747 Zenbakia 2020-02-19 / 2020-03-18

Gaiak

Euskara pizteko abentura gaztea

ZABALETA, Imanol LÓPEZ DE ARETXAGA, Josu

EuskarAbentura ekimenak, gazteek Euskal Herriaren ezagutzan sakontzen eta esperientziaz gozatzen duten bitartean hainbat balore transmititzea bilatzen du: errespetua, bizikidetza, hezkidetza, genero berdintasuna, kulturartekotasuna, bizimodu osasuntsua, turismo arduratsua, ingurumenarekiko ardura, etabar, pertsona batek bere garapen egokirako beharrezkoak dituen baloreak, hain zuzen ere.

Balore hauen artean euskara zutabe eta oinarri izango da, zeharkakoa, eta aipatu baloreen transmisiorako eta kohesiorako tresna. EuskarAbenturaren helburu nagusienetako bat euskararen erabileran eragitea eta hiztun gazteak aktibatzea da. Horiek horrela, esatera ausartu gintezke, proiektuaren pizgarri nagusienetako bat izan zela, gaur egun euskarak gazteengan duen egoerarekiko ardura partekatzen baikenuen proiektuaren sortzaileok.

EuskarAbentura 2019. Markina-Gernika.

Ezaguna da euskararen ezagutzak gora egin duen heinean, erabilerak ia ez duela aldaketa nabarmenik izan (gazteria da euskararen ezagutza handiena duen taldea, baina erabilera, batez ere aisian eta kirolean, oso azpitik dago). Ondorengo bi irudiok ondo laburbiltzen dute gaur egun gure hizkuntzak duen egoera.

1.Irudia: Euskara gaitasuna adinaren arabera, 2011 (%) (Eusko Jaurlaritza, 2013).

 

2. Irudia: Euskararen erabileraren garapena adinaren arabera (Soziolinguistika Klusterra, 2012).

Euskal Autonomi Erkidegoko gazteriaren ia erdia (%46,8) elebiduna da, hau da, euskaraz zein gaztelaniaz ulertu eta mintzatzeko gai da (1. Irudia). Hala ere, %13,4-ak soilik erabiltzen du euskara gaztelania baino gehiago (2. Irudia). Nafarroa eta Iparraldeko zenbakiak dezente apalagoak dira.

Azken urteotan, euskararen erabilera sustatzearen inguruko paradigmaren aldaketa ematen ari da. Izan ere, urteetan eskola eta familia transmisioa izan dugu ardatz nagusi eta bakarra, eta horretan oinarritu gara jarduera gehienak programatzerakoan. Goitik beherako transmisioan sinetsi izan dugu, hau da, guraso, irakasle zein hezitzaileengandik gazteenganako noranzko bakarreko transmisioan, nolabait belaunaldi bereko kideen arteko harremana alboratuz. Baina euskararen –eta edozein hizkuntzaren transmisioa- goitik beherakoa, behetik gorakoa, ezker-eskuinekoa izatea ezinbestekoa da, hizkuntzaren osasun egokia bermatzeko.

EuskarAbentura 2019. Gernika-Bermeo.

Horregatik, aisialdian kokatutako EuskarAbentura bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira, Euskal Herriko lurralde desberdinetako eta diasporako gazteak euskaraz saretzen dituelako. Horrelako esperientzietan adinkideen arteko komunikazioa bideratu/ahalbidetu dezakegu: elkarrizketak sortzeko ahalmena sustatuz. Erabilera librean eragin dezakegu.

Artikulu honetan, EuskarAbenturak gazteen euskararen erabileran orain arte izandako eragina aurkeztu nahi dizuegu, baita euskara lan ildo bezala lantzeko dugun estrategia eta erabiltzen ditugun tresnen laburpen bat aurkeztu ere. Espero dugu gai honetan interesa duzuenoi lagungarri izango zaizuela, eta irakurleren batek ideia berriak edota gomendiorik balu, gure eskerrik beroenak bidaltzen dizkizuegu aldez aurretik ideiok partekatzeagatik!

3.Irudia: Euskarabenturak hizkuntza ohituretan izandako eragina (2018ko inkesta).

 

4.Irudia: Gazteen motibazioa euskaraz mintzatzeko espedizioaren aurretik “lehen” eta espedizioaren ostean “orain” (1: ezer ez, 10: dena) (2018ko inkesta).

Has gaitezen EuskarAbenturak gazteen hizkuntza ohituretan eragin duen bilakaera laburbiltzen. 2018an lehengo edizioa egin genuenetik, bi Jzioquitar belaunaldi sortu dira. Guztira 220 gazte inguruk dagoeneko bizi izan dute EuskarAbentura barrenetik. Goiko irudiek 2018 edizioko gazteei espedizioa bukatu eta zazpi hilabeteetara betetako inkestaren bi emaitza aurkezten dituzte. 3. Irudiak argi erakusten du EuskarAbenturak jzioquitarren %69,1en hizkuntza-ohiturak aldatu zituela eta orain gehiago egiten dutela euskaraz. Irudiak ere badio %25,5ak ez dituela bere hizkuntza ohiturak aldatu. Kontuan izatekoa da hauen gehiengoa lehenagotik euskaraz asko hitz egiten zuen gipuzkoar lagun taldea zela. Espedizioa bukatu eta 7 hilabeteetara euskaraz mintzatzeko gazteek zuten motibazioari erreparatuz gero, argi ikusten da baita ere jauzi kualitatibo nabaria eman dela, jatorri guztietako gazteengan (4. Irudia). 2019ko edizioko gazteei inkesta hau 2020 martxoan egingo zaie, beraz goiz da oraindik emaitza hauek izateko.

