747 Zenbakia 2020-02-19 / 2020-03-18

Gaiak

Garapen Ekonomiko Eraldatzailerako proposamenak

OLEAGA AGESTA, Amaia

Ekonomia Sozial Eraldatzailea, txikitik eragiten, oihartzun gero eta handiagoa lortzen ari den ekonomia egiteko era da. Sare gisa antolaturiko enpresa hauek, haien jarduera gizarte logikatik eraikitzeko bideak eraiki ahala haien eragina zabaltzen dihardute azken urteotan. Horrez gain, gizarte eraldaketan lanean ari diren eragile eta mugimendu ezberdinak praktikara ekartzeko zelaia ere izaten ari da: ekonomia feminista, agroekologia eta merkaturatze laburren esperientziak, teknologia libreen laborategiak eta interkooperazio sareak…

Elkargune izaera potentzial honen zutabea, oinarrizko ideiaren sinpletasunean datza: gizarteak bere burua gobernatzeko gaitasuna eta betebeharra duela. Ideia horretarik abiatuta, gizarte batek bere beharrak nola asetzen dituen, ekonomia gisa ere ezagutzen dugun diziplina, gainerako antolamendu guztiari forma emateko gaitasuna duen afera da. Noren beharrei erantzuten dien ekonomia eraiki, horretan datza Ekonomia Sozial Eraldatzailearen apustua. Alegia, elkarrizketa bat egon behar da ekoizpen egituraren, jarduera ekonomikoaren eta gizarte beharren artean.

Elkarrizketa horretan derrigorrezko elementuak dira demokrazia eta burujabetza. Horiek ezean lurraldea, natura, pertsonak eta bizitza bera gizartearen kontroletik kanpoko ekoizpen egituren bazka bilakatzen dira. Zenbat eta merkeago, eskuragarriago edota merkatuaren beharretara moldagarriago, orduan eta desiragarriagoa bilakatzen da lurralde bat. Hortaz, Ekonomia Sozial Eraldatzailea ekonomiaren birjabetze eta demokratizazio tresna gisa gizartearen esparru produktibo eta erreproduktiboak lotzeko lanetan ari da.

Lotura lan hauek egiteko, sare lanaren lehen adierazpen batzuk ikusgarri daude. Besteak beste, ekintzailetza soziala sustatzeko KoopFabrika programa, lurralde desorekak gehien pairatzen dituzten herrien garapenerako Udalbiltzaren eta Koop57ren arteko lankidetza hitzarmena edota uda honetan Hendaian ospatu den Euskal Herriko Ekonomia Eraldatzailearen lehen topaketaren gisako emaitzak.

 

Aipatzekoa da ESEren baitako eragileek Bidasoaren bi aldeetara harremanak eraikitzeko erakutsi duten ibilbidea, denbora laburrean. Izan ere, Euskal Herria osatzen duten lurralde guztietan existitzen dira logika honetan eraikitako esperientziak, bakoitza bere errealitatetik abiatuta sare zabalagoetan parte hartzeko espazio bila.

Proposamen guzti hauetan era batera edo bestera presente daude burujabetza plano ezberdinen arteko aliantzak: finantza etikoak jarduera ekonomikoaren sostengu gisa, lanaren burujabetza ekimen berriak sortzeko motibazio gisa, teknologia burujabetza negozio eredu berrietarako tresna gisa, elikadura burujabetza merkaturatze esperientzia berrien sustatzaile gisa… Ekonomia Sozial Eraldatzailea, beraz, bada burujabetza ezberdinak artikulatu eta martxan jartzen dituen mugimendu bat ere.

Baina bereziki, lurraldeari lotutako beharrak asetzeko makineria soziala da. Gizarte beharrak merkantilizatu ordez, gizartearekin aliantzan bere askotariko beharrak asetzeko unitate ekonomiko demokratikoak osatzean datza. Lurralde konpromiso horren potentzial osoa ustiatzeko, ordea, ezinbestekoa da eragile publiko eta komunitarioekin elkarlanerako espazioak sortu eta horietatik abiatuta.

Egitura publiko, kooperatibo eta komunitarioen arteko espazio hauetan, gizarte antolatua, lurralde erakundeak eta tokiko ekonomia sozialeko eragileak elkarlanean aritzea da Ekonomia Sozial Eraldatzailearen proposamenik behinena lurralde garapen ekonomikoari begira. Elkarlan hau elkartasun eta bizitzaren sostengarritasun printzipioekin planifikazio estrategikoa egiteko baliatuz gero, kohesio eta erresilientzia mekanismo berriak artikulatuko genituzke.

Egitura administratibo bakar eta propiorik ezean, Euskal Herrian tokiko erakunde publikoek garapen ekonomikorako dituzten ahalmenak eta dimentsioa biziki interesgarriak lirateke esperientzia hauetarako. Burujabetza txikitik praktikan jartzeko tokiko gizarte kontratu eraldatzaileak lirateke.

