
Gaiak
Gazte Agora: Euskal gazteria Euskal Herriko oraina eta etorkizuna eraikitzen
ROMERO, Eneko A. VIZÁN-AMORÓS, Ander BLANCO-ARAMENDIA, Nerea MAYA, Antton ÁLVAREZ, Amalur
Gazte Agora proiektuak 2018an izan zuen bere hasiera helburu argi batekin: Eusko Ikaskuntzak egindako Liburu Zuriari eta Liburu Berdeari gazte perspektiba ematea. Gazte gutxi batzuen proiektu gisa hasi zena abiadura hartu eta Euskal Herri mailako prozesu parte hartzaile batean bihurtu zen. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatzen hasi zen, gazteok gazteentzat geure oraina eta etorkizuna eraikitzeko asmoz.[1]
Prozesu parte hartzailea hiru saioetan burutu zen. EAEko gazteak Donostiako Miramar jauregian batu ziren, Nafarroako gazteak Iruñeko Katakrak liburudendan eta Ipar Euskal Herriko gazteak, kasu honetan, telematikoki. Saio horietan planteatutako galderak hiru multzotan banatu ziren: lehenengo multzoan lurraldearen inguruko hausnarketa, kezkak eta erronkak identifikatuz; bigarren multzoan tresnen inguruko eztabaida, analisi soiletik haratago joateko asmoz; eta azkenik, lankidetzaren inguruan hitz egin genuen, beste lurraldeek zer eskaini ahal ziguten eta zer eskaini genezakeen inguruan gogoeta eginez.
Talde bakoitzak gai zehatz (baina zabal) bat zuen, lau guztira. “Ongizate materiala” izenburuaren azpian, etxebizitza eta enplegua landu zen gehienbat. Gazteak garen heinean, hezkuntza ezinbesteko gaitzat hartu genuen, hezkuntza formalari hezkuntza informala gehituz. Gure lurraldeak, euskararen lurraldeak ere badira, beraz euskara eta euskara politiken inguruan eztabaidatzeko taldea ere sortu zen. Gazteok gure buruaren jabe izateko grinaren adibide argia da proiektu hau, eta ildo horretatik gobernantzaren gaia ere jorratu genuen.
16 eta 35 urte arteko dozenaka gaztek parte hartu zuten. Parte hartzea euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez izan zen; ahal izan zenean euskarazko eta gaztelaniazko taldeak banatu ziren eta, beste kasu batzuetan, xuxurlari figura erabili genuen.
Foro desberdinen helburu nagusiak bi ziren: lehenengoa, erronka eta kezken inguruan adostasunak eta problematika komunak identifikatzea; bigarrena, aurrera begiratzeko tresnak adostea, bai herrialdez herrialde bai lurraldeen artekoa. Hurrengo pausu bezala mugaz-gaindiko foroa aurreikusten zen. Bertan tresna eta lankidetzaren hitz egingo zen, hiru herrialdetako gazteen parte hartzearekin.
COVID-19ak sortutako pandemiak eragin zuzena izan zuen prozesuan. Batetik Baionan aurreikusten zen foroa telematikoki egitea eta, argiena, mugaz-gaindiko foroa bertan behera geratzea. Pausu hau gainditzeko, herrialdez herrialde lortutako adostasunak alderatu genituen, eta amankomuneko diskurtso bat aurkitu genuen (ikusiko dugun bezala).
Ibilbide honetan proiektuaren kideen parte-hartzea ezinbestekoa izan zen. Eusko Ikaskuntzako kideez gain, Nafarroako zein Euskadiko Gazte Kontseiluen eskutik egindako lana eta landutako sarea. Herrialdeko foroetan parte hartutako hainbat gazteekin ere alderaketa honen lehenengo emaitzak kontrastatu ziren 2020ko udan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Euroeskualdea bidelagun izan genituen.

Foro desberdinen helburu nagusiak bi ziren: erronka eta kezken inguruan adostasunak eta problematika
komunak identifikatzea; eta aurrera begiratzeko tresnak adostea.
Urtarrilaren 13an, Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea banatzen dituen mugatik gertu, Iruneko FICOBAn, aurkeztu genituen egindako diagnosiaren oinarri nagusiak, foro ezberdinetan landutako gaien arabera, hots, ongizate materiala, euskara eta hizkuntza-politikak, hezkuntza formal eta informala eta gobernantza. Hementxe ondorio horien laburpen txiki bat.
Ongizate materialari dagokionez, erronka komunetan kontsensu handia antzeman zen, lehentasun argiak markatuz: gazteok etxebizitza duin baterako sarbidea izatea, kalitatezko enpleguak lortzea eta lurraldearen antolamendua bizi-proiektuen garapenera bideratzea, hau da, formakuntzak, enpleguak eta etxebizitzak bizitza proiektua nahi den lurraldean garatzeko lagungarri izan behar dira. Horretarako, mugaz gaindiko gazte elkargune sozioekonomiko baten sorrera proposatu zen, beste lurraldeen esperientziak ezagutzeaz gain, mugaz gaindiko proiektuak garatzeko.
