751 Zenbakia 2020-06-18 / 2020-07-15

Gaiak

Klima-aldaketa uraren (eta lurraldearen) ikuspegitik

ZABALETA, Ane ANTIGUEDAD, Iñaki MEAURIO, Maite URIARTE, Jesus VALIENTE, Maria MORALES, Tomás

Klima-aldaketak ur-inguruneetan izan ditzakeen eraginak aztertzeko —adibidez, ibaietako ur-emarien bilakaeran— kontuan hartu behar dira aurrerantz begirako modelo klimatikoek ematen dituzten proiekzioak, batez ere prezipitazioaren eta tenperaturaren etorkizuneko joerak ematen dituztenak. Hori horrela, ez da ahaztu behar joera hauek aurrerantzean eredu sozio-ekonomikoak izango duen bilakaeraren menpe egongo direla —horri lotutako berotegi-efektuko gasen isurketaren menpe— eta beraz, klimaren aurreranzko eboluzioak askotarikoak izan daitezkeela. Gainera, klima proiekzioak modelo klimatikoetatik eratorriak dira, eta simulazio orok badu bere baitan errealitatearen interpretazio bat.

Proiekzio klimatiko horietatik abiatuta, ibai-arro batean aurreikusitako emarien bilakaerak, modelo hidrologikoen bidezko simulaziotik abiatzen dira halabeharrez. Horrela, modelo hidrologikoak elikatzeko etorkizuneko hainbat tenperatura eta prezipitazio proiekzio erabiltzen dira, emarien balizko hainbat bilakaera lortzeko, horietako bakoitzak klima- eta hidrologia- modelo matematikoei dagozkien ziurgabetasunak barneratzen dituelarik. Beraz, klimaren aurrerantz begirako joerei begiratuta ibaietako emarien joerak tarte zabal bateko aukeren artean egongo dira.

Alabaina, etorkizuneko egoera klimatikoetatik eratorritako balizko egoera hidrologikoak aldakorrak badira, aldakortasuna are handiagoa da atmosferaren ziurgabetasunei lurrekoak gehitzen zaizkienean, lurraldeak berak betetzen duen funtzio hidrologikoa ere kontuan hartzen denean. Azken finean, ez da ahaztu behar euri-urek, emari bihurtzeko bidean, lurrera iritsi eta lurzorutik igaro behar dutela, eta beraz, ibai-arro bateko lurzoruen ezaugarriek eta bertako landaretza mota desberdinek eragina izango dutela eraldatze-bide horretan. Hortaz, lurzorua da lurralde-antolamenduaren elementu ahaztuena.

Bide horretan, bada prozesu bat sarri oso ahaztua izaten bada ere garrantzia handia duena, eta aurrerantz begirako honetan, plangintza hidrologikoan barneratu beharrekoa: ebapotranspirazioa. Hori da, alde handiz, arro bateko urteko balantze hidrologikoaren (ur- sarrera eta irteeren arteko erlazioaren) oinarrizko ekuazioko terminorik ahaztuena: 

P (prezipitazioa) – ET (ebapotranspirazioa) = Q (emariak; lur-gainekoak zein lurrazpikoak)

Ebapotranspirazioa zuzen-zuzenean dago lotuta klimari (batez ere, tenperaturari) eta landaretzari (landare mota desberdinek hazteko unean-unean behar duten ur-kopuruari), eta beraz, lurraldearen erabilerari, eta baldintzatu egiten du guztiz euri-erregimenaren eta arro bateko emari-erregimenaren arteko erlazioa, bai espazioan eta bai denboran ere. Beraz, bihar-etziko ur-emarietan, biek zein biek izango dute eragina: izango den klimak eta egingo dugun lurraldearen erabilerak.