Dagoeneko Euskal Herri mailan eskala txikiko esperientziak badira, agroekologia eta kulturgintza arloan behinik behin. Esperientzia hauek zabalpenean ikusten da Ekonomia Sozial Eraldatzailetik bidea.

Esan beharra dago, Euskal Herrian ez ezik, ekonomiaren ikuskera praktikan jartzeko esperientziak lurralde askotan ari direla garatzen. Gatazka politikoaren harrabotsaren itzalean, poliki-poliki burujabetza jendartearen bizitzaren erdigunera ekartzen asmatu duen Kataluniako kooperatibismo eraldatzailearen kasua da hau. Horren adibide da azken hilabeteotako zarata eta suaren atzetik bidea irekiz, Kataluniako Ekonomia Solidarioa ordezkatzen duen XES sarea, Ekonomia Sozial eta Solidarioko lehen legerako oinarriak eztabaidatzen aritzea, 2013an martxan jarri zen ekimen legegilearen ondoren. Horrez gain, ekimen legegileak bere ibilbidea egin bitartean, 2017an Ekonomia Sozial Solidarioaren aldeko Udalerrien elkartea sortu zen (XMESS).

Ekonomia Solidarioaren dinamismo honen beste emaitza bat, 2019an XESek Ekonomia Sozial Solidarioa sustatzeko 15 neurri kaleratu zituen, arestian aipaturiko alianza horiek gorpuzteko ideia gisa. Neurri horiek Olatukoopek, Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak ere bere egin ditu eta Euskal Herrian sustatzeko lanean ari da. Udaberrian kaleratutako adierazpenean esan bezala,  “…Ekonomiaren demokratizazioan eta trantsizio kooperatibo, ekologiko eta feministan oinarrituriko proposamen honek tokiko komunitateen barne antolaketa ekonomikoa eta lurraldeen indartze sozioekonomikoa sustatzeko prozesuetan parte hartu nahi duten tokiko entitate eta hautagaitzentzat erabilgarria izatea du helburu.”

 

Lehen neurriak lurraldeko ordezkaritza komunitario eta kooperatibo aldeaniztunak, garapen ekonomiko eraldatzailerako egiturak eta tresnak sortzeko xehetasunetara bideratuta daude. Bertan aipamen berezia egiten zaie gizarte antolatuko eragileei, inoren ikuspegia atzean uzten ez dela bermatzeko, bereziki sistema ekonomikoak kanporatzen dituen ikuspegiak: hezkuntza eta kultura eragileak, auzo elkarteetako kideak, talde feministak, ekologistak edota pertsona migranteen taldeak…

Erabaki esparru hauek tokiko trantsizio ekonomikorako estrategia politiko eta ekonomikoak sustatzeko funtzioa izango lukete. Horretarako, lantzen diren gaien arloko administrazioko ordezkariek ere parte hartuko lukete. Diagnosi partekatutatik hasita, ESEaren Plan Zuzentzaile xehetua osatu eta plana egikaritzeko bitartekoak aurreikusi, beharrezko formazioak martxan jarri eta urteko memoriak osatzera bideratuko litzateke jarduna.

Horrez gain, udalerrien esku dauden ondare kolektiboen kudeaketa komunal edo kooperatiboak ezartzea: hiri-ekipamenduak, herri-lurrak, industrialdeak, merkataritza lokalak… horiek, era berean, ekimen berrietarako ekoizpen edo partekatze erabilerarako nahiz erreprodukzio sozialerako inbentariatu eta lagapen baldintzak ezartzeko lanketa burutu behar da.

Baliabideez gain, trantsizio eta aldaketa sozioekonomikorako aholkularitza, prestakuntza eta akonpaindua emateko programak sortzea, publiko orokorrerako baina baita genero-ekitatea eta etorkinen eskubideak bermatuz sarbidea emango dieten programak eraikiz.

Sortzen diren ekimenetarako finantziazioa errazteko, neurriak kontenplantzen dira,  finantza etiko eta solidarioen erakundeekin aliantzak sortuz, kreditua birlokalizatzeko. Horrez gain, jarduera ekonomiko erresilientea sortzeko polo kooperatiboak eta balio-kate eraldatzaileak  sortzea ere sustatu nahi dira, ekimenen baturak ez duelako estrategia eraldatzaile artikulatu bat ekartzen bere horretan.

Burujabetza anizkoitzek, zerbitzuen udaleztatzeak eta kooperatibizazioak, ezagutza librearen eta digitalizazio burujabeak eta ekonomiaren eraldaketa feministak ere espazioa dute 15 puntuko dokumentu horretan.

Ibilbide horretan Euskal Herrian ere lehen pauso batzuk ematen hasiak diren arren, apustu horietara bideratutako energiak eta baliabideek determinatuko dute proposamenen eboluzioa eta baliozkotasuna. Eraldatu nahi denaren dimentsioa handia izanik, anbizio handiko proposamenak dira. Gaur gaurkoz Kataluniako agertokitik urrun egon arren, giharra hartzen ari den euskal Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimenduaren aurrean gaude, indarra hartu bitartean, proposamenetan eskas geratzen ari ez dena.


Eusko Jaurlaritza