755 Zenbakia 2020-11-19 / 2020-12-16

Gaiak

Eskolarako software aukeraketa ez da auzi teknikoa

BERASATEGI, Miren

Dagoeneko abian zeuden digitalizazio prozesuak ikaragarri areagotu ditu COVID-19ak eragindako pandemiak, eremu guztietan. Ikasi dugu posible dela telelana, jatetxeetako eskariak etxerako egitea, familiarteko eta lagunekin bideodeien bitartez elkartzea eta, baita ere, hezkuntza arautua aurrera eramatea. Lehen uneetan emergentziazko erantzuna eman zitzaion arren, egoera jarraitua bihurtu da eta ikasketa hauetako askok iraungo dute.

Tresna digitalek urrutiko eskolak ematea ahalbidetu duten arren, hezkuntzaren erabateko eta emergentziazko digitalizazio honek sortu dituen kezkak ugariak izan dira: hauetariko bat, eta ez txikiena, arrakala digitala hezkuntzara ekarri izana [1], bat-batean eta gogor. Desberdintasunak nabarmenagoak egin dira, maila askotan: interneterako sarbidearen kalitatea, gailuen eskuragarritasuna (ez da berdina ordenagailua, tableta, mugikorra; eta zenbat behar izan dira etxebizitza bakoitzean, guztien beharrei erantzun ahal izateko?), ikasgaiak eta ikasmoldeak iristarazteko irakasleen gaitasun pedagogiko eta digitala, eta txikienen kasuan batez ere, etxekoek izan duten lagundu eta gidatzeko ahalmena, gaitasunei zein denborari dagokionean. Guzti hauek ikasle askok eskolak jarraitzeko izan duten ahalmena erabaki dute, neurri handi batean.

Azkar batean egindako lineako ikaskutza-irakaskuntzarako biraketa honek agerian utzi ditu hezkuntzaren digitalizazioari begira gidatzen gaituzten printzipioak – edo hauen falta. Sortu berri ziren beharrak asetzeko software lehiarik egon bada, Google nagusitu da, argi eta garbi. Eskura zegoena, errazena, aukeratzera jo dugu orokorrean: Googlek tresnak prest eta martxan zituen, doan eskaini ditu hala ez zen kasuetan, eta erabiltzaileen bolumenari erantzuteko baliabideak jartzeko gaitasuna izan du.

Joan den urrian, Isabel Celaá Espainiako Hezkuntza Ministroak lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia goraipatu zuen “HAZ Alianza por la Educación” itunaren aurkezpen ekitaldian. Google, la Caixa, Endesa eta Vodafone dira aliantza honen sortzaileetako batzuk, eta “Hezkuntza aurreratu eta eraldatzeko erronka”ri aurre egitea dute helburu, “erabilgarriak eta eraginkorrak izango diren proposamen zehatzak sustatuz, aldi berean administrazio publikoarentzat osagarriak izanik”. Bitartean, hilabete berean, Kataluniak eskoletan Googleren zerbitzuak debekatzea erabaki du adinez txikikoen datuak masiboki atzitzen dituela argudiatuta, haien kontsumo eta nortasun profilak definitzeko. Ez da bakarra: Madrilgo komunitateak ere “doaneko hezkuntza plataformak” (Google barne) erabiltzea debekatu zuen irailean honek ikasleen datuen babeserako araudia urratzen duela eta. Antzeko erabakia hartu zuen iaz Alemaniak, eta urte hasieran Estatu Batuetako Mexiko Berriak Google auzitara eraman zuen antzeko arrazoiengatik.

