743 Zenbakia 2019-10-16 / 2019-11-20

Gaiak

Euskal nazionalismoa: quo vadis?

Gai honetaz jardutean nire abiapuntua da hiritartasuna herritasunean oinarritzen dela, demokraziak ez daukala zentzurik herri-eskubideak aintzat hartu gabe, eta eskubide indibidualak eta kolektiboak elementu osagarriak direla demokraziaren baitan. Ezin da ukatu aspaldiko denboretatik bere lurraldean bizirik segitzen duen herri bat dela Euskal Herria, nazio oso bat zentzurik hertsienean, Erdi Aroan Baskonia eta Nafarroa deitua, bere ondare historikoa (hizkuntza, kultura, ohiturak, foru-instituzioak, historia, etab.) berekin gordetzen duena, bere izateko arrazoia –nazioarena-,  mendez mende errebindikatuz etorri  dena Estatu independente bat izateko xede garbiarekin.

Estaturik gabeko menpeko nazioen garaia joana dela diote hainbatek. Hala zioten zentralismoaren aldeko marxista klasikoek. Egungo estatu-zaindari intelektualek ere, ildo beretik,  euskal nazioa irudikatua dela esanez jarraitzen dute, irudimenean bizi den amets bat baino ez dela, errealitate bakarrak izan giza garuna eta adimena besterik ez direla. Halere, esanak esan, nazio-arazoak oso bizirik segitzen duela egiaztatzen da. Urrutira joan gabe, Mendebaleko zein Ekialdeko Europan bertan hainbat nazio berri agertu da. Euskal Herria Espainia eta Frantziako estatuek menperaturik daukatelako da gurean nazio-arazoa tirabira-gune nagusietako bat. Kataluniaren kasuak berrikitan argi gorria piztu du, ez bakarrik Espainian, baita Europako Batasunean ere, parlamentu-gehiengo batek erreferendum batean independentziaren alde bozkatu zuelako. Sustatzaileek kartzelan eta erbestean bukatu dute. Euskal abertzalea aspalditik dator ezagutzen egoera hori, edo antzekoa.

Baina egun nora goaz, eta nondik? Garbi al dago euskal independentziaren xedea tinkoa dela, konbentzitua, eta egungo indar autonomikoak -instituzionalak eta bestelakoak-, egokiak direla, edo Max Weber-ekin esateko, xede aitortuen eta praktikan ezarritako bitartekoen arteko ekuazioa  proportzionala dela, hots, ez bakarrik desiratua baita, aldi berean, lorgarria ere? Bistan da zailtasunak badirela euskal nazionalismoaren alorrean, kanpotik eta barrutik datozenak, herritasunaren zimenduak kolokan jarrita dauzkatenak. Jarraian gogoetarako puntu ilun batzuk aipatuko ditut.

Lurralde-zatiketa

Oinarrizko elementua da lurraldetasuna. Gure kasuan areago oraindik, euskaldunak historia aurretik bertan kokatuta bizi izandakoak ditugularik. Euskaldunen lurralde hori historian zehar zatitua agertu izan da maila politikoan eta egun ere, maila administratiboan, hiru zatitan banatua aurkitzen da: Hegoaldean bi komunitate autonomo aurkitzen dira, EAEkoa eta Nafarroakoa, eta Iparraldean euskal departamentua. Bi Estatu indartsuk, Espainiakoak eta Frantziakoak, bahitua daukate. Euskal lurraldearen administrazio-mailako lotura azalekoa baino ez da, noiz kulturala, noiz ekonomikoa, unean uneko interesen neurrikoa.

Kontua da, nahiz eta euskal erakunde politiko-kulturalek euskal lurraldetasuna beren osotasunean aldarrikatzen duten, praktikan gertatzen da zatiketa administratiboaren zolatik abiatuta jokatzen dutela, administrazio-gune bakoitzari bere autonomia aitortuz: EAEn honela, Nafarroan horrela eta Iparraldean hala. Elkarrengandiko urruntze antzeko zerbait nabari da. Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren ondotik 1999an sortutako Udalbiltzaren potentzialtasuna ustiatu beharra legoke, han finkatu baitzen zazpi euskal lurraldeetako hautetsien oinarrizko batasuna.

Herri gehienak izan dira, Euskal Herriaren antzera, populazio emigratu eta immigratuaren fenomenoa ezagutzen dutenak.