Euri-urek, emari bihurtzeko bidean, lurrera iritsi eta lurzorutik igaro behar dute, beraz, ibai-arro bateko
lurzoruen ezaugarrieketa bertako landaretza mota desberdinek eragina izango dutela eraldatze-bide horretan. Argazkia: Double Feature

Lurraldearen funtzio hidrologikoa

Lurraldea okupatzeko eta antolatzeko ditugun moduek nabarmen baldintzatzen dute ebapotranspirazioa eta, beraz, baita emariak ere. Arro bateko landaretzak (izan larredi, sastrakadi, bertako baso edota hazkuntza azkarreko plantazio) baldintzatzen du hein handi batean arro horretan erortzen den prezipitazioaren zein parte bueltatuko den atmosferara (lurrunketa eta izerditzearen bidez, hau da, ebapotranspirazioa deritzoguna, edota, ur-berdea ere) eta zein geratuko den ur-ibili modura (ur-urdina deritzoguna) bide batetik edo bestetik mugituta (gainazaletik, lurzorutik edota akuiferotik) ibaietako ur-emari izatera iritsiko dena.

Beraz, lurraldearen antolaketari lotutako politikek, nekazaritza- eta basogintza-politikek, batik bat, ebapotranspirazioan eragina dutenez, nabarmen baldintzatzen dute ibaietako emaria (ur-kalitatea ahaztu gabe). Horrenbestez, lurraldearen erabilera eta ur-baliabideen artean dagoen erlazio estua kontuan izanik, lurraldea klima-aldaketaren ondorio hidrikoen hartzaile hutsa izatetik, ondorio negatiboak arindu eta espero diren egoeretara hobeto egokitzeko aukera eman dezakeen eremu bihurtu beharra dago, baldin eta bere antolamendua oinarri hidrologikoetatik sustatzen bada. Horretarako, behar-beharrezkoa da lekuan-lekuko klima- eta lurralde-baldintzei lotutako ikerketa hidrologikoan sakontzea, eta emaitzak uraren ikuspuntua barneratuko duen lurralde plangintzan kontuan hartzea aurrera begirako egokitze, eta arintze, bidean.

Integrazio horrek, ibaiaren ibilgura mugatutako ikuspegi hidrologikotik haratago, ibaiaren arroaren ikuspegia behar du. Arroa bere osotasunean, bere erliebe, paisaia, landaretza, eta funtzioekin kontuan hartzea. Ikuspegi honetan, funtsezko eginkizuna dute lurzoruek (haien erabilerek eta ezaugarriek) eta haien aldaketek, bai landaredia klimaren aldaketetara egokitzearen ondoriozkoek, baita lurralde-antolamenduan hartutako erabakien ondorioz ematen direnek. Azken hauek dira, bide batez, klima-aldaketari egokitzeko bidean funtsezkoak, gure esku daudelako.

Hori guztia da, etorkizuneko klimaz haratago, modelizazio hidrologikora eraman behar dena etorkizuneko ur-baliabideen (izan ur berdea edo urdina, izan giza- zein industria-hornidurarako edota ekosistemen mantenurako) balizko aldaketak aztertu ahal izateko. Hala, etorkizuneko proiekzioetan, emari klimatikoak (kliman bakarrik gertatzen diren aldaketekin espero daitezkeenak) eta emari naturalak (kliman eta lurzoruaren erabileran aldaketak barneratzen dituztenak) bereiz daitezke. Azken hauek dira lurraldearen beraren funtzio hidrologikoa kontuan hartzen dutenak, eta beraz, klima-aldaketari egokitzerako bidean landu beharrekoak.

Ur-baliabideei buruz ari garenean, baita ibaietako emariei lotutakoei buruz ari garenean ere, ahalik eta zentzurik zabalenean aztertu behar genituzke hauek. Hau da, ohi den moduan urteko batez besteko emariak (baliabideen ohiko kudeaketan interesa dutenak) kontuan hartzeaz gain, emari txikiak (ur-masen egoera ekologiko onaren oinarrizko baldintzatzaileak), handiak (uholde-arriskuarekin lotutakoak), edota emarien aldakortasuna bera (ibaiko dinamika, geomorfologia eta ekosistemekin lotura duena) ere kontsideratu behar dira, ur-urdinarekin lotuta dauden funtzio desberdinak barneratu daitezen. Hori guztia, noski, urte-sasoi desberdinetarako, ez klima eta ezta lurraldearen erabileraren eraginak ez baitira berdinak izango sasoi hezeetan zein lehorretan edo tartekoetan. Beraz, ez da erabilgarria etorkizunari urteko batez besteko emariei soilik kasu eginez heltzea, hidrograma osoa hartu behar dugu kontuan, eta beti egokitzeko ikuspegiarekin.