Orain arte aipatutako eragozpen eta debekuak datuen babesaren edo pribatutasunaren ingurukoak izan dira. Ez da, dena den, teknologia enpresa handiek eskainitako ekosistema itxiek dakarten arazo bakarra, ezta itzal handikoena ere, seguruena. Arazo bat dagoenik ere ez da erraza irmoki argudiatu eta efektiboki gizarteratzen, “erabiltzaileak laborategietako sagu gisa tratatzen dituen industria bat” kritikatzearen zailtasun handiena baita “saguei beraiei azaltzea gertatzen ari zaiena”, laborategiko prozeduren subjektu diren bitartean[2]. Matrix barruan daudenei Matrix azaltzea bezain zaila, alegia. Pribatutasunaren faltaz haratago, teknologiaren aplikazio hauek gaitasun digitalaren lanketa mugatzen dute eta, finean, ikuspegi kritikoa sorgortzen dute.

Ekosistema itxi hauek, askotan doan eskuragarri egoteaz gain, erabilerrazak izateko diseinatzen dira. Izan ere, erabilpen ludiko eta oinarrizkoenetatik haratago, ikasgeletan ditugun natibo digitalek ez dituzte inondik ere tresna hauek menderatzen. Haien gaitasun digitala eskasa da oso, hezkuntza sistemaren digitalizaziorako oztopo nagusienetarikoa izateraino. Enpresa teknologiko handiek eskaintzen dituzten soluzioak berehalako sarietan oinarritzen dira, azaletik daramate erabiltzailea batetik bestera, etengabe hurrengo estimuluaren atzetik. Ez dute erronkarik proposatzen, ahaleginik eskatzen, beti frustrazioa ekiditeko ahaleginean. Lehen aldiz, natibo digitalek euren gurasoek baino adimen-koziente bajuagoa dute [3].

Tresna digitalek urrutiko eskolak ematea ahalbidetu duten arren, hezkuntzaren erabateko eta emergentziazko digitalizazio honek sortu dituen kezkak ugariak izan dira.

Ondorio hau ez da ustekabekoa, oinarrizko diseinutik bertatik sustatzen baitute teknologia “kutxa beltza” denaren ikuspegia: guk input bat eman eta output bat bueltatzen digu, oso ondo ezagutu eta ulertu gabe barruan, prozesu horretan, zein eraldatze eta moldaketa gertatzen diren, eta nola. Argudia liteke neurri batean hau sahiestezina dela: ez da behar informatikaria izatea tresna hauek erabiltzeko. Baina aldi berean honek menpekotasuna areagotu egin du.

Tresnak errazagotzen joan dira, intuitiboagoak egiten, kasik euren burua irakasten dutela adieraziz. Eta prozesu horretan, ahazten joan gara esku artean ditugun tresnak hor daudenik ere. Kutxa beltza gardena bihurtu da: ez kutxa bera bakarrik, barruan daraman mekanismoa ere bai. Erabat ikustezina. Input bat eman eta outputa espero dugu emaitza “naturala” balitz bezala kasik, eta teknologiarekin ditugun hartu-emanak “naturan gertatuak” balira bezala ulertzen hasiak gara. Logika honetan, haien erabilerak dakartzan ondorioak saihestezinak dira.

Erabiltzen dugun hizkuntzak ere areagotu egiten du “naturalizatze” hau: “Gmail bat bidaliko dizut” esaten dugunean, “email bat” beharrean; edo “Googlen bilatu”, “bilatzaile batean” beharrean, edo “Worden egin”, “testu prozesatzaile batean” beharrean, edo “Windowsen” “sistema eragilean” beharrean… Barneratzen dugu (eta hedatzen dugu) modu bat eta bakarra dagoela gauzak egiteko, eta horrela Gmailek markatzen du posta elektronikoaren estandarra, edo Excelek markatzen du kalkulu orriena…

Hauxe da, hain zuzen, teknologia enpresa handien lorpenik handienetakoa: beste aukerarik egon daitekeenik ere ez baitugu irudikatzen. Ikuspegi honek ulertaratzen du, adibidez, guraso batzuek euren seme-alabei Google konturik sortzerik nahi ez dutela adieraztean, horrek sortzen duen harridura (irakasleengan, edo beste gurasoengan). Zergatik pasako litzaioke norbaiti burutik halako zerbaiti uko egitea?

