
Gaiak
Zergatik hitz egin behar da bizikidetzaz gizarte demokratiko batean?
Batek baino gehiagok pentsa lezake erredundantea dela bizikidetzaz hitz egitea arau demokratikoetan oinarrituta diharduen gizarte batez ari garelarik. Azken batez, horrelako gizarteari dagokion ezaugarri nagusietako bat omen da bestearekiko, ezberdina denarekiko begirune izatea; hots, funtsean, legearen aurrean, gizartea antolatzen duten arauei begira, herritar guzti-guztiok berdinak izatea. Izan ere, demokraziaren bihotza berdintasuna da, baina. oraindik ere ezin esan daiteke balio hori guztiz herritartuta dagoenik.
Hala ere, demokraziak ez du esan nahi bizitza sozialean edota politikoan gatazkarik ez dela egongo. Mota askotakoak, gainera. Gatazka horietako baten iturria, hain zuzen ere, aniztasuna da. Gure gizarte modernoak, demokratikoak, anitzak dira kultura, erlijioa, hizkuntza,… eta abar kontuan hartuz gero. Eta horri gehitu behar zaizkio arlo politikoan ere gertatzen den aniztasun ideologikoa eta politikoa.
Orduan, badu zentzurik joko demokratikotik harago zerbait gehiago bilatzeak? Edo, berez, bizikidetza eta jardun demokratikoa parekide modura erabil daitezke? Norberak ez bezala pentsatzen, sentitzen edo jarduten duenarekiko begirunea egonez gero, hau da, herritarren aniztasuna demokratikoki barneratzen eta kudeatzen baldin bada, zer gehiago erantsi dezake bizikidetzak?
Ez dago galdera horri erraz erantzuterik. Izan ere, Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Bizikidetza izeneko proiektuan, 2020an zehar garatua, askotariko iritziak jaso ahal izan ditugu horren karietara. Batzuen aburuz, benetan sakondu eta indartu behar dena demokrazia bera da eta harekin batera datozen tolerantzia eta begirunea. Zertarako gehiago? Harago joan nahi izanez gero, arrisku argi bat dago: homogeneizaziora jotzea. Horregatik nolabaiteko mesfidantza adierazten da nafar identitatearen balizko eraikuntza edo sendoketa batez hitz egiten denean. Batera bizi gaitezke identitate batek lotuta egon gabe, baieztatzen dute batzuek. Garrantzitsua da, kasu honetan, gizakiari eta komunitateari askatasuna bermatzea nahi duten identitatea lantzeko. Eta askatasun horrek berak ahalbidetuko du bizikidetza harmoniatsua, talde guztiak konprometitzen badira begirunearen eskutik ibiltzeko. Hemen taldearen bizitza eta kultura zaindu nahi dira.
Aldiz, aurkitu ditugu kontrako norabidean, nolabait esanda, doazenak. Horientzat, zeharo beharrezkoa da herritarren arteko lotura sendoak egotea, halako moldez non, adiskidetasun zibikoaz hitz egiten den. Nola eraiki zitekeen horrelako lotura bat? Beti beheko mailetan, tokian tokiko instituzioetan, gizakiek eurek sortutako taldeetan. Hemen ez da somatzen mesfidantzarik, alderantziz baizik. Bizitza sozialak berak, bere eguneroko jardun politikoak, ekonomikoak eta kulturalak ekarriko dute delako adiskidetasun hori, herritarrak eta tokian tokiko erakundeak autonomiaz hornitzen badira proiektuak aurrera eramateko, beti modu deszentralizatuan. Hemen gizakiaren autonomia zaindu nahi da.
Bestelako iritzi korronte bat ere aurkitu dugu nafar gizartean. Kideen ipar orratza euskarak eta euskal kulturak markatzen dute. Bizikidetza ez da hain gustuko kontzeptua, haien ezinegona azaleratu beharra ikusten dutelako. Batzuek argi eta argi adierazten dute: bizikidetza eta aniztasuna tranpa bat izan daitezke euskaldun nafarrentzat, irudi lezakeelako euskal hiztun gisako eskubideak aldarrikatzen dituztenean, gatazka dutela gogoko, edo haren bila doazela. Eta bizikidetza oztopatzea bizkarreratzen zaie aldarrikatzen dutenean ez dutela bigaren mailako nafar izatera kondenatuak bizi nahi. Derrigortasunari dei egiten diote euskara bihur dadin komunikazio hizkuntza nafar lurralde osoan, eta askatasuna, aldi berean, ezarri nahi dituzten identitate loturak eta sinboloak adierazteko orduan. Hemen Nafarroaren euskal izaera zaindu nahi da.
Eta, azkenik, laugarren iritzi bat ere nabarmendu da bizikidetza ulertzeko orduan. Nola edo hala, hasierako iritzi multzoak bezala, bizikidetza jardun demokratikoari lotuta ikusten da hemen ere: erakundeek ondo funtzionatzen badute, herritar guztiek euren identitatea ikusten badute islatuta erakunde demokratikoen jardunean, hori bizikidetzan aurrera egitea da. Eta aurrera egiten ari da azken urteotan Nafarroan: nafar gizartea asko aldatu da, baieztatzen dute. Kasu honetan, balizko gatazkari garrantzia kendu eta irtenbideak eta kontsentsuak lantzeari eman nahi zaio. Baikortasuna nabariagoa da hemen, batetik, eta bestetik, epe luzera begiratzen dute: gauzak ez dira aldatuko egun batetik bestera, pazientzia behar da, lana behar da, akordioak lortu behar dira. Baina lortuko da. Hemen herrialdearen kudeaketa demokratikoa ahalbidetzea zaindu nahi da.