Berri on horien atzean bada lan mardula. Euskara, lan ildo konplexua da, eta buruhauste bat baino gehiago eman digu (eta ematen digu oraindik!) espedizioan txertatzerako orduan. Ahalik eta modu sistematiko eta sakonenean landu nahi dugun gai bat da, bilakaera ahalik eta eraginkorrena lortu dezagun gazteengan. Baina ahalik eta modu ikusezinenean egitea dugu helburu batez ere, parte hartuko duten gazteen errealitate soziolinguistikoa oso bestelakoa delako eta bat baino gehiagorentzat euskara, Ikastola eta erregistro formalarekin lotuta dagoen hizkuntza delako.

Abenturan parte hartzen duten gazteek aurretik euskarari eustera konprometitzen dira beste hainbat puntu batzen dituen konpromiso bat sinatuz. Noski, horrek ez du %100ean ziurtatzen euskaraz egingo dutenik, baina baldintza bat onartzeak haien jarrera eta prestutasuna aldatzen du. Espedizioan euskararen presentzia bermatzearen ardura horretarako propio osatu den euskara batzordeak dauka, aldez aurretik eta gaian adituak diren hainbat pertsonaren laguntzaz osatu den euskararen protokoloa aplikatuz. Hizkuntzaren presentzia osotara ematea garrantzitsua da, ez soilik ekintza eta jolasetan eta, horretarako, lantalde osoa sintonia berdinean egotea ezinbestekoa da. Beraz, espedizioa osatzen duten langile guztiek bidaian abiatu baino lehen gazteen artean euskarari eusten laguntzeko formakuntza bat jasotzen dute, 2018an GEU elkartearen eskutik eta 2019an Iñaki Eizmendik zuzendua izan zelarik. Esan beharrik ere ez dago antolatzen diren eduki guztiak euskaraz direla (noizbait euskaraz moldatzen ez den norbait ekarri izan dugunean, migratzaileak adibidez, aldebiko itzulpena egin izan da) eta batzuk euskara dutela mintzagai (soziolinguistika hitzaldiak, Yuso monasteriora bisita…) ala helburu (hainbat dinamika, bertso/rap saioak…).

EuskarAbentura 2019. Yuso-Gesaltza.

Parte-hartzaile gazteek euskara esperientzia positiboekin lotzea bilatzen du proiektuak, hau da, euskara asko eta gustora egitea, konplexurik eta beldurrik gabe. Gazteak erakartzeko modurik onena haien interesekoa den zerbait eskaintzea da eta EuskarAbentura proiektua gaztetxoen neurriko aisialdi eskaintza bat osatzen saiatzen da. Nerabezaroa amaitzen doazen ahala 16-17 urteko gazteek “haurtzaroa” atzean uzteko gogoz, uko egiten diote ordura arte egin izan dituzten ekintzei. Familiarengandiko independentzia aldarrikatu nahi dute, lagunartean egon eta, nolabait heldu sentitu. Aisialdi arloan haientzako propio eskaintzen diren programak ez dira asko eta EuskarAbentura haien neurrira egindako ekintza bat da. Urtero udalekuak egin dituzten gazteentzako erronka berri bat izango da, iraupenari dagokionez bikoitza delako, parte-hartzaile bakoitzari eskatzen zaion ardura eta inplikazioa handiagoa delako, gazteek duten ezagutza egarria asetzeko balio duelako… Azken finean, abenturaz betetako uztaila honetan inoiz ahaztuko ez duten bizipenak izango dituztelako, bizitza osoan gogoratzeko modukoak.

Izen emate epea zabalik

EuskarAbentura espedizioko hirugarren edizioa aurkeztu zuen izen bereko elkarteak Durangoko azokan. 2020ko uztailaren 1etik 31ra bitartean, berriro ere 120 gaztek izango dute abentura hau bizitzeko aukera. Izena emateko bi baldintza baino ez dira bete behar: 2003 eta 2004 urteetan jaiotakoa izatea eta euskaraz hitz egitea.

Parte hartu nahi duten gazteek motibazio gutun bat eta proiektu bat bidali beharko dute martxoaren 15 baino lehen. Hautagai bakoitzak proiektua bere gustuko esparrura eramateko aukera izango du, lan hori egiteko sei formatu ezberdin baititu aukeran: historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa edota sormen-digitala. Horrez gain, proiektuaren gaia ere aukerakoa da, eta hautagaiek antolakuntzatik proposatu diren hiru gaietako bat aukeratu ahal izango dute: “Euskal emakume sortzaileak”, “Natura plastifikatua” edo “Mugak gaindituz, Integraziora bidean”. Aurkeztutako proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta Puntu.eus Fundazioak ebaluatutako dituzte, eta proiektu onenen egileek bidaia beka irabaziko dute. Apirilaren 15ean argitaratuko da bidaia beka lortu duten 120 gazteen zerrenda. Izen-emateari buruzko informazio guztia www.euskarabentura.eus webgunean dago eskuragai.

EuskarAbentura 2019.

EuskarAbenturaren helburua mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea da, beraz 7 euskal lurraldeetako eta diasporako irakurle gazteak parte hartzera animatzen ditugu, gure herria eta gure jatorria ezagutzeko aukera paregabea baita!

Bibliografia

Soziolinguistika Klusterra, (2012), ARRUE proiektua: Ebaluazio Diagnostikoa 2011: ikasleen hizkuntza erabileraren datuak, Andoain: Soziolinguistika Klusterra. Helbidea:  http://www.soziolinguistika.eus/files/ED2011_Emaitza_nagusien_txostena.pdf

Eusko Jaurlaritza (2013). V. Inkesta Soziolinguistikoa, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Helbidea: http://www.euskara.euskadi.eus/contenidos/informacion/argitalpenak/eu_6092/adjuntos/V.%20Inkesta.pdf


Eusko Jaurlaritza