Arazo hauen garrantzia leundu egiten da askotan, argudiatuz tresnak besterik ez direla, eta egozten zaizkien eragozpen horiek guztiak gaindi daitezkeela erabilera zuzenarekin. Erabilpenenean dagoela gakoa, alegia. IKTak tresna edo bitarteko soil gisa hartzen dituen ikuskera, alabaina, bakuna da oso (beste edozein teknologiarekin bezala, bide batez). Haietan funtsatzen da atentzioaren ekonomia, kapitalismo zelataria, gogoz ematen ditugun gure datuen ustiaketan.

Kutxa beltz ikustezin horien barruan dauden mekanismoak, algoritmoak, zein output jasoko dugun moldatu eta itxuratzen dutenak, ez dira “naturan aurkituak”; ez dira neutralak. Hau ez da Cambridge Analyticaren aferaren bilakaeratik eratorritako ondorio berri bat: Heidegger-ek garbi zuen zioenean “teknologiaren esentzia ez da, inolaz ere, ezer teknologikoa. […] Alor guztietan gaude teknologiari kateatuta, harekiko askatasunik gabe, sutsuki berretsi edo ukatzen dugula ere. Baina modurik okerrenean ematen gatzaizkio, zerbait neutrala bezala irudikatzen dugunean; izan ere, ikuskera honek, egun bereziki omentzen dugunak, zeharo itsutzen gaitu teknologiaren esentziaren aurrean”[4] (itzulpen librea). Teknologia hauek, kasurik onenean, partzialak/alderdikoiak dira eta sortu dituztenen aurreritziak errepikatzen dituzte (ikerketa ugarik adierazi dute[5] irudi ezagupenerako algoritmoek, adibidez, arrazismoa hedatu izan dutela, edo lana bilatzeko tresnek, sexismoa); txarrenera, gure jokamoldea manipulatzeko diseinatzen dira zuzenean (aipatutako Cambridge Analytica/Facebook/Donald Trump aferak irudikatzen duen bezala).

Software librea ere ez da neutrala. Baina orain arte aipatutakoaren aldean, ez da kutxa beltza ere: barruan daramana ikus dezakegu, nola dabilen, zein aurreiritzi edo joera gehitzen dizkion haren bitartez egiten dugun lanari. Ez du hornitzaile batenganako menpekotasunik sortzen. Tresna digitalen funtzionduaren gaineko jakinmina, ikerketa eta ikasketa sustatu eta ahalbidetzen du ikasleengan; informatikarekin, internetekin eta IKTekin lotutako kontzeptu zabalagoen gainekoa ere bai.

IKTen aplikazio guztiak, beraz, ez dira berdinak. Bakoitzak gizarte eredu bat du atzean, proposamen politiko bat. Azken finean, hezkuntzarako korporazio handien proposamenak ala software librearen arteko aukera ideologikoa da: Huxley-ek Bai mundu berria eleberri distopikoan ikuskatutako haurrak hezi nahi ditugun, denbora-pasa inozoek ergelduta, hizkuntzaz gabetuta, munduari buruz gogoetarik egiteko ezgauza baina euren zoriarekin zoriontsu; ala autonomoak, kritikoak, parte-hartzaileak, ekintzaileak, arduratsuak.


[1] UNESCO (2020), Six months into a crisis: reflections on international efforts to harness technology to maintain the continuity of learning

[2] John Naughton (2020), The Social Dilemma: a wake-up call for a world drunk on dopamine?, The Guardian

[3] Michel Desmurguet (2020), La fábrica de cretinos digitales

[4] Martin Heidegger (1977), The Question Concerning Technology and Other Essays (William Lovitt-en itzulpena)

[5] James Zou eta Londa Schiebinger (2018). AI can be sexist and racist — it’s time to make it fair. Nature 559, 324-326. doi: 10.1038/d41586-018-05707-8


Eusko Jaurlaritza