747 Zenbakia 2020-02-19 / 2020-03-18

Gaiak

Azpilkueta, ekonomia modernoaren aitzindari euskalduna

ARANTZABAL IRAETA, Oskar

1. Biografia politikoa: nafar euskalduna

Martin Azpilkueta Jauregizar, latina genuen garaiko hizkuntza nagusian eta bere jakinduria itzelagatik “Doctor Navarrus” izengoitiz ezagunago, Valdorbako Barasoainen jaio zen 1492ko abenduaren 13an, artean Nafarroako Erresuma Europako Estatu independente zelarik. Handik bostehun urtera, omenaldi herrikoi gisa, estatua bat paratu zuten bere jaiotetxe aurrean.

Martin Azpilkuetaren oroitarria Barasoainen.

Euskarazko testurik oraingoz aurkitu ez bazaio ere; familiaren jatorri baztandarra (Xabierko Frantziskoren osaba bigarrena izan zen), bere ama hizkuntza “ez latina eta ezta gaztelania” ez zela adierazteak eta bere heriotza berantiarreko urtean (1586) Nafarroa Garaiko %85 inguru euskalduna zela erroldatu izanak, zalantza gutxi sortzen digu bere euskalduntasunaz.

Agramondarra zenez, 1510ean familiarekin batera Okzitaniako Tolosara erbesteratu behar izan zuen, bertan zuzenbide ikasketak burutu eta, bere esanetan: “Tolosan ugari ginen nafar eta katalanak ez gintuzten espainoltzat hartzen”

Behin konkista militarra amaituta, Salamancako unibertsitatean irakasle eta katedradun aritu zen hamalau urtez (1524-1538) eta boterearen jatorri demokratikoari buruzko (eta azpimarratzeko moduko disertazioa) eman zuen Carlos V. errege-enperadorearen aurrean 1528ko ekitaldi publiko batean. Honatx, hitzez hitz:

“Erresuma ez da erregearena, herritarrena baizik, eta erregearen ahaltasuna bera ere herriarena da eta ez erregearena, beraz, herritarrek ezin diete erabat uko egin beren eskumenei”

Jasotako txalo zaparradak “egun zoriontsua eta gogoan gordetzekoa” izendatzea ekarri zion. Hogei urte geroago, herriak agintea duen ideiaren ildotik, Europako Konfederazio baketsu bat defendatu zuen.

Bere ospe onaren ondorioz, Portugalgo erregeak Coimbrako Unibertsitatean katedradun aritzeko eskaria luzatu zion, bizi guztiko errenta jasoaz gainera. Horrela, 1538-1554 tartean bertan aritu zitzaigun , besteak beste aholkulari ekonomiko gisa (errentak, kontratuak, auditoriak…).

Felipe II.aren gorteko aholkulari lanetan aritu ondoren (1555-1567), Vatikanora destinatu zuten Inkisizioak herejetzat jo zuen Bartolome Karrantzakoaren defentsa lanetan.  Onak izanagatik ere, ez zen inoiz kardinal izatera iritsi bere jarrera ustez “antiespañol eta frantseszalea”gatik. Horren lekuko ditugu Erroman idatzitako “Responsa et Consilia” ugarien artean erregeari aurre egiten zion Kataluniako Batzorde baten aldeko irizpen bat edota Alburquerqueko dukeari bidalitako gutuna Nafarroaren bidegabeko okupazioa berretsiz (1570).

Erroman hil zen 1586ko ekainaren 21ean, bere garaietarako ezohiko 93 urterekin eta liburu arteko soiltasunean. Bere bizi-ibilbidearen lekuko dugu Sant’Antonio dei Portoghesi elizan hilobiratu izana.

2. Testuinguru ekonomikoa

Iruñeako Comptos Ganberan koka daitezke Europako Estatu-fiskalitate modernoaren hastapenak. Gaur egun Nafarroa Garaiko gobernuarentzat auditore lanak burutzen baditu ere, bere garaian zerga-politikaren lehen urratsak eman bide zituen.

 

Bestetik, Salamancako garaietan, Francisco de Vitoriarekin monetarismoaren egunsentia ezagutu zuen bertako Ekonomialarien Eskolarekin batera. Merkatarien zalantza ugariak argitzen saiatu ziren beraien jardunaren zilegitasun morala eztabaidagai zelarik (gogora dezagun, artean,  Eliza Katolikoak interesaren kontzeptua gaitzesten zuela eta, gerora, Keynesek ekonomia zientzia moralen artean kokatuko zuela). Politikari dagokionez, Francisco de Vitoriak modu nabarmenean indigenen aldeko jarrera adierazi zuen.

Gauzak horrela, beharbada nahigabean, Azpilkuetak ekonomia modernoaren bigarren zutabea eraiki zuen: indarrean zegoen zerga-politikari moneta-politika erantsiz.

3. Pentsamendu ekonomiko modernoaren aitzindari

Joseph Schumpeter austriarrak, bere “Analisi ekonomikoaren historia” (1954) liburu mardulean Azpilkuetaren aurkikuntzen berri eman zion mundu zabalari. Ia laurehun urte lehenago Coimbrako urteetan idatziriko “Manual de confessores y penitentes” (1552) delakoak, batera-batera portugesez eta gazteleraz plazaratua, hainbat eta hainbat edizio izan zuen. Lau urte geroago beste bost eranskin gehitu zizkion eta, horien artean hauexek ekonomiari lotuak: “Comentario resolutorio de cambios” (CRC) eta “Comentario resolutorio de usuras”  (CRU).