Immigrazio jendetsuaren arriskua

Herri gehienak izan dira, Euskal Herriaren antzera, populazio emigratu eta immigratuaren fenomenoa ezagutzen dutenak. Abiada bizian zahartzen doan Europan immigrazio-fenomenoak sarrera handia du: Suedian %17,27 biztanle immigratua da, Norvegian %15,09, Alemanian %14,69, Espainian %12,75, Holandan %11,97, Frantzian %11,81 eta Italian %9,77. Euskal Herrian oso bestelakoak dira indizeak: Hegoaldean % 29 dira atzerrian jaiotakoak; Iparraldean areago oraindik: % 43. Bestalde, jaiotze-tasa oso apala da, 2017an mila biztanleko 7,8koa, Europako apalena Italiaren ondotik. Esan beharrik ez dago datu kezkagarriak direla horiek. Inoiz asimilazio-arriskuaren marra %9an ezarri izan da argitalpen akademikoetan. Hortik aurrera immigrazioaren Estatu hartzailearen identitate nazionala, hain zuzen, arriskuan jarriko omen litzateke.  Zer esan ote dezakegu estatu-botererik ez duen Euskal Herriaren kasuan? Datu objektiboen aurrean begiak ixtea baino gaitz okerragorik ez da.

Frankismo-garaian, 1960ko hamarkadan, tesi onartua zen gure artean gehiegizko immigrazio-uholdeak herri hartzailearen asimilazio-prozesua azkartzen zuela. Egun, Aro Autonomikoan, integrazioaz eta inklusioaz mintzatzen gara argitalpen akademikoetan. Zein neurritan integratzen ote da populazio immigratua bertako euskal kultura, hizkuntza, ohituretan eta? Galdera honi erantzuteko datu estatistikorik ez da. Beldur naiz ez ote doan arinago asimilazioaren prozesua integrazioarena baino.

Paktismoaren ezarpena euskal politikan

Europan Estaturik gabeko nazio menperatuetan, estatu-botereari aurre egiteko erakunde politiko-sindikal nazionalistak  eraiki ziren eta oraindik ere indarrean dago erakunde estatalen eta ez-estatalen arteko lurralde-banaketa menpeko lurraldeetan. Bereizketa honek markatzen du Tönies-ekin esateko, komunitatearen eta gizartearen arteko marra, lehena herritasunari dagokiona, bigarrena hiritartasunari. Ezaguna da kolonia-herrietan metropoliak bertako politikoen inplikazioa bilatu izan duela bere botereari eusteko. Gurean, Sabino Aranaz geroztik klasikoa izan da, teorian bederen, erakunde politiko-sindikal estatalen eta ez-estatalen arteko banaketa. Logikak eskatzen du hitzarmenetan lehentasuna etxeko indarrek izatea. Ez bide du zentzurik euskal politika espezifikoaz jarduteak, baldin, errealismoaren izenean, bertako alderdi politiko hegemonikoa estatu-alderdien aliatu natural eta, azken batean, estatu-nazio zentralistaren sostengu beharrezko bilakatzen bada. Oso abila, makiavelikoa, den deabruzko joko politiko honi nondik heldurik ez dago, bertako alderdi hegemonikoa baita estatu-alderdien politika zentralista justifikatzen duena, argudiatuz bide horretatik herriarentzat ongizatea baizik ez dakarrela. Horrela jokatzean alderdiaren interesak eta herriarenak nahasten dira, hori batetik, eta bestetik, indar independentisten ahaleginak zokoratzen. Azeria oilategian.

Baldin helburutzat independentzia aldarrikatzen bada, izan dadila Errepublika edo Estatua, ezinbestekoa da horretarako bitartekoak aurreikustea eta bide horretan aliatuak zein menpeko herri edo indar diren, edo izan litezkeen, argi izatea. Historiak erakusten duenez, askatasuna ez bide da diruz erosten, erresistentziaren bidez lortzen baizik. Estatu-erakundeekin hitzartuz eroso sentitzen da bertako botere autonomikoa. Hori al da euskal politikaren xedea?

Europaren proiektua

XX. mendeko Europaren mapa politikoaren norabidean eman diren aldaketa nagusiak hiru kokapen desberdindu ditu.

Lehena Bigarren Mundu-Gerra bukatu eta EEBB eta SESBren arteko Gerra Hotza 1945ean ireki eta hurrengo hamarkadan, Mendebaleko Europaren politika batasun ekonomikoaren bidetik abiatzen denekoa da, 1951n EIAE (Europako Ikatz-Altzairuen Elkartea) eta 1957an EEE (Europako Ekonomia Erkidegoa) sortzen direlarik. Estatu eragileak sei hauek izan ziren: Alemaniako Errepublika Federala, Belgika, Frantzia, Italia, Luxenburgo eta Herbereak. Sei Estatu hauek EMLE (Europako Merkataritza Librerako Elkartea) sortu zuten 1960an, EFTA ere deitzen zaiona. Maila ekonomikotik politikarako jauzia 1992an eman zen Maastricht-eko akordioaren bidetik, 15 Estatuk izenpetuta, EEE zena EB bihurtzen delarik. Berlingo Harresiaren 1990eko desagerpenarekin Europako Batasuna indartu egingo da eta € monetaren ezarpenarekin bide berri bat irekiko da.

