekin diogu eta gustatzen ari zaigu jasotzen ari garen erantzuna. Izan ere, Kontseilua osatzen duten, osatzen duzuen, kidegoarekin egiten ari garen mintegietan adostasunen beharra azpimarratzen ari da une oro, edukietan oinarritako adostasunaren beharra. Horrekin batera, gainerako eragileekin hasitako bileretan ere begi onez hartzen ari dira ezarritako helburua, hain zuzen, euskararen erabilera erosorako baldintzak bermatzea, bai eta horra iristeko norabidea ere, ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako espazioak.

Guztion ekarpenak jasotzeko unea da orain, eta ekarpen horiekin guztiekin proposamena biribiltzeaz gain, saiatuko gara eragileek egindako ekarpenaren elementuren bat islatuta ikus dezaten. Izan ere, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozial honetan eragile aktiboak nahi ditugu, adostasuna bere egiteaz gain, bertan ezarritako norabidearen arabera jardun eta eragingo duten eragileak. Izan ere, euskararen berreskurapen prozesuan, adostasunen garaia ez ezik, erantzukizun partekatuaren garaia ere bada.

Lotutako artikuluak:
Paradigma berri bat: hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa


Eusko Jaurlaritza