 

Lehenengotik hartua, hitzez hitz, bere ekarpenik ezagunena:

“…las Indias descubiertas la cubrieron de oro y plata. La causa de lo qual es, que el dinero vale mas donde, y quando ay falta del, que donde, y quando ay abundancia.” (CRC, XII.51.85)

Prezioak seikoiztera iritsi ziren Azpilkuetaren garai hartan, diru kopurua eta inflazioaren arteko lotura eginez (diruaren teoria kuantitatiboa edo monetarismoaren hasiera). Jean Bodin frantziarrak hamabi urte geroago (1568) birformulatuko zuena eta Irving Fisher britainiarrak (1911) Cambridgeko aldaketaren ekuazio ezagun bihurtu: PT=MV (prezioen maila bider eragiketen bolumen fisikoa=zirkulazioan dabilen diru kopurua bider bere abiadura). Diotenez, Albert Einsteinen erlatibitatearen teoriaren ekuazioaren ondotik, gehien erabili izan dena historian zehar.

Azpilkuetaren bigarren ekarpen interesgarri moduan ekonomia modernoari eros-ahalmenaren parekotasunarena genuke. Asko bidaiatua (izan ere Xabierko Frantzisko iloba bigarrenarekin Asiara misiolari gisa joatekotan izan zen Portugalgo urteetan –bata Coimbran, bestea Lisboan-, adinagatik izan ez balitz), dibisak eta kanbio-tasak gertutik bizi izan zituen (Frantzia, Espainia, Portugal, Italia). Bestetik, urte haietan ugaldu ziren kanbio-letrak merkataritza hauspotuz.

Hirugarrena, euskaratua dugun Keynesen Teoria Orokorreko hitzak erabiliz (1936) likideziagatiko lehentasuna genuke. Jatorrizko bertsioan:

“el dinero absente no vale tanto, quanto vale el presente…Y el mas absente vale menos.” (CRC, XIII.62.93)

Interesa justifikatu zuen lehena izan genuen Azpilkueta (“lucrum cessans”).

Laugarrena ekonomia politikoa genuke. Estatuaren kontrola monetaren nazioarteko joan-etorrian, bere esku-hartzea zuzenduriko ekonomian, banku publikoaren iradokizunak, pobreen aldeko erakundeak…

Eta azkenik bostgarrena, beharbada denen artean harrigarriena dena, zetozkien hondamendi ekonomikoen aurreikuspena. Felipe II.aren garaietan Espainiako ekonomiak hiru bankarrota ezagutu zituen (bere historian zehar guztira hamahiru, munduko record guztiak hautsiz). Horietatik bi Azpilkuetak bizirik ezagutu izan zituen (1557koa eta 1575ekoa) eta, areago, profetikoki urtebete lehenago aurreikusi. Honatx bere aipu luzea:

“…Abre puerta para que todo el mundo ande endeudado. Ca según la sobervia y trampas han crecido… y según esta encumbrada la codicia…censos (gure garaiko hipotekak) que han puesto sobre tierras que no tenían, y fingían tener… Consideremos ser esta facilidad una gran causa de la desorden que cada día en España mas crece, de que unos se hagan mercaderes con sola hazienda agena, y tomando casa, habito, y vida de ricos hombres, alcancen crédito, con que a unos y otros engañan, roban, y después quiebran…muchos cavalleros, y hombres honrrados añadan gastos a gastos, deudas a deudas, para vanidades de superfluos…, mostrando tener mucho, teniéndolo todo encubiertamente acensuado…conocer nuestra poquedad, y necesidad de nos mas humiliar, y meternos en nuestras conchas, que de enfalçarnos, y salir dellas, para perdernos” (CRU, 96-100)

Zorpetzearen historia aspalditik dator eta Max Weber soziologo alemaniar ezagunak estimatu zuen Espainiako gastu publikoaren %70 inguru ejertzitoa finantzatzera bideratzen zela, eguzkia sartzen ez zen inperio baten maileguzko konkistetarako.  

Amaitzeko, Azpilkuetaren azken aipu bat (1567ko maitzekoa) ekarriko dugu gurera guzti honen lekuko gisa:

“Eta, gainera, gure Errege zorrez itoa da, kanpoko maileguek lehertu baitute atzoko eta egungo gerlengatik, halako gisaz non jakin dudan leku segurutik 200.000 libera urre zor badituela”

4. Gibel solasa

Elhuyar anaiek mundu mailako kimikari wolframaren ekarpena egin zioten. Ez da horren ezaguna ordea, besteak beste, Azpilkueta “teologo eta juristaren” diruaren teoria kuantitatiboarena.  Arestian aipaturiko Joseph Schumpeterrek zioen “ekonomialari zientifikoak” hiru teknika menperatu beharra zeuzkala: estatistika, teoria eta, batez ere, historia (garrantzitsuena).

Horregatik, amaiera aldera, Barasoaingoaren hitz batzuk ekarriko ditugu gogora eta geure egin:

“Ondu batentzat beti bi gordin”


Eusko Jaurlaritza