Aldi bertsuan, 1945-1975 epealdian zehar, deskolonizazio-prozesua irekitzen da eta mundu zabalean, bereziki Afrika eta Asian, Estatu berriak agertzen dira lehen kolonia izandako lurraldeetan. Batez ere, kasu horietan aplikatutako da autodeterminatzeko eskubidea, ez gutxi SESBk modu taktiko eta  estrategiko batez eragindako politika bidez. Bere lurraldean, ordea, ez zuen aplikaziorik izango, argudiatuz nazionalismo orok nazioarteko langileriaren kontrako interesak zituela. Europako nazio historikoak erregioak izatera kondenatuak zeuden.

Bigarren kokapenak Bigarren Mundu-Gerraz geroztik bideraturik zegoen SESBren 1991ko desagerpenarekin hartzen du protagonismoa. Batasun hau ondorengo 15 Errepublika federalista hauek osatzen zuten: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kazakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tadjikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistanek. Desagerpenaz geroztik Baltikoko hiru -Estonia, Lituania eta Letonia-, eta Kaukasoko bost -Kazakhstan, Armenia, Bielorrusia, Ukraina, Moldavia eta Errusia-, EBko kide izatera pasatuko dira. Guztira zortzi. Georgia, Azerbaijan eta Armeniak EBko partaideak izateko gogorik ez dute agertu, eta badirudi Bruselak ere ez dituela herrialde horiek kide gisa nahi izan. Nolanahi ere, SESB zartatuta geratzen bada ere, Errusiak segitzen du Errepublika erraldoia izaten 147 milioi biztanlerekin eta 17,1 milioi km2ko azalerarekin.

Hirugarren kokapena Jugoslaviako Herri-Errepublika Federalak osatzen du, Tito gobernu-buru zela 1949an eratu zena. Sei herrialdek osatzen zuten, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Mazedonia, Montenegro eta Esloveniak. Luzaro gabe, 1990eko hamarkada-hasieran hasi zen Balkanetako Errepublika Federatuaren deskonposizioa. EBko kide izateko gogoa erakutsi dute, baina oraingoz Kroaziak 2013an eta Esloveniak 2014an bakarrik erdietsi dute. Kosovok du aukerarik gutxien, bost kidek ez baitute Estatu independentetzat hartzen. Egun 476.704.00 biztanlerekin, 50 Estatuk osatzen dute Europako Batasuna. Ez onartuen artean dira, Kosovorekin batera, beste zazpi hauek ere: Abjasia, Atsaj-eko Errepublika, Iparraldeko Txipre, Hegoaldeko Osetia, Transministria, Donets-eko Errepublika Popularra eta Lugansk-eko Errepublika Popularra. Arestian esan bezala, parlamentu-gehiengo batez aldarrikatutako Kataluniaren independentziari ere uko egiten zaio. Baina jadanik bidea irekita dago Kanadan, Eskozian, Euskal Herrian eta… Estatu-nazioen krisia bidean da.

Botere-eredu berri baten bila

XIX. mendeko estatu-nazio liberalen ereduak porrot egin du. Eta hala egin du, hain zuzen, herritar eta hiritar gehienen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituelako. Honen lekuko da 2019ko abuztuan Miarritzen ospatu den G7-ren goi-bilera. Zazpiko taldea Estatu Batuak, Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia eta Erresuma Batuak osatzen dute eta bera  da botere ekonomiko-politikoaren gune erraldoia ordezkatzen duena. Eredu honek jadanik porrot egin duela jakiteko aski da kontuan izatea Gailurreko mandatariak milaka poliziaz zainduak egon direla, inguruko hiritarrak bahituta bezala egon direla, kale-protestek gainezka egin dutela.

Eta etorkizunean, zer? Etorkizuna iluna bada ere, botere-eredu berri bat irudikatzen hasteko garaia heldu da. Euskal Herria txikia dela, itsasoan ur tanta baten antzekoa? Badira txikiagoak ere Europako Balkanetan: Eslovenia, Montenegro, Albania, Mazedonia eta. Herrialde handiagoentzako ere ez da lekurik estatu-nazioek agintzen duten egungo Europako Batasunean. Demokratikoak autoizendatzen dira, baina ez dira hala. Ez dituzte errespetatzen ez herrien autodeterminatzeko eskubidea ez  hiritarren erabakitzeko eskubidea. Izaera politikoa duten nazio-arazoak terrore judiziala aplikatuz erabakitzen dituzte.

Aurrerantzean ere, politika instituzionalari uko egin gabe, era desberdinetako herri-mugimenduak indartu beharko dira, desobedientzia eta erresistentziari uko egin gabe, transbertsalitatearen bideak zabalduz, ekologia zainduz. Globalizazioaren uhinetan ito gabe.


Eusko Jaurlaritza