Euskara eta hizkuntza-politiken atalari dagokionez, oinarri komun minimoak adostea lortu zen, ulertuta euskararen estatusa desberdina dela lurralde bakoitzean eta, aldi berean, beharrezkoa dela bere ikusgarritasuna hobetzea, eleaniztasuna bermatuz. Euskara lurraldeetako aberastasuna da, amankomunean dugun komunikazio tresna aberatsa, hortaz, politizazioaren eta ideologiaren eraginetik aldendu eta oztopo bilakatu beharrean, gure lurraldeetako aberastasunaren adierazle bilakatzea lortu behar dugula nabarmenduz.
Hori lortzeko bidean, administrazio publikoan elebiduntasun osoa babestu eta diru-laguntza gehiago bideratu beharko litezke euskarazko ekitaldientzat. Horrez gain, beharrezkoa da amankomuneko esparru bat izatea non euskara ardatz nagusia den, lurralde guztien artekoa, administrazio publiko zein gizarte zibileko eragileen parte-hartzearekin.
Hezkuntza formala eta informalen taldeetan, Hezkuntza komunitatea indartzearen beharra nabarmendu zen, ikasleen paper aktibo batekin. Horrez gain, hezkidetzaren baloreak eta dibertsitatea integratzea, hezkuntzaren utilitarismoa alboratzea eta euskararen presentzia handitzea ikusi ziren beharrezko.
Horretarako, hiru lurraldeen arteko akordio komunak eraikitzea ezinbestekotzat jo da, hau da, eztabaidarako eta akordiotarako sare online eta offline bat sortzea proposatzen da, akordio komunak helburu. Bide horretan ere, ikasle, herritar eta elkarteen trukaketak sustatzea proposatzen da: hezkuntza-aktoreen arteko topaketak esperientziak trukatzeko eta gogoeta orokor bat aurrera eramateko.
Gobernantzako taldeek gazteon parte hartze politikorako ahalduntzea zuten helburu. Hori burutzeko, parte-hartzeko metodologia berritzaileak lortzearen beharra azpimarratu izan da. Eta, ahalduntzerako ezinbesteko, gure bizitza proiektu propioa garatu ahal izateko baliabide materialak eta ez-materialak bermatuak izatea, batik bat, etorkizuna bermatua izatea, eskubide sozialak, berdintasuna eta krisi klimatikoari aurre egitea azpimarratu dira.
Erronka horiei aurre egiteko, proposamenen artean hauek azpimarratu litezke: administrazioek gazteentzat dituzten baliabideen berrazterketa eta gizarteratzea, esparru sozialean zein erakunde ofizialetan gazteon parte hartzea bultzatuz; parte hartzea oinarri duen heziketa eredu bat eraiki ahal izateko, eskolak zein bestelako hezkuntza esparruak parte-hartzerako tresna bezala garatzea. Azkenik, gazte erakundeak elkarlanean jartzeko espazioen sorrera aipatu zen, erabaki ahalmen zein eragiteko gaitasunarekin. Ildo horretan, praktikotasunean oinarritutako kooperazio ardatzak sortzea azpimarratua izan zen, muga administratiboetatik haratago doazenak.
Prozesu osoan zehar, tresna, dinamika edo adibide zehatzak agertu ziren. “Praktika onak” gisa izendatu genituen lehenengo momentu batean, argi izanik hurrengo pausuak praktika onen ildotik joan behar zirela.
Gauzak horrela, praktika onak jasotzea erabaki genuen 2021. urteari begira. Ez lista bat osatzeko asmoz, baizik eta praktika onak ezagutzera emateko eta herrialde guztietatik zabaltzeko. Laster erabaki genuen praktika on guzti horiek elkarrizketan jarri behar genituela, elkar ezagutzari duen garrantzia eman behar geniola.
Praktika onen foroa egitasmoa sortu zen orduan. 2021eko lehenengo hilabeteetan, “Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak: mugaz gaindiko gazte-lankidetzarako oinarriak finkatzen” txostena eragileei aurkezteaz gain, praktika onen foroa mahaigaineratu genuen. Txostenean identifikatutako praktika onez gain, edozein erakundeek beren “praktika onak” aurkezteko aukera zabaldu genuen. Ongizate materialaren arloan, hezkuntza arloan, gobernantza arloan edota hizkuntza eta hizkuntz politikaren arloetan, gazteok gazteontzat garatutako “praktika onak” mugaz-gaindiko foro batean aurkeztu nahi ditugu, onddoak bezala pixkanaka pixkanaka euskal lurralde guztietatik zabaltzeko.
Esan dugun bezala, ez gara soilik etorkizunaren inguruan ari. Gazteok kezka eta problematika zehatzak ditugu gure egunerokotasunean, baina baita ere erantzun eta alternatibak. Etorkizuna eta oraina uztartuz, prozesu parte hartzaile hau prozesu “eraldatzaile” bilakatzea dugu helburu, elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko, gure hizkuntza bultzatzeko, gure ongizatea bermatzeko eta gure burua gobernatzeko.
[1] Proiektua gazte batzuen parte-hartze eskuzabalari esker gauzatu da, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan egin dituzten ekarpenengatik eta ilusioagatik. Eta, bereziki, proiektuaren hasieran egon ziren pertsonei, mantendu direnei eta sartu diren berriei. Besteak beste, Eusko Ikaskuntzako bazkide diren Xalbat Alzugaray, Argitxu Etxandi, Iban Larrandaburu, Leire Zabala eta Oihana Zamponi; Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Jon Ander Agirre, Maialen Olabe eta Xuban Zubiria; eta, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko Juan S. Gutierrez eta Sara Escalante.