
Gaiak
Beldurrak jendarte gaixo batean
SANTAMARIA GOIKURIA, Imanol CORRES-MEDRANO, Irune
Sarrera
Aurreikusten ez genuen egoera bat bizitzen ari gara. COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaixotasuna mundu osoan kezka nagusi bilakatu da. Abendu amaieran Txinan agertu zen gaixotasun honek guztiok jarri gaitu beldurrak airean. Birus suntsitzaile honen ondorioak nabarmenak izango dira. Osasuna, ekonomia, hezkuntza, gizartea, besteak beste; pandemia honen indar izugarriak arlo horietan guztietan utzi du arrastoa.
Orainaldiak eta etorkizun hurbila ez dira izango orain gutxi arte “normaltasun” izendatu izan dugun egoera bezalakoak. "Normaltasun berri" honek aldaketa ugari dakartza. Aldaketa horiek garatzen ari dira dagoeneko, eta beste batzuk garatzen hastear daude; batzuk bizkorrago beste batzuk baino, batzuk hobeto, besteak okerrago, batzuek bat egiten dute iritzi publikoarekin, beste batzuek ez hainbeste. Ez dakigu zer gertatuko den, ezta alarma egoeran zenbat egunez jarraituko dugun ere, eta ezta gurekin eta gure gertukoekin zer gertatzera doan ere. Beraz, ziurgabetasun egoera betean gaude, neurri gabe estutzen gaituen ziurgabetasunean, esan bezala, ez baitakigu zer gertatzera doan.
Guk aurrez bizitutakoarekin zerikusi gutxi duen ziurgabetasunaz ari garela esan dugu arestian. Joan-etorriekin, gorabeherekin, bat-bateko aldaketa bortitzekin ohitu gara, baina beti argi izan dugu gertakizun, informazio, ezagutza, emozio eta sentimenduen transferentzia hau ezarritako muga batzuen barruan garatzen ari dela. Hala ere, "ziurgabetasun berri" honek, hala sinestarazi digute behintzat, honakoez mintzo zaigu: bizitzaz ala heriotzaz, gure heriotzaz ala bizi-irauteaz, urkoa hiltzeaz ala bizitzeaz.
Ezjakintasun egoera honek beldurtu egiten gaitu, eta beldur hori bera medio, ondoezik gauzka. Beraz, esan genezake beldurra transmititzeko gaitasuna COVID-19k kutsatzeko duen gaitasuna baino handiagoa dela.

Ziurgabetasun egoera betean gaude, neurri gabe estutzen gaituen ziurgabetasunean, esan bezala, ez baitakigu zer gertatzera doan.
Beldurra jendartean
COVID-19 gaixotasunaren ustekabeko agerpenak gure bizitza bat-batean eten zuen egun batetik bestera. Mundu osoan zabaltzen ari den pandemia hau berria da, arraroa, eta hastapeneko kaos egoeran iparrorratz gisa baliagarri behar zuten erreferenteak falta izan dira; horrek guztiak kontrol eza ekarri du, eta kontrol ezak guztiok kolokan jarri gaituzten sentimendu ilara: ziurgabetasuna, larritasuna, beldurra, eta abar. Gure existentzia arriskuan jarri duen larrialdi egoera batean murgilduta gaude, gizateriaren bizitza arriskuan jartzen duena. Eta esperientzia horiek guztiek gero eta antz gehiago dute fikziozko edo beldurrezko film batekin, aurrez ezagutzen genuen errealitatearekin baino.
Gaixotasun honen ezusteko agerpen harrigarriak mundu osoko gizarte guztiak jokoz kanpo utzi ditu. Antza denez, orain artean ez da halakorik ezagutu. Informazioa, kontra-informazioa, informazio eskasia, gehiegizko informazioa... guztia da nahasmen. Batzuentzat, erantzun ezagatik; beste batzuentzat, nahi ez duten erantzuna jasotzeagatik. Edozein modutan, ezohiko errealitate honi zentzua emateko orduan ezer ez da nahikoa.