Estereotipoak izan litezke aipatutako lau jarrera horiek, jabeturik gaude. Baina uste dugu nahiko ondo islatzen dutela gaur egun Nafarroan dagoen bizikidetza arazoa. Eta, berriro diogu, batzuen iritziz ez dago arazorik, edo, gutxienez, arazoa ez da horren larria. Baina herritar askok adierazten dute ez dutela gogoko maila politikoan batez ere dagoen krispazioa edo asaldura. Orduan, norbaitek uka lezake gatazkarik edo bizikidetza arazorik dagoela, baina egon badago, jendeak halaxe bizi duelako.
Zein punturaino da desberdina edo handiagoa bestelako gizarte demokratikoetan gertatzen diren istilu politiko edo sozialekin alderatuta? Oso zaila da horri erantzutea. Nafarroak, gizarte modernoa den heinean, ezberdintasun politikoak, ideologikoak eta bestelakoak islatzen ditu. Hala ere, baditu ezaugarri aipatzea merezi dutenak. Bata da eskuin politikoa aukera sendoa eta tradizio handikoa dela nafar gizartean. Eta bestea, ezaugarri kultural, paisajistiko edo linguistikoei dagokienez, itzelezko aniztasuna duela bere baitan. Osagai bi horiek eragiten dute polarizazio politikoa nabarmena izatea eta, horren ondorioz, giro politikoa nahiko gaiztoturik agertzea. Erlatiboa? Bai; baina, berriro diogu: horrelaxe bizi dute hainbat herritarrek.
Itzul gaitezen, bada, lehengo galderara: demokraziak benetan funtzionatzen badu, zertarako bizikidetza? Azken batez, adierazten da batzuetan, herritar guztiek dute bozka emateko eskubide bera. Arauak herritarrek euren bozkaren bidez aukeratutako ordezkariek eginak badira, non dago arazoa? Gako inportante bat da joko demokratikoa bera ulertzeko modua; edo batzuek esaten duten legez, demokraziaren kalitatea. Argi dago demokrazian gehiengoak agintzen duela; baina badira mila zirrikitu gutxiengoaren ezinegona, eskariak, ekimenak… aintzat hartzeko eta herritarren arragoa hobeto islatzeko jardun sozialean eta politikoan. Horrelakoa gerta dadin, lehenik eta behin, kultura demokratikoa gailendu behar zaio gehiengo/gutxiengo joko hutsari. Etengabeko elkarrizketa, eztabaida soziala, herritarren partaidetza eta horrelakoak sustatu behar dira. Eragile politikoek kontsentsuetara heltzeko gogoa adierazi behar dute, haien ordezkari kopurua gora behera. Horrek, zalantza barik, bigundu egiten du balizko asaldura politikoa eta elkarrenganako konfiantza giro soziala areagotzen du.
Eta, bigarrenik, badago beste gako bat, are arantzatsuagoa aurrekoa baino. Bizikidetza aldarrikatzen da, normalean, ageriko gatazka bat dagoenean. Baina, usu, gizartearen arlo jakin bateko gatazka bat konpontze aldera bakar-bakarrik erabiltzen da. Guk, aldiz, proiektuan zehar jaso dugun ideia da bizikidetza gizarte osoaren funtzionamenduari dagokiola, giro orokorrari, nahiz eta, kasu honetan, euskarari eta nazio identitateen arteko polarizazioari egokitu diegun. Zer lortu beharko litzateke arlo bi hauetan, beraz? Labur esanda: kontsentsua. Gizarte demokratiko batean, berdintasunarekin batera, askatasuna da zaindu beharreko balio morala. Askatasun horren oinarria, alta, ezin daiteke gizakia bakarrik izan, taldea ere bada: nafar gizartea, alegia. Berdintasuna eta askatasuna nagusi daitezen, nolabaiteko itun bat errespetatu behar da; demokraziak islatzen dituen balioei nolabaiteko leialtasuna; kirol arloan erabiltzen den fair play moduko bat. Horretarako, berriro ere, herritarren eta erakundeen jarrerak argiak izan behar dira. Gardentasuna gailendu behar da. Eta biak, gardentasuna eta leialtasuna, landu egin behar dira; ez dira ez berez ezta erraz ere garatzen.
Nola eraiki daiteke nafarren ideologia guztiak asetuko lituzkeen gutxieneko marko bat euskara eta gaztelania, batetik, eta nazio identitate desberdinak, bestetik, giro erosoan, mehatxurik gabean eta eztabaidara irekian garatu ahal izateko? Elkarren ondoan bizi beharrean, elkarrekin bizi gaitezen, nork bere printzipioei eta identitateari uko egin gabe. Bestela esanda, nola lor daitezke nafarren arteko gutxieneko konfiantza eta elkartasuna?
Gai horietan sakontzen gabiltza; jabeturik, zorionez, ez garela bakarrak.