Lurzoruaren erabilerek, eta beraz, lurraldearen antolamenduarekin lotutako politikek, garrantzi handia dutela
uraren erregulazioan. Argazkia: Aiaraldea Gaur eta Hemen

Emarien bilakaera

Ikuspegi horrekin, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hidro-Ingurumeneko Prozesuen Ikertaldean Bizkaiko Golkoko emarien lehen azterketa bat egin dugu oinarrizko bi galderei erantzuten saiatzeko helburuarekin: nondik gatoz? eta norantza goazela dirudi?

Alde batetik, iraganetik datozen emarien bilakaera aztertu dugu 117 aforalekuetako datuak landuz, datu errealak, izandako kliman aforaleku bakoitzera iritsi diren urak biltzen dituen arroan eman diren lurraldearen erabileren ondorio, emari naturalak beraz. Datu horien azterketa sakonetik ondorioztatzen da azken 60 urteetan, urteko sasoi guztietan emariak (bataz bestekoak, altuak eta baxuak) jaitsi egin direla. Azken 20 urteak bakarrik kontuan hartzen baditugu, aldiz, bataz besteko emarien eta emari altuen goranzko joera orokorra ikusten da udaberrian eta, batez ere, neguan. Udazkenean berriz, emarien beheranzko joera nabaria dago, udaren azkena da gero eta gehiago, eta hori da ur-baliabideen eskuragarritasunari dagokionez urtarorik zailena. Izan ere, udazkeneko joera horrek, denboran mantenduko balitz, aurrera begirako ur-baliabideen kudeaketaren birpentsatzea ekarri behar luke, hornidura eta ur-masen egoera ekologikoa mantentzea bateragarriak izan daitezen.

Bestalde, etorkizunari begira, arro zehatzetan egindako 16 emari klimatikoren simulazioak joera garbiak erakusten ditu 2060 eta 2090 horizonteetarako. Urtaro guztietan emarien beherakada antzematen da, batez ere, udazkenean. Horizonte hurbilenerako (2030), aldiz,  simulazio batzuetan emariaren goranzko joerak ikusten dira udaberrian eta neguan. Hori bat dator orain arte ikusitakoarekin, eta denboraldi mugatua izan dezake, beheranzko joera nabarmenetara itzuli aurretik.

Azkenik, arro zehatz horietako lurzoruaren erabilerak aldatuz (basoa, belardia, laborea aukerekin jokatuz) atariko azterketa egin dugu, iraganeko klima mantenduz. Egindakoak lan sakonagoa behar badu ere, emaitzek argi erakusten dute, urteko bataz besteko emarietan eragin argirik antzematen ez bada ere, lurraldearen erabilerak eragin handia duela urte-sasoietako emarietan, eta, batez ere, udazkenekoetan, klimaren ondorioz ere, emarien beheranzko joera nabaria duen horretan.

Argi dago beraz, lurzoruaren erabilerek, eta beraz, lurraldearen antolamenduarekin lotutako politikek,  garrantzi handia dutela uraren erregulazioan, batez ere emari txikiko garaietan, horiek baitira, udazkeneko hilabeteak, etorkizunean ahulenak, eta horietan sor daitezke erabilera desberdinen arteko tentsioak. Hortaz, giza-jardueren (aldaketa sozialak, lurralde-erabileraren aldaketak) eragina ur-baliabideetan klima-aldaketagatik espero daitekeenaren tamainakoa izan daiteke, edo handiagoa ere epe motzean, eta beraz, klima-aldaketara egokitzerako bidean lurraldetik bertatik abiatutako arro eskalako eta oinarri hidrologikoa duten estrategiak jarri beharko dira mahai gainean.


Eusko Jaurlaritza