Gobernuko erakundeek behin eta berriro azpimarratzen dute gure biziraupena bermatzeko segurtasun neurri zorrotzak hartu behar ditugula: etxetik ez ateratzea, eskuak etengabe garbitzea, kanpotik datozen objektu guztiak desinfektatzea, pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzea, eta abar.
Zifrak dantzan dabiltza, orain behera egiten duten bezala egin dezakete berriz gora, eta ez dakigu zein den edo zein izango den neurririk eraginkorrena. Bitartean, guztia da entseiu eta errore... eta horrek nahasmena sortzen du.
Ziurgabetasuna ezinegon eta herstura iturri izan ohi da, eta horrek askotan larritasun maila altua ekar dezake. Pertsonen berezko subjektibotasunak bizi dugun guztia interpretatzera garamatza, hau da, bere osotasunean ulertu ezin dugun errealitateari esanahia ematen saiatzera, eta hori bakoitza bere baliabideekin egiten saiatzen da. Era berean, bere burua egonkortzeko eta, ilusioz, bere bizitzaren kontrola duela sentitzeko, gizakiak errutinak eta errituak finkatzen ditu, batzuetan banaka eta beste batzuetan modu kolektiboan.
Agintaritza zentralen kudeaketa gerra terminologian oinarritu da, neurri handi batean: mehatxua, irabazi, alarma egoera, borroka, etsaia... Horrek beldurra areagotzen du, ez aurrera, ez atzera uzten gaitu, eta boterea duenari kontrol (sozial) handiagoa ematen dio.
Koronabirusari aurre egiteko (gaixotzeari eta hiltzeari, alegia) modua honakoa izan da: etxeko inkomunikazioa, isolamendu soziala. Neurri horrek gure izaera primitiboenaren aurka egiten du, sozializatzearen aurka. Gizakia beste batzuei zor zaielako da. Hitzik gabe, begiradarik gabe, zainketarik gabe, laztanik gabe egon gara, eta topaketa sozialik gabe ez dago izaterik.
Zoritxarrez, COVID-19 agertu baino lehen pertsona guztiek ez zuten ongizate sozioekonomiko bera: bakardadea eta bazterketa soziala, baliabide materialen banaketa desberdina eta urritasuna, lan-segurtasunik eza, ezegonkortasun afektibo-emozionala , babesik gabeko arrisku egoeran eta ahulezia egoeran dauden adin-txikiak... Errealitate horiek guztiak larriagotu egin dira, eta horiei beste berri batzuk gehitu zaizkie. Ondorioz, sintomatologia oso bat azaleratzen ari da, zeinaren tamaina oraindik ezagutzen ez dugun: antsietate nahasteak, suminkortasuna, depresioa, lo-nahasteak, fobiak...
Nork babesten eta zaintzen ditu babesgabetasun eta ziurtasun ezan dauden pertsona guzti horiek? Egoera hau eskubideen urraketa globala agerian uzten ari da, eta ukaezina da hori. COVID-19 agertu aurreko desberdintasun soziala abiapuntutzat hartuta, sektorearen arabera modu desorekatuan ari da biztanlegoan eragiten. Osasun krisiaz eta krisi ekonomikoaz hitz egiten da, baina benetako krisia soziala da.
Krisi honek maila sozialean hainbat gabezia utzi ditu agerian, eta modu esponentzialean areagotu ere egin ditu, gainera. Gaixotasunaren agerpena baino lehen, eskolak konpentsatu eta konpontzen zituen, neurri batean, horietako asko. Zein atakatan dago, ordea, orain eskola? Isolamendu egoera honetan nor ari da bere zeregin asistentziala betetzen?

Hezkuntza testuinguruak, eta eskolak zehatzago, “birpentsatu” egin behar izan du bere burua, bere funtziondua, eta arrapaladan, gainera, COVID-19ak planteatu dizkion erronka berri eta ugariei aurre egin ahal izateko.
Beldurra eskolan
Hezkuntza testuinguruak, eta eskolak zehatzago, “birpentsatu” egin behar izan du bere burua, bere funtziondua, eta arrapaladan, gainera, COVID-19ak planteatu dizkion erronka berri eta ugariei aurre egin ahal izateko. Neurri zehatzak eta oso konkretuak behar dituen errealitate aldakorra da egungoa.
Einsteinek esan zuen krisi garaiek aldaketa garrantzitsuak eta eraldatzaileak ekartzen dituztela. Berak esan zuen, premiak sortzen duen sormenari esker, gizakia aldaketarantz bultzatzen duten uneak izaten direla halakoak. Baina ziurgabetasun beldurgarri honetan beldurrak inoiz baino indar gehiago du inor “izoztuta” uzteko.
Hiztegien arabera, aldatzeak “desberdin bilakarazi” esan nahi du. Hala ere, gaur egun hori nahikoa ez dela ikusten dugu, eta benetan aldatu nahi dugun ala ez pentsatzera garamatza.
Egoera nabarmen aldatu da. Ez gizartea, ez mundua, ezta jendea bera ere ez gara 2020ko martxoaren 15era arte izandako berdinak. Aldaketa soka luzea da: lan-funtzioak telelanaren bitartez garatzetik hasi, eta maite ditugunekiko harremanak afektu-keinu digitalizatuen bidez berreraikitzeraino doa.
Konfinatze aldi honetan, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien garrantzia nabarmen aldatu da, komunitatearen zerbitzura zeuden tresnak izatetik haren garapenerako gakoa izatera pasatu baitira, horrek guztiak dakarrenarekin, halakoen jabe ez dena baztertzeko gaitasuna ere badute eta. Eszenatoki aldaketa gertatu da, beraz. Lehen, hezkuntza sistema eskola komunitatean ezarritako harreman pedagogikoetan oinarrituta zegoen, ustez, eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen bidez. Orain, aldiz, harremanek protagonismoa galdu dute.
Beraz, egiteko moduetan aldaketa nabarmenak ikus ditzakegu, baina zein da benetan egite horren funtsezko helburua?
Oro har, jendartea gure hezkuntza sistemaz kexu da.
Orain berriki, irakasleek findu egin behar izan dituzte beren irakaskuntza moldeak, eta familiak irakasle bilakatu behar izan dira. Baina jarraitzen dugu gure ikasleekin egiten hainbestetan kritikatu izan den gauza bera, bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren konpetentzietan trebatzeko balio ez duena, bide batez esanda: fitxak eta ariketak etengabe eta abiadura bizian. Eta horrek familiei baliabide asko eskatzen dizkie, eta denbora asko kendu, era beran; bizi dugun errealitate kezkagarrian modu emozionalean bat egiteko eta elkar laguntzeko baliatu ahalko luketen denbora bera, hain justu ere.
Familia asko haserre daude beren seme-alabek jarduera ugari egin behar dituztelako, eta esaten dute irakasleak beraien soldata justifikatzeko adina ez direla nahikoa egiten ari. Beste familia batzuk, aldiz, irakasleen larruan jarri eta aldi berean 25 pertsonarekin lan egitea zer den ohartu dira.
Egungo egoerak, irakasleen rolak trukatzearen ondorioz sortutako presio sozialarekin batera, irakasleen zati handi bat behartu du benetako irakaskuntza funtzioarekin zerikusi gutxi duten neurriak hartzera. Uste dugu irakasleei, presio soziala medio, gehiago axola diela helduek esango dutena, egoera atipiko honek gure haur eta gaztetxoengan eragiten ari den ondorioak baino.
Irakaskuntzaren funtzioa zalantzan jartzeari beldur izateak zaildu egiten du hainbat faktore garrantzitsuri buruz gogoeta egitea, hala nola, pertsonen garapen pertsonalean harremanak duen garrantzia aintzat hartzea. Gure arteko harremanak arriskuan jartzeraino modernizatu ditugu gure bizitzak. Harremanik gabe ez dago hezkuntzarik. Premisa horretatik abiatuta, benetan nahi al dugu eskola ere aldatzea? Gure ikasleek koronabirus garaian dituzten beharrei aurre egiteko zein hezkuntza mota daukagu? Aldaketa horiek nahikoa al dira? Hainbat kezka eta zalantza izan arren, oraindik erantzun gabe dauden galdera horiei eta beste batzuei egin beharko diegu aurre etorkizun